235. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

191E/2021 EBAZPENA, abuztuaren 30ekoa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi hau onesten baita: “Laguntzak ikerketa-zentro eta unibertsitateetarako, ikerketarako talentua erakarri eta kontratatzeko: Senior talentua 2021 ANDIA”. DDBN identifikazioa: 581593.

Hala ezartzen baitu bere hitzaurrean ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legeak, Zientziari eta Teknologiari buruzkoak, I+G+b izenekoak oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta sorkuntzazko konponbideak ezartzen ditu gure gizarteak dituen desafio nagusietarako. Horrez gain, 21. artikuluan, foru lege horren xedea eta helburuak betetzeko aurreikusten diren neurriak zehazten ditu, besteak beste, bikaintasuna sustatzen duten neurriak, laguntza berariazkoak emanez Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileei.

Ildo horretatik, “Senior talentua 2021 ANDIA” izeneko deialdiaren xedea da laguntza batzuk emateko oinarri arautzaileak ezartzea, ikerketarako talentua SINAIko ikerketa-zentroetara eta unibertsitateetara erakarri eta itzularazteko. Horretarako, zenbait ekintza jarriko dira abian, erreferentziako ikertzaileak erakartzeko eta erakunde horietan sartzeko, Nafarroako arlo estrategikoekin zerikusia duten ikerketa-proiektuak gara ditzaten, horrek balioko baitu Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) gainerako entitateetan beste lan batzuk garatzea bulkatzeko. Horretarako, dirulaguntza emanen da SINAIko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek kontrata ditzaten, batetik, ikertzaile bat, ibilbide sendoa duena, eta bestetik, bi ikerketa-laguntzailek osatutako talde bat.

Honela, urte anitzeko finantzaketa eskema bat ezarri nahi da ikerketarako talentua erakarri eta atxikitzeko, aintzat hartuko dituena Nafarroako I+G+b Sistemako eragile estrategikoetan dauden beharrak.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkit bere 32. artikuluan martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi hau onestea: “Laguntzak ikerketa-zentro eta unibertsitateetarako, ikerketarako talentua erakarri eta kontratatzeko: Senior talentua 2021 ANDIA”.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. 2.000.000 euroko kreditua baimentzea. Honela banatuko da aurrekontuetan:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G20001-G2100-4819-467309: “Suspertu plana. Talentua erakartzeko programak”

2022

240.000

G20001-G2100-4819-467309: “Suspertu plana. Talentua erakartzeko programak”

2023

440.000

G20001-G2100-4819-467309: “Suspertu plana. Talentua erakartzeko programak”

2024

440.000

G20001-G2100-4819-467309: “Suspertu plana. Talentua erakartzeko programak”

2025

440.000

G20001-G2100-4819-467309: “Suspertu plana. Talentua erakartzeko programak”

2026

440.000

4. Ebazpen hau eta eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 30ean.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Helburua eta xedea.

Laguntza hauen xedea da ikerketa-zentro eta unibertsitateen ikerketa ildoak sendotzea esperientzia handiko ikertzaileak kontratatuz, eta, orobat, ikertzaile talde berriak eratzea.

Laguntza hauen bidez, ikerketaren arloan ibilbide nabarmena duten ikertzaileen kontratazioak finantzatuko dira 5 urtez. Horrez gain, ikertzaile nagusiari laguntzeko beste bi ikertzaile kontratatzeko dirulaguntza ere emanen da, eta ikerketa-jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren gastu gehigarriak finantzatuko dira.

2. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) exekuzio eragileak, baldin eta unibertsitate edo ikerketa-zentro gisa akreditatuta badaude eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez badaude.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak frogatzen dutenak entitate eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskabidean, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. Entitate eskatzaileek, laguntzen eskabide telematikoarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzeko, eta hari eutsi beharko zaio jarduera justifikatzeko aldia bukatzen den egunera arte.

3. oinarria.–Laguntza posizioak.

Deialdi honen ondorioetarako, “laguntza posiziotzat” ulertuko da diruz lagungarriak diren kontzeptu hauen multzoa:

1. Ikertzaile nagusi bat kontratatzea (ikertzaile nagusia edo IN).

2. Bi pertsona kontratatzea ikertzaile nagusiari laguntzeko.

3. Ikertzailearen eta bere lantaldearen ikerketa-jarduerak gauzatzeko gastuak.

4. oinarria.–Eman behar diren laguntzen kopurua.

1. Gehienez ere, lau laguntza posiziorako emanen da dirulaguntza.

2. Puntuazio altuena duten eskaerei emanen zaie laguntza, betiere 11. oinarrian adierazitako ebaluazio irizpideei jarraikiz eta aintzat hartuta lehenengo banaketa bat, non laguntza bakarra emanen baita sektore estrategiko bakoitzeko eta gehienez ere bi laguntza entitate onuradun bakoitzeko. 2. eranskinean zehazten dira sektore estrategikoak.

3. Hala ere, aurreko irizpideak aplikatuz eskaerei erantzun ondoren, kreditu erabilgarririk baldin badago, diruz lagundu beharreko eskaeren kopurua handitzen ahalko da, eta hurrengo balorazio onena dutenei erantzunen zaie, harik eta kreditu erabilgarria edo baldintza guztiak betetzen dituzten eskaeren kopurua agortu arte.

5. oinarria.–Laguntzen iraupena.

1. Ematen diren laguntzek bost urteko iraupena izanen dute gehienez, ikertzaile nagusia kontratazioa egiten duen ikerketa-zentroan lanpostuaz jabetzen den egunetik hasita.

2. Laguntzaren bost urteak 12 hilabeteko aldietan banatuko dira (hemendik aurrera, 1., 2., 3., 4. eta 5. urteko epealdiak).

Urteko epealdiak kontatzeko, ikertzaile nagusiaren kontratuaren hasierako hilabeteko lehen eguna hartuko da lehen urteko epealdiaren hasiera eguntzat. Pertsona hori ezin izanen da lanean hasi laguntza eskatu baino lehen, baizik eta laguntza ematen denetik hasita bi hilabeteko epean gehienez.

6. oinarria.–Laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

1. Gehienez ere 500.000 euro emanen da laguntza posizio bakoitzeko, eta honela banatuko da, kontzeptuaren eta urtearen arabera:

URTEA

INaren KONTRATUA

LAGUNTZAILEEN KONTRATUAK

IKERKETA GASTUAK

GUZTIRA

2022

50.000

0

10.000

60.000

2023

50.000

50.000

10.000

110.000

2024

50.000

50.000

10.000

110.000

2025

50.000

50.000

10.000

110.000

2026

50.000

50.000

10.000

110.000

GUZTIRA

250.000

200.000

50.000

500.000

(Zenbateko guztiak eurotan).

2. Hona hemen gehieneko zenbatekoak laguntza posizio bakoitzaren kontzeptuagatik:

a) Ikertzaile nagusia kontratatzea.

Gehienez ere 250.000 euroko laguntza, honela: 50.000 euro/urtean. Laguntza hori erabiliko da INaren soldata eta Gizarte Segurantzako enpresa kuota kofinantzatzeko urteko epealdi bakoitzean.

Entitate onuradunak bere gain hartu beharko du emandako laguntza gainditzen duen kontratazio kostua, bai eta kontratatutako pertsonen hurrengo urteetako ordainsarien igoera, Gizarte Segurantzako enpresa kuotaren gehikuntzak edo beste edozein gorabehera ere.

b) INari lagunduko dioten bi pertsona kontratatzea.

Ikertzaile nagusiaren lantaldea eratzeko laguntza 200.000 eurokoa izanen da gehienez, eta ikertzaile nagusiari lagunduko dioten bi pertsona kontratatzeko erabiliko da.

Sortu eta betetzen den plaza bakoitzeko urteko abonua 25.000 eurokoa izanen da, 4 urtez, bigarren urteko epealdian hasita.

c) Ikerketa-jarduerak gauzatzeko gastuak.

Gehienez ere 50.000 euroko laguntza gehigarria emanen da INaren eta bere lantaldearen ikerketari lotutako gastuak ordaintzeko. Kopuru hori bost urteko epealdietan banatuko da (10.000 euro urteko). Gastu horiek lotura zuzena izan beharko dute ikerketa-jarduerak gauzatzearekin.

3. Emandako laguntza ez da inola ere izanen benetan egindako gastua baino handiagoa.

7. oinarria.–Ikertzaile nagusiaren betebeharrak, gastu diruz lagungarriak eta kontratuaren baldintzak.

1. Ikertzaile nagusiaren betebeharrak.

Ikertzaile nagusiak doktore gradua izan beharko du. Beharrezkoa da doktore gradua 2017ko abenduaren 31 baino lehen eta 2006ko abenduaren 31 baino geroago lortu izana. Honako hau hartuko da doktore gradua lortzeko datatzat: doktore-tesia defendatzeko eta gainditzeko eguna.

Doktore titulu bat baino gehiago duten izangaien kasuan, baldintza hori aplikatuko zaio lortutako tituluetan antzinatasun handiena duenari.

Gainera, frogatu beharko da 24 hilabeteko egonaldia egin dela doktore gradua lortu zen zentroa ez den beste batean.

Izangaiak ezin izanen du egon deialdi hau argitaratzen den unean, ez eta aurreko bi urteetan ere, entitate eskatzailean kontratatua.

2. INaren gastu diruz lagungarriak.

a) Entitate kontratatzailearekin itundutako edo hitzarmen kolektiboan ezarritako ordainsari gordinak.

b) Gizarte Segurantzako kotizazioa, kotizazio horren ordainketari lotuta egon daitezkeen hobari edo murriztapenei dagokien zenbatekoa kenduta.

3. INaren kontratuaren baldintzak.

Honako hauek bete beharko dira:

a) Entitate onuradunek eta kontratatu beharreko pertsonak sinatuko dituzte.

b) Idatziz formalizatuko dira, honako hau adierazirik:

I. Kontratatutako pertsonaren titulazioa.

II. Beteko den lanpostua.

III. Urteko soldata gordina eurotan adierazia, eta ez dira onartuko “hitzarmenaren arabera” eta horrelako aipamenak.

IV. Gizarte Segurantzako kotizazio taldea 1.a izanen da.

V. Kontratatzen den pertsonak Nafarroan kokatutako zentroetan emanen du zerbitzua, eta Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu-kodeari dagokionez, entitate onuradunaren Nafarroako lantoki batean sartua egonen da.

VI. Ezin izanen dira kontratatu norberaren konturako langileak.

c) Kontratua lanaldi osokoa izanen da eta gutxienez 5 urteko iraupena izanen du, langileak beren lanpostuaz jabetzen direnetik hasita.

d) Deialdi honetan jasotako laguntza espresuki aipatzea, espedientearen zenbakia aipatuz.

e) Kontratuaren baldintzetan edozein aldaketa egiten bada hura sinatu eta aurkeztu ondoren, organo emaileari jakinarazi beharko zaio.

8. oinarria.–Laguntzaileen betebeharrak, gastu diruz lagungarriak eta kontratuaren baldintzak.

1. Laguntzaileen (doktoratu aurrekoen) betebeharrak.

2021-2022 ikasturtean edo ondorengoetan doktorego programa bat egiteko matrikulatuta egotea edo onartua izateko eskaera egina izatea. Kontratua aurkeztuta edo, bestela, kontratua formalizatu eta 6 hilabeteko epean, doktorego programa batean matrikulatuta dagoela egiaztatu beharko da.

2. Laguntzaileen gastu diruz lagungarriak.

a) Entitate kontratatzailearekin itundutako edo hitzarmen kolektiboan ezarritako ordainsari gordinak.

b) Gizarte Segurantzako kotizazioa, kotizazio horren ordainketari lotuta egon daitezkeen hobari edo murriztapenei dagokien zenbatekoa kenduta.

3. Laguntzaileen kontratuaren baldintzak.

Kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Entitate onuradunek eta kontratatu beharreko pertsonek sinatu behar dituzte, doktoratu aurreko kontratu gisa.

b) Idatziz formalizatuko da, honako hau berariaz adierazirik:

I. Kontratatutako pertsonaren titulazioa.

II. Hasiera eta bukaera data. Ez dira onartuko “proiektuen datak”, “obraren bukaera” eta horrelako aipamenak, salbu eta kontratua mugagabea bada.

III. Beteko den lanpostua.

IV. Urteko soldata gordina eurotan adierazia, eta ez dira onartuko “hitzarmenaren arabera” eta horrelako aipamenak.

V. Deialdi honen bidezko dirulaguntzaren aipamena.

c) Lanaldi osokoa izatea.

d) Gizarte Segurantzako kotizazio taldea 1.a edo 2.a izanen da.

e) Kontratatuak Nafarroan kokaturiko lantokietan emanen ditu zerbitzuak.

f) Ezin izanen dira kontratatu norberaren konturako langileak.

g) Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu-kodeari dagokionez, kontratatzen den pertsona entitatearen Nafarroako lantoki batean sartua egonen da.

h) Ordainsariak kasuan kasuko lan hitzarmenean ezarritakoari lotuko zaizkio. Kontratatutako langileak jasoko duen ordainsariak bat etorri beharko du Prestakuntzaldian ari diren doktoratu aurreko Ikertzaileen Estatutua onesten duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin.

i) Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko dute.

9. oinarria.–Ikerketa-jarduerak gauzatzeko gastuak.

Finantzaketa gehigarri honen gastua laguntza gauzatzen den bitartean egiten ahalko da, eta gastuen kontzeptu hauek finantzatzeko erabiltzen ahalko da, baldin eta zuzeneko lotura badute deialdi honen babesean kontratatzen diren pertsonen ikerketa-jarduerak burutzearekin.

1. Material suntsikorra eta bestelako hornidurak.

2. Ikerketara bideratutako ekipamendu txikia erostea; gehienez ere 5.000 euro urtean.

3. Mugikortasun gastuak. Kontzeptu hauek sartzen dira mugikortasun gastuetan: ostatua, mantenua, atzerriko laguntza asegurua, bisatua eta kontratatutako pertsonen garraioa, entitate kontratatzailea ez den ikerketa entitateetan egonaldiak egiteko.

a) Ostatua eta mantenua: kontzeptu honengatik ematen den dirulaguntza zenbateko baten gisan ezartzen da, egonaldiko egun bakoitzeko, helmugako herrialdearen arabera.

Hurrengo zerrendako herrialdeetako egonaldietarako, adierazitako kostua aplikatuko da.

HERRIALDEA

KOSTUA

(euro/egun)

Saudi Arabia, Aljeria, Argentina, Australia, Austria, Bosnia-Herzegovina, Kanada, Kamerun, Txile, Txina, Korea, Kroazia, Egipto, Arabiar Emirerri Batuak, Eslovakia, Etiopia, Gabon, Guatemala, Ekuatore Ginea, Hungaria, India, Indonesia, Iran, Irlanda, Israel, Jamaika, Jordania, Kenya, Kuwait, Libano, Libia, Malaysia, Maroko, Mexiko, Montenegro, Nikaragua, Nigeria, Pakistan, Peru, Polonia, Portugal, Txekiako Errepublika, Errumania, Serbia, Singapur, Siria, Taiwan, Kongo.

50

Alemania, Angola, Belgika, Brasil, Kolonbia, Danimarka, Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, Italia, Japonia, Luxenburgo, Norvegia, Herbehereak, Erresuma Batua, Errusia, Suedia, Suitza, Yemen.

60

Espainian edo aitzineko zerrendan ez dauden herrialdeetako egonaldietarako, aplikatutako kostua 40 euro/egun izanen da.

b) Garraioa. Kontzeptu honi dagokion gastuagatik dirulaguntza hau emanen da:

I. 300 euro bitarte joan-etorrietarako, egonaldiaren helmuga Espainian dagoenean.

II. 1.000 euro bitarte joan-etorrietarako, egonaldiaren helmuga Espainiatik kanpo dagoenean.

III. Dirulaguntza emanen da egonaldia eginen den tokirainoko joan-etorriak ibilgailu partikularrez egiteagatik, 0,32 euro/km, aurreko bi puntuetan adierazitako gehieneko zenbatekoetaraino.

4. Zabalkunde gastuak:

a) Deialdi honen babesean kontratatutako hiru pertsonetako edozein jardunaldi teknikoetan, hitzaldietan edo biltzarretan inskribatzea, baldin eta ikerketa propioko jarduerak aurkeztu behar badira. Mugikortasun gastuak edo bestelakoak, pertsona hori halako jardunaldi, biltzar edo kongresuetara joatearekin lotuta daudenak. Kasu horietan, aurreko puntuan mugikortasun gastuetarako zehaztutako mugak aplikatuko dira.

b) Aldizkari espezializatuetan argitaratzeko kostua. Dirulaguntzaren xede den ikerketa-jarduera egiten duen INak sinatu behar du argitaratzeko aurkezten den lana.

c) Estatu mailako eta nazioarteko ikerketa sareetan parte hartzea.

d) Ikerketen emaitzak babestea, jabetza industrialaren erregistroaren bitartez.

10. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaera horretan adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaitutako helbide elektronikoa izatea (hemendik aitzina, GHE), bai eta Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egotea ere.

Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

Eskaera bakoitzean lortu nahi den laguntza posizio bakarra aipatuko da; beraz, entitate eskatzaileak zenbat laguntza posizio nahi dituen, horrenbeste eskaera egin beharko ditu.

Izangai bera ezin izanen da parte hartzeko eskaera batean baino gehiagotan egon.

3. Ondotik zehazten den dokumentazioa aurkeztuko da. Laguntzen fitxan eskura dauden ereduetara egokituko da, eta artxibo bereizietan aurkeztuko, behar bezala identifikatuta, zein bere izenarekin:

a) Eskaera-orria, non adieraziko baitira izangaiaren izena eta identifikazio datuak, barnean direla ORCID identifikazio kodea (Open Researcher and Contributor ID) eta Web of Science (Researcher ID) delakoaren identifikazio kodea edo Scopus (Author ID) delakoarena, eta ikerketa sektore estrategikoa, deialdi honen 2. eranskinean ageri den zerrendaren arabera.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, entitate eskatzailearen legezko ordezkaritza duen pertsonarena, honako adierazpen eta konpromisoekin:

I. Konpromisoa hartzen duela adierazpen horietan jasotako inguruabarretan gerta daitezkeen gorabeherak jakinarazteko, horiek gertatzen diren unean, Nafarroako Gobernuaren laguntzen fitxaren bidez.

II. Betetzen dituela, deialdi honetan ezarritako baldintzetan, entitate onuraduna izateko betebeharrak, bai eta deialdi honen 2. oinarrian entitate onuradunentzat ezarritako betebeharrak eta baldintzak ere.

III. Ez duela obligaziorik exekuzio-bidean, dirulaguntzak itzuli beharra erabakitzen duen ebazpen irmo baten bidez.

IV. Ez duela dirulaguntzarik jaso deialdi honetan diruz laguntzen diren jarduera berberetarako.

V. Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko prozedura batean sartuta, Europako Batzordeak legez kanpokotzat eta bateraezintzat jo dituelako.

VI. Baduela kontabilitate bat bereizten dituena bere jarduera ekonomikoaren kostuak eta finantzaketa eta jarduera ez-ekonomikoa.

VII. Frogatu duela aurkeztutako dokumentazioa eta egiaztatu duela eskaera honetan emandako datuak egiazkoak direla.

VIII. Eskaera aurkezteak berekin dakar baimena ematea eskaeren inguruabarrei buruzko informazioa egiaztatzeko edo informazio hori beste organo, administrazio edo hornitzaile batzuei, baliabide elektronikoen bidez, eskatzeko, baldin eta, deialdiaren eta araudi aplikagarriaren arabera, hori egokia bada prozedura instruitzeko.

c) Izangaiaren “curriculum vitae” laburtua (aurrerantzean, CVL); hori aurkezteko, eredu hauei jarraikiko zaie: Ikerketarako Estatuko Agentziaren web-orrian eskuragarri dagoen eredu normalizatua, edo bestela, Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) web-orrian, “Curriculum vitae” aplikazioan, automatikoki sortzen dena, curriculum laburtua sortzeko aukeraz baliatuta. CVL ingelesez edo gaztelaniaz aurkeztuko da.

d) Izangaiak ikerketaren arloan egindako ibilbidearen memoria, baita garatu duen ikerketa ildo nagusiarena ere, eta bere CVLan bildutako ekarpenen artean hamar garrantzitsuenak nabarmenduko ditu. Gomendatzen da Ikerketarako Estatuko Agentziaren web-orrian dagoen eredua erabiltzea.

e) Hala ikerketa ibilbidearen memoriak nola CVLak izangaiaren sinadura digitala eduki beharko dute.

f) Doktore tituluaren edo ziurtagiri akademikoaren kopia, non berariaz adieraziko baita noiz lortu den.

Ebaluazioaren ondorioetarako, informazio hau besterik ez da kontuan izanen: eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean CVLan eta ikerketa ibilbidearen eta ikerketa ildoaren memorian ageri dena. Ezin izanen da agiri horietan jasotako informazioa gerora eguneratu. Agiri horiek zuzentzeko edo argitzeko eskatzen bada, aurkezten den informazioak, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunekoa izan beharko du, eta ez da onartuko jatorrizko dokumentuan ez dagoen informazioa duen dokumenturik.

g) Frogatzea 24 hilabeteko egonaldia egin dela doktore gradua lortu zen zentroa ez den beste batean.

4. Laguntza posizio bakoitzerako eskaera bat aurkeztu beharko da.

5. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Energiaren arloko I+G+b Atalak, laguntzen organo kudeatzailea den aldetik, entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. Ezin izanen da zuzendu curriculum vitaea edo ikerketa ibilbidearen memoria aurkeztu ez izana. Dokumentu horiek ez aurkezteak edo horietan edukirik ez izateak laguntza eskaera ez onartzea ekarriko du.

11. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

2. Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira eskaerak:

IZANGAIAREN IBILBIDE AKADEMIKOA EDO PROFESIONALA BALORATZEKO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

A) Ekarpen zientifiko-teknikoak

55

-

B) Mugikortasuna eta nazioartekotzea

25

-

C) Lidergoa

20

-

GUZTIRA

100

85

Ebaluazio irizpideen deskribapena.

A) Ekarpen zientifiko-teknikoak. Izangaiaren curriculumeko merezimendu guztiak baloratuko dira, bai eta horiek zenbateraino egokitzen diren ere egin beharreko lanetara, prestakuntza eta esperientzia profesionalaren arabera. Orobat, baloratuko da izangaiak aldizkari zientifikoetan, liburuetan edo liburu zientifiko eta teknikoen kapituluetan argitaratu dituen artikuluetan egindako ekarpenen garrantzia, barnean direla sarbide irekia duten aldizkarietan egindako argitalpenak. Baloratuko dira, halaber, emandako eta lizentziatutako patenteak; biltzarretan aurkeztutako lanak; prestakuntza jarduerak, kudeaketakoak, teknologia transferitzeko jarduerak eta zientzia dibulgatzekoak; lortutako sariak, aipamenak eta goresmen-sariak; eta, oro har, garatutako ikerketa-jardueraren alderdien garrantzia baloratzen laguntzen duen beste edozein ekarpen.

B) Mugikortasuna eta nazioartekotzea. Izangaiak Estatuko eta nazioarteko zentroetan egindako egonaldien garrantzia baloratuko da, lehentasuna emanez doktoratu ondoko egonaldiei doktoratu aurreko egonaldien aldean. Horretarako, honako hauek hartuko dira kontuan: egonaldia zer zentrotan egin den, haren ospea; izangaiak zentroko lan ildoetan eta lankide izandako taldeetan egindako ekarpenak; ikerketen emaitzak (argitaratu direnak, patentatu direnak edo nazioarteko lankidetzarekin ustiatzen ari direnak), eta nazioarteko programa eta proiektuekin lotutako ekintzetan parte hartzea, bai eta horietan inplikatzea ere.

C) Lidergoa. Izangaiak, bere ibilbide profesionalean zehar, ikerketaren arloan lortu duen independentzia maila baloratuko da, eta besteak beste: ikerketa proiektuetan IN gisa parte hartu izana, ikerketa taldeen lidergoa hartzeko gaitasuna, baliabideak eskuratzeko ahalmena, barnean dela finantzaketa lortzea Estatuko nahiz nazioarteko programekin eta proiektuekin lotutako ekintzen bidez (hor sartzen dira halaber enpresek eta bestelako erakunde pribatuek finantzatutakoak), doktore-tesiak zuzentzea eta garrantzitsua izan daitekeen beste edozein esperientzia zientifiko eta profesionala.

3. Eskaera bat finantzaketarako proposa dadin, 85 puntu edo gehiago lortu beharko ditu hiru atal hauetan.

4. Baldin eta izangaia Ramón y Cajal laguntzen azken deialdian ebaluatu bada (deialdi hori 2020ko azaroaren 23ko Ebazpenaren bidez onetsi zen eta 2020ko 312. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu, azaroaren 28koan), balorazio horren emaitza aurkezten ahalko da, deialdi honetarako balorazio gisa balioko baitu.

Izangaiak txosten hori ez badu edo beste ebaluazio bat behar badu, organo kudeatzaileak balorazio-txostenak egiteko eskatu ahal izanen die entitate edo aditu independenteei, interes- eta konfidentzialtasun-gatazkarik ez dagoela egiaztatu ondoren. Txosten horiek aukerakoak eta ez-lotesleak izanen dira.

Halaber, entitate eskatzaileei eskatzen ahal dizkie proiektuak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta informazio guztiak.

5. Berdinketa kasuetan, A) eta B) ataletan lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da. Berdinketak badirau, eskaera lehenago aurkeztu zuenaren alde ebatziko da (aurkezteko eguna eta ordua aintzat hartuz).

12. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Eskaerak ebaluatu ondoren, laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan adieraziko da entitate onuradunek eta izangaiek dirulaguntza eskuratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, honako hauek adierazita: laguntzen zenbatekoa, proposamenaren sektore estrategikoa eta INaren izena.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko organo eskuduna Berrikuntzako zuzendari nagusia da. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere lau hilabeteko epean emanen da ebazpena eta jakinaraziko zaie entitate eskatzaileei, modu telematikoan, gaitutako helbide elektronikora.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

3. Entitate onuradun batek laguntzei uko egiten badie edo haiek kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratuz gero, laguntza ematen ahalko zaie aurrekontuan krediturik ez egoteagatik baztertuta gelditu diren eskaerei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio. Laguntza berri horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, organo kudeatzaileak epe berriak ezartzen ahalko ditu kontrataziorako eta laguntzaren justifikaziorako.

13. oinarria.–Dokumentazioa aurkeztea laguntza eman ondoan.

1. Entitate onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu telematikoki, laguntzen fitxaren bidez, bi hilabeteko epean gehienez ere, laguntza ematen denetik:

a) INarekin formalizatutako kontratuaren kopia.

b) Kontratatua, Gizarte Segurantzaren kontu-kodearen barnean, entitatearen Nafarroako lantoki batean eta 1. kotizazio-taldean dagoela egiaztatzen duen agiria. Zehazki, Idc txostena (Kotizaziorako datuen txostena-Besteren kontura ari diren langileak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia).

2. Betebehar hau betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

3. Entitate onuradunak hilabeteko epea izanen du gehienez ikerketa taldea osatzeko hautatu diren bi pertsonekin formalizatutako kontratuaren kopia aurkezteko. Epe hori ikerketa taldeko pertsonek kontratua sinatzen dutenean hasiko da, eta 2023ko ekainaren 30ean bukatuko.

14. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Entitate onuradunek, 13. oinarrian adierazitako moduan eta epean agiriak aurkezteaz gain, diruz lagundutako kontratazioa justifikatu egin beharko dute epe hauetan:

a) Bi hilabeteko epean, gehienez, lehen urteko epealdia bukatzen denetik, lehen urteko epealdia justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira.

b) Bi hilabeteko epean, gehienez, bigarren urteko epealdia bukatzen denetik, bigarren urteko epealdia justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira.

c) Bi hilabeteko epean, gehienez, hirugarren urteko epealdia bukatzen denetik, hirugarren urteko epealdia justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira.

d) Bi hilabeteko epean, gehienez, laugarren urteko epealdia bukatzen denetik, laugarren urteko epealdia justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira.

e) Bi hilabeteko epean, gehienez, bosgarren urteko epealdia bukatzen denetik, bosgarren urteko epealdia justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira.

2. Entitate onuradunek kasuan kasuko urteko epealdiko justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dituzte laguntzen fitxaren bidez, hango ereduei jarraikiz:

a) Jardun-memoria zientifiko-teknikoa, bertan deskribatuta ikerketa taldeak egindako jarduerak.

b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua justifikatzen duena; bertan sartuko dira egindako gastu guztien frogagiriak, bai eta egonaldien edo egindako zabalkundearen frogagiriak ere.

c) Deialdi honetan diruz laguntzen diren kontzeptuengatik beste dirulaguntza batzuk jaso ez izanaren erantzukizunpeko adierazpena.

15. oinarria.–Jarraipen txosten zientifiko-teknikoa.

INek bi jarraipen txosten zientifiko-tekniko egin beharko dituzte: bata, tarteko aurrerapena izanen duena, kontratuko lehen bi urteetako epealdiei buruzkoa, eta bestea, amaierakoa, kontratuko bost urteetako epealdiei buruzkoa.

Azken txosten horrekin batera, kontratatutako pertsonek ikerketa ibilbide nabarmenaren egiaztagiria ere eskatzen ahalko dute I3 Programaren ondorioetarako; kasu horretan, Curriculum Vitae Normalizatua (CVN) igorriko dute (FECYTren web-orriaren bidez sortutakoa).

Entitate onuradunek organo emaileari aurkeztuko dizkiote txosten hauek kontratuko bigarren eta bosgarren urteetako epealdiak bukatu baino hilabete lehenago, kontratatutako pertsonak entitate onuradunean hartzen direnetik kontatzen hasita. Agiriak kontratuaren 22. edo 23. hilabetean aurkeztu beharko dira tarteko ebaluaziorako, eta 58. edo 59. hilabetean, amaierako ebaluaziorako.

Dirulaguntza ematen duen organoari dagokio laguntza horren jarraipen zientifiko-teknikoa egitea, eta hark zientzialari adituen jarraipen txosten zientifiko-teknikoen ebaluazioa eska dezake. Era berean, beharrezkotzat jotzen dituen organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izanen ditu, laguntzaren aplikazioaren jarraipen- eta egiaztapen-lanak egiteko, eta egokitzat jotzen duen informazio osagarria aurkezteko ere eskatzen ahalko du. Horrez gain, kontratatutako pertsona guztiei edo batzuei elkarrizketak egiteko aukera ere izanen du, eta horien balorazioa jarraipenaren emaitzan sartuko da.

Honako emaitza hau izanen du lehenbiziko bi urteetako epealdiei dagokien ebaluazioak:

a) Aldekoa, baldin eta pentsatzen bada ebaluatutako epean gauzatutako lanak aukera emanen duela Unibertsitateetarako eta Ikerketarako Estatu Idazkaritzaren 2005eko uztailaren 20ko Ebazpenaren II. eranskinean ezarritakoa lortzeko laugarren urteko epealdiaren bukaerarako. Horren bidez ezartzen dira ebaluazio irizpideak Ikerketa Jarduera Hasi eta Areagotzeko Pizgarrien Programan (I3 Programa).

b) Kontrakoa, aurreko atalean adierazitakoa betetzen ez bada.

Honako emaitza hau izanen du bost urteko epealdiei dagokien ebaluazioak:

a) Bikaina, soil-soilik baldin eta INak bere jarduera zientifiko-teknikoaren ebaluazioa eskatu badu ikerketa ibilbide nabarmenaren egiaztagiria lortzeko xedez, I3 Programaren ondorioetarako, eta betetzen bada Unibertsitateetarako eta Ikerketarako Estatu Idazkaritzaren 2005eko uztailaren 20ko Ebazpenaren I. eta II. eranskinetan ezarritakoa. Horren bidez ezartzen dira ebaluazio irizpideak Ikerketa Jarduera Hasi eta Areagotzeko Pizgarrien Programan (I3 Programa).

b) Aldekoa, baldin eta betetzen bada Unibertsitateetarako eta Ikerketarako Estatu Idazkaritzaren 2005eko uztailaren 20ko Ebazpenaren II. eranskinean ezarritakoa. Horren bidez ezartzen dira ebaluazio irizpideak Ikerketa Jarduera Hasi eta Areagotzeko Pizgarrien Programan (I3 Programa).

c) Kontrakoa, b) atalean adierazitakoa betetzen ez bada.

16. oinarria.–Laguntzen ordainketa eta likidazioa.

1. Dirulaguntza aldez aurretik ordainduko da urte bakoitzerako:

a) Lehen urteko epealdirako: ordainketa bat eginen da 2022an, ikertzaile nagusiaren kontratua aurkeztu ondoren. Pertsona hori lehenengo urtean kontratatzeko laguntzari dagokion lehen ordainketa eginen da (gehienez ere 50.000 euro), gehi lehenengo urteko epealdi horretan ikerketa-jarduera gauzatzeko gastuei dagokiena (gehienez ere 10.000 euro).

b) Bigarren urteko epealdia: ordainketa bat edo batzuk eginen dira 2023an:

I. Ordainduko dira ikertzaile nagusiaren kontratazioaren bigarren urteko epealdia eta ikerketa-jarduera bigarren urteko epealdian gauzatzeko gastuak (gehienez ere 60.000 euro). Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko da frogatzen duena pertsona horrek zentroan kontratatua segitzen duela. Frogagiriak 2023ko irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.

II. Laguntzaren ordainketa ikertzaile taldea kontratatzeko. Ikertzaile taldea osatzen dutenen kontratuak aurkezten direnean eginen da lehen ordainketa. Gehienez ere 25.000 euro kontratu bakoitzeko. Kontraturen bat 2022an egiten bada ere, ordainketa 2023an eginen da.

c) Hirugarren urteko epealdia: ordainketa aurreratu bakarra eginen da 2024an, hirugarren urteko epealdiari dagokiona (gehienez ere 110.000 euro), baina frogagiri bat aurkeztu beharko da frogatzeko pertsona horiek zentroan kontratatuta segitzen dutela. Frogagiriak 2024ko irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.

d) Laugarren urteko epealdia: ordainketa aurreratu bakarra eginen da 2025ean, laugarren urteko epealdiari dagokiona (gehienez ere 110.000 euro), baina frogagiri bat aurkeztu beharko da frogatzeko pertsona horiek zentroan kontratatuta segitzen dutela. Frogagiriak 2025eko irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.

e) Bosgarren urteko epealdia: ordainketa aurreratu bakarra eginen da 2026an, bosgarren urteko epealdiari dagokiona (gehienez ere 110.000 euro), baina frogagiri bat aurkeztu beharko da frogatzeko pertsona horiek zentroan kontratatuta segitzen dutela. Frogagiriak 2026ko irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.

2., 3., 4. eta 5. urteetako epealdiei dagozkien ordainketak egiteko, kontratuek indarrean segitzen dutela begiratuko da.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak aurkeztutako agiriak aztertuko ditu, eta entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak betetzen badituzte, organo eskudunari igorriko dio dagokion urteko ordainketa ebazteko proposamena.

3. Laguntzak gehienez ere lau hilabeteko epean ordainduko dira, kasuan kasuko dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori eten eginen da entitate onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

4. Urteko likidazioa.

a) Urte bakoitzeko frogagiriak (14. oinarrian adierazitakoak) aurkeztuta, aurreko urtean exekutatu gabe geratu diren eta aurreratu diren gastuen balantzea eginen da. Balantze horren saldoa konpentsatuz joanen da urteko ordainketekin. Urtez urte konpentsatze ahalko dira “laguntzaileak kontratatzea” eta “ikerketa-jarduerak gauzatzeko gastuak” izeneko partidak, baina ez “INaren kontratazioa” izenekoa.

b) Urtero, aurreratutako zenbatekoaren %75era bitarte konpentsatu daiteke kontzeptu hauetan: “laguntzaileak kontratatzea” edo “ikerketa-jarduerak gauzatzeko gastuak”. Konpentsatu gabeko zenbatekotik kobratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da.

c) Ikertzaile nagusia kontratatzeko urteko laguntzaren gastu osoa egiten ez bada, gauzatu gabeko zenbatekoa kobratzeko eskubidea galduko da.

5. Azken likidazioa.

Bosgarren urteko likidazioan itzulketa eginen da, baldin eta entitate onuradunak egindako gastua baino gehiago ordaindu bada.

17. oinarria.–Kontratuak etetea eta azkentzea eta ordezkapenak.

1. Entitate onuradunek kasuan kasuko laguntza gauzatzeko epea etetea eta luzatzea eskatzen ahalko dute, finantzatutako kontratuak etenda dauden bitartean, arrazoi hauengatik eten badira:

a) Amatasun edo aitatasun baimena.

b) Adopzioa.

c) Adopzio edo harrerarako zaintza.

d) Haurdunaldiko arrisku bategatik.

e) Bederatzi hilabetetik beherako adingabeen edoskitzealdi naturalean gertatzen den arrisku bategatik.

f) Aldi baterako ezintasuna haurdunaldian, haurdunaldiari lotutako arrazoiengatik.

g) Aldi baterako ezintasuna, aurreko puntuan aipatu ez diren arrazoiengatik, gutxienez 2 hilabetez jarraian.

Laguntza eteten bada aurretik aipatu ez diren arrazoiengatik, ez da exekuzio epea luzatuko.

2. Laguntzak eten eta luzatzeko eskaerak laguntzen fitxaren bidez eginen dira, eta eskaerarekin batera, hala badagokio, kontratuaren eranskina edo epe hori betetzen duen luzapenaren frogagiria aurkeztuko da.

Aurreko atalean aipatzen diren etenaldi eta luzapenak organo emaileak baimendu beharko ditu. Organo horrek egokitzat jotzen dituen txostenak eskatu ahal izanen ditu eta emakidaren baldintzak aldatzen ahalko ditu, ebazpen berri baten bidez.

3. Laguntza etetea eta luzatzea baimentzen denean, etenaldian entitate onuradunak kontratazioaren ondorioz dituen gastuek (ordainsaria eta Gizarte Segurantzako kuota) ezin dute dirulaguntza jaso.

4. Oro har, etenaldiaren urteko epealdia luzatuko da etenaldiak irauten duen denboraz. Hala ere, etenaldiak legez lanaldi partzialean har daitezkeen kasuetan, laguntzaren iraupena luzatu eginen da, etenaldiaren iraupenaren baliokidea den aldi baterako (lanaldi osoetan kalkulatuta).

5. Laguntza eten eta luzatzeko baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea. Luzatutako epearen ondorioz Gizarte Segurantzako kuotaren ordainketan egiten den gehikuntza oro kontratazioa egiten duen ikerketa-zentroaren kontura izanen da.

6. Kontratuetakoren bat azkentzen bada, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari. Horretarako, hori justifikatzen duten justifikazio-agiriak aurkeztuko ditu laguntzen fitxaren bidez hilabeteko epean gehienez, kontratua azkentzen denetik.

7. INaren kontratua azkentzea:

a) Kontratua azkentzeko arrazoiak entitate onuradunari egoztekoak badira, ez da laguntza ordainduko.

b) INaren kontratua azkentzeko arrazoiak ezin bazaizkio entitate onuradunari egotzi, gauzatutako laguntzaren zati proportzionala ordainduko da.

Kasu horretan, kontratua azkentzeko jakinarazpenarekin batera, gastuen frogagiriak aurkeztu beharko dira (14.2 oinarria) dagokion zatia ordaindu ahal izateko.

c) INaren kontratua azkentzen bada, ikertzaile-taldeko pertsonen kontratuak eta ikerketa-jarduerak gauzatzeko gastuak diruz lagunduko dira soil-soilik ikertzaile nagusiaren kontratua azkendu den urteko epealdia amaitu arte.

8. Ezin izanen da inola ere ikertzaile nagusia ordezkatu.

9. Ikerketa taldeko pertsonak ordeztea.

a) Entitate onuradunek ikerketa taldean kontratatutako bi pertsonetakoren bat ordezten ahalko dute beren kontratua arrazoi hauetakoren batengatik azkentzen denean: probaldia ez gainditzea, lanpostua borondatez uztea, heriotza edo baliaezintasuna.

b) Aurreko atalean aurreikusi ez diren kasuetan, kontratua azkentzen denetik hasita, entitate onuradunek hamabost egun naturaleko epea izanen dute jakinarazteko zehazki zer egoerak ekarri duen kontratuaren azkentzea. Laguntzak kudeatzen dituen organoak erabakiko du kontratatutako pertsona ordezteko baimena ematen duen ala ez.

c) Ordezkapena egitea bidezkoa denean, kontratu berriak 8. oinarrian ezarritako baldintzak bete beharko ditu, hasteko egunari dagokiona izan ezik.

d) Hasieran kontratatutako pertsona ordezten bada, emandako dirulaguntza ez da inola ere handituko.

e) Ordezkapen kontratua aurreko kontratua azkentzen den egunetik bi hilabeteko epearen barruan hasiko da. Epe hori gehienekoa da, eta ez da inola ere luzatuko.

f) Diruz laguntzen den kontratu bakoitzeko bi ordezkapen onartuko dira gehienez.

g) Kontratua bidezko ez denean azkentzen bada edo ordezkapena baimentzen ez denean, dirulaguntzaren zati proportzionala kobratzeko eskubidea galduko dela adieraziko da.

18. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Onuraduna izaera pribatuko entitatea bada, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez, fitxa horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkezteko betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Diruz lagundutako kontratazioak frogatzea 14. oinarrian adierazten den moduan.

c) Begiratzea behar bezala garatzen direla kontratatuak egin beharreko ikerketa-jarduerak.

d) Kontratatuaren jardueraren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea laguntzak kudeatzen dituen organoari.

e) Kontratua azkendu izanaren berri ematea 17. oinarrian adierazten den gisan.

f) Ikerketa proiektuaren emaitzak jakitera emateko eta zabaltzeko betebeharrak, 19. oinarrian aipatzen den gisan.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Baldin ez bada betetzen dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

3. Ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Urteren bateko jarduketa memoria zientifiko-teknikoaren baloraziotik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, kasua bada, laguntza osorik itzuli beharko da.

b) Helburuak partez gelditu badira bete gabe, kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, dagokion dirulaguntza itzuli beharko da.

I. 15. oinarrian aipatzen denarekin bat, lehenbiziko bi urteetako epealdietako txostena kontrakoa bada, laguntzak ez du jarraipenik izanen, eta hurrengo urteetako epealdiak kobratzeko eskubidea galduko da.

II. 15. oinarrian aipatzen denarekin bat, bost urteko epealdien txostena kontrakoa bada, INa kontratatzeko emandako laguntza osoa %5ean murriztuko da, eta kasua bada, jasotako zenbatekoa itzuli beharko da.

19. oinarria.–Ikerketaren emaitzak jakitera ematea eta zabaltzea.

1. Hala entitate onuradunek nola kontratatzen diren pertsonek, diruz lagundutako ikerketa taldeek egindako ikerketa-jardueraren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatua dela adierazi beharko dute.

2. Diruz lagundutako jardueren inguruan sortzen den dokumentazio guztian eta haiek zabaltzeko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero rolei lotu gabekoa eta aniztasun irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin.

20. oinarria.–Laguntzen araubidea.

Deialdi honen xede diren laguntzak “Ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako estatuko laguntzei buruzko esparrua” izenekoaren menpe daude (2014ko ekainaren 27ko EBAOn argitaratu zen).

Zehazki, deialdi honen esparruan egindako jarduerak jarduera ez-ekonomiko gisa definitzen dira aipatu esparruan.

Europar Batasunaren esparru horrek ezartzen duenez, entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoa, hau da, ez da estatu-laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereiz badaitezke bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.

21. oinarria.-Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.

1. Ebazpen honen xedeko laguntzen kargura finantzatzen diren kontratuak bateraezinak izanen dira kontratatutako langileek izan dezaketen beste edozein lan kontraturekin.

2. Diruz lagundutako gastuak bateraezinak izanen dira beste laguntza publiko batzuk jasotzearekin, gastu berak estaltzeko.

3. Laguntza hauen babesean kontratatzen diren pertsonek lankidetzan aritzen ahalko dira irakaskuntza lanetan, beren erakunde berean edo beste batzuetan, gehienez ere 80 orduz urtean, haiek hala eskatuta eta beren erakundeak onartu ondoren. Erakunde publikoen kasuan, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruz indarrean dagoen araudia errespetatuko da.

22. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

I+G+b Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.infosubvenciones.es) argitaratuz, honako datu hauekin: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen fitxan ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

23. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. ERANSKINA

Sektore estrategikoak

1. Automozioa, mekatronika eta manufaktura aurreratua.

2. Elikakatea.

3. Energia berriztagarriak eta baliabideak.

4. Osasuna.

5. Aurreko ikerketa ildoetako bakoitzari aplikatutako adimen artifiziala.

Iragarkiaren kodea: F2113171