237. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

115E/2021 FORU AGINDUA, irailaren 8oa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Allingo Udal Plan Orokorra udal-mugarteko lurzoru urbanizaezineko eraikuntzen araudiaren 61. eta 62. artikuluetan aldatzeko espedientea, Allingo Udalak sustatua.

Allingo Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen xedea da Allingo Udal Plan Orokorra aldatzea, zehazki lurzoru urbanizaezineko eraikuntzen araudiaren 61. eta 62. artikuluetan, hobeki egokitu daitezen lurzoruaren natur balioak bere horretan mantentzea ahalbidetzen duten mugak aipaturiko tipologiarekin.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 30eko 1473E/2020 Ebazpenaren bidez, ingurumen eragin nabarmenik ez duela iritzita, aldeko ingurumen txosten estrategikoa egin zen Allingo Udal Plan Orokorraren hirigintza arloko determinazio egituratzaile batzuen aldaketari buruz. Aldaketa Allingo Udalak sustatu du, eta hirigintza araudiaren 61. eta 62. artikuluei eragiten die.

Ebazpen hori 2021ko 23. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 1ekoan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Allingo Udal Plan Orokorra udal mugarteko lurzoru urbanizaezineko eraikuntzen araudiaren 61. eta 62. artikuluetan aldatzeko espedientea, Allingo udalak sustatua.

2. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrola onesteko egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Halaber, onetsitako hirigintzako araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari eta Ingurumen Eraginaren Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Allingo Udalari igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza-araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dezan eta, hala, onetsitako hirigintza-tresnak indarra har dezan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko irailaren 8an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2113531