239. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

914E/2021 EBAZPENA, irailaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita Deierriko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bati buruz, 25. poligonoko 13., 14., 16. eta 377. lurzatietan (Aritzalan). Deierriko Udala da aldaketaren sustatzailea.

Deierriko Udalak 2021eko ekainaren 17an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2021eko 152. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 1ekoan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren xedea da Aritzala herrian udal izaerako gizarte eta kultur ekipamenduak ezartzea ahalbidetzea. Hori horrela, proposatzen da hiri-lurzoruan sartzea Aritzalako herrigunearen mugatik kooperatibaren upategira bitarte Lorka-Abartzuza NA-7320 errepidearekin muga egiten duten lurrak.

Aldaketaren esparruak 25. poligonoko 14. eta 16. lurzatiak eta 13., 17. eta 377. lurzatien zati bat hartzen ditu; Kale Berriaren inguruan daude guztiak eta aldaketaren esparruak 8.077 m²-ko azalera du guztira. Gaur egun 13. eta 377. lurzatiak labore eta mahastien laborantzarako erabiltzen dira, eta 14. eta 17. lurzatietan garai bateko nekazaritzako siloak eta upategia daude hurrenez hurren.

Aldaketaren proposamenak lurzoruaren sailkapena aldatu behar izatea dakar, natura aldetik ustiatzeko eta garapen eredua babesteko balioa duen lurzoru urbanizaezin izatetik hiri lurzoru finkatugabea izatera igarotzeko. Dauden eraikinen birgaitzea eta berrerabilpena ahalbidetzeko, aldaketak gehitu egiten ditu eraikin horiei ematen ahal zaizkien erabilpenak.

Antolaketaren proposamenean zuzkidura-lurzoruko eremu bat zehazten da hegoaldean (SG-ARI-19 eta SG-ARI-20 sistema orokorrak), ekipamendu publikoaren erabilera eta guztira 5.619 m²-ko azalera izanen duena, eta bizitegi eremu bat iparraldeko mugan, orain dauden etxeen segidan (UE ARI-18), 2.458 m²-ko azalerakoa, eta gehienez ere 4 etxebizitza hartzeko edukierarekin.

Aldaketa labore eta mahastien laborantzarako lurretan egitea proposatzen da, herrigunearekin muga egiten duen esparru batean; bertan ez da aipatzeko moduko ingurumen baliorik duen elementurik identifikatu, beraz, ez da ingurumen ukipen nabarmenik aurreikusten. Azkona erreka da ukitutako esparrutik hurbilen igarotzen den ubidea eta 17. lurzatian barna doa. Ubidean ukipenak eragozte aldera, haren mugan dagoen eremua aldaketatik kanpo utzi da, eta lurzoru urbanizaezin izaten jarraitzen du.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazioaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa ematea Deierriko Udal Planean aldaketa egituratzailea egiteari buruz, 25. poligonoko 13., 14., 16. eta 377. lurzatietan (Aritzalan), ez baitu ondorio nabarmenik sortzen ingurumenean eta ez baitu aldatzen Deierriko lurralde antolamenduaren eredua.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Deierriko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2113914