235. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BIDAURRETA

Ordenantza, Etxeko laguntza-zerbitzua arautzen duena.
Behin betiko onespena

Bidaurretako Udalak, 2021eko ekainaren 17an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxeko laguntza-zerbitzua (ELZ) arautzen duen ordenantza. 2021eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 29an.

Jendaurreko epean ez da alegaziorik egin; hortaz, behin betiko onetsi da Etxeko laguntza-zerbitzua arautzen duen ordenantza.

Bidaurretan, 2021eko irailaren 3an.–Alkatea, Enara Rabina del Río.

ORDENANTZA, ETXEKO LAGUNTZA-ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA

Xedapen orokorra

Ordenantza honek artikulu hauetan xedatutakoari jarraitzen dio: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta ondorengoak eta Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Mendetasun Egoeran dauden Pertsonak Zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen artikuluak.

Zerbitzuaren oinarria

1. artikulua. Etxeko laguntza-zerbitzua (hemendik aurrera ELZ) gizarte-zerbitzu publikoa da. Zerbitzu horrek ongi gainbegiratutako lan multzo baten prestazioa eskaintzen du, zenbait beharrizani erantzuteko eta, hala, erabiltzailea eta/edo familia-unitateak beren etxean bertan gelditu ahal izateko. Zerbitzua familiak eskaintzen duen arretaren osagarri da une oro.

Zerbitzuaren erabiltzaileak

2. artikulua. Beregain izateko zailtasunak, familiako zailtasunak edo bestelakoak dituzten pertsonak edo familiak dira zerbitzuaren erabiltzaileak. Udaleko lantalde teknikoak balioetsi beharko du pertsona edo familia horiek etxean ahalik eta bizi-kalitate handienarekin bizitzen jarraitzeko laguntza behar duten.

Kasu hauek lehenetsiko dira:

–Mendekotasuna izatearen ondorioz, ELZk zaindu ditzala eskatzen duten pertsonak, indarreko araudiaren arabera zerbitzua bermatuta dutelako.

–Familia-laguntzarik gabeko familiak edo pertsonak, larrialdi-egoeran daudenak edo behar soziala dutenak.

–Guraso bakarreko familiak.

–Minusbaliotasun bat duten eta beregain izateko zailtasunak dituzten pertsonak.

–Bakarrik bizi diren adinekoak, edo adingabeak beren kargura dituzten ezinduak.

ELZ laguntzaren onuradunak beste ahaide gaitu batzuen laguntza baldin badu, udal zerbitzuaren jarduketa ahaideen lanaren osagarri izanen da, eta, batez ere, erabiltzailearen arreta pertsonalari loturiko beharrizanetan emanen da laguntza.

Zerbitzuaren prestazioaren edukia

3. artikulua. ELZ gizarte-zerbitzu publikoa da. Esku hartzea erabiltzaile bakoitzari egokitzen zaio; profesionalek egiten dute, eta erabiltzaile edo familia bakoitzaren beharrizanen araberakoa da, bai laguntza motari bai arreta orduei dagokienez. ELZ programak bere gain hartuko ditu onuraduna eguneroko bizian normaltasunez moldatzeko beharrezkoak diren lanak, erabiltzaileak berak edo bere ahaide edo hurbilekoek gauzatzen ahal ez dituztelarik. Lehentasuna emanen zaie, betiere, erabiltzailearen premia pertsonalei, beste kontuen aurretik, hala nola etxekoen aurretik.

ELZk arreta hauek eskaintzen ditu:

a) Arreta pertsonaleko lanak:

1. Norbere garbitasuna.

2. Oheratuta dauden pertsonen higienea.

3. Jarrera aldaketak.

4. Ohetik jaikitzen eta oheratzen laguntzea.

5. Janzteko edo arropak eranzteko laguntza.

6. Bainuak ematea.

7. Inkontinentzien arretan laguntzea.

8. Ilearen higienea.

9. Oinak eta eskuak zaintzea.

10. Jantzien formaren eta garbiketaren arreta.

11. Medikazioa kontrolatzea eta ematea (kanpoan gelditzen dira muskuluen, zainen edo antzekoen bidez ematen diren tratamendu edo medikamentuak eta ezagutza espezializatuak behar dituzten sendaketak).

12. Etxetik kanpo mugitzen eta hainbat kudeaketa egiten laguntzea (kanpoan gelditzen dira, edozein kasutan, familia-langileen autoan egiten diren lekualdaketak).

b) Etxeko zereginetan sostengu emateko lanak.

1. Erabiltzaileek erabiltzen duten etxebizitza-eremua garbitzea (kanpoan gelditzen dira erabiltzeek erabiltzen ez dituzten eremuak, hala nola gelak, etxabeak eta trastelekuak, baita ohiz kanpoko garbiketa-lan orokorrak ere).

2. Erabiltzailearen ohea eta logela garbitzea.

3. Erosketak egitea edo etxera eramatea.

4. Janaria prestatzen eta harrikoa egiten laguntzea.

5. Arropa garbitzea, pasaratzea eta lisatzea.

c) Izaera psikosozialeko lanak.

1. Ohitura pertsonal eta sozial osasungarrien hezkuntza-prozesuan eta sustapenean esku hartzea.

2. Borondatezko kultur eta jolas jardueretan parte hartzeko motibazioa.

3. Ingurukoekin komunikatzeko bideak erraztea eta, hala, gizarte partaidetza sustatzea.

4. Oinarrizko gaiei buruzko aholkularitza (janzkera egokia, zentzuzko dieta, altzari egokiak, etxebizitzaren egoera ikuskatzea...).

5. Harreman gaitasunak mantentzen eta sustatzen laguntzea.

Zeregin horiek guztiek familia-langilearen eskumenaren barnean egon behar dute (kanpoan gelditzen dira espezializazioa behar duten zereginak edo beste profesional batzuen eskumenekoak direnak).

Zerbitzua erabiltzailearen beharrizanaren arabera emanen da, eta, edozein aldaketa gertatzen delarik, zerbitzua aldatzen ahalko da. Era berean, zerbitzua aldi baterakoa izanen da, zailtasun egoera gainditu arte, edo behin betikoa, familia-autonomia errazteko.

Zerbitzuaren funtzionamendu eta kudeaketa arauak

4. artikulua. ELZk pertsonak eta familiak artatzen ditu etxeetan, ohiko jarduerak egiteko arazoak dituztenean (gaixorik daudelako, urte asko dituztelako edo gabezia ekonomikoak eta soziofamiliarrak dauzkatelako). Haien autonomia eta independentzia ahalik eta gehien bultzatzea da helburua, betiere gizarte zerbitzuaren ahalmenaren neurrian.

1.–Gizarte-langileak beharrizanak baloratzeko eta dagokion tasa aplikatzeko eskatzen dituen agiri eta datu guztiak emateko konpromisoa hartuko dute etxeko laguntza-zerbitzua jasotzen dutenek.

2.–ELZk erabakiko du, beharrizanak aztertu ondoan, nolako laguntza emanen den eta noiz.

3.–ELZk ez die erantzukizunik kentzen etxe berean bizi ez diren ahaideei. Horrenbestez, ahaideek jakinarazi beharko dute artatzen den pertsonaren etxebizitzan noiz egonen diren eta noiz arte, eta gizarte-langileak baloratuko du zerbitzua aldi baterako kendu edo mantendu behar ote den.

4.–Erabiltzaileek jakinarazi behar dute noiz egonen diren etxebizitzatik kanpo. Borondatezko arrazoia bada, tasa osorik ordaintzen jarraituko da hiru hilabetera arte gehienez; handik aurrera, itxarote-zerrendara igaroko da. Gizarte-langilea baldin bada etxebizitzara hiru egunez baino gehiagoz (jarraituak edo astebeteko tartean) joaten ez dena (oporrak, medikua edo beste arrazoi batzuk direla-eta), ez da tasarik ordainduko dagokion denbora tarterako.

5.–ELZ kudeatzen duten profesionalek familia-langilea aldatzen ahal dute, baldin eta zerbitzuak hobeki funtzionatuko duela uste badute. Halaber, ezarritako denbora aldatzen ahal dute, unean uneko beharrizanen arabera.

6.–Programa kudeatzen duen Udalak, espedienteak ebaztean, zerbitzuaren eskaera onartu edo ezeztatu egin den jakinaraziko du, gizarte-langileak balorazioa egin ondoan. Gizarte-langileak proposamen bat eginen du, eta, bertan, erabiltzaileak zer prezio ordaindu behar duen adieraziko du.

7.–Programaren kudeatzaileek, ahal den neurrian, erabiltzailearekin eta familiarekin adostutako arreta programa ezarriko dute. Aurretik baloratu diren beharrizanetan oinarrituko da programa, eta zerbitzuaren prestazio ordutegiek eta zerbitzuaren eskuragarritasunak baldintzaturik egonen da.

Hala ere, gehieneko arreta denborak honako hauek dira:

Etxebizitzan mendekotasuna duen pertsona bat bizi denean: gehienez egunean 2 ordu, astelehenetik ostiralera.

Etxebizitzan mendekotasuna duten bi pertsona edo gehiago bizi direnean: gehienez egunean 2 ordu eta 30 minutu, astelehenetik ostiralera.

8.–ELZk ongi funtzionatzeko, ezinbestekoa da profesionalek taldean lan egitea. Horretarako, talde bilerak eginen dira aldian behin, informazioa trukatzeko, irizpideak zehazteko eta kudeatzen diren kasuen eta kasu bakoitzaren premien jarraipena egiteko.

–Gizarte-langileak funtzio hauek ditu:

a) Artatu beharreko kasuak atzematea, aztertzea eta baloratzea eta lantaldeko profesionalekin koordinatuta aritzea.

b) Arreta proposamena egitea (edukiak, ordutegiak, maiztasuna, tasak eta zerbitzuaren iraupena).

c) Arreta proposamena ikuskatzea.

d) Kasu bakoitzaren bilakaeraren jarraipena egitea; horretarako, erabiltzailearekin eta familiarekin harremanetan jarri beharko du aldian behin.

e) Familia-langileekin zuzeneko koordinazioa izatea; horretarako, harremanetan egon beharko dute eta bilerak egin beharko dituzte lantalde osoarekin.

f) Aurkezten diren erreklamazioak jasotzea, aztertzea eta haiei erantzutea.

g) Urteko memoria egitea, funtzionamenduaren bilakaerarekin.

h) ELZk eskaintzen dituen zerbitzuen artean, gizarte arlokoak diren funtzio guztiak: erabiltzaileari eta/edo familiari gizarte baliabide eta gizarte eskubideen gaineko informazioa ematea, baliabide eta eskubide horiek erabiltzeko aukera erraztea, etxebizitza erabiltzailearen beharretara egokitzeko aholkularitza ematea, familiak erabiltzailearen arretan duen erantzukizuna sustatzea...

–Familia-langileek funtzio hauek dituzte:

a) Onuradunei arreta zuzena ematea.

b) Asteko arreta programa zehatza idaztea.

c) Lantaldeari erabiltzaile bakoitzaren egoeraren eta aldaketen berri ematea.

d) Gizarte-langilearekin koordinazioa izatea.

e) Erabiltzaile bakoitzari ematen zaion arretan aldaketak proposatzea.

f) ELZk eskaintzen dituen zerbitzuen artean, honako funtzio hauek: osasun arlokoak, etxekoak, izaera pertsonalekoak, gizarte-hezkuntzakoak eta kulturaren arlokoak.

–Administrazio-langileek funtzio hauek dituzte:

a) Dokumentazioa kontrolatzea eta haren jarraipena egitea.

b) Artatzen diren kasuen administrazio-lana.

c) Banku-helbideratzearen bidezko tasa-kobrantza kontrolatzea.

Etxeko laguntzaren eskaera egiteko jarraibideak

5. artikulua. Oinarrizko zonaldea osatzen duten herrietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan egin behar da etxeko laguntza-zerbitzua jasotzeko eskaera, horretarako prestatutako ereduari jarraikiz. Honako hauek ere aurkeztu behar dira:

–Familia-unitateko kide guztien NANaren fotokopia.

–Osasun txostenak.

–Egungo diru-sarreren aitorpena eta hori justifikatzeko agiriak: nominak, pentsioen ziurtagiriak, etab.

–Eskatzailearen eta familia-unitateko kide guztien errenta aitorpenaren fotokopia.

–Diru-sarreren gaineko zinpeko aitorpena (errenta aitorpenik egin ezean).

–Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren ziurtagiriak, ondasunen gainekoak.

–Ordainketak helbideratzeko baimena.

Erabiltzaileek, zerbitzuaren prestazioa eskatzean, familia-unitatearen kontzeptu guztietako urteko diru-sarreren aitorpen justifikatua aurkeztu beharko dute, aurreko urteari dagokiona, hain zuzen.

Zerbitzuaren eskatzaileek oinarrizko zonaldea osatzen duten udalerrietako batean izatez bizi eta bertan erroldatuta egon beharko dute. Hala ere, bestela jokatzea eskatzen duten inguruabar bereziak egonez gero, ez da aurretik xedatutakoa aintzat hartuko.

Ziurtagiri horietako batzuk bakoitzaren Udalean lortzen ahal badira, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak zuzenean eskatzen ahalko ditu, eskatzaileak aurretik baimena emanda.

Mendekotasuna duten pertsonei arau orokorrak ezartzen dituen epeetan emanen zaie arreta. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak itxarote-zerrendan gelditu daitezke, zerbitzuaren eskuragarritasuna berehalakoa ez denean. Hona hemen aipatutako itxarote-zerrenda osatzeko irizpideak:

–Erabiltzailearen beregaintasun maila.

–Erabiltzaileak beste zaintzaile batzuk dituen ala ez, eta zer arreta ematen dioten.

–Erabiltzailearen ondasunak eta baliabide ekonomikoak.

–Eskaeraren sarrera-ordena.

Tasak

6. artikulua. Tasak udalek onetsiko dituzte kasu bakoitzean, ordenantza honek zehazten duen baremoa oinarri hartuta. Tasak, halaber, urtero eguneratuko dira, erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onesten dituen kontsumorako prezioen igoeraren arabera.

Tasen sortzapena

7. artikulua. Zerbitzuan alta ezartzen den egunetik aurrera sortuko dira tasak; handik aurrera hilero eginen da hori, zerbitzuak zein hilabetetan eman, hurrengo hilabeteko lehenengo hamar egunetan.

Borondatez sortzen diren behin betiko bajak idatziz jakinaraziko zaizkio Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari, eta ondorio ekonomikoak hurrengo hilebetetik aurrera sortuko dituzte.

Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoaren erregulazioa

8. artikulua. Tarifak kalkulatzeko, familia-unitatearen urteko diru-sarrerak hartuko dira kontuan, eskaera egin aurreko urteari dagozkionak, hain zuzen. Honako hauei dagozkien diru-sarrerak baloratuko dira: lana, langabezia, pentsioak, errentak, landa-lurreko eta hiriko ondasunak, salmentak, kapitalaren etekinak eta, oro har, familia-unitateari sarrerak ekartzen dizkieten diru-sarrerak. Helburu horretarako eta mendekotasuna duten pertsonen kasuan, kontuan hartuko da Gizarte Politiketako Departamentuak egindako balorazioa.

Familia-unitatetzat jotzen da etxebizitza berean bizi diren pertsonen multzoa, bigarren mailara arteko ahaidetasun zuzena edo albokoa, ezkontza-ahaidetasuna edo afektibitate harremana dutelarik.

Honela aterako da hilabeteko errenta, haren gainean tasa aplikatzeko:

Familia-unitatearen kontzeptu guztietako urteko diru-sarrerak kontatuko dira. Landa-lurreko eta hiriko ondasunei dagokienez, katastro balioaren %3 zenbatuko da, ohiko etxebizitza salbuetsita.

Gastu kengarriak: mendekotasunaren ondoriozko arretaren gastuak (eguneko zentroa, garraioa, etxeko lanak egitea eta bestelakoak).

Beren gaitasunaren balorazioa egiten zaien pertsonak edozein testamentutan beren alde dauden xedapenak aitortzera beharturik daude, baita azken 5 urteetan egin ondare eskualdaketak ere.

Aurrerago azaldu diren diru-sarrera guztien batuketaren emaitza hamabi hilabete eta familia-unitateko kideen kopuruaren artean zatituko da.

Familia-unitatea osatzen badute seme-alabek, suhi/errainek, bilobek eta abarrek... Horien diru-sarreren %50 hartuko da kontuan. Aurrerago azaldu diren diru-sarrera guztien batuketaren emaitza hamabi hilabete eta familia-unitateko kideen kopuruaren artean zatituko da.

Hileko tasak aplikatzeko, arreta orduen kopurua arreta orduaren prezioaz biderkatuko da. Arreta orduaren prezioa taula honetatik aterako da:

Orduaren kostua: 29,51 euro (orduaren kostu hori Nafarroako Gobernuak zehaztu zuen 2016rako, eta Nafarroako Gobernuak berak eguneratuko du urtero).

Karga eskala familia-unitatearen per capita errentari egotziko zaio, eta errenta horrek urteko OAEAParekin (Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa) gordetzen duen proportzioan oinarrituko da. OAEAParen zenbatekoa hileko 532,51 eurokoa izan zen 2016an, edo hileko 621,26 eurokoa (14 ordainsari izanez gero).

–Diru-sarrerak OAEAPa baino txikiagoak direnean, tarifa 8 eurokoa izanen da hilean.

–Diru-sarrerak, gehienez ere, OAEAParen %105 direnean, tarifa 12 eurokoa izanen da hilean.

–Diru-sarrerak, gehienez ere, OAEAParen %120 direnean, tarifa 2,21 eurokoa izanen da orduko.

–Diru-sarrerak, gehienez ere, OAEAParen %135 direnean, tarifa 4,42 eurokoa izanen da orduko.

–Diru-sarrerak, gehienez ere, OAEAParen %150 direnean, tarifa 6,63 eurokoa izanen da orduko.

–Diru-sarrerak, gehienez ere, OAEAParen %165 direnean, tarifa 8,85 eurokoa izanen da orduko.

–Diru-sarrerak, gehienez ere, OAEAParen %180 direnean, tarifa 11,06 eurokoa izanen da orduko.

–Diru-sarrerak, gehienez ere, OAEAParen %195 direnean, tarifa 13,27 eurokoa izanen da orduko.

–Diru-sarrerak, gehienez ere, OAEAParen %200 direnean, tarifa 14,75 eurokoa izanen da orduko.

–Diru-sarrerak, gehienez ere, OAEAParen %250 direnean, tarifa 17,20 eurokoa izanen da orduko.

–Diru-sarrerak OAEAParen %250 baino handiagoak direnean, tarifak Nafarroako Gobernuak ezartzen duen kostua izanen du.

Arau-hausteak eta zehapenak

9. artikulua. Arau-haustetzat hartuko dira:

a) Zerbitzutik programak ongi funtziona dezan ezartzen diren jarraibideak ez betetzea, hala nola laguntza tekniko zehatzik (garabiak, ohe artikulatua, eskaren kontrako koltxoiak...), jantzirik, gauza pertsonalik, norbera garbitzeko elementurik eta bestelakorik ez egotea.

b) Etxeko laguntza-zerbitzua ematen duten profesionalen aurkako errespetu falta, erasoak eta jazarpena.

c) Eskatutako dokumentazioa zehazten den epean ez aurkeztea.

d) Erabiltzailearen egoeran gertatzen diren aldaketak ez jakinaraztea, zerbitzuaren prestazio tasaren kalkuluari eragiten dioten kasuetan.

e) Arau-hausteak Udaleko alkateak zehatuko ditu ohartarazpen bidez. Arau-hausteak errepikatuz gero, zerbitzua bertan behera geldituko da.

Zerbitzuaren prestazioa bertan behera uztea

10. artikulua. Honako egoera hauengatik gertatzen ahal da:

a) Prestazioari hasiera eman zion arrazoia bertan behera gelditzea.

b) Zerbitzuaren kontratazio epea amaitzea, zerbitzua luzatu edo berritu ez delarik.

c) Onuraduna hiltzea.

d) Zerbitzuaren prestazioari dagozkion tasak ez ordaintzea.

e) Onuraduna zentro espezializatu batera edo oinarrizko zonaldetik kanpo dagoen bizileku batera lekualdatzea.

f) Onuradunaren borondatezko baja.

g) Zehapena.

11. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2113293