238. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

227E/2021 EBAZPENA, irailaren 28koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen duena Arangoitin (lokalizazio kodea: “ES310255-3101196”) telefonia mugikorreko oinarrizko estazio bat instalatzeko proiekturako. Sustatzailea Telxius Torres SLU da (gaur gaur, American Tower España SLU).

2021eko martxoaren 23an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago (“Komunikazio-instalazioak”). Foru dekretu horrek onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena bilduko duela; uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektatutako jarduketan, telefonia mugikorreko oinarrizko estazio bat jarri nahi da Leireko mendilerroko Arangoitiko tontorrean, Irunberriko udal-mugarteari telekomunikazio zerbitzuak emateko. Proiektuaren arabera, perimetroko hesia lehendik dauden telekomunikazio dorreen eta azpiegituren mugaren mendebaldetik 5,8 metrora jarriko da. UTM koordenatuak: ETRS89: X647.883 Y4.722.930. Altzairuzko saretaz osatutako dorre bat da, 45 metroko altuerakoa, eta EB-10 motako etxola bat. Bi elementuak 12,5 x 7,5 metroko perimetroa (93,75 m²) eta 2,5 metroko altuera (tortsio bakuneko hesia) duen esparruaren barruan leudeke.

Sareta dorrea 22 m²-ko hormigoizko lauza baten gainean joanen litzateke, 3x3x3,2 metroko oinarrian, harkaitz guneraino induskatuta, bere burua eusten duen egitura bertikalean. Egitura horrek forma prismatikoa eta oinplano angeluzuzena edukiko lituzke. Etxola 17 m²-ko hormigoizko lauzaren gainean jarriko litzateke. Dorrera l32 C RRZZ-65B motako 4 antena eta irrati lotura bat lotuko lirateke. Etorkizunean, irrati lotura gehiago ere jar litezke. Instalazioari argindarra jartzeko, lurpeko hargune bat eginen litzateke, 22 metrora, kutxatila eta guzti. Hargune hori egungo azpiegituren hegoaldeko mugatik eramanen litzateke, kontagailuen gelako harguneraino.

Instalaziorako sarbidea Biotzaritik (iparraldean) jarduketaren eremura iristen den NA-2201 toki errepidetik eginen da. Ez dago zertan sarbide berririk ireki.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta egiaztatu denez, ez da aurkeztu Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko 93/2006 Foru Dekretuaren 33.1 a) eta 34.2 artikuluetan adierazitakoa. Ondorioz, 2021eko maiatzaren 6an eta 2021eko uztailaren 26an errekerimendu bana egin ziren, dokumentazioaren eranskinekin erantzun zirenak (azkena 2021eko abuztukoa), baina ez dituzte behar bezala jasotzen eskatutako alderdiak.

Arangoitiko gaina Nafarroako ekialdeko erdialdeko paisaia gune esanguratsuenetakoa da. Hori dela eta, Pirinioetako Lurraldearen Antolamenduko Planean (LAP1) paisaia balioa duen babes bereziko eremu moduan agertzen da. Gailurraren hegoaldean, iparraldean eta mendebaldean dagoen eremu zabal batean nabarmentzen da haren forma. Hegoaldean, Aragoiren ibarrean gailentzen da, Esatik, Zangozatik eta Galipentzuraino. Erdialdeko tontorretatik ere ikus daiteke, hala nola Izko, Uxue, San Pedro eta Peña mendilerroetatik. Hegoalderago, Bardeatik ere ikus daiteke. Ipar-mendebaldetik, Agoitz Irunberriko arrotik ikus daiteke, bai eta hego-ekialdeko ikuspegia duten tontor guztietatik ere. Hori dela eta, paisaia garrantzi handiko mugarria da Nafarroan.

Altuera garrantzitsuan kokatuta dagoenez, kokaleku ezin hobea da errepikagailuen antenak eta zona altu eta garbiak behar dituzten elementuak jartzeko. Hori dela eta, altuera handiko elementuak pilatu dira gailurrean (40 metro). Arangoitiko tontorrean dauden antenak 6 dira. Horrez gain, antenen artean 30 metroko altuera duen beste bat jartzear da, maiatzaren 18ko 139E/2021 Ebazpenaren bidez baimendu baita. Hala, 45 metroko altuera izanen duen antena egun daudenei gehituko zaie, eta, gainera, 5 metro gehiagoko altuera izanen du. Halaber, gailurraren okupazio azalera mendebalderantz handituko da, gainerako antenetatik bereizita proiektatu baita. Ez dago ikusizko inpaktua arinduko duen azpiegiturarik, eta horrek, bestalde, izaera sinergiko gutxienez larria ematen dio.

Proiektuaren jarduketa eremuan, habitat naturalen eta fauna eta flora basatien kontserbazioari buruzko 92/43/EEE Europako Zuzentarauan jasotako intereseko habitat hauek daude: EB 6212 kodea duen intereseko habitata, kantauriar-piriniotar larre eta belardi xerofitiko basofiloak (Bromion erecti: Mesobromenion, Potentillo-Brachypodienion pinnati), EB 4090 kodearekin erregistratuta dagoen intereseko habitata, Sastrakadi mediterraneoak eta oromediterraneo primario eta sekundarioak, genisteak maiz gailentzen direlarik (Saturejo gracilis-Erinaceenion anthyllidis), Erinacea anthyllis sastrakadia horren lekuko, eta Europako 4020 kodea duen lehentasunezko intereseko habitata, Hegoaldeko txilardi higrofilo atlantikoak (Genisto anglicae-Ericetum vagantis).

ES0000125 Leireko mendilerroa eta Arbaiungo arroila Kontserbazio Bereziko Eremuaren eta ES0000482 Arbaiun-Leire Hegaztien Babes Bereziko Eremuaren barruan dago proiektatutako instalazioa (eremu hori maiatzaren 24ko 43/2017 Foru Dekretuaren bidez izendatu eta onartu zen). Kudeaketa plan horretan aipatzen den kontserbazioaren xede den natura balioren erakusle dira Erinacea anthyllis espezieko sastrakadi kuxin-formakoak, hegal aireztatuetan daudenak eta lurzoru krioturbatuak dituztenak. Espezie hori jarduketa eremuaren ondoan dago. Era berean, Kudeaketa Plan horren arabera, Leireko mendilerroa eta Arbaiungo arroila KBEko landare espezie nabarmenenetako asko larre eta sastraka formazioekin lotuta daude, espezie hauekin, esate baterako: Genista florida subsp. polygaliphylla, Cytisus oromediterraneus, Orchis provincialis, Narcissus asturiensis subsp. jacetanus jacetanus edo Genista anglica. KBE horren kudeaketa planaren jarraipen programak adierazten duenez, plana behar bezala gauzatuko dela eta helburuak lortuko direla bermatuko da. Helburu horien artean daude, besteak beste “2.1.1 Larreetako eta sastrakadietako habitatak erabiltzea haien kontserbazioa segurtatzeko moduan” eta “4.1.1. Intereseko landare espezie mehatxatuen kontserbazioa bermatzea”. Horregatik, proiektu hau gauzatzeak ez lituzke beteko Plan horretan lortu nahi diren helburuak, aipatutako Europako intereseko habitatak okupatzea eta azalera murriztea ekarriko bailuke.

Leireko mendilerroa eta Arbaiungo arroila KBEak interesa du, faunari dagokionez, Europako sai arrearen ugalketarako gune nagusietako bat delako, eta Pirinio aurreko mendilerroen parte, Europan mendebaldean hegazti harraparien multzo oparo eta aberatsenetako bat gordetzen duten gune bat ere. Harkaiztietako hegazti harraparien komunitatea Europan egoera onenean daudenetako bat da, beste espezie batzuekin osatua: belatz handia, hontz handia, arrano beltza eta ugatza. Harkaiztietako hegazti harraparien artean, Bonelli arranoa ez da ageri ugalketarako, baina tarteka bisitak egiten ditu harkaiztietan eta habiaegilea izan da berriki arte. Espezie horietako batzuk oso sentikorrak dira, hala nola ugatza, arrano beltza, sai zuria, belatz handia edo hontz handia.

Espedientean jasota dago Irunberriko Udalak 2021eko apirilaren 13an emandako hirigintza bateragarritasunaren txostena. Honako hau jasotzen du:

–A priori, ez da komeni telekomunikazio dorre berriak jartzea babestutako eremu batean, baldin eta egungo instalazioak hobetzeko aukerarik badago.

–Mendi tontorraren ondoan, SISNET telekomunikazio konpainiaren antzeko beste instalazio bat ezartzea eskatu da. Bertan, izapidetzeko aurkeztutako dokumentuan, dorre hori beste operadore batzuekin partekatzeko aukera planteatzen da.

–Aurkeztutako proiektuak ingurumen atal bat du, eta bertan fotomuntaketa labur bat azaltzen da, ikusizko inpaktua justifikatzeko eta paisaia integrazioa frogatzeko.

–Ez dira barne hartzen Ingurumen Ukipenen Azterketan garatu beharreko alderdiak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzen duen 93/2006 Foru Dekretuaren 34.2 artikuluan adierazitakoak, kokalekuaren alternatiba gisa, ez eta dauden balio ekologikoen deskribapena eta hegazti faunaren aurkako babes neurri bakar bat ere.

–Ez da uste ingurumen dokumentua nahikoa denik; hala ere, ingurumen erakunde eskudunak ebaluatu beharko du dokumentua nahikoa den ala ez.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak proiektu horren aurkako txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan xedatutakoaren arabera; izan ere, jarduketa hori Pirinioetako Lurraldearen Antolamenduko Planak (LAP1) identifikatutako eremu batean kokatzen da, hots, paisaia balioa duen babes bereziko eremu batean, Leireko Mendietako paisaia naturalean. LAP1eko PN3 eranskinaren arabera, paisaia naturalak “giza jarduera oso mugatua duten edo oharkabean igarotzen diren paisaiak dira, eta, beraz, oso urriak dira eta ia leku irisgaitzetan baino ez dira geratzen. Pirinioetan ebakiek eta arroilek osatzen dute paisaia naturala (...)”. Halaber, adierazten duenez, “Paisaian eragina duten jarduketetatik babestu behar dira, normalean azalera txikia dutelako eta hurbileko eremuetan alternatibak bilatzea erraza delako”. Beraz, paisaia hauskortasun handiko espazioak dira, eta azpiegiturak (antenak, linea elektrikoak, etab.) ugaritzea mehatxu bat da.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak adierazten du, gainera, Arangoitin lehen ere jardun izan dela, antenak eta azpiegiturak daudela, eta ez dela komeni haien eragina areagotzea, lurralde eta hirigintza araudiak aitortu eta babestutako ingurumen eta paisaia balioa duelako, eta, beraz, izatekotan, dauden azpiegiturak partekatu behar direlako. Ez dago jasota, Azpiegituren Lurralde Planean aurreikusitakoarekin bat etorriz, neurriz kanpoko beste operadore batzuen ezarpena aurreikusten denik Arangoitin. Beraz, ez da justifikatutzat eta proportzionatutzat jotzen kokaleku horretan antenen zuzkidura handitzeko beharra, kokalekuaren ingurumen eta paisaia babesa ikusita, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Laburbilduz, ezin da ondorioztatu eskaera honetarako Arangoiti mendian dauden telekomunikazio instalazioak erabiltzeko teknikoki bideragarria den alternatibarik ez dagoenik, kokaleku horretan dorre berri bat eraikitzea justifikatzen duenik.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea Irunberriko udal-mugartean (lokalizazio kodea: ES310255-3101196) telefonia mugikorreko oinarrizko estazio bat jartzeko proiektuari. Sustatzailea Telxius Torres España SLU da (gaur egun, American Tower España SLU). Izan ere, haututako lekuan mota bereko instalazioak metatuko lirateke, eta horrek ondorio negatiboak eraginen lituzke paisaiaren eta ingurumenaren gainean.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Irunberriko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Agoizko Koordinazio Unitatea), Herri-lurren Atalera, Telekomunikazioen eta Digitalizazioaren Zuzendaritza Nagusira eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko irailaren 28an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2114381