237. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

304E/2021 EBAZPENA, irailaren 8koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita Tuterako udal-mugartean hondakinak kudeatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioaren titularra Sertego Servicios Medioambientales SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 24ko 01707/2009 Ebazpenaren bidez emana.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatzen duen ekainaren 11ko 5/2013 Legearen bidez, industria isurketei buruz (kutsaduraren prebentzioa eta kontrol integratuak) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren (bertsio bateratua) transposizioa egin zen Espainiako antolamendu juridikora.

Horrek ekarri du industria jarduera berriak sartzea ingurumen baimen integratuaren menpe dauden jardueren eta instalazioen kategorian. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak onetsitako lege hori garatzeko Erregelamenduaren 1. eranskinean zerrendatzen dira jarduera horiek.

Horren ondorioz, instalazio hau ingurumen baimen integratuaren menpe dago gaur egun, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina aplikatuz.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren bigarren xedapen iragankorrak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi baitzuen) ezartzen du ezen Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren transposizioaren ondorioz lehenbiziko aldiz ingurumen baimen integratuaren menpe dauden industria jarduerek lege horren xedapenak 2015eko uztailaren 7an bete behar zituztela, edo lehen, betiere 2013ko urtarrilaren 7a baino lehen ustiatzen baziren.

Horregatik, instalazio horren ingurumen baimen integratua eguneratu da, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia) ezartzen dituen lege, erregelamendu eta administrazio xedapenak sartzeko.

Zehazki, eta kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) eta 23. artikuluetan xedatutakoa bete nahian, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuk sartu dira indarrean, eta eragina dute aipatu instalazioan; besteak beste, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei buruz; Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea, eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena.

Halaber, Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko (EB) Betearazpen Erabakiak hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen ditu, industriako isuriei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera; erabaki horretan ezarrita dago ingurumen baimen integratuaren baldintzak berritu eta, behar izanez gero, eguneratu behar direla gehienez lau urteko epean, argitalpenaren egunetik hasita, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoaren arabera (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) eta e) letretan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Eguneratzea Tuterako udal-mugartean hondakinak kudeatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Sertego Servicios Medioambientales SL da.

Bigarrena.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 24ko 01707/2019 Ebazpenaren bidez emandako hondakin arriskutsuak kudeatzeko baimenaren indarraldia mantentzea, eta instalazio hori Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatzea 15G02232028072004 zenbakiarekin.

Hirugarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Laugarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak, arau hauetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikulua (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

Bosgarrena.–Halaber, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta teknika erabilgarri onenetan izandako aurrerapenek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gaineko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

Seigarrena.–Instalazio horren ingurumen baimen integratuaren indarraldia kentzen da, baita hura berritzeko betebeharra ere; izan ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen) ez baitu aurreikusten ingurumen baimen integratua berritzea.

Zazpigarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumen Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko araudian xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Titularrak jarduketa plan bat aurkeztu beharko du 2021eko azaroaren 1a baino lehen; hartan, ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatuko da.

Bederatzigarrena.–2021eko azaroaren 1a baino lehenago, titularrak programa bat aurkeztu beharko du non azalduko baititu lurzorura eta lurpeko uretara irits daitezkeen emisio kutsagarriak –bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsuak– ekiditeko aurreikusi dituen neurriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketak, hori guztia instalazioak ongi funtzionatzen duela segurtatzeko.

Hamargarrena.–2021eko abenduaren 17a baino lehen, titularrak instalazioak, orokorrean, egokitzeko proiektu teknikoa aurkeztu beharko du, Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakiak hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruz ezartzen duena betetzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/UE jarraibidearekin bat, modua izan dadin ingurumen baimen integratuaren baldintzak berrituko dituen prozedura bat tramitatzeko, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau igortzea Sertego Servicios Medioambientales SLra , Tuterako Udalera, Babes Zibilerako Zerbitzura eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 8an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2113532