235. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Aldaketa, Hiri Antolamendurako Udal Planeko eraikuntzaren gaineko ordenantza orokorraren 96. artikuluan.
Hasierako onespena

Gesalazko Udalak, 2021eko ekainaren 7ko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen 96. artikuluaren aldaketa.

Espedientea jendaurrean egon zen hilabetez, iragarkia 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, ekainaren 21ean, eta epe horretan ez zen alegaziorik aurkeztu. Beraz, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da eta argitara ematen da, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan xedatuarekin.

6. ATALA

Lurzoru urbanizaezinean kokatu beharreko ekipamendu, zuzkidura eta zerbitzuetarako instalazioak

96. artikulua. Baldintza orokorrak.

Landa-ingurunean nahitaez kokatu behar diren eraikuntzez ari gara.

Landa-ingurunean kokatu beharra dagoela iritziko zaio, eraikuntzak ezin badira kokatu hiri-lurzoruan arrazoi hauengatik: lurzoru mota edo lurzoruaren ezaugarri jakin batzuei lotuta egoteagatik, tamainagatik, eragozpenengatik, higieneagatik, kaltegarritasunagatik edo arriskuagatik, edo azpiegiturak edo antzekoak behar izateagatik.

Eraikuntzen baldintza estetikoak, funtsean, bertako ingurunera egokitu beharko dira, ezaugarri formalei, bolumetrikoei, koloreei eta akaberei dagokienez.

Sustapen publikoko eraikuntzen eta instalazioen kasuan, haien materialak libreki erabaki ahalko dira, ordenantzaren 77. artikuluan horri buruz ezarritako mugak gorabehera, baldin eta irtenbideak eraikuntza-kalitate egokia badu haien funtziorako.

Eraikinaren fatxada bakoitzetik hasita lurzatiaren mugetaraino gutxienez 10 metroko distantzia egonen da; distantzia hori 2 metrora murriztu ahalko da, eraikuntzaren azalerak ez baditu 30 m² gainditzen.

Eraikuntzak gehienez ere 8,5 m garai izanen dira. Salbuespenez garaiera hori gainditu ahal izanen da, behar bezala frogatzen bada haien funtzionamendurako ezinbestekoa dela.

Lurzatian berean bilatu beharko da konponbideren bat sarbiderako, ur hornidurarako, saneamendurako, argindarrerako eta abarretarako, betiere urbanizazio egokia bermatuz, zoladura eta lorategiak barne.

Lurzatiari berdegunea emanen zaio haren perimetroan, soropilaz eta eremu arboleztatuez baliatuz.

Kasuz kasu justifikatuko dira beharren programak eta hiri-lurzorurainoko gutxieneko distantzia. Baimena ukatzen ahalko da, baldin eta irizten bazaio kokalekuaren ezaugarriak direla-eta herriguneetan eta errepideetako zirkulazioan arriskua, eragozpenak edo antzeko trabak sortzen ahal direla.

Ez dira kirol edo aisialdiko instalazioak baimenduko lurzoru urbanizaezinean, salbu eta irabazi asmorik gabeko ekimen publikokoak badira, edo sustapen pribatukoak izanagatik ere erabilera eta gozamen publikokoak badira. Eraikuntzek bete beharko dituzte ordenantza hauetan lurzoru urbanizaezineko eraikuntzetarako determinazioei buruz ezarritakoa.

Aisialdirako espazio handiak baimentzen dira. Landa-inguruneko eremu ireki handiak behar dituzten aire zabaleko josteta jarduerak ere puntu honetan sartzen dira. Erabilera nagusiari zuzenean lotutako eraikin osagarriak onartuko dira. Udalak kasuz kasu aztertuko ditu hiri lurzorurainoko gutxieneko distantziak eta erabileraren eta eraikuntzaren inguruko baldintza partikularrak.

Muetzen, 2021eko uztailaren 29an.–Alkatea, Pedro José Soto Eguren.

Iragarkiaren kodea: L2114060