238. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

906E/2021 EBAZPENA, irailaren 10ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Iguzkitzako Hirigintzako Udal Planaren aldaketa egituratzaile bati buruzko ingurumen txosten estrategikoa egiten baita, Jurramendiko paisaia bereziari dagokionez, Iguzkitzako Udalak sustaturik.

Aldaketak Iguzkitzako Udalaren hasierako onespena du eta jendaurrean egon da 2019ko 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 11koan, argitaratu ondoren.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Espedientearen dokumentazioa honako hauek osatzen dute: memoriak, hirigintzako araudiak, informazio eta antolamendu planoek eta ingurumeneko azterketa estrategikoak.

Aldaketaren xedea da babes berezia ematea Jurramendiko paisaiari, garrantzia handiko espazioa baita paisaia, ingurumen eta kultur ikuspegitik, eta baita alderdi sinbolikotik ere. Horretarako, Iguzkitza herrian ezartzen da Jurramendiko Paisaia Bereziaren (PB) eremua, eta eremuaren ingurumen, paisaia eta kultur ezaugarrietatik abiatuta, lurzoru urbanizaezinaren zenbait azpikategoria zehazten dira.

Paisaia bereziaren eremuak A-12 autobiaren hegoaldeko landalurrak hartzen ditu, herriaren muga administratiboraino, eta baita Urbiolako mendi eta alorren mosaikoaren zati bat ere. Lurralde Antolamendurako 4. Planaren Paisaiari buruzko dokumentua (2017) eta Jurramendiko Paisaia Berezia zedarritzeko dokumentua (2015) izan dira eremuaren ezaugarriak zehazteko eta ondotik lur urbanizaezinaren kategoriak proposatzeko erabilitako informazio iturriak.

Jurramendiko paisaia bereziak, zeinaren eremua Iguzkitzako udal-mugarteaz harago hedatzen baita, ingurumen eta natur balioko elementuak (karraskadiak eta erkameztiak, sakan txikiak), kultur eta turismo baliokoak (altxonbideak, Donejakue bidea eta bide tradizionalak), historia eta kultur baliokoak eta nekazaritza baliokoak (mendi eta alorren mosaikoa) biltzen ditu eskualde mailako garrantzia duen paisaia-gune honetan.

Aldaketaren proposamenak balio horiek aintzatesten ditu eta hirigintzako azpikategoria egoki bat esleitzen die; horrenbestez, proposamenak ez du ingurumen ukipenik sortzen eta ingurumen eta paisaia balioak zaintzen laguntzen du. Gainera, herrietako elementu garrantzitsuak barne hartzen ditu, hala nola iturriak, baita hondatutako guneak ere, lehengoratzea komeni baita.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da Iguzkitzako Udalaren Hirigintza Planaren aldaketari buruz, Jurramendiko paisaia bereziari dagokionez eta ondorioztatzen da aldaketak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean. Iguzkitzako Udala da aldaketaren sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Iguzkitzako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 10ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2113589