23. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1472E/2020 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena Irañetako Arau Subsidiarioak aldatzeari buruz. Aldaketa Granja Dos Hermanas SAk sustatu du, eta lurzoru urbanizaezineko eraikuntza erabilera eta jarduerei eragiten die.

Irañetako Udalak 2020ko urriaren 14an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2020ko 260. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 5ekoan.

Espedientearen xedea da Arau Subsidiarioen 61. artikuluaren h-4 apartatua aldatzea, lurzoru urbanizaezineko eraikuntza erabilera eta jarduerei buruzkoa, aldaketaren ondorioz baimendu ahal izateko jadanik dauden abeltegiak handitzea. Handitzearen gehieneko azalera 400 m²-tan finkatuko litzateke, edo eraikitako azaleraren %20an.

Araudiaren aldaketa honekin zuzendu nahi dira honako bi araudi hauen artean sor litezkeen bateraezintasunak: batetik, Irañetako Arau Subsidiarioak, 1992tik indarrean daudenak, eta bestetik, animalien ongizateari eta osasun egoerari buruzko arau berriak, non animalia bakoitzarentzako azalera-estandarrak handitzera jotzen baita.

Proposamen honetan irizpide berri bat ezartzen da dauden abeltegiak handitzeko eskaerak baimentzeko, hots: handitzen den azalera eraikitako azaleraren %20 izatea gehienez. Arauen h-4 atala aldatu ondoren, aldaketaren aplikazio eremua udalerrian dauden instalazio guztietara zabalduko da.

Proposamenak ez du ingurumen ukipenik eragiten; izan ere, abeltzaintzarako azalera handitzea ez dago lotua produktibitate-ahalmena handitzearekin, ez eta hondakin gehiago sortzearekin ere, baizik eta animalien osasunari buruzko araudia betetzearekin. Nolanahi ere, abeltzaintza jarduera, kutsaduraren prebentzioari dagokionez, kasuan kasuko ingurumen baimenen menpe dago.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazioaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Irañetako Arau Subsidiarioak aldatzearen gaineko ingurumen txosten estrategikoa egiten da, eta ondorioztatzen da ez duela ingurumen ondorio nabarmenik sortzen. Aldaketa Granja Dos Hermanas SAk sustatu du, eta lurzoru urbanizaezineko eraikuntza erabilera eta jarduerei eragiten die.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Hirigintza Atalari eta Irañetako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2100085