237. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

197/2021 EBAZPENA, irailaren 8koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Ameskoabarreneko Udalari eta Gollaoko Kontzejuari entzute eman eta aipatu Kontzejua iraungitzeko espedientea, herritarren eskariz abiatutakoa.

2021eko maiatzaren 19an, Gollaoko Kontzejuaren bi eskaera erregistratu ziren; horiekin batera zenbait agiri igorri zituen kontzejuak eta jakinarazi zuen Kontzeju Irekiak Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiarekin harremanetan jartzea erabaki zuela kontzejua desegitea premia dezan.

Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzutik errekerimendua eginik, 2021eko ekainaren 28an sartu zen Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean Gollaoko Kontzejuaren eskaera-orria, eta harekin batera, kontzejua iraungitzeko herritarren eskaera, behar bezala identifikaturiko hamasei sinatzailek izenpetua eta Ameskoabarreneko Udaleko idazkariak eginbidetua.

Ofizioz, Zerbitzu bereko zuzendariak erroldaren ziurtagiria bidaltzeko eskatu zion Ameskoabarreneko Udalari, eskatzaileak Gollaoko Kontzejuko bizilagunak direla eta hango herritarren gehiengoa osatzen dutela egiaztatze aldera. Udalak 2021eko uztailaren 22an bete zuen tramitea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.1.a) artikuluak xedatzen du, besteak beste, Nafarroako kontzejuak iraungitzen direla auzotar egoiliarren gehiengoaren idatzizko eskaeraren bidez.

Halaber, 44. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, ukitutako Kontzejuari eta Udalari entzunaldia eman eta Lurralde Mugaketako Batzordeak txostena egin ondoren, Nafarroako Gobernuari dagokio kontzejuak iraungitzea erabakitzea; kasu horretan, dagokion foru dekretua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, eta Estatuko administraziora igorri, toki erakundeen inskripzioaren ondorioetarako.

Bestetik, Administrazio-prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82.eta 83. artikuluek arautzen dute prozedura batean interesdunei entzunaldia emateko tramitea, eta prozedura bat jendaurrean jartzeko epearen iraupena, haren izaeragatik beharrezkoa bada eta hura ebazteko organo eskudunak hala erabaki badu.

Horiek horrela, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Entzunaldia ematea Ameskoabarreneko Udalari eta Gollaoko Kontzejuari, eta espedientea jendaurrean jartzea, hilabeteko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, aipatutako toki-erakundeek eta edozein pertsonak alegazioak egin ditzaten, bertako auzotar egoiliarren gehiengoaren eskariz abiatutako Gollaoko Kontzejua iraungitzeko espedientean.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea adierazi diren ondorioetarako, Ameskoabarreneko Udalari eta Gollaoko Kontzejuari jakinaraztea, eta bi erakundeak premiatzea haien iragarki-tauletan argitara dezaten.

Iruñean, 2021eko irailaren 8an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F2113494