234. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Aldaketa, Udalaren eraikin, lokal, instalazio edo altzarien erabilera arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Vianako Udalak, 2021eko ekainaren 17an egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Udalaren eraikin, lokal, instalazio edo altzarien erabilera, bai eta bakoitzari dagokion tasa ere, arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa; erabakia 2017ko 67. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 5ean.

Dagokion iragarkia 2021eko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 29an, eta jendaurreko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, zuzenean behin betiko bilakatu da 2021eko ekainaren 17an osoko bilkurak hartutako erabakia, zeinaren bidez hasiera batez onetsi baitzen Udalaren eraikin, lokal, instalazio edo altzarien erabilera, bai eta bakoitzari dagokion tasa ere, arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa. Haren testu osoa argitara ematen da, orok jakin dezan, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan xedatua bete beharrez.

Erabaki honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, egoitza Iruñean baitu, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) eta 46. artikuluekin bat.

Vianan, 2021eko abuztuaren 31n.–Alkate udalburua, M.ª Blanca Yolanda González García.

ORDENANTZA, UDALAREN ERAIKIN, LOKAL, INSTALAZIO EDO ALTZARIEN ERABILERA, BAI ETA BAKOITZARI DAGOKION TASA ERE, ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Ordenantzaren xedea

1. artikulua. Ordenantza honen xedeko tasa ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean.

2. artikulua. Ordenantza honen helburua da udal eraikin eta lokalen erabilera arautzea eta kontzeptu horri dagokion tasa ezartzea.

3. artikulua. Ordenantza honen arauak Udalaren eraikin, lokal eta instalazio guztietan aplikatuko dira, partikularrek horiek erabiltzen ahal badituzte eta arautzeko ordenantza berariazkorik ez badute.

4. artikulua. Udal eraikinak eta lokalak erabiltzeko interesa dutenek, Udalaren baimena eskuratu beharko dute aldez aurretik.

5. artikulua. Baimena lortzen duten eskatzaileek udal eraikin eta lokalak erabili beharko dituzte haien izaera eta xedea kontuan hartuz, haietan inolako kalte edo galerarik sortu gabe, nahiz eta higadura gerta daitekeen, zertarako eskatu zen, helburu horrekin egindako erabilera ohikoa, egokia eta arrazoizkoa dela eta.

6. artikulua. Udalaren eraikin eta lokalak ezin izanen dira inoiz erabili baimendutako helburuaz bestelakoetarako.

7. artikulua. Udalaren eraikin, lokal eta instalazioen erabiltzaileek zainduko dute haien garbitasuna eta antolamendua. Egun bateko erabilaldiaren ondotik, garbitu eta altzariak eta barneko elementuak ordenatuko dituzte, eta utziko dituzte beste hartzaile batzuek berehalakoan erabiltzeko moduan.

8. artikulua. Udal eraikin eta lokalak erabili nahi dituzten pertsonek edo entitateek idatziz eskatu beharko diote Udalari, beren identifikazio datuak, beharrak, erabilera-denbora, okupatzaileen nortasuna eta kopurua eta erabileraren helburua adieraziz. Eskatutakoaz ebazteko egoki irizten dion dokumentazio edo informazio osagarri guztia eskatzen ahalko du Udalak. Eskatzaileak bat baino gehiago badira, erabilera dela-eta izaten diren harremanetan, horrexetarako izendatzen den lagunarekin ariko da Udala, edo, halakorik egon ezean, eskatzaileetan lehenbizikoarekin.

9. artikulua. Udalburuak kasu bakoitzean bidezko juzgatzen duena erabakiko du, kontuan izanik eskatutako ezaugarriak dituzten eraikin edo lokalen erabilgarritasuna, okupatzaile kopurua, helburua eta erabilera-denbora.

10. artikulua. Udalak fidantza jar dadin eska dezake, legez onartzen diren moduetako edozeinen bidez. Fidantzaren xedea izanen da udalaren eraikin, lokal eta instalazioak behar bezala erabili eta lagapenaren aurretik zeuden horretara lehengoratzeko betebeharrei erantzutea. Halaber, lagatako eraikin, lokal eta instalazioetan kalte-galerarik eragin bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen berme izanen da fidantza.

Fidantzaren zenbatekoa izanen da eraikinak edo lokalak erabili diren denbora guztiarengatik edo udal altzariak lagatzeagatik likidatutakoa.

11. artikulua. Udalaren eraikinaren edo lokalaren erabilpena bukatutakoan, erabiltzaileek horren berri emanen diote Udalari. Udalak nahi beste ikuskapen egin dezake, egiaztatzeko ea erabiltzaileek betetzen ote dituzten ordenantza honetan eta indarrean dauden gainerako legedian ezarritako obligazioak. Frogatzen bada erabiltzaileek bete dituztela ordenantza honetan ezarritako obligazioak, ez dela kalte-galerarik izan eta ez dela zehapenik paratu behar, Udalak fidantza itzuliko du, horrelakorik eratzea eskatu baldin badu.

Kontrara gertatuz gero, bidezko diren erantzukizunak galdatuko ditu. Horrelakoetan, ordenantza honetan ezarritako obligazioak ez betetzetik eta eragindako kalte-galeretatik etor daitezkeen diru-erantzukizunak ordaintzeko izanen da fidantza.

II. KAPITULUA

Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasak

12. artikulua. Zerga-egitatea.

Tasaren zerga-egitatea da pertsona fisiko nahiz juridikoek, baita, erakunde edo entitateek ere, nortasun juridikoa izan ala ez, udal eraikin, lokal edo instalazioak edo hiri-altzariak erabiltzea, betiere Udalaren lizentzia eskuratu ondotik.

Ez dira ordenantza honen mende egonen:

a) Eskoletako areto eta instalazioak erabiltzea, eskola ordutegiaren barnean eta eskolak berak baimendu badu, baldin eta ofizialki onetsitako hezkuntza-programak garatzeko jarduerak edo horien osagarriak badira.

b) Eskoletako areto eta instalazioak erabiltzea, eskolaz kanpoko ordutegian bada eta gurasoen elkarteak antolatutako jarduera gisa egiten bada, betiere eskola kontseiluak eta Udalak onetsita.

c) Irabazi-asmorik gabeko kultur, kirol edo ongintzako elkarteak, egoitza soziala Vianan badute, edo Vianan erroldatutako edozein pertsona fisiko, baldin eta arestian aipatu xedeetako bat badute.

13. artikulua. Subjektu pasiboak.

1) Pertsona naturalak edo juridikoak daude ordainarazpenok ordaintzera behartuta, baimena badute beren intereserako udal instalazio hauek erabiltzeko: Kultur Etxea, Navarro Villoslada Kultur Zentroa, Udalaren bilkura aretoa, Añoa etxea, Gaztegunea, San Pedro elizaren hondakinak eta alboko aretoa (9:00etatik 0:00etara), eta udal altzariak.

2) Lokalak erreserbatzeko eskaeran adierazi beharko da zein den gauzatuko den jarduera, zein den parte-hartzaile kopuru zenbatetsia, noiz hasi eta bukatuko den jarduera, bai eta beste edozein informazio garrantzitsu ere.

14. artikulua. Erabiltzeko baimena dekretu bidez ematen den unean sortuko da ordaintzeko betebeharra.

15. artikulua. Eskubideak ondoko tarifa hauen arabera bilduko dira:

1) 39,00 euro egunean, areto guztietan, salbu eta San Pedro elizaren hondakinak eta ondoko aretoa. Arte erakusketak badira, ikusgai jarritako artelanetako bat ematen ahal da tasaren ordez.

2) San Pedro elizaren hondakinak eta ondoko aretoa erabiltzea: 400 euroko kostua izanen du eguneko, eta 200 euroko fidantza utzi beharko da.

3) Udalaren mahaiak eta aulkiak erabiltzea:

–50 zentimo, aulki eta egun bakoitzeko.

–2 euro, mahai eta egun bakoitzeko.

Eskatzailearen betebeharra izanen da udal lokala eta/edo altzariak behar bezala uztea.

16. artikulua. Lokalen eta altzarien erabiltzaileek une oro bete beharko dituzte portaera arauak eta instalazioa edo altzariak erabiltzeko jarritakoak.

17. artikulua. Iruzurtzat joko da Udalaren baimenik gabe lokalean sartzea edo altzariak erabiltzea.

18. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2113210