238. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

215E/2021 EBAZPENA, irailaren 17koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Tafallako udal-mugartean, N-121 eta NA-8602 errepide inguruetan zuntz optikozko kablea instalatu eta hedatzeko proiektuari. Sustatzailea Masmovil Broadband SAU da.

2021eko ekainaren 7an, Sustapen Ministerioaren (Trenbideetako Desjabetzeetarako Dibisioa) ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “M” epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta izanen dituela uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioak (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina). Honi dagokionez, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak jakinarazi du proiektua ez dela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena behar dutenetakoa, arestian aipatu uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako foru-dekretuaren 110. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Egin asmo den jardueraren xedea da Masmovil Broadband SAUren zuntz optikoa hedatzea Tafallan, “La Nava” industrialdean dagoen Telefonicaren kutxatilatik Fagor Ederlan industria eremuko instalazioetaraino, lehendik dagoen kanalizazioa baliatuz azken honi zerbitzua emateko. Kanalizazio hori eta hari loturiko kamera eta kutxatilak industrialdean bertan daude, eta N-121 (37+590 eta 38+390 KP) eta NA-8602 (0+000 eta 0+180 KP) errepideen plataforma, bazterbide eta ertzetan.

Azken 340 metroak soilik daude lurzoru urbanizaezinean, N-121-A errepidearen ekialdean, Fagor Ederlan industria eremura iristeko tartean.

Ingurumen Eraginaren Atalak proposamenaren aldeko txostena egin du, lehendik dagoen kanalizazioan barna joanen denez ez dakarrelako ingurune naturalaren okupazio berririk.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea Tafallako udal-mugartean, N-121 eta NA-8602 errepide inguruetan zuntz optikozko kablea instalatu eta hedatzeko proiektuari. Masmovil Broadband SAUk sustatu du proiektua.

2. Baimen hau zenbait baldintzari lotuta dago, hots, halako proiektuetan ohikoak diren ingurumen neurriak aplikatzea, hala nola hondakinak behar bezala kudeatzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Tafallako Udalera, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tafalla-Zangozako 10. Koordinazio Unitatea), Sustapen Ministerioaren Trenbideetako Desjabetzeetarako Dibisiora eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 17an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2113912