239. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

208E/2021 EBAZPENA, irailaren 7koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio “Livercori hornidura ematen dion ‘Ribaforada-Poligonoa’ 13,2 kW-eko erdi tentsioko aireko linearen zati bat lurperatzea” proiektuari, Buñuel udalerrian. Sustatzailea Liverco SLU da.

2020ko abuztuaren 13an Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen-ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektatutako jarduketaren helburua da Buñuelgo Pestriz parajean “Ribaforada-Poligonoa” izeneko 13,2 kW-eko aireko linea elektrikoaren zati bat lurpeko bihurtzea. Linea horren titulartasuna Liverco SLUrena da eta “SAT Oliver 1397” transformazio-zentroa elikatzen du (180653230 zenbakia). Horrela, eremu horretan parke eoliko bat ezartzen ahalko da.

Zehazki, 13,2 kW-eko aireko linearen egungo zatia desmuntatuko da, 200 zenbakidun bermearen (desmuntatzekoa) eta 04.04 zenbakidunaren (ordezkatzekoa) artean, eta erdi tentsioko lurpeko linea berri bat jarriko da I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresaren ebakitze zentro baten eta aipatutako 04.04 zenbakidun bermearen artean. Lurpeko linea tarte berriaren zatirik handiena parke eolikoaren beraren proiektuaren barruan egin beharreko kanalizazioen bidez trazatuko da.

Buñuelgo Udalak aldeko txostena eman zuen 2020ko urriaren 23an, eta hala dago jasota espedientean. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak proiektuari buruzko txostena egin zuen 2021eko uztailaren 26an, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin. Txosten hori aldekoa zen, baina baldintza batzuk ezarri zituen. Ebazpen honetan, baldintza horiek jaso dira, bai eta Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalaren aldeko txosten bat ere.

Ingurumen Eraginaren Atalak adierazi zuen proposamenak ez zuela ingurumen eraginik sortuko, hegazti fauna elektrokutatzeko arriskua prebenitzeko neurriak betez gero (lurperatuko den guneko berme berrian). Aipatu behar da, halaber, eremu berean, gaur egun, ureztapena modernizatzeko proiektu bat izapidetzen ari dela. Aurreikuspenen arabera, bide eta ubideen ondoan zuhaitz eta/edo zuhaixka bandak diseinatuko dira, beraz, linea elektrikoaren trazadurak ez du eragotzi behar etorkizunean paisaian integratzeko eta biodibertsitatea hobetzeko neurri hori hartzea.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.–Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Livercori hornidura ematen dion ‘Ribaforada-Poligonoa’ 13,2 kW-eko erdi tentsioko aireko linearen zati bat lurperatzea” proiektuari” Buñuel udalerrian. Sustatzailea Liverco SLU da.

2.–Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Aireko linea lurperatuko den guneko 04.04 berme berria proiektatu eta gauzatzeko, neurri egokiak hartu beharko dira, hegazti fauna elektrokutatzeko arriskua saihesteko edo ahalik eta txikiena izateko: tentsioan dauden elementuak bilduko dituen ebakigailua gurutzetaren azpian jartzea, lotura eta konexio zubiak estaltzea, loturetan eta deribazioetan 1 m baino gehiagoko isolagailuak erabiltzea eta elementu isolatzaile edo babesleak erabiltzea, hala nola, elementu aurreformatuak, karpetak edo estalkiak terminaletarako, autobalbulak eta bestelako konexioak.

–Lurpeko linea elektrikoaren bideen ondoko trazadurak eta bere zortasunak 3 m inguruko zabalerako zuhaitz eta zuhaixka bandak diseinatzeko aukera eman beharko dute. Horiek kanpoko ertzean kokatuko dira, bideen ondo-ondoan (gaur egun izapidetzen ari den ureztapena modernizatzeko proiektuan definitu behar da; “Buñuelgo Pestriz finkari ura hornitzearren ura hartu eta banaketa sarea egiteko proiektu teknikoa” izena du). Beraz, linea elektrikoa bideetatik bereiziko da, etorkizuneko landaketa horiek ez hipotekatzeko.

–Proiektuak sortzen dituen hondakinak (indusketak, desmuntatzeak, etab.) motaren arabera kudeatuko dira eta kudeatzaile baimenduei emanen zaizkie, arlo honetan indarrean dagoen legediari jarraikiz.

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Azpiegituren Administratzailea enpresa-erakunde publikoaren 2021eko maiatzaren 21eko Ebazpenaren zehaztapen hau kontuan hartu beharko da:

Trenbidearen afektazio eremuan obrak egiten hasi aurretik, ADIFen titulartasunekoak diren edo berak kudeatzen dituen lurzoruak okupatzeko asmoa badago, baimendunak egiaztatu beharko du ADIFen Ondare eta Hirigintza arloak okupazio hori egiteko gaitze titulua formalizatu duela.

–Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste larritzat joa izanen dela, aipatutako Foru Legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

3.–Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo ahalik eta txikienak direla bermatzeko.

4.–Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalera, Trenbide Sarearen Plangintza eta Ebaluazio Zuzendaritza Nagusira, Buñuelgo Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako 11. Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko irailaren 7an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2113425