233. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AUÑAMENDI GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, Etxeko laguntza-zerbitzuak arautzen dituena

Auñamendi Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren Mankomunitatearen Batzarrak, 2021eko ekainaren 4ko bilkuran, behin-behinekoz onetsi zuen ordenantza bat, Etxeko laguntza-zerbitzuak arautzen dituena. Erabaki hori argitaratu zen 2021eko 178. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 30ean.

Jendaurreko epea iragan denez nork aurkeztu gabe erreklamaziorik, kexarik edo oharrik, behin betiko onetsirik gelditu da Auñamendi Gizarte Zerbitzuaren Mankomunitatearen ordenantzaren aldaketa, hots, Etxeko laguntza-zerbitzuak arautzen dituen ordenantzarena, eta haren behin betiko testua argitara ematen da.

Auritzen, 2021eko irailaren 13an.–Lehendakaria, Nekane Nuño Iturri.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA UDALAREN ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUAK

1. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) definizioa.

ELZ udal zerbitzua da, xede dituena ohiko ingurunean oinarrizko premiak betetzeko mugak dauzkaten herritar guztiak, eta eskaintzen ditu banakako hainbat zerbitzu, izan daitezkeenak aldi baterakoak nahiz iraunkorrak, egoera bakoitzaren arabera, eta bilatzen du pertsona ahalik eta hobekien integratzea bere ingurunean, haren autonomia funtzionala handitzea eta bizi kalitatea hobetzea.

2. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) esku-hartzearen oinarri diren printzipioak.

Printzipio horiek garatzen dituzte Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legearen printzipio orokorrak (martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legea). Hona zein diren:

–Erantzukizun publikoa, Administrazioak bere gain hartzen baitu ardura behar diren baliabideak sustatzeko: finantza-baliabideak, baliabide teknikoak, giza baliabideak eta antolaketakoak.

–Prestazioaren unibertsaltasuna eta berdintasuna, mendekotasun egoeran dagoen edozeinek izan dezan hura eskuratzeko eskubidea, batere diskriminaziorik gabe.

–Beste zerbitzu eta baliabide batzuen osagarri izatea, denek ere helburu izanik pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien irautea.

–Prebentziora bideratua egotea, eragozteko edo mugatzeko gaitasun pertsonalek okerrera egitea eta laguntza jasotzen duenak sostenguak eta gizarte harremanak galtzea. Orobat, helburua da autonomia bultzatzea eta handitzea.

–Osotasuna/integralitatea: behar sozialei osotara erantzuteko eta ez partez bakarrik.

–Erantzunkidetasuna, hau da, mantentzea, babestea eta handitzea familiaren sostengua eta gizarte-sostengu sareak (auzoak, boluntarioak...).

–Errespetatzea laguntza hartzen dutenen eta zaintzaileen hobespenak.

–Laguntza emateko malgutasuna, konbinatuz kasu eta egoera bakoitzean laguntza hoberena emateko aukera ematen duten baliabideak.

–Koordinazioa gainerako baliabideekin, izanik horiek instituzionalak nahiz sostengu informalekoak, esku hartzearen sinergia hobetzeko, eta eraginkortasun handiagoa bermatzeko.

3. artikulua. ELZ programaren ezaugarriak.

ELZ honelako zerbitzua da:

–Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu erantzuna ematea autonomia pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia sorta zabalari.

–Normalizatzailea, inguruneko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.

–Etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita batez ere.

–Integrala, osotasunean heltzen baitie bizikidetza unitateen beharrei.

–Prebentiboa, ahalegina egiten baita eragozteko edo murrizteko gaitasun pertsonalek okerrera egitea eta sostenguak eta gizarte harremanak galtzea, baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea ere, salbu eta zentroan bizi kalitate hobea bermatzen bada.

–Osagarria, bateratu baitaiteke oinarrizko beste laguntza batzuekin, helburuak betetzeko.

–Akuilatzailea eta pizgarria, lagunduko duena erabiltzailearen beharrak betetzen haren gaitasunak indartuz, bere aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz.

–Teknikoa, esku hartzeko oinarritzat hartzen dituena teknikoki planifikatutako eta egindako jarduerak, behar bezala kualifikatutako profesionalek planifikatu eta egin ere, gainbegiraturik.

–Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak behar baititu bere beharretara egokitutako programa eta jarraipena, baliabide egokienak konbinaturik.

–Oinarritzat hartzen duena errespetatzea laguntza hartzen dutenen eta zaintzaileen hobespenak.

4. artikulua. Helburuak.

Etxeko Laguntza Programak honako helburu hauek ditu:

–Laguntza ematea pertsonek beren ohiko ingurunean iraun dezaten ahalik eta denbora gehienean eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin, prebenituz eta saihestuz zentro batean sartzea beharrik gabe eta hala ingurunetik deserrotzea. Horretarako, alternatiba egokia ematea.

–Lortzea pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa, zeinek ahalbidetuko baitute ahalik eta autonomia handiena izatea, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasuna eta autoestimua handitzea.

–Ohiko bizilekuan eskaintzea prestazio multzo bat, erraztuko eta lagunduko duena eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea, modu integralean.

–Jarduketak koordinatzea parte hartzen duten profesionalen sarearekin, batez ere osasun eta gizarte sarearekin, baliabide egokiak erabiliz eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorragoa eta efizienteagoa izan dadin.

–Hobetzea oreka pertsonala, familiarena eta ingurunearena, horretarako sendotuz familia, auzo eta adiskidetasun loturak, bultzatuz eta indartuz lankidetza handiagoa izatea sostengu sare naturalek, bereziki familiarenak, behar bezalako sostenguak emanik zaintzaileei.

–Laguntza ematea pertsonaren nahiz familiaren krisi koiunturaletan, non kaltetzen diren autonomia pertsonala edo soziala.

–Zerbitzuaren hartzaileen harreman sozialak eta jarduerak bultzatzea haien komunitate ingurunean, eta prebenitzea isolatze eta bakardade arazoak.

–Komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala bultzatzea eta bideratzea, zerbitzuaren hartzaileei lagun egiteko indargarri gisa.

5. artikulua. ELZren erabiltzaileak/hartzaileak.

ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira pertsona edo bizikidetzako familia-unitate guztiak, baldin erroldaturik badaude Auñamendi Gizarte Zerbitzuen oinarrizko eskualdeko udalerrietariko batean, baldin badute bizi autonomoa egiteko mugarik eta, ondorioz, ezin badituzte beren kabuz bete premia pertsonala eta sozialak, eta, hortaz, laguntza behar badute ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.

Erabiltzaile izateko, hauexek dute lehentasuna:

–Autonomia pertsonaleko zailtasunak dituzten zaharrek.

–Desgaitasuna dutenek, baldin horrek larriki eragiten badio autonomia pertsonalari.

–Familia-unitateek, baldin beren baitan badituzte adingabeak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten kideak, eta beren etxean ez badute ematerik behar dituzten zaintza eta arreta eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretarako, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxeko laguntza, bermatze aldera haien garapen normal eta orekatsua.

Premia maila bera izanik, lehentasuna izanen dute kargaren eskala progresiboan prezio publikoaren %100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek.

6. artikulua. ELZn parte hartzen duten profesionalak.

Etxeko laguntza zerbitzuko lan talde oinarrizkoa profesional hauek osatuko dute:

–Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku-hartze programa diseinatzea eta proiektua gainbegiratzea, haren jarraipena egitea eta ebaluatzea.

–Familia-langilea: horrenak dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion lanak, baita hura laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko ditu bere esku-hartze etengabearen ondorioz egoerak duen bilakaeraz.

Aipatutako lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, baldin espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.

–Administrariak: eginen dituzte zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak.

Prestazioak hala behar duenean, beste profesional batzuek ere esku hartzen ahal dute; kasu bakoitzean aztertuko da behar hori.

7. artikulua. Zerbitzua eskuratzeko irizpideak: mendekotasuna baloratzeko tresnak.

Etxeko laguntza zerbitzua nork nola erabiltzen ahalko duen baloratzean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak honako hauek hartuko ditu kontuan:

–Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko autonomia funtzionala duten, gauzatzeko eguneroko bizitzako oinarrizko jarduketak eta instrumentalak.

–Ea baduten sare naturalaren sostengua, bereziki familiarena.

–Onuradun izan nahi duenaren egoera soziofamiliarra.

Horretarako, erabiliko dira egungo araudiari jarraikiz indarrean dauden balorazio eskalak.

8. artikulua. Zerbitzuen zerrenda:

1. Sostengu eta laguntza pertsonalerako jarduketak. Hona hemen eguneroko oinarrizko zereginetan sostengu pertsonala emateko jarduketak:

a) Norberaren higienea: honako hauek sartuko dira:

–Oinarrizko garbiketa: aurpegia, eskuak, genitalak, aho-higienea eta orraztea.

  • Bizarra egitea.
  • Ohean eri direnak garbitzea.

–Bainua/dutxa.

–Pixoihalak aldatzea.

–Larruazala hidratatzea eta haren egoera zaintzea.

–Oinen eta eskuen higienea eta zaintza (garbitzea eta idortzea, azazkalak limatzea eta/edo moztea, azal gogorra leuntzea, hidratazioa).

–Ilea garbitu, idortu eta zaintzea.

–Iraizkinak biltzea (pixontziak/gauontziak).

Kanpo uzten dira profesional kualifikatu baten esku-hartzea behar duten jarduketak/zainketak.

b) Jantzia/oinetakoak:

–Janztea/eranztea.

–Oinetakoak janztea/eranztea.

–Jantziak eta oinetakoak gainbegiratzea.

c) Oinarrizko mugikortasuna:

–Ohetik jaikitzeko edo/eta etzateko laguntza.

  • Tokiz aldatzea (ohea, jarlekuak).
  • Etxean barna mugitzen laguntzea.

–Etxetik kanpo mugitzen laguntzea (betiere bizi den herriaren barnean).

–Laguntza teknikoak aplikatzea.

d) Jarduketa soziosanitarioak:

–Gorputz-jarrerak aldatzeko laguntza, ezarritako protokoloei jarraikiz.

  • Hainbat patologiari egokitutako dieten kontrola eta jarraipena.
  • Medikuak agindutako botikak behar bezala hartzen diren gainbegiratzea.
  • Errezetak eta botikak jasotzea.

–Botikak prestatu eta ematea, botika injektagarriak izan ezik.

–Pertsonaren osasunari lotutako alderdiei erreparatzea (dietak, inkontinentziak, eskarak, oroimen galera...) eta, beharrezkoa bada, haren berri ematea lantalde profesionalari.

–Gaitasun fisiko eta mugimenduzkoak berreskuratzeko, mantentzeko eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraikiz (mobilizazio pasiboak, kremak, pomadak igurtziz ematea, material ortoprotesikoa jartzen laguntzea eta abar).

–Gaitasun kognitiboak berreskuratzeko, mantentzeko eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (oroimen ariketak, denboran eta espazioan orientatzekoak eta abar).

–Inkontinentziarako gailuen aplikazioa (gernu kolektoreak, zundako poltsak aldatzea...).

–Aposituak aldatzea, osasun arloko profesionalen esku-hartzea behar ez denean.

–Lehen laguntzako teknikak aplikatzea larrialdietan.

2. Etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak. Hona hemen etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak:

2.1. Erabiltzailearen elikadurari lotuak, hala nola:

–Elikagaiak prestatzen laguntzea.

–Otorduak atontzen laguntzea (berotzea, mahaia jartzea, janariak banatzea).

–Prestatutako janaria etxeetan banatzeko zerbitzua* (baldin zerbitzua aktibo badago).

–Baxera eta/edo janaria prestatzean erabilitako tresnak biltzea eta garbitzea.

[*] “Etxeko janari zerbitzua” izeneko zerbitzua da, ELZren balizko prestazio gisa, prestatutako janaria erabiltzailearen etxera eramatea. Mankomunitateak zerbitzu hau zerbitzuen zorroan zehaztuko du, egoki bada.

2.2. Erosketari lotuak:

–Erosteko ohiturei eta antolaketari jarraipena egitea.

–Erosgaien zerrenda prestatzen laguntzea.

–Erosketak egitea.

  • Erositakoa etxera eramatea.
  • Erosketak antolatzen laguntzea.

ELZn erosketak egiteaz ari garenean, esan nahi dugu eguneroko bizimoduari lotutako oinarrizko produktuak eskuratzea.

2.3. Loturik daudenak erabiltzailearen oinetako eta arropa pertsonalak eta etxeko arropak zaintzearekin, hala nola:

–Arropa/oinetakoak garbitzen laguntzea.

–Arropa hedatzea eta biltzea.

–Arropa lisatzea.

–Arropa/oinetakoak antolatzea eta hautatzea.

–Armairuak txukuntzea.

–Arropa pasaratzea eta konpontzea (botoiak, urratuak), baldin joskintzako ezagutza berezirik behar ez bada.

–Kanpoko ikuztegi zerbitzua (arropa garbitzea eta lisatzea)* (baldin zerbitzua aktibo badago).

[*] “Kanpoko ikuztegi zerbitzua” da, ELZren balizko prestazio gisa, erabiltzailearen ohiko arropa kanpoan garbitzea eta hari itzultzea. Mankomunitateak zerbitzu hau zerbitzuen zorroan zehaztu beharko du, egoki bada.

2.4. Etxebizitzako mantentze-lanei lotuak, hala nola:

a) Bizitegiaren mantentze lana: jarduera/zeregin arruntak:

–Oheak janztea

–Erratza pasatzea

–Xurgagailua pasatzea

  • Mopa pasatzea.
  • Hautsa kentzea.
  • Lanbasa pasatzea.

–Beirak garbitzea

–Etxetresna elektrikoak garbitzea: hozkailua, sukaldea eta mikrouhin-labea.

–Sukaldea garbitzea.

–Bainugela garbitzea. Jarduera/zeregin bereziak:

–Sabaiko hautsa erratzaz kentzea.

  • Errezelak garbitzea.
  • Lanparak garbitzea.
  • Etxetresna elektrikoak garbitzea (salbu hozkailua, sukaldea eta mikrouhin-labea).

–Ateak, leihoak eta armairuak garbitzea.

–Zikin-markak garbitzea (etengailuak, eskutokiak, telefonoa, eserleku-bizkarrak...).

Bizitegiaren mantentze lan horiek, bai arruntak, bai bereziak, eginen dira laguntzaren hartzaileak erabili ohi dituen geletan.

b) Etxeko konponketa errazak:

Etxeko konponketa errazetan sartzen dira eskulan xumea behar duten jarduerak/zereginak, hau da, zenbait elementu ordeztu edo doitzea etxea behar bezala mantentzeko; betiere, kontuan hartuko da langilearen laneko arriskuen prebentzioa. Ez dira sartzen beste lanbide batzuen berariazko ezagutza behar dutenak edo teknikari baten esku-hartzea behar dutenak.

c) Etxebizitzako hornidura eta azpiegituraren egoera orokorra kontrolatzea eta jarraipena egitea.

–Egiaztatzea ea nola dauden etxebizitzaren ageriko egitura eta instalazioak (gasa, hoditeria, elektrizitatea, berokuntza eta telefonoa).

–Baloratzea ea egokia den ELZk esku hartzea, hau da, zuzenean esku hartzea edo erabiltzailea, familia edo egoki den teknikaria bideratzea.

Laguntza psikosozialeko oinarrizko jarduketak. Hona hemen laguntza psikosozialeko jarduketak:

Laguntzazko prozesu batean egiten direnak, bideraturik daudenak eremu pertsonal, familiar edo sozialean azaldutako egoerak gainditzera; hala, bultzatuko da lagundutako pertsonak sentitzea baloratuak eta sare sozialeko kide.

a) Psikologiaren eta gizarte-heziketaren arloko jarduketak:

jarduera eta lan horiek, oinarri harturik hezkuntzaren ikuspegia eta estrategia, helburu dute eskuratzea, berreskuratzea, ikastea eta erabiltzea oinarrizko trebetasunak, jokabideak eta iaiotasunak, ahalik eta handiena izan dadin erabiltzailearen eta bere ingurunearen autonomia.

–Laguntza emozionala ematea bizitzako egoeretan (bakardadea/isolamendua; mendekotasuna, edo ahalmenak, osasuna edo autonomia galtzea; dolua...).

–Autoestimua bultzatzea eta sustatzea (irudi pertsonala, onarpena, balioespena eta norberarekiko konfiantza).

–Jarrera positiboak indartzea, familiaren dinamikan azaltzen diren egoerak gainditzeko (errespetua, onarpena, entzutea...).

–Bizi ohitura osasungarriak erakustea (elikadura, norberaren higienea, etxeko higienea, ariketa fisikoa...).

–Eskuratzea eta garatzea autozaintza eta autonomia pertsonalerako ohiturak eta trebetasunak. (Eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak eta jarduera instrumentalak).

–Prebentziorako trebetasunak eskuratzea eta garatzea, eta etxeko jokabide eta egoera arriskutsuak aldatzea.

–Laguntza teknikoak erabiltzeko orientazioa eta trebakuntza.

  • –Orientazioa etxeko antolaketan (gauzak, elikagaiak eta abar antolatzea).

–Norberaren interesen arabera, denbora okupatzeko jarduerak bultzatzea, jokabide aktiboa sustatzeko (zaletasunak, hobbyak...).

–Orientatzea, bizikidetza egokirako harremanak bultzatzeko (trebetasun sozialak, asertibitatea...).

–Jokabide eta egoera arriskutsuak identifikatzea eta haiek aldatzeko informazioa eta orientazioa ematea.

b) Familiari eta/edo zaintzaileei sostengu emateko jarduerak. Hauek dira familiari edo zaintzaileei sostengu emateko jarduerak:

Jarduera hauek dira familiaren eta/edo zaintzaileen lana sostengatzeko eta bultzatzeko jarduerak eta zereginak, erabiltzailea zaintzeko eta artatzeko.

–Laguntza emozionala ematea zaintzaileei.

–Orientazioa, aholkua eta jarraipena ematea erabiltzailea zaintzeari eta artatzeari lotutako gaien gainean.

–Jarraibideak eta abileziak ematea, aurre egiteko zaintze eta artatze laneko hainbat egoerari, eta sortzen diren errealitate berriei egokitzen laguntzeko.

–Informatzea eta orientatzea laguntza teknikoaz, baliabideez eta sostengatzeko beste modu batzuez.

–Laguntzea eta orientatzea autozaintzarako jarraibideetan, abilezietan eta jarreretan, bai eta estresaren eta gainkargaren prebentzioan ere.

  • Jarrera positiboak bultzatzea, elkar ulertzeko, parte hartzeko eta komunikatzeko.

c) Sostengu soziokomunitarioko jarduerak. Hona hemen sostengu soziokomunitarioko jarduketak:

Jarduera eta zeregin hauek helburu izanen dute mantentzea eta bultzatzea erabiltzaileak parte har dezala bizitza sozialean eta harremanetan, baita hobeki ezagut eta erabil ditzala komunitatearen baliabideak. Zehazki, honako jarduera eta zeregin hauek dira:

–Lagun egitea etxetik kanpo (erabiltzailea bizi den herrian), kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.

–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzera bultzatzea.

  • Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzeko lagun egitea.
  • Boluntarioen esku-hartzea erraztea eta bultzatzea, lagun egiteko zereginetarako.

–Informatzea eta orientatzea jarduera antolatuez eta baliabide komunitarioen erabileraz.

–Komunitatea sentsibilizatzea dependentzia duten pertsonei buruz.

4. Sostengu teknikoko jarduketak eta beste laguntza-baliabide batzuk. “Sostengu teknikoko jarduketak eta beste laguntza-baliabide batzuk” hitzekin honako hauek adierazten dira:

Etxebizitza erabiltzailearen beharretara egokitzera bideratutako jarduketak, eta igarotzea beste bizi-egoera batera, ohiko etxebizitza utzi behar duenean, edo beste batera aldatu.

a) Sostengu teknikoko jarduketak etxebizitzan:

–Etxean zaintza hartzea eta autonomia izatea ahalbidetzen eta sustatzen duten laguntza teknikoei buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.

–Balorazioa, informazioa eta orientazioa, etxea egokitzeko beharrei buruz eta arrisku nahiz oztopo arkitektonikoak kentzeari buruz.

–Etxea erabiltzailearen egoeraren arabera egokitu eta antolatzeko orientazioa eta laguntza.

b) Beste laguntza-baliabide batzuk:

–Balorazioa, informazioa eta orientazioa etxean sostengu emateko beste baliabide osagarri batzuen gainean (materiala mailegatzea, larrialdiko telefonoa, eguneko zentroak...).

–Balorazioa, informazioa eta orientazioa beste baliabide alternatibo batzuei buruz, etxean bizitzen segitu ordez.

Etxeko laguntza zerbitzua gehienez ere 2 orduz emanen da egunero, etxe bakoitzean.

9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

Honako hauek dira finantzaketari aplikatu beharreko irizpideak eta printzipioak:

–Zerbitzu unitatearen definizioa: zerbitzu unitatea neurtzen da kontuan hartuz zenbat denbora ematen den etxean, ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko; gehienez ere bi ordu izanen da egun bakoitzean.

–Familia-unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko, erabiliko da PFEZan definitzen den familia-unitatea (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga):

  • Osatzen dutena legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek (salbu gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.
  • Osatzen dutena berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek (salbu gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.
  • Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontza-loturarik edo bikote egonkorrik ez dagoenean, osatzen dutena aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek, baldin aurreko apartatuan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

–Ahalmen ekonomikoa zehaztea: errenta eta gastu kengarriak:

  • Errenta: PFEZaren etekin garbiak eta pentsio edo prestazio salbuetsiak.
  • Gastu kengarriak: kuotan desgrabazioa izateko oinarri direnak, ondoko arrazoiak direla eta: pertsonalak, etxebizitza alokairuan hartzea edo erostea, eta menpekotasunagatik emandako laguntzaren ingurukoak (eguneko zentroak, garraioa, etxeko lanak eta bestelakoak).
  • Hileko per capita errenta garbia: sortzen dena aurreko kontzeptuak batuta eta zatituta familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaz eta 12 hilabetez. Erabiltzailea PFEZaren aitorpena egitera behartua ez dagoenean, aurreko ekitaldian izandako diru-sarreren arabera zehaztuko da ahalmen ekonomikoa.

–Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Zerbitzuaren kostu guztiak egozteko eta benetan emandako laguntzaren guztizko kostuaren balioa kalkulatzeko, ordu bakoitzeko, metodo hau erabiliko da:

Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, azken bi profesional horiek ere zuzenean parte hartzen baitute programaren kudeaketan.

Eginen da guztirako kostua zati lanaldi osoko familia-langile batek etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopurua (lanaldi horren %80); horrela aterako da laguntza orduaren kostua.

–Tarifaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Etxean zerbitzua ematen benetan iragandako ordua da tarifaren oinarrizko unitatea. Laguntza orduaren kostuaren %50 izanen da prezio publikoa edo tarifa.

–Prezio publikoa kargatzeko eskala progresiboa:

Karga-eskala egotziko zaio familia-unitatearen per capita errenta garbiari, eta oinarrituko da errenta horrek urteko OAEAParekiko gordetzen duen proportzioan (ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa):

PCEG (per capita errenta garbia) < OAEAP: 3 euroko tarifa finkoa hilean OAEAP < PCEG > OAEAParen %105 : 6 euroko tarifa finkoa hilean

OAEAParen %105 < PCEG > OAEAParen %120: prezio publikoaren 0,15 OAEAParen %120 < PCEG > OAEAParen %135: prezio publikoaren 0,30 OAEAParen %135 < PCEG > OAEAParen %150: prezio publikoaren 0,45 OAEAParen %150 < PCEG > OAEAParen %165: prezio publikoaren 0,60 OAEAParen %165 < PCEG > OAEAParen %180 prezio publikoaren 0,75 OAEAParen %180 < PCEG > OAEAParen %195 prezio publikoaren 0,90 PCEG > OAEAParen %195: prezio publikoa.

10. artikulua. Esku-hartzeko protokolo teknikoa.

Esku hartzeko protokolo teknikoak jasotzen ditu ondotik adierazten diren urratsak, eta haien edukia 1. eranskinean azaltzen da:

–Eskariaren harrera eta aurkezpena.

–Kasuaren azterketa.

–Egoeraren diagnostikoa.

–Banakako laguntzarako proposamena* (betiere, zerbitzua emateako bitartekorik izanez gero).

  • Esku-hartzearen diseinua.
  • Alderdien arteko konpromisoen formalizazioa.

–Esku-hartzearen hasiera.

–Jarraipena eta ebaluazio jarraitua.

11. artikulua. Kudeaketa arauak: etxeko laguntza zerbitzua emateko administrazio prozedura.

a) Prozeduraren abiatzea:

ELZ emateko prozedura ofizioz edo interesdun baten eskariz abiatzen ahalko da:

–Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatzen bada, lehendakariaren Ebazpenaren bidez izanen da, dela lehendakariaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuek arrazoiturik eskatuta.

Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, hasiera eguna izanen da ofiziozko prozedura abiarazten duen ebazpenarena.

Betiere, prozedurak bat eginen du Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearekin.

–Alderdi batek eskaturik. Alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskabideekin batera aurkeztu beharko da agiri honen 2. eranskinean aipatutako dokumentazio administratiboa gutxienez, eta eskabidea behar bezala bete beharko da.

Aipatutako dokumentazioa gorabehera, espedientea izapidetzen den bitartean, eskatzen ahal dira egokitzat jotzen diren agiri osagarriak, aurkeztutako eskabidearen inguruan.

Eskabideak aurkeztuko dira zerbitzuaren titularra den entitatearen Erregistro Orokorrean, horrek galarazi gabe 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitakoa (lege horrek hizpide ditu Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea); eskabidea aipatutako erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura izapidetzeko epea.

b) Tramitazioa: Interesdunari errekerimendua eginen zaio eskabideak ez baditu biltzen eskatzen diren datu eta agiri guztiak, hamar eguneko epean eman ditzan falta diren datuak edo ekar ditzan aginduzko agiriak, eta ohartaraziko zaio ezen hala egiten ez badu ulertuko dela eskariari uko egin diola, eta, izapide gehiagorik gabe, artxibatu eginen dela.

Udalaren ELZko teknikari arduradunek, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, proposamen-txostena prestatuko dute, azaltzeko interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoera, eta zehazteko eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna.

Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko proposamen-agiria.

c) Ebazpena: Mankomunitateko lehendakaritza da organo eskuduna zerbitzua baiesteaz edo ezesteaz ebazpena emateko, eskumena beste inori espresuki eskuordetu ezean.

Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, espedientea artxibatuz burutuko da izapidea; aldiz, ebazpena aldekoa bada, zerbitzuaren altaren edo hasieraren eguna erabakiko da, baldin eta ordurik badago baliagarri laguntza emateko. Ordurik ez dagoenean baliagarri, kasua itxarote zerrendara pasatuko da.

Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxarote-zerrendan sartu den harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zer errekurtso diren bidezko.

Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, besteak beste:

1.–Zerbitzua ukatzen edo ematen den.

2.–Zerbitzua zein baldintzatan ematen den, eta gutxienez ere hauek:

–Banakako laguntza programa:

–Egin beharreko lanak/jarduketak.

–Laguntzaren iraupena.

–Laguntzaren ordutegia.

–Laguntza emanen den asteko egunak.

–Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.

3.–Onuradunarentzat ezarritako beste betebehar edo baldintza batzuk.

4.–Ebazpena dela-eta aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.

Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan, berariazko ebazpenik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu eta, beraz, baietsitzat hartzen ahalko da.

Aurreko puntuak aipatzen duen ebazpenaz gain, prozedurari amaiera emanen dio atzera egiteak, uko egiteak eta espedientea iraungitzat deklaratzeak, bai eta gerora sortutako arrazoiengatik prozedurak segitzeko ezintasun materiala gertatzeak ere.

d) Jakinarazpena.

Zerbitzua baietsita, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Jakinarazpen hori izanen da zerbitzuan alta emateko aginduaren pareko; bertan zehaztuko da zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion. Era berean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta dagokion profesionalari jakinaraziko zaie.

e) Azkentzea edo etetea:

Azkentzea: honako egoera hauengatik gertatuko da:

1.–Interesdunak hala nahi duelako edo uko egin diolako

2.–Zerbitzua behar diren baldintzak bete gabe eskuratzeagatik, edo une batetik aitzina betetzen ez dituelako.

3.–Ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

4.–Beste udalerri batera bizitzera joateagatik, zahar etxe batean sartzeagatik edo hiltzeagatik.

5.–Ezustean gertatutako arrazoiengatik zerbitzu ematen jarraitzeko ezintasunagatik

6.–Hiru hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik

7.–Egoera hobetzeagatik edo ELZren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.

ELZtik irteteko, oinarrizko gizarte-zerbitzuko gizarte-langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian agertuko dira erabiltzaileari dagozkion datuak eta baja emateko arrazoiak, baita zerbitzua ematetik gelditzeko eguna ere.

Behar den organoak zerbitzuan baja emateko ebazpena emanen du, arrazoia eta ebazpenak ondorioak izanen dituen eguna adierazirik.

Bajaren arrazoiak bigarren eta hirugarren kasuak badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.

Etetea: zerbitzua aldi baterako emateari uztea izanen da ondorioa. Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.

Lehen hilabetean dagokion tarifa kobratuko da.

Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino etenaldi laburragoetan, laguntza berehala berrezarriko da. Etenaldia hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxarote-zerrendan.

f) Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak.

–Jarraipena eta balorazioa:

Behin zerbitzua hasita, ELZren ardura duen lantalde teknikoak kasuaren jarraipena eginen du, eta hura dagokion espedientean jasoko da.

Familia-unitatearen datu ekonomikoak urtero eta ofizioz eguneratuko dira. Behin esleituta, ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzendu eginen dira.

–Berrikuspena:

Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, erabiltzailearen egoera aldatu baldin bada hasierako baiespena eman zenetik.

Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskabidea aurkeztu behar du, berak sinatua edo, bestela, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu diren gorabeherak ikusirik.

Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki-erakundeak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, egokitzeko erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari.

Nolanahi dela ere, aldaketa tramitatzeko, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.

g) Prozedura berezia.

Premia larriei erantzuteko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da etxeko laguntza-zerbitzua, horrek galarazi gabe geroago izapidetzea, ezarritako prozedurari jarraikiz.

12. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

a) Eskubideak: etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileek honako eskubide hauek izanen dituzte:

–Banakako Esku-hartze Planaren berri izatea.

–Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.

–Aukerako beste baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.

–Laguntzaren araubidean gertatzen diren aldaketen berri garaiz izatea.

–Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.

b) Betebeharrak: etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Behar den informazio guztia ematea, ezagutzeko prestazioaren beharra ekartzen duten inguruabar pertsonalak, familiarrak eta sozialak.

–Prestazioa gauzatzeko jarrera egokia eta laguntzazkoa agertzea.

–Banakako arreta programatik kanpoko lan edo jarduerak ez eskatzea.

–Zerbitzuko langileak haien duintasunari zor zaion begiruneaz tratatzea.

–Zerbitzuaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokien kontraprestazioa ordainduz, hala behar izanez gero.

–Egoera pertsonal, familiar, sozial edo ekonomikoan gertatzen zaien edozein aldaketaren berri ematea, baldin badakar etxeko laguntza-zerbitzua aldatzea, etetea edo azkentzea.

1. ERANSKINA

Esku hartzeko protokolo teknikoa

ELZren esku-hartzea zehazteko beharrezkoa den esku-hartze profesionalaren prozesuak honako hauek behar ditu:

a) Eskaerari harrera egin eta aurkeztea:

Profesionalaren eta eskatzailearen arteko lehen harremana da; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.

Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.

Une horretan, baliabidearen berri ematen da, eta izan daitezkeen itxaropenak argitzen laguntzen du horrek; orobat, argibideak eta aholku ematen dira etxeko laguntzarako izan daitezkeen beste baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna eman liezaioketen bestelakoez.

Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskabide eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa.

b) Kasuaren azterketa: balorazio tresnak erabiliz, beste baliabide batzuekin koordinatuz (osasuna, hezkuntza), etxean bisitak eginez eta erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solastatuz, baita onuradunak ekartzen duen dokumentazioaren bidez ere, informazioa biltzen da bizikidetza unitatearen egoera soziosanitarioaz eta horrela jakiten da zer baliabide dituzten pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko beste batzuek (auzoak, komunitatea) egoerari aurre egiteko.

c) Egoeraren diagnosia, honako hauek zehazteko:

–Erabiltzailearen premia zein den.

–Erabiltzaileak bere kasa asetzen ahal dituen premiak.

–Zer premia betetzen ahal dituen haren laguntzan parte hartzen duen sostengu-sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...).

–Zer premia gelditzen diren bete gabe erabiltzailea etxean atxikitzeko, eta horietarik zenbat har litzakeen ELZk bere gain eta horretarako zer beste baliabide behar liratekeen.

d) Banakako laguntzaren proposamena edo esku-hartzearen diseinua, honako hauek zehazteko:

–Esku-hartzearen helburuak.

–Egin beharreko lanak/jarduketak.

–Laguntzaren maiztasuna.

–Esku hartu behar duten profesionalak.

–Laguntzaren ordutegia.

–Laguntzaren iraupena.

–Alderdien konpromisoak.

–Koordinazio premiak, bai barnean, segimendu jarraitua egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.

–Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.

e) ELZk erabiltzaileei eta familiari ematen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean eta tarteko diren guztien dedikazio denboraren gainean.

f) Esku-hartzearen hasiera: familia-langilearen esku-hartzearekin abiatzen da, zuzeneko laguntza emanez programatutakoa aplikatuz, eta malgutasun eta egokitasun maila handia izanik erabiltzailearen egoeraren bilakaerari dagokionez. Lehenbizian, funtsezkoa da baloratzea ea hasierako laguntza egokia den, baita bestelako sostengurik behar ote duen ere, eta aski ote diren laguntzarako ematen den denbora nahiz esku hartze planean ezarritako jarduketak. ELZaren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, gizarte-langilea eta familia-langilea izanen dira hartzailearen etxean, alderdi guztiek sina dezaten konpromisoen kontratua.

g) Segimendua eta ebaluazio jarraitua: segimenduan, atzematen ahal dira egoera batzuk berekin dakartenak aldaketak egitea banakako proiektuan. Baldin funtsezko aldaketarik izan bada (esaterako familia-unitateko kideen aldaketa, edo hobekuntza bat autonomian edo gizarte eta familiaren sostenguan, sostengu ekonomikoan etab.) kasua berriz baloratuko da. Aldaketak beste baloraziorik ez baldin badakar, esaterako ordutegiaren aldaketa, langileena etab., banakako proiektuan aplikatuko da. Itxaron zerrendan daudenen egoerak gehienez ere urtebetean berrikusiko dira.

Espedienteari ondoko agiriak gehituko zaizkio:

–Gizarte egoerari buruzko txostena.

–Mendekotasuna baloratzeko tresna.

–Zerbitzua abiatzeko proposamena.

–Banakako laguntzarako proiekturako proposamena.

–Zerbitzuaren baldintzen gaineko dokumentua.

–Alderdiek konpromisoak hartuz gero, haien gaineko dokumentua.

Eskaria eta balorazio profesionala erregistratuko dira behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS).

2. ERANSKINA

ELZ eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak

Dagokion toki-erakundearen erregistroan aurkeztuko da ELZ hartzeko eskaria, horretarako ereduan, eta ondotik ematen den dokumentazioa gehituko zaio, familia-unitatearen kide guztiei buruzkoa (9. puntuan ezarritakoari jarraikiz):

–NANaren fotokopia.

–Norbanakoaren osasun txartelaren fotokopia.

–Osasun txostena eta, hala behar bada, onuradun izan daitezkeenen Minusbaliotasunaren Onarpen Agiria, frogatzen duena haren osasun egoera eta bere buruaz baliatzeko gaitasunaren maila.

–Erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria.

–Azken ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenaren fotokopia. Egin ez badu, PFEZaren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batean aitzineko ekitaldiko diru-sarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bestelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak...), edo, halakorik ez bada, dagozkien diru-sarreren zinpeko aitorpena.

–Ziurtagiriak, behar bezala frogatuak, 9. puntuan jasotzen diren gastu kengarrienak, honako hauetatik heldu direnak:

  • Etxebizitzaren alokairua edo erosketa.
  • Familia-unitateko kideen mendekotasunaren ondoriozko laguntza: eguneko zentroa, garraioa, etxeko lanak egitea, bestelakoak....

Bizikidetza unitatearen egoera nolakoa den, beste agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da, baldin behar badira eskaeraren gaineko ebazpena emateko.

Entitatearen esku dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ez eta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.

Iragarkiaren kodea: L2113600