239. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3819E/2021 EBAZPENA, irailaren 14koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira profesionalei laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak, Osasun Departamentuaren intereseko arloetako master ofizialak eta unibertsitateko titulu berekiak egin ditzaten 2021. urtean. DDBN identifikazioa: 583562.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 88. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateko osasun administrazioak osasun arloko irakasle eta profesionalen etengabeko prestakuntza bultzatuko du, lanbide ezagupenak herritarren beharretara hobeki egokitzeko, osasun zientzietako diziplinarteko prestakuntza sustatzeko eta ezagupenak eguneraturik edukitzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Espedientean txosten teknikoa eta dagokion txosten juridikoa biltzen dira, bai eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere, eta horrek agerian uzten du honako laguntza hauen deialdia egitea eta bere oinarri arautzaileak onestea egokia eta legezkoa dela: “profesionalentzako laguntzak, Osasun Departamentuaren intereseko arloetan unibertsitateko graduatu ondoko ikastaroak egin ditzaten 2021. urtean”.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Profesionalei laguntzak emateko deialdia onestea, Osasun Departamentuaren intereseko arloetako master ofizialak eta unibertsitateko titulu berekiak egin ditzaten, 2021. urtean.

2. Aipatu laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean xedatuarekin bat.

3. Eskuragarri dagoen gastua baimentzea, gehienez ere 40.000,00 euro, Nafarroako 2021erako aurrekontu orokorretako “Ikasketetan sakontzeko bekak” izeneko 512001 51310 4809 311200 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta dirulaguntzen deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea, Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basearen bitartez.

5. Ebazpen hau igortzea Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzura, Prestakuntza Atalera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari eta Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko irailaren 14an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

DEIALDI HONI DAGOZKION OINARRIAK: PROFESIONALENTZAKO LAGUNTZAK, OSASUN DEPARTAMENTUAREN INTERESEKO ARLOETAKO MASTER OFIZIALAK ETA UNIBERTSITATEKO TITULU BEREKIAK EGIN DITZATEN 2021. URTEAN

1.–Xedea eta onuradunak.

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea da profesionalei laguntzak emateko arauak ezartzea, Osasun Departamentuaren intereseko arloetako master ofizialak eta unibertsitateko titulu berekiak egin ditzaten, honako ezaugarri hauek izanen dituztenak:

1.1.1. Master ofizialak eta unibertsitateko titulu berekiak, edo unibertsitate ikasketa horietako moduluak, 15 ECTS kreditu (Kredituak Transferitu eta Metatzeko Europako Sistema) edo gehiago dituztenak, unibertsitateek antolatuak eta unibertsitateko titulu gisa aitortuak, berekia edo ofiziala izan.

1.1.2. Gaitasun aurreratuak hartzera bideratuak, honako eremu hauetan:

Drogak eta osasun arloko adikzioak tratatzea.

Osasun mentaleko arazoak Oinarrizko Osasun Laguntzatik tratatzea.

Paziente kroniko eta konplexuak tratatzea.

Arreta soziosanitarioa.

Bioetika.

Zainketa aringarriak.

Erabaki klinikoak hartzeko ekografia.

- Gaixotasun muskuloeskeletikoak Oinarrizko Osasun Laguntzan.

Gaixotasun arraroak.

Osasun teknologien ebaluazioa.

Generoa eta osasuna.

- Genetika klinikoa.

Osasun arloko kudeaketa.

Humanizazioa eta pazientearen arreta.

- Medikuntza pertsonalizatua.

- Osasun prestakuntzari aplika dakiokeen irakaskuntza metodologia.

Ikerketaren metodologia.

Zahartzaro aktibo eta osasungarria sustatzea.

- Sexu arloko sustapena eta hezkuntza.

- Osasun publikoa.

- Denboraren menpe dauden larrialdiak.

1.1.3. Ikastaroko irakaskuntza programa 2021ean gauzatuko da, osorik edo partez.

1.1.4. Dirulaguntzaren xede izanen dira 2020ko ekainaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean matrikulatutako kredituak, 2021eko abenduaren 31ra arte garatzen direnak.

1.2. Onuradunak.

Laguntzak eskatu ahal izanen dituzte Osasun Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxikitako zentroetan zerbitzuak ematen dituzten pertsonek. Dirulaguntza honen onuradun izan nahi duten pertsonek baldintza hori bete beharko dute eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean.

Ezin izanen dute deialdi honetan parte hartu egoiliar sisteman prestakuntzan diren langileek.

2.–Eskaerak aurkeztea.

2.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute, horretarako prestatutako ereduari jarraituz; Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen atalean egonen da eskura eredu hori.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak, lehentasunez, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira.

Eskaerak toki hauetakoren batean ere aurkezten ahalko dira: Osasun Departamentuko Erregistroan (Tutera kalea 20, Iruña) edo Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea 2, Iruña), bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz ere.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen. Gainera, interesdunak, egokitzat jotzen badu, eskaera igortzen duen egun berean igorpenaren berri emanen dio Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, telefax bidez edo bestelako bitarteko telematikoen bidez.

2.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

1. Interesdunak berak sinaturiko eskaera.

2. Eskatutako prestakuntza jarduera behar izatearen justifikazioa, eskatzaileak beteta. Hartan baloratuko da zer erlazio duen lanbide jarduerarekin eta deialdi honen 1.1.2 oinarrian zehaztutako arloekin.

3. Jardueraren programa ofiziala, edukiak eta gauzatze egunak adierazten dituena.

4. Zentro edo erakundearen ziurtagiria, agerrarazten dituena profesionalak eskaeraren unean berarekin duen lotura eta lanpostua. Finkoak ez diren langileen kasuan, ziurtagirian agertu beharko da lan harremanaren denborari eta ezaugarriei buruzko informazioa.

5. Zentroko edo esparruko zuzendaritzaren txostena, bertan justifikatzeko eta baloratzeko noraino egokitzen den garatu beharreko jarduera eskatzailearen lan jarduerara, eta kalifikatu eginen du: handia, ertaina edo txikia.

6. Matrikulazioaren frogagiria, ECTS kredituen kopurua, matrikulazio-eguna eta zenbatekoa agertzen dituena.

7. Erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena pertsona ez dagoela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, eta egunean dituela Nafarroako Zerga Ogasuneko zerga betebeharrak eta dirua itzultzekoak.

Baldintza horiek betetzen diren egiaztatze aldera, eskatzaileak baimena eman dezake organo kudeatzaileak kontsulta dezan zerga arloko betebeharrak beteta dituela frogatzen duen agiria. Baldin interesdunak adierazpen hori izenpetu nahi ez badu, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

Onuradun berek beste eskaeraren bat aurkeztu badute titulu bererako, eta, aurreko deialdietan laguntza eskuratu arren, jarduera gauzatzeko egutegia dela-eta osorik babestu ezin izan badira, ez dituzte berriz aurkeztu beharko 2. eta 5. dokumentuak.

2.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaera 2.2 oinarrian ezarritako edukiarekin eta formarekin bat ez badator, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, haren eskaera ezetsitzat joko duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko du eta dagokionari jakinaraziko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

3.–Gastu diruz lagungarriak.

Deialdiaren xedearekin zalantzarik gabe bat datozen gastuek jaso dezakete laguntza.

Aintzat hartuko dira berariaz inskripzioaren zenbatekoa (2021eko abenduaren 31ra arte egiteko matrikulatutako kredituen kostua barne) eta horri dagozkion tasak.

4.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalari esleitu zaizkio. Instrukzio organoak Ebaluazio Batzordearen irizpenari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena, 5. oinarriarekin bat. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, Prestakuntza Atal horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.

5.–Eskaerak ebaluatzeko kide anitzeko organoa.

Ebaluazio batzordearen ardura izanen da aurkeztutako eskaerak baloratzea eta dirulaguntzak emateko proposamena egitea. Honako kide hauek osatuko dute:

Francisco Javier Baquedano Arriazu jauna, Prestakuntza Ataleko burua. Osasun Zuzendaritza Nagusiko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua. Ordezkoa: Idoia Gaminde Inda andrea, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Victoria Garisoain Lerendegui andrea. Prestakuntza Kudeatzeko Bulegoko burua. Osasun Zuzendaritza Nagusiko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua. Ordezkoa: Esther Ezquerro Rodríguez andrea, aipatu zerbitzuko osasun teknikaria.

Carlos Martirena Irureta jauna, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiko Ikerketarako eta Nazioarteratzeko Laguntzen Bulegoko burua. Ordezkoa: Carlos Pequeño Gutiérrez jauna, aipatu zuzendaritza nagusiko Unibertsitateko Ataleko burua.

Raquel González Eransus andrea, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Ataleko burua. Ordezkoa: Arantxa Legarra Zubiria andrea, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Ataleko burua.

Batzordearen laguntzaile arituko da Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Kudeaketa Administratiboaren Bulegoko administrari bat.

Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen aholkularitza lanak eskatzen ahalko ditu, eskaerak egoki baloratzeko.

Batzordearen funtzionamendua kide anitzeko organoei buruz indarra duen araudiaren araberakoa izanen da, eta desegintzat joko da laguntzak emateko proposamenak igorri eta gero. Batzordearen lehenbiziko bileran erabakiko da zein batzordekide arituko diren batzordeburu eta idazkari.

Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.

6.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak alderatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

6.2. Ondoren zehazten diren balorazio irizpide hauen arabera emandako puntuazioari jarraituz antolatuko dira eskaerak.

–Deialdiaren 1.1 atalean zehaztutako interes arloetara egokitzea prestakuntza jarduera, 40 puntu gehienez ere; 40, 25 eta 5 punturekin baloratuko da egokitasuna handia, ertaina edo txikia den, hurrenez hurren, kontuan izanik programaren edukia eta haren aplikagarritasuna osasun sisteman, zehaztutako arloetan. Egokitasun handia duela ondorioztatuko da programaren edukia oro har 1.1 oinarrian zerrendatutako arloekin bat datorrenean. Egokitasun ertaina duela ondorioztatuko da programaren 15 kreditu edo matrikulatutako kredituen %50 gutxienez arlo horiekin bat datozenean. Egokitasun txikia duela ondorioztatuko da aurreko baldintzak betetzen ez direnean.

–Prestakuntza jarduera noraino egokitzen zaion eskatzailearen lan jarduerari, 40 puntu arte; 40, 25 eta 5 puntuz baloratuko da egokitasuna handia, ertaina edo txikia den, hurrenez hurren, zentroko edo esparruko zuzendaritzak egindako txostenaren arabera.

–Eskatzailearen lan egoera, 20 puntu gehienez ere, honela baloraturik: langile finkoak, 20 puntu; behin-behineko langileak, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean 700 egun baino gehiago daramatenak Osasun Departamentuaren edo haren erakunde autonomoen zentroetan lanean, 10 puntu; gainerako kasuetan, 2 puntu.

6.3. Dirulaguntzaren xede izateko gutxienez ere 70 puntu lortu beharko dira.

6.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Hauxe izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa: 2021eko abenduaren 31ra arte egiteko matrikulatutako kredituen inskripzioaren zenbatekoaren %60, eta gehienez ere 7.200 euro master ofizial eta unibertsitateko titulu bereki bakoitzeko.

Puntu berdinketarik bada bi eskatzaile edo gehiagoren artean, eta, aurrekontu mugarengatik, ezin bazaie puntuazio bera duten eskaerei erantzun, horiek ordenatu eginen dira irizpide hauen arabera: lehenik, jarduera gauzatzeko egutegia dela-eta aurreko deialdian laguntza partziala eskuratu zuten eskaerak lehenetsiko dira; bigarrenik, eskatzailearen lan egoera hartuko da kontuan, lehentasuna emanez langile finkoei besteen aurretik; eta, hirugarrenik, lanpostuan duten antzinatasuna.

Orobat, aurrekontuko arrazoiengatik ezin bazaio erantzun azkenik sailkatutako espedienteari dagozkion tasen %60ri, eskura dagoen zenbatekoa emanen da.

Oinarri hauen 1.1 eta 6.3 ataletako betebeharrak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzun ondoren, baldin gerakinik badago deialdi honetarako baimendutako zenbatekoan, 6.4 oinarriko lehenbiziko paragrafoan aipatutako ehunekoa handitzen ahalko da (%80 gehienez), aipatu den baimendutako zenbatekoa agortu arte; hori dena, tituluko ezarritako gehienekoa errespetatuta.

7.–Ebazpena.

Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak eman edo ukatzea, instrukzio organoaren proposamenarekin bat.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

8.–Mugak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak jasotzeko, honako muga hauek ezartzen dira:

a) Deialdi honen babesean aurkezten diren eskaerak master ofizial bakar bat edo unibertsitateko titulu bereki bakar bat egiteko izanen dira.

b) Profesional berari, gehienez ere, 7.200 euroko dirulaguntza emanen zaio master ofizial eta unibertsitateko titulu bereki bakoitzeko, matrikulazio-eguna edozein izanik ere.

c) Onuradun bakoitzeko diruz lagunduko den gehieneko zenbatekoa 7.200 eurokoa izanen da 3 urteko aldian matrikulatutako kredituetarako.

9.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak jarduera bera garatzeko lor daitezkeen beste dirulaguntza batzuekin bateragarriak dira. Hori gertatuz gero, aditzera eman beharko da deialdiaren 11. oinarrian azaldutakoaren arabera.

Hala ere, dirulaguntzak, bakarrik edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek programa bererako ematen dituzten beste batzuekin baturik, ez du inoiz ere gaindituko jardueraren kostua.

10.–Dirulaguntzaren zenbatekoa, ordainketa eta frogagiriak.

10.1. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Emandako laguntzaren guztirako zenbatekoa da onuradunak jaso dezakeen gehienekoa.

10.2. Laguntzen ordainketa eta frogagiriak.

Prestakuntza Atalak proposatuta ordainduko dira laguntzak, eta Osasuneko zuzendari nagusiak ebazpena eman beharko du, 30 eguneko gehieneko epean, behin justifikaturik laguntzari aplikatu beharreko gastuak.

Inskripzio gastuak fakturen bidez edo froga-balioa duten beste agiri batzuen bidez frogatu beharko dira, 11/2005 Foru Legearen 27.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, horien bidez laguntzari aplikatu beharreko gastuak ordaindu izana egiaztatzeko.

Aurreko paragrafoko gastuen justifikazioa aurkezteko azken eguna 2021eko urriaren 1a izanen da.

Ematen diren laguntzak justifikatzeko, laguntzen onuradunak beharturik daude, jarduera bukatu eta hurrengo hilabeteko epean, Prestakuntza Atalera laburpen-txosten bat bidaltzera, gehienez ere 5 orrikoa, eta diruz lagundutako jarduera burutu dela frogatzen duen agiria.

11.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehazturiko moduan gauzatzea jarduera.

b) Oinarri hauetan eskatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

e) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

12.–Baldintzak aldatzea.

Onuradunek, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat harturiko baldintzetan aldaketak izaten badira jarduera garatzean, horien berri eman beharko diote Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalari.

Salbuespen gisa, onuradunek jardueraren edukia aldatzeko eskatzen ahalko dute, bai eta hura egiteko modua eta epea ere, diruz lagundutako jardueraren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako programa egiteko epea bukatu baino lehen.

Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalak aldaketak onartzen ahalko ditu baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak funtsean aldatzen ez badira.

Dirulaguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok dirulaguntza emateko ebazpena aldaraztea ekartzen ahalko du, eta, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzultzea.

13.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, jarduera egiten ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Jasotako dirua itzuli behar denean, ez dira berandutze-interesak eskatuko, baldin eta arrazoiak justifikatu eta jakinarazten badira eta instrukzio organoak onartzen baditu.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

14.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloan ezarritako erantzukizunen eta arau-hauste administratiboei buruzko zehapen araubidearen mende egonen dira.

Dirulaguntzen arloko zehapenak ezartzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoari beteko da.

15.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Osasun Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren nafarroa.eus webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuradunak, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

16.–Datuen babesa.

Eskaeran eta deialdi honetan eskatzaileak aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, Osasun Departamentuaren “Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa” izeneko atalean, web helbide honetan:

http://www.gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datu-pertsonalen-tratamendua

17.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

18.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F2114196