239. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

209E/2021 EBAZPENA, irailaren 7koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio Zigan, Baztan udalerrian, ura hartu eta Karakotxea bordara eramateko proiektuari. Sustatzailea Ramón Lizasoain Ortega da.

2020ko irailaren 22an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartuta dago (Goi presioko ur horniduraren eta saneamenduaren garraiobideak, beste eranskinetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean egiten badira). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Aurreikusitako jarduketaren helburua da ura hartzea eta gutxi gorabehera 400 metro linealeko tartean garraiatzea, Baztango 76. poligonoko 248. lurzatian dagoen ibaiadarretik Baztango 76. poligonoko 208. lurzatian dagoen Karakotxea bordaraino, Zigako Munixketa parajean, herri-lurzatiak zeharkatuz. Bordak NA-2540 Berroeta-Irurita errepidetik du sarbidea, 600 metroko pista baten ondoren. Jarduketa gauzatzeko, 20 cm-ko zabalerako eta 50 cm-ko sakonerako zanga bat eginen da eta bertan 25 mm-ko diametroko polietilenozko hodi bat sartuko da. Lurzatien arteko mugako tarteko eremu batean, 1000 litroko polietilenozko lurpeko ur biltegi bat instalatuko da. Bertan, ixteko giltzarako 30x30eko kutxatila bat jarriko da eta, bordaren fatxadaren ondoan, 30x30eko lurpeko beste kutxatila bat. Aurrez proiektatutakoaz gain, bordako hondakin urak tratatzeko instalazio bat ere eginen da, bordaren fatxadaren ondoan 600 litroko polietilenozko lurpeko hobi septiko bat jarriz.

Obra horien helburua da aipatutako eraikuntzan lehendik dagoen ardi eta ahuntz aziendaren ustiategia hobeki gobernatzea. Jarduketa eremua gune garbi batean egonen da, ia zuhaitzik gabeko gune aldapatsu batean, eta ura beti putzuz beteta dagoen gune bateko larre lurzati batean hartuko da. Azienda bazkatzeko erabiltzen diren larre lurzati batzuk zeharkatuko dira, bai eta askotariko zuhaitzez osatutako bi gune ere, enbor bakar bat ere moztu behar izan gabe. Gainera, bi baso pista gurutzatuko dira. Ura hartuko den tokian eta biltegia jarriko den tokian sastraka azalera txiki bat kendu besterik ez da egin behar izanen.

Espedientean Baztango Udalaren 2020ko ekainaren 2ko txosten bat dago, zeinetan jarduera bateragarritzat jotzen baita. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena eman zuen 2021eko uztailaren 23an.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina ebazpen honetan biltzen diren determinazioak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.–Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Zigan, Baztan udalerrian, ura hartu eta Karakotxea bordara eramateko proiektuari. Sustatzailea Ramón Lizasoain Ortega da.

2.–Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

• Beharrezkoak diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte.

• Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan berrerabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak.

• Ura hartzeko lanak eta kanalizazioa egitean sortzen diren material soberakinak edo hondakinak modu egokian kudeatu behar dira, bakoitzaren izaeraren arabera, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.

• Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Hirigintza arlokoak:

• Baimen honen bidez, abeltzaintza erabilerara bakarrik zuzenduta dagoen 76. poligonoko 208. lurzatian dagoen bordaren ur hornidura (eroanbidea eta biltegia) eta hondakin uren bilketa (putzu septikoa) babesten dira soil-soilik, aurkeztutako dokumentazioaren eta baimen honek ezartzen dituen zehaztapenen arabera.

• Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren bestelako jarduerak hornidura/saneamenduko sarera konektatzea edo handik lotura-hodirik ateratzea.

• Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

• Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan. Bereziki, arroko erakundearen baimena eskuratuko beharko da, uraren arloan indarrean den legeriarekin bat etorriz.

• Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola berehala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

• Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

• Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

3.–Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak) 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

4.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6.–Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Baztango Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Bidasoko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 7an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2113428