23. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

196E/2020 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen-ukipenetarako baimena ematen baitzaio honako proiektu honi: 13,2 kV-eko aireko eta lurpeko linea, “Legasa-Oronozko zentrala” (Pertalas TZ) eta “Elizondo-Arizkun” (Goizamendi TZ) izeneko 13,2 kV-eko aireko lineak lotzekoa (Baztango udal-mugartea). I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da proiektuaren sustatzailea.

2020ko otsailaren 20an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektaturiko jarduketaren xedea da linea elektriko berri bat jartzea, 13,2 kV-ekoa, 13,2 kV-eko beste bi linea hauek lotzeko: “Legasa-Oronozko zentrala” izenekoa, “Pertalas” transformazio zentroa (TZ) elikatzen duena, eta “Elizondo-Arizkun” izenekoa, “Goizamendi” transformazio zentroa elikatzen duena. Helburua da banaketa sarea hobetzea Baztango udal-mugartean. Lineak mendebaldetik ekialderako norabidea izanen du, Orabidea-Xapala alderdian hasi (NA-4453 errepidearen hegoaldean) eta Goizamendiraino (Amaiurko iparraldean). Airekoa izanen da, salbu eta Alkurruntz-Baratxurietako lepoan dagoen aparkalekuan eta atsedenlekuan, Otsondotik hurbil (errepide horrek eta N-121-B errepideak bat egiten duten tokian).

Sustatzaileak bestelako trazadura batzuk aurkeztu zituen alternatiben azterketan, iparralderago, eta horiek zenbait ukipen izanen lituzkete baso-masetan, abifaunan eta paisaian. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2019an berrikusi zuen azterketa hori, eta horren emaitza da orain proposatu den trazadura. Zerbitzu horrek txostena egin zuen 2019ko otsailaren 2an, non jasotzen baitziren ingurumen arloko zenbait xehetasun, alternatiben azterketaren gainekoak. Xehetasun horiek kontuan hartu dira oraingo proposamenean eta dagokion ingurumen-ukipenen azterketan.

Proposatu den azken trazadurak kontserbazio bereziko eremu bat zeharkatzen du, “Orabideko erreka eta Arxuriko zohikaztegia” izenekoa, baita zenbait erreka, aipatu errepideak eta Baztango Donejakue bidea ere. Oro har, larre eta belardiak dituzten lurzatietan edo oihanbide eta landabideen ondoan egonen dira euskarriak, eta ez da beharrezkoa izanen baso lurzoruan sarbide berriak irekitzea –lehendik dauden pisten eta bideen sarea erabiliko baita–, baina tarteren bat egokitu edo zabaldu beharra gerta daiteke. Ekialdeko aireko tartea ezartzeko lanetan, bide bat erabiliko da sarbide nagusitzat, zeinak bat egiten baitu Baztango Donejakue bidearekin, tarte batean.

Onura publikoko 427. eta 426. mendien eremuan dago proiektua. Linea honen aireko tarteek, gehienetan, zuhaitzik gabeko lurzatiak zeharkatzen dituzte, baina baso-masak gurutzatzen dituzten baoetan, beharrezkoa izanen da segurtasun-kale bat irekitzea linea berrirako. Batez ere, Baratxurietako magaletako alertze landaketetan eginen dira mozketa horiek, baina baita pagadietan, hariztietan eta lineak gurutzatzen dituen erreken ertzetako landaredian ere. Larre eta belardietatik igarotzen den tartean ukipen puntualak izanen dira zuhaitz isolatuen eta heskaien gainean.

Kasu berezia dira Iriarteko erreka eta haren ertzeko basoak, “Orabideko erreka eta Arxuriko zohikaztegia” izeneko kontserbazio bereziko eremuan (KBE) baitaude. Hala ere, proiektuak ez du ukipenik izanen baso-masa horietan; izan ere, bao bakar batean gurutzatzen da, euskarriak KBEtik kanpo dauden larreetan jarriko dira, eta ez da beharrezkoa izanen segurtasun-kale bat irekitzea, lineak errekaren gainean izanen duen altuera dela-eta. Hortaz, ez da zuhaitzik eta landaretzarik moztuko edo kimatuko Natura 2000 sareko espazio horretako habitat katalogatuetan.

Abifauna babesteko neurriei dagokienez, aurreikusten da balizak jartzea N-121-B errepidearen ekialdeko baoetan eta Altzolako eta Iriarteko errekak gurutzatzen dituzten baoetan, mendebaldean. Gainera, babeserako zenbait neurri proposatu dira abifauna ez dadin elektrokutatu linea berrian: lotzeko zubiak gurutzeta azpian, lotzeko eta deribatzeko zubiak estalita, metro bat baino luzeagoak diren isolagailuak, tentsio-elementuak babestea aurremoldeaturiko elementuekin (deribazio grapak, terminalak, autobalbulak, etab.).

Sustatzaileak proposatu du jarraipen arkeologikoa egitea linea berriaren lurpeko tartean, elementu arkeologiko edo etnografikoetan izan litezkeen ukipenak kontrolatzeko, horrelako elementuak izaten baitira Baztango alde honetako tontorretan (megalitoak, galeriak eta bunkerrak, landa-eraikinak, etab.).

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin zuen, baldintza batzuk jarrita, 2020ko urriaren 28an, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, eta ingurumen arloko zenbait baldintza proposatu ditu baimena emateko.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea honako proiektu honi: 13,2 kV-eko aireko eta lurpeko linea, “Legasa-Oronozko zentrala” (Pertalas TZ) eta “Elizondo-Arizkun” (Goizamendi TZ) izeneko 13,2 kV-eko aireko lineak lotzekoa (Baztango udal-mugartea). I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da proiektuaren sustatzailea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Abifauna babesteko aurreikusitako neurriak beteko dira: lotzeko zubiak gurutzeta azpian, lotzeko eta deribatzeko zubiak estalita, tentsio-elementuak babestea aurremoldeaturiko elementuekin (deribazio grapak, terminalak, autobalbulak, etab.).

Lotzeko isolagailu guztiak gutxienez 1 metro luze izanen dira, tarte hori bermatu dadin hegaztiak pausatzeko gunearen eta elementu eroalearen artean.

Ebakigailuak gurutzeta azpian jarriko dira, eta tentsio-elementuak modu egokian isolatuko dira.

–Linearen azken zuinketan, ez dira ukituko eite handiko zuhaitz edo zuhaixkak, edo ahalik eta gutxien ukituko dira, eta baloratuko da trazaduran aldaketa txikiak egitea, edo lehentasuna emanen zaio zuhaitzen kimaketari, mozketaren aldean.

–202. eta 203. euskarrien arteko baoak Iriarteko erreka eta haren ertzak gurutzatzen ditu, zeinak sartuta baitaude “Orabideko erreka eta Arxuriko zohikaztegia” izeneko KBEan; hortaz, hura instalatuko da Natura 2000 sareko espazio honetako habitatei eta landaredi naturalari ukipenik eragin gabe.

–Edonola ere, proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren mozketak edo kimaketak egiteko (sarbideak hobetzea eta segurtasun-kalea irekitzea), Basoak Kudeatzeko Atalaren (Basoen eta Ehizaren Zerbitzua) administrazio baimena beharko da, zuhaitzak mozteko baimena, alegia.

–Basozainek (1. Koordinazio Unitatea, “Bidasoa”) gainbegiratuko dute ea landaredia babesteko neurriok zuzen betetzen diren eta baso eremuan irekiko diren sarbideak leheneratzen diren. Horretarako, sustatzaileak aski aurrerapenez jakinaraziko du, harremanetan jarriz 948 450 096 edo 608 245 812 telefono zenbakien bidez edota posta elektronikoz: gmabidasoa@navarra.es

–Alkurruntz eta “Orabideko erreka-Arxuriko zohikaztegia” KBEaren arteko topografia eta baso eta larreen mosaiko gisako paisaia antzekoak dira proiektuaren beste tarte batzuetan ere, zeinetan proposatu baita linea seinaleztatzea abifauna talka-arriskutik babesteko. Horrenbestez, proiektuan proposaturiko balizatzeaz gain, balizak jarriko dira mendebaldeko aireko tarteko bao guztietan (190. euskarritik 208.era).

–Linea seinaleztatzeko, hegaztiak babesteko balizak erabiliko dira, eroaleen ikuspena handituko dutenak. Baliza horiek bao osoetan jarriko dira, eta fase bereko bi baliza kontsekutiboren arteko tartea 15 metrokoa izanen da gehienez, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.

–Proposamenaren kokapena onura publikoko bi menditako baso lurretan dagoenez, sustatzaileak beharrezkoak diren baimenak eskuratuko ditu, arlo horretan indarrean den legeriarekin bat.

–Teknikoki bideragarria bada, lanetan beharko diren ibilgailuak ez dira pasatuko Baztango Donejakue bidetik, eta bestelako aukerak bilatuko dira hori horrela izan dadin edo, gutxienez, bidearen tarte ahalik eta txikiena erabil dadin.

Nolanahi ere, bide horretatik erabiltzen den tartea, lanen ondoren, hasieran zegoen baldintza beretan utzi beharko da.

–Sustatzaileak ingurumen ukipenen azterketan proposaturiko jarraipen arkeologikoa eginen da.

–Jarduketa bukatzean linearen eta euskarrien artxibo geoerreferentziatua entregatuko da, baita espedienteko eta ebazpen honetako ingurumen neurriak betetzeari buruzko txostena ere. Bertan zuzen jaso beharko da abifauna babesteko aurreikusitako neurriak instalatu izana eta obrek ukitutako espazioak leheneratu izana.

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk elektrizitate sarera konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki:

  • Bete beharko dira Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak 2020ko ekainaren 26an egindako txostenean eskatzen diren baldintzak, eta behar den baimena eskuratu beharko da, N-121-B Iruña-Frantzia (Baztan) errepidean eta NA-4453 Mugairi-Otxondo-Orabidea errepidean izanen diren ukipenak direla-eta. Hortaz, kontuan hartuko dira Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak, horiek babesteko kategoria guztietako babes eremuei dagokienez (jabari publikoa, zortasuna, eraikuntza-lerrora bitarteko distantzia eta publizitatearen debekua). Honela:
  • Kanalizazioak eta mota guztietako kutxatilak zortasun eremuan jarriko dira, ahal dela eremu horren kanpoko bazterrean; eremu zelaituaren kanpoko lerroari dagokionez, proiektuak ukitzen dituen bi errepideetatik 8 metrora dago horien muga.
  • Galtzada mugatzen duen kanpoko lineatik gutxieneko tarte batera kokatuko dira linearen dorreak edo sostengu-zutabeak (dorre horien adinako altueran eta 25 metrora bederen, eroriz gero, galtzadan kalterik egin ez dezaten).
  • Errepidearen plataformaren eta kablerik baxuenaren artean gelditu beharreko gutxieneko garaiera ez da inola ere 7 metro baino gutxiagokoa izanen.
  • Sustatzaileak, N-121-B Iruña-Frantzia (Baztan) errepidean eta NA-4453 Mugairi-Otxondo-Orabidea errepidean izanen diren ukipenak direla-eta, baimen eskaera aurkeztu beharko du nahitaez Herri-lan Zuzendaritza Nagusian; hori eskuratzeko baldintza izanen da aipaturiko zehaztapenak betetzea.
  • Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu beharko da, gutxienez 201. euskarrirako, Salaberriko errekako polizia-eremuaren barruan baitago.
  • Herri-lurren Atalak 2020ko urriaren 21ean egindako txostenaren arabera, herri jabetzako ondasunen gaineko ukipenei dagokienez, bermatu behar da eroaleak behar besteko garaiera duela –aireko linean– edo behar besteko sakoneran dagoela –lurpeko linean– herri-lurretatik eta bide publikoetatik igarotzean, ez daitezen mugatu ibilgailuen joan-etorriak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera. Halaber, hiri-ingurutik kanpo, bermatuko da harririk, eraispeneko hondakinik edo bestelako hondakinik gabeko landare-lurra erabiltzen dela zangaren goialdean, gutxienez sustraien sakonerara arte, leheneratzea errazteko eta landaredi naturala edo laboreak hazteko.
  • Gainera, txosten horren arabera, instalazioaren aurretik eta obra-lizentzia eman baino lehen, Baztango Batzar Nagusiak, Baztango herri-ondasunen administratzailea den aldetik, Nafarroako Gobernuaren baimena lortu beharko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri-lur horien erabilpena lagatzeko edota karga eta bide zortasun elektrikoa eratzeko, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluan ezarritakoarekin.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 15.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan ezartzen da lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Basoak Kudeatzeko Atalera, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Baztango Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (1 Koordinazio Unitatea, “Bidasoa”) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko abenduaren 30ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2016381