238. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko urriaren 6an hartua, zeinaren bidez luzatzen baita honako espediente hau jendaurrean egoteko eta interesdunei entzunaldia emateko epea: Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, AR2 banaketa area berrantolatzeari buruzkoa, Pamplona Distribución SA enpresak sustatua.

Nafarroako Gobernuak 2021eko abuztuaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, tramitatzen hasi zen Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, AR2 banaketa area berrantolatzeari buruzkoa, Pamplona Distribución SA enpresak sustatua. Erabaki hori 2021eko 216. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 14koan.

Horrekin bat etorriz, espedientea jendaurrean egon da eta aldaketak eragindako udalei entzunaldia eman zaie. Bi tramite horiek batera egin dira eta hilabete iraun dute. Epe hori 2021eko urriaren 14an bukatuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2021eko irailaren 20an, Burlatako udalak eskatu du 2021eko urriaren 31ra arte luzatzea espedientea jendaurrean egoteko eta interesdunei entzunaldia emateko epea. Izan ere, uste du ezen “UPSaren aldaketaren tamaina ikusita, beharrezkoa dela udalak zabal eta sakon aztertzea proposamena eta espediente osoa, hala maila teknikoan nola politikoan, aldaketak afekzio garrantzitsuak dakartzalako Burlatako Udalarentzat”. Gaineratzen du “kontsentsu politikoa beharrezkoa dela, alegazio bat etortzen bada, eta horretarako eztabaida foroa Hirigintza Batzordea dela, hilabete bakoitzeko azken-aurreko ostegunetan elkartzen dena”.

Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7.1 artikuluan, non herritarren parte-hartzea arautzen baita, ezarrita dago administrazio publikoak saiatuko direla lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko jarduera izan dadin Nafarroako Foru Komunitateko gizartearen behar eta asmoen araberakoa. Horretarako, lurraldearen nahiz hirigintzaren garapen jasangarria sustatuko dute, herritarren parte-hartze ahalik eta zabalena bultzatuko dute eta bermatuko dituzte partikularren eta beren interesen alde eratutako entitateen informazio eta ekimenerako eskubideak.

Legezko arauak eskatzen duen parte-hartze zabal hori bermatzeko, herritarrek defentsarik gabekotzat hartzen ahal dituzten egoerak edo inguruabarrak saihestuz, bidezko da aipatu proiektua jendaurrean egoteko epea zabaltzea. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 45. artikuluak iritzi hori indartzen du; izan ere, bertan ezarrita dauden epeak, hots, jendaurrean egotekoa eta ukitutako udalei entzunaldia ematekoa, gutxieneko epeak dira.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, epea luzatzen ahal da baldin eta epe hori oraindik ez bada bukatu, eta luzapena ezin da izan hasiera batean erabakitako epearen erdia baino handiagoa.

Gauzak horrela, kontuan hartuta jendaurrean egoteko eta interesdunei entzunaldia emateko hasiera batean finkatutako epea hilabete batekoa zela (urriaren 14an bukatuko litzateke), luzapena ezin da 15 egunetik gorakoa izan, eta, beraz, 2021eko urriaren 29an iraungiko litzateke.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. 2021eko urriaren 29ra arte luzatzea honako espediente hau jendaurrean egoteko eta interesdunei entzunaldia emateko epea: Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, AR2 banaketa area berrantolatzeari buruzkoa, Pamplona Distribución SA enpresak sustatua.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Agiria, halaber, web-orri honetan ikusten ahalko da:

http://www.ExposicionpublicaOT.navarra.es

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta igortzea Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzura, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusira, Etxebizitza Zerbitzura, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzura, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalera, Babes Zibilerako Zerbitzura, Kultura eta Kirol Departamentura, Hezkuntzako IKT Azpiegituren Atalera eta Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, eta jakinaraztea Iruñerriko Mankomunitateari, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Burlatako Udalari eta enpresa sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko urriaren 6an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2114753