238. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

216E/2021 EBAZPENA, irailaren 17koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen-ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: 20 kV-eko lurpeko linearen proiektua Caserío Liberri transformazio zentrora deribazioa egiteko, Longida udal-mugartean. Sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2021eko ekainaren 19an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen-ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen-ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta izanen dituela uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioak (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Proiektatu den jarduketa hau da: linea elektrikoaren tarte berri bat jartzea Caserío Liberri transformazio zentrora, zeina baitago Liberriko 18. poligonoko 19. lur-zatian (Longida). Zehatz esanda, hauek eginen dira: “Aoiz” transformazio eta banaketako azpiestazioko “Urroz” 20 kV-eko linearen hormigoi armatuzko 1010. euskarria ordezkatuko da, eta haren ordez C-2000-12E motako sareta metalikozko dorre bat jarriko da; 54 m-ko aireko tarte berri bat jarriko da 1009. eta 1010. euskarrien artean, eta 225 m-ko lurpeko 20 kV-eko tarte berri bat 1010. euskarriaren eta Caserío Liberri transformazio zentroaren artean. Oraingo lurpeko linea, 180 m-koa, desgaitu eginen da.

Euskarri berria 12 m luze izanen da, eta aireko linea lurpeko bihurtzeko gauza izanen da, gurutzeta zuzen batekin eta haren azpiko angeluar batzuekin (1,8 m azpitik), non tximistorratzak eta lurpeko linearen konexiorako terminalak jarriko baitira. Loturarako isolamendua U70YB66P motako konpositezko kateek osatuko dute. Lurpeko tarterako 1,5 m-ko sakon den zanga bat eginen da. Sasiak eta zuhaitzak ez dira ukituko, trazadura, oso-osorik, lehorreko laborantzetatik igarotzen baita.

Proiektua babes eremu baten barruan dago abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren aplikazioaren ondorioetarako (dekretu horren bidez, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren). Gainera, aireko tarte berria “Irati, Urrobi eta Erro ibaien ibai-sistema” Kontserbazio Bereziko Eremutik 100 metro baino gutxiagora egonen da. Espazio horren kudeaketa planak linea elektrikoak zuzentzea aurreikusten du, hegaztiek haien aurka jo edo elektrokutatzeko arriskua baldin badago.

Espedientean Longidako Udalaren aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: 20 kV-eko lurpeko linearen proiektua Caserío Liberri transformazio zentrora deribazioa egiteko, Longidako udal-mugartean. Sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Baimen honek 1009. euskarriaren eta Caserío Liberri transformazio zentroaren arteko linea elektriko berriaren trazadura babesten du soilik, aireko tarte batekin eta lurpeko beste batekin, baita dagoen linea desgaitzea ere, aurkeztu den dokumentazioarekin eta baimenak berak ezartzen dituen determinazioekin bat etorriz.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, euskarriek edo instalazioko edo azpiegiturako bestelako elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten azpiegitura honekin lotzea lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren beste jarduera batzuk.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

Ingurumen arlokoak:

–Zanga irekitzeko lanetan gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare-lur geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean. Beharrezkoak diren obrak bukatutakoan, ukitutako eremu guztiak leheneratuko dira, landare lurra zabalduz eta hura perfilatuz inguruko lurren fisiografiarekin ongi egokitzen den arte. Leheneratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.

–1432/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharrez, proiektuan hegaztiak babesteko jaso diren neurriak beteko dira. Orobat, lurpeko lineara jaisten den euskarri berrian erabat isolatuko dira lineako eroaleak lotzen dituzten zubiak, baita ebakigailuak eta autobalbulak ere. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Autobalbula-tximistorratzak, gainera, BCAC (“Bushing connection animal cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

–Aireko tarte berriko hiru eroaleak hegaztiak babesteko balizekin seinalatuko dira. Fase bereko bi baliza kontsekutiboren arteko tartea 15 metrokoa izanen da gehienez, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.

–Zerbitzutik kanpo geratzen diren azpiegitura guztiak kendu beharko dira, 1010. euskarri zaharra ere barne.

–Lanek aldatutako eremu guztiak, euskarrietara joateko bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondoren utziko ez diren aztarnak barne, lehengoratuko egin beharko dira.

–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera eta abar), mezu elektronikoa bidaliko dio Agoizko barrutiari (gmaaoiz@navarra.es).

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Azpiegitura Energetikoen Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Longidako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Agoizko Koordinazio Unitatera) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 17an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2113891