23. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1471E/2020 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Basaburuko Udalaren Hirigintza Planaren aldaketari buruz (Beramendiko ekonomia-jardueren eremua). Basaburuko Udala da sustatzailea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5.f) eta 6.2 artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Basaburuko Udalak bitan onetsi du aldaketa, 2019ko otsailaren 28an eta 2020ko otsailaren 27an, eta jendaurrean egon da, iragarkia argitaratu ondoan, hurrenez hurren, 2019ko 66. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 4koan, eta 2020ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 20koan.

2019 aurretik, aldaketa tramitatu zen 2010ean eta 2018an (2010eko 124. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 13koa, eta 2018ko 136. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 13koa). Espedientean jasota daude Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren 2010eko irailaren 17ko txostena eta 2018ko abuztuaren 3koa. Bi txosten horietan adierazten da beharrezkoa dela ingurumen-azterketa estrategikoa (edo ingurumen-ondorioen azterketa) aurkeztea, aldatzeko proposamen horren ondoriozko ingurumen-ukipenak baloratuko dituena eta prebentziozko neurriak edota neurri zuzentzaileak proposatuko dituena inpaktua txikitzeko eta eremu horretan integratzeko.

2018ko azaroaren 9an, ingurumen-azterketa estrategikoa aurkeztu zen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, eta 2020ko irailaren 7an, memoria teknikoa eta planoak.

Aldaketaren xedea da beharrezkoak diren determinazio egituratzaileak ezartzea, Udabe-Beramendiko Kontzejuaren herri-lurretan ekonomia-jardueren eremu bat garatzeko. Beramendiko Kontzejuko landa-eremu bat da, Beramendi eta Itsaso herrien artean dagoena, NA-411 errepidearen alboan, Amezti alderdian.

Ekonomia-jardueren eremu hau tramitatzean, alderdi bereko beste eremu batzuk baloratu dira alternatiba gisa, eta horiek ukitutako azalera osoan diferentziak daude. Oraingo eremuak 47.169,56 m²-ko azalera du, eta bi gunetan antolatzen da: errepidearen eta sarbidearen mugakide den eremua, lurzoru urbanizagarriko S-1 izeneko sektoreari dagokiona (2,75 ha); eta iparraldean dagoen beste eremu bat, garapen eredua zaintzeko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatua (1,96 ha).

Kokapena hautatzeko, irizpide hauek hartu dira kontuan: Natura 2000 saretik edo naturagune babestuetatik kanpoko eremuak izatea, lauak edo malda txikikoak, irisgarritasun baldintza onak dituztenak eta herri-lurretan daudenak. Eremuan honako hauek sartzen dira: 1. poligonoko 46., 47. eta 90. lurzatiak (osorik) eta 44. eta 87. lurzatiak (zati batean), NA-411 errepidea (zati batean) eta landabide bat (zati batean). Lurzatiak biltzeko bide baten tarte bat eta NA-411 errepidearen zati bat sartu dira, poligonora sartzeko bidegurutze bat eraiki ahal izateko eta eremu horretako landa-bideei jarraitutasuna emateko.

Proposamenak berekin dakar lurzorua transformatzea. Gaur egun, belardiak daude hor, baita haritz gorriaren (Quercus rubra) landaketa bat ere (44B azpilurzatia). Belardi gehienek lurzoru urbanizaezin izaten jarraituko dute, baina 1. sektorea planteatu da hariztiaren eremu berean. Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak 2020ko urtarrilaren 13an eta azaroaren 24an egindako txostenetan adierazten da ez dagoela ingurumen arloko eragozpenik, baldin eta betetzen badira aplikatu beharreko xedapenak, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeko 13/1990 Foru Legekoak, hain zuzen (bereziki, 3. atala, interes publikoko arrazoiei eta administrazioaren emakidei buruzkoa). Haritz gorriaren landaketari dagokionez (44. lurzatia), zeina sartuta baitago Udabe-Beramendiko herri-basoa antolatzeko planean (3g unada), egokitzat jotzen da zuhaitzak ez moztea planaren aldaketa garatzen den bitartean, eta eremu hori egokitu behar denean, Ingurumena Zaintzeko Atalari abisua ematea, zuhaitzak neurtu eta markatu ditzaten.

Ekonomia-jarduera garatzeko behar diren azpiegiturei dagokienez, saneamendua izan ezik, gainerako azpiegiturak hurbil egonen dira, eta, hortaz, ez da ingurumen-ukipen berririk aurreikusten. Saneamenduaren kasuan, 600 bat metroko hustubide bat beharko da Beramendiko araztegiarekin lotzeko. Azpiegitura hori tramitatzeko, beteko da ingurumen arloan indarra duen araudia.

Ingurumen-azterketa estrategikoak erakusten du jarduketaren eremuan ez dagoela ingurumen arloko baliorik duen elementu aipagarririk, eta inpaktua bateragarritzat edo arintzat jotzen du. Ekonomia-jardueren eremua garatuko duen plan partzialean sartu beharreko xedapenen artean, besteak beste, berdeguneak ezarriko dira perimetroetan, bi errepideen alboetan, eta horietan lehendik dauden zuhaitzak bere horretan utziko dira, ahal dela. Halaber, gaueko ingurunea babesteko neurri gisa, eremu hori E2 eremutzat hartuko da.

Alderdi horiez gain, urbanizatu gabeko eremu akustiko industrialtzat hartuko da eremua. Ahalegin bereziak eginen dira lurraren iragazgaiztasuna ahalik eta txikiena izatea xede duten neurriak betetzeko, bereziki aparkaleku gisa gaituko diren eremuetan. Horretarako, euri urekiko iragazkorrak diren materialak erabiliko dira, ahal bada landarez estaliak.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du egin dela ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du. Hartan ondorioztatu du proposamenak ez duela ondorio nabarmenik ingurumenean, baina adierazitako neurriak jaso beharko dira dagokion plan partzialean, ingurumenean hobeki integra dadin.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da Basaburuko Udalaren Hirigintza Planaren aldaketari buruz (ekonomia-jardueren eremua), eta ondorioztatzen da aldaketak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean. Basaburuko Udala da aldaketaren sustatzailea.

2. Aldaketaren garapenean, bete beharko da Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeko 13/1990 Foru Legearen 3. atala (“Zortasunak eta okupazioak”), eta, plan partziala gauzatu baino lehen, eremua egokitu aurretik Ingurumena Zaintzeko Atalari jakinaraziko zaio, zuhaitzak neurtu eta markatu ditzaten.

S1 sektorearen plan partzialean eta dagokion hirigintzako proiektuan, aldaketan adierazitako baldintzez gain (argi-zonifikazioari eta berdeguneen kokapenari eta tratamenduari buruzko baldintzak), honako determinazio hauek jasoko dira:

–Sektorearen sailkapen akustikoari dagokionez, urbanizatu gabeko eremu akustiko industrialtzat joko da.

–Material iragazkorrak erabiliko dira, ahal bada landarez estaliak, gutxienez ere aparkaleku gisa gaituko diren eremuetan.

–Lurrak ahalik eta gutxien mugituko dira, eta sektore beraren barnean konpentsatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Basaburuko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2016314