238. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

306E/2021 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Irurtzungo udal-mugartean aluminioa galdatu eta estrusionatzen duen instalazio baten ingurumen baimen integratua berraztertzen duena. Instalazioaren titularra Hydro Extrusion Spain SAU da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak apirilaren 30eko 0886/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 7ko 483E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du ezen baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak argitara eman ziren Batzordearen ekainaren 13ko 2016/1032 Erabakiaren bidez; erabaki horretan metal ez-ferrosoen industrietarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

2019ko apirilaren 17an, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege horren testu bategina), Hydro Extrusion Spain SAUri eskatu zitzaion 2019ko irailaren 30a baino lehen aurkez zezala ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak ez zuenez erantzun, eskaera berritu zen, dokumentazioa 2019ko urriaren 14a baino lehen aurkezteko. Titularrak 2020ko urriaren 28an aurkeztu zuen dokumentazioa.

Beste alde batetik, 2019ko apirilaren 14an Ebroko Konfederazio Hidrografikora txosten eskaera bat bidali zen. Txostena honi buruz izan behar zen: ingurumen baimen integratuaren berrikuspen horri dagokionez, instalazioa Batzordearen 2016ko ekainaren 13ko 2016/1032/EB Betearazpen Erabakira egokitzeko berraztertu beharrezkotzat jotzen zuen dokumentazioari buruzkoa. 2019ko maiatzaren 13an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak txosten bat eman zuen. Haren ondorioa zen ez zela bidezkoa konfederazioak 2017ko martxoaren 30ean eman zuen txosten loteslean ezarri ziren parametroen mugak aldatzea, Batzordearen 2016ko ekainaren 13ko 2016/1032/EB Betearazpen Erabakiak ezartzen duena betetzen dutelako.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatu du instalazioa Batzordearen 2016ko ekainaren 13ko 2016/1032/EB Betearazpen Erabakiak eskatutakora egokitu dela, salbu eta 2. fokuko mahuka iragazleen presio diferentziala etengabe autokontrolatzeko betebeharrei dagokienez; baldintza hori azaltzen da, hain zuzen, ebazpen honetan.

Azkenik, bidezkoa da instalazioaren ahalmen produktiboari buruzko datua aldatzea, ingurumen baimen integratuan gaur egun dagoen datua urteko produkzioari buruzkoa delako, baina kontzesioa tramitatu zen unean, eta ez instalazioan garatzen diren prozesuen ahalmenean oinarrituta kalkulatzen den ahalmen produktiboa.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen Industria Isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Berrikustea Irurtzungo udal-mugartean aluminioa galdatu eta estrusionatzen duen instalazioaren ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Hydro Extrusion Spain SAU da. Ingurumen baimen integratua berrikusten da egiaztatu baita instalazioa egokitzen dela Batzordearen 2016ko ekainaren 13ko 2016/1032 (EB) Betearazpen Erabakira, teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin bat etorriz. Ebaluazioa jasotzen da ebazpen honen eranskinean. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan eta ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Hydro Extrusion Spain SAUra, Irurtzungo Udalera eta Ebroko Konfederazio Hidrografikora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 15ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2113896