232. ALDIZKARIA - 2021eko urriaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

100E/2021 FORU AGINDUA, abuztuaren 19koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Larraungo udal plan orokorrean, Etxarriko 19. poligonoko 175. lurzatian, aldaketa egituratzaile bat egiteko espedientea, Goiatz Goñi Camarero-Nuñezek sustatua.

Larraungo Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen xedea da lurzoruaren sailkapena aldatzea Larraungo udalerriko Etxarri herrian, 19. poligonoko 175. lurzatiaren zati batean, oraingo nekazaritzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezina hiri-lurzoru finkatugabea bihurtzeko, eta exekuzio unitate berri bat mugarritzea, UE-50.

Ingurumeneko zuzendari nagusiak urriaren 30ean emandako 1092E/2020 Ebazpenaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten da Larraungo Udal Planaren aldaketa egituratzaile bati buruz, ingurumenaren gainean ondorio nabarmenik ez duela ulertuta. Aldaketa horrek Etxarriko 19. poligonoko 175. lurzatiari eragiten dio eta Goiatz Goñi Camarero-Nuñezek sustatu du.

Ebazpen hori 2020ko 275. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 25ekoan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Larraungo udal plan orokorrean aldaketa egituratzaile bat egiteko espedientea, Etxarriko 19. poligonoko 175. lurzatian, Goiatz Goñi Camarero-Nuñez jaunak sustatua.

2. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrola onesteko egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onetsitako hirigintzako araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari eta Ingurumen Eraginaren Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Larraungo Udalari igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza-araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dezan eta, hala, onetsitako hirigintza-tresnak indarra har dezan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 19an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2113058