238. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

210E/2021 EBAZPENA, irailaren 10ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Funesko udal-mugartean ur beltzen eta euri uren sarerako kolektoreak jartzeko proiektuari.

Ur beltzen kolektoreari dagokion lurzoru urbanizaezinean dagoen azpiegituraren zatia (130 metro inguruko luzerakoa) hartzen du baimen honek. Sustatzailea Funesko Udala izan da.

2020ko azaroaren 24an, goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen Biodibertsitatearen Zerbitzuak. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartuta dago (Goi presioko ur horniduraren eta saneamenduaren garraiobideak, beste eranskinetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean egiten badira). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen duela, arrazoituta.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Planteatutako proiektuan bi jarduera aurreikusten dira:

–Hondakin uren kolektore bat hirigunearen iparraldean, hirigunearen ipar-ekialdeko egungo saneamendu sarea aldatuko duena, azken hori erabilgaitz geratzen baita urez gainezka egiten duenean.

–Eta euri uren kolektore bat, oso-osorik hirigunean kokatua, txosten honetan azaltzen ez den arren.

Hondakin uren kolektorea lurpetik joanen da, 315 mm-ko diametroa duen PVCzko hodi batean zehar. Tarte horretan, 7 erregistro putzu jarriko dira. Herriko udal igerilekuen parean hasten da traza, Arga ibaiaren ondoan, haren ezkerraldean, hiri lurzoruan, eta, ondoren, ibaitik aldentzen da, perpendikularki, ortu ingurutik pasatuta.

Kolektoreen trazadurak (guztira 290 metroko luzera) lurzoru urbanizaezineko 130 metrori eragiten die soilik (Funesko 5. poligonoko 32. eta 210. lurzatiak), laborantzarako eremuan, kanaletatik urrun. Bertan, ez dago landaredi natural interesgarririk eta, halaber, ez du ingurumen eraginik sortzen, hiri lurzoruarekin muga egiten duten gune gizatiartuak baitira.

Arga ibaiaren ezkerraldearen ondoko egikaritze eremua, kirol instalazioetara sartzeko errepidearen bidez bereizten dena, Aragoi eta Arga ibaien Beheko Tarteak deritzon ES2200035 Kontserbazio Bereziko Eremuan sartzen da. Bestalde, Sotos Gil eta Ramal Hondo izeneko ES 220047 Natura Erreserba hodiaren trazaren iparraldetik 150 metrora dago, hots, proiektuaren jarduketa eremutik kanpo. Lanak espazio natural babestu horietatik hurbil dauden arren, proiektuan jasotako zuzenketa eta prebentzioko neurriak aplikatuta, bai eta ebazpen honetan ezartzen direnak ere, ez da espero espazio horien osotasunean eragiterik. Hala ere, kontuan hartu beharko da trazaduraren iparraldean eta hegoaldean dauden ureztatze kanalak hurbil daudela.

Espedientean Funesko Udalaren aldeko txostena dago, 2020ko abenduaren 14koa, eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren txostena ere bai, 2021eko uztailaren 15ekoa.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina ebazpen honetan biltzen diren determinazioak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Funesko udal-mugartean ur beltzen eta euri uren kolektoreak jartzeko proiekturako. Sustatzailea Funesko Udala da. Ur beltzen kolektoreari dagokion lurzoru urbanizaezinean dagoen azpiegituraren zatia (130 metro inguruko luzerakoa) hartzen du baimen honek. Sustatzailea Funesko Udala izan da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Ureztatzeko kanalen ondoan egiten diren jardueretan arreta berezia paratu beharko da, ez dadin inolako isuririk egon horien ubidera; halaber, ibilgailuak eta makinak bertatik pasatu ahal izateko beharrezko prebentzio neurriak hartuko dira. Materialak biltzeko eremua ere ubideen ingurutik aldenduta egonen da.
  • Beharrezkoak diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte. Ingurua lehengoratzeko lanak egitean, makinek pasatzean zapalduta utzi dituzten labore lurrak harrotu beharko dira.
  • Sortzen diren material soberakinak edo hondakinak era egokian kudeatu behar dira, haien izaeraren arabera, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.
  • Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak.
  • Baldin inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, landaredi naturala ukitzea, elementu bereziak aurkitzea, eta abar) sustatzaileak abisua eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Atalari, Ingurumena Zaintzeko Ataleko Tuterako Koordinazio Unitatearekin jarri beharko du harremanetan (telefonoa: 609904957; helbide elektronikoa: gmatudela@navarra.es).

–Hirigintza arlokoak:

  • Ur beltzen kolektoreari dagokion lurzoru urbanizaezinean dagoen azpiegituraren zatia (130 metro inguruko luzerakoa) hartzen du baimen honek, aurkeztutako dokumentazioaren eta baimen honek ezartzen dituen determinazioen arabera.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk saneamenduko sarera konektatzea edo handik lotura-hodirik ateratzea.
  • Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak bere txostenean adierazitakoarekin bat: Lurzoruak nekazaritzarako duen gaitasunari ahalik eta gehien eusteko, baimena jasotzeko baldintza beharrezkoa izanen da eskatzaileak konpromisoa hartzea lurzorua berriz ere egokitzeko, behin zanga bete ondoan.
  • Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.
  • Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, sustatzaileak dagokion arroko erakundearen baimena eskatu beharko du.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, baimena eman eta bi urteko epean egin edo jarri beharko dira abian ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzten bada, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu bost urteko epean, gehienez ere, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretatik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluari jarraikiz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak) 117. artikuluan ezartzen dituen ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduerak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatea) eta Funesko Udalera.

Iruñean, 2021eko irailaren 10ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2113574