233. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

198E/2021 EBAZPENA, abuztuaren 18koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio Villatuerta eta Aberingo udal-mugarteetan “Lizarra-Arintzano” zirkuitu berriaren bidez eta “Lizarra-Allo” zirkuitua egokituta zentroaren hornidura berritzeko proiektuari. “I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU” da haren sustatzailea.

2021eko apirilaren 21ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta izanen dituela uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioak (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Egin asmo den jarduketaren xedea da Tenerías Omega TZren hornidura berritzea “Lizarra-Arintzano” zirkuituaren bidez eta “Lizarra-Allo” zirkuitua egokituta. Egin asmo den eraberritzearen lehen tartea airekoa izanen da, Aberin eta Villatuertako lurzoru urbanizaezinean; zentroaren hornidura, ordea, lur azpitik eginen da “Ikazkinen pasabidea” izeneko abelbidean dagoen kanalizazioan barna. Behin NA-132 “Estella-Lizarra” errepidea zeharkatuta, kanalizazio horren zatirik handiena Villatuertako industriarako hiri-lurzoruan barna joanen da. Jarduketak lurzoru urbanizaezinean ukitzen duen zatia baino ez du babesten baimen honek.

Egin asmo den 13,2 kV-ko aireko tarteak 505 metroko luzera izanen du; zirkuitu bikoitza izanen du eta oraingo 38. euskarritik (Aberingo 2. poligonoko 309. lurzatian) egin asmo den 6.103. euskarriraino (Villatuertako 1. poligonoko 1.427. lurzatian) iritsiko da. Oraingo “Lizarra-Allo” zirkuituaren trazaduraren azpitik eramanen da; orain daudenetatik 3 euskarri kenduko dira, eta asmoa da horien ordez saretazko beste 3 euskarri jartzea, beste kokapen batean.

Lurpeko tartea arestian aipatutako 6103. euskarrian hasiko da eta Tenerías Omega TZn amaituko du hornidura. Lehenbiziko tartean kanalizazio berri bat eginen da kendu eginen den 6103. euskarriaren ondoan dagoen kutxatilara arte. Kutxatilara iritsita, “Lizarra-Allo” zirkuitua lehendik dagoen zirkuituarekin lotuko da, eta “Lizarra-Arintzano” zirkuituan, hodi libreetan barna bideratuko da kable berria.

Oraingo 38. eta 6.103. euskarrietan dauden ebakigailuak kendu eginen dira, eta egin asmo den 6.103. euskarrian aireko eta lurpeko pasabide bikoitza eta eskuzko OCR motako ebakigailu bana instalatuko dira zirkuitu bakoitzerako.

Aireko tartea Ega ibaiaren meandro batek inguratzen du; meandroa egin asmo diren 6102. eta 6103. euskarrien artetik pasatzen da. Baho horretan ibai ertzeko basoa zeharkatzen da; aldiz, aireko linearen gainerako zatia lehorreko belarki-laboreen gainetik doa. Landa lurzoruko lurrazpiko tartea mahasti arteko bide batean barna doa.

Aireko tarte osoa babes eremuaren barruan dago abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren aplikazioaren ondorioetarako (dekretu horren bidez, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren).

Espedientean Aberin eta Villatuertako udalen aldeko txostena jaso da. Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak aldeko txostena egin du, baina baldintza batzuk ezarrita abelbidearen gainean izan ditzakeen ukipenei dagokienez. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea Villatuerta eta Aberingo udal-mugarteetan “Lizarra-Arintzano” zirkuitu berriaren bidez eta “Lizarra-Allo” zirkuitua egokituta zentroaren hornidura berritzeko proiektuari. “I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU” da haren sustatzailea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

  • Jarduketak lurzoru urbanizaezinean ukitzen duen zatia baizik ez du babesten baimen honek, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta ebazpen honetan ezartzen diren determinazioei jarraikiz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, euskarriek edo instalazioko edo azpiegiturako bestelako elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki:
  • Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena, jarduketak Ega ibaiaren ubidearen polizia-eremua ukitzen baitu.
  • Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren baimena, NA-132 errepidea zeharkatzeak eragin ditzakeen ukipenak direla-eta.
  • Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio adierazpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

Ingurumen arlokoak:

  • 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharrez, proiektuan hegaztiak babesteko jaso diren neurriak beteko dira. Orobat, lurpeko lineara jaisten den euskarrian erabat isolatuko dira lineako eroaleak lotzen dituzten zubiak, baita ebakigailuak eta autobalbulak ere. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Autobalbula-tximistorratzak, gainera, BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.
  • Hegaztiak babesteko balizekin seinaleztatuko da linea osoa. Seinaleen arteko distantzia bisuala, alboetatik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izateko moduan antolatu beharko dira balizak.
  • Lan horiek Ega ibai ertzeko landaredia ukitu gabe egin beharko dira. Adarren bat ebaki behar bada, ebaki garbiak eginen dira, hausturarik eragin gabe. Obrak egitean, ezinbestean kendu behar badira zuhaitz eta/edo zuhaixkak, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaio aldez aurretik Basoak Kudeatzeko Atalari, bat etorriz Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoarekin (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatu zuen lege hori) eta hura garatzen duen erregelamenduarekin.
  • Espresuki debekatuta dago ibai-ibilguan edonolako isurketak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia.
  • Zerbitzutik kanpo geratzen diren azpiegitura guztiak (euskarri zaharrak barne) kendu beharko dira.
  • Lanek aldatutako eremu guztiak, euskarrietara joateko bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondoren utziko ez diren aztarnak barne, lehengoratuko egin beharko dira.
  • Abelbidearen ukipenei dagokienez, kontuan hartu beharko dira Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak 2021eko ekainaren 16an eginiko txostenean ezarritako baldintzak. Txosten hori espedientean jasota dago eta ebazpen honi erantsi zaio.
  • Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera, eta abar), mezu elektroniko bidez bidali beharko du Lizarra Hegoaldeko barrutira (gmaestellasur@navarra.es).

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 15.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo ahalik eta txikienak direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Villatuerta eta Aberingo udaletara, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Lizarra Hegoaldeko Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 18an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2112889