23. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1379E/2020 EBAZPENA, abenduaren 14koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita honi buruz: “Olaztiko Udal Planaren aldaketa egituratzailea. Lurzoru urbanizaezinaren araudia”. Olaztiko Udala da sustatzailea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5. eta 6. artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Udalak 2020ko ekainaren 18an eman zion hasierako onespena aldaketari, eta jendaurrean egon da, iragarki bat argitaratu ondoan 2020ko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 2koan. Hauek dira aurkeztu diren agiriak: hirigintza memoria eta ingurumen arloko dokumentua.

Aldaketaren xedea da gorde beharreko lurzoru urbanizaezinaren araudia gehiago zehaztea, honako hauekin loturiko jarduera baimengarriei dagokienez: abeltzaintzako instalazioak, aisialdiko baratzezaintza, interes sozialeko eraikinak eta onura publikoko eraikinak. Halaber, aurreikusten du distantziak murriztea Azpilo Dermio alderdiko abeltzaintzako jardueretarako, oinarrituz ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuko determinazioetan, dekretu horren bidez ezarri baitziren abeltegiek ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak.

Gorde beharreko lurzoru urbanizaezin guztia da aldaketaren aplikazio eremua. Proposamenak ez dakar berekin lurzoru urbanizaezinaren sailkapena eta azpisailkapena aldatzea; hortaz, ez da aldatuko hirigintza planeko informazio grafikoa. Proposamenak jarduera baimengarrien araubidea aldatzen du, lurzoru urbanizaezinaren azpikategoria bakoitzerako, eta proposatzen da hirigintza araudiaren 4.3 artikuluan arautzen diren eraikuntzak baimengarriak izatea ingurumen balioa izateagatik gorde beharreko lurzoruetan, natura aldetik ustiatzeko lurzoruetan, udal intereseko paisaietan eta lurralde eredua zaintzeko lurzoruetan; salbuespen bakarra izanen dira eskortak eta aisialdirako baratzeak, zeinak baimentzen baitira natura aldetik ustiatzeko lurzoruan.

Aldaketak zehazten ditu lurzoru mota bakoitzean baimentzen ahal diren eraikuntza-jarduerak, eta aurkezturiko proposamenak ez du ingurumen-ukipen nabarmenik, salbu eta ingurumen aldetik balioa duen lurzoruan baimendu daitezkeen erabileren araubideari dagokionez; zehazki, ingurumen eta babes balioko zuhaiztiei dagokionez. Lurzoru horiek baso lurzoruak dira, eta batez ere hariztiak daude bertan, haritz kandudunak edo ametz ilaundunak osaturikoak, eta haritz gorriaren (Quercus rubra) landaketaren bat, denak ere Altzania mendilerroaren hegoaldeko magaletan. 4. poligonoko 5D azpilurzatian (Andia alderdia) bakarrik izaten ahal dira abeltzaintza estentsiboari laguntzeko eraikinak bateragarri, ingurumenaren eta paisaiaren aldetik, azpilurzati horretan larreak baitaude. Horretarako, aldez aurretik justifikatu beharko da, eta ingurumenean integratzeko baldintzak aplikatu. Gainerako eraikinen kasuan (hala nola aisialdiko baratzezaintzari loturiko eraikinak eta interes soziala dutenak), ez da bidezkoa baso- eta abeltzaintza-eremu horretan kokatzea. Hortaz, beharrezkoa da ingurumen aldetik balioa duen lurzoruaren gaineko araudia egokitzea, xehetasun horiek jaso ditzan.

2020ko urriaren 23an, Olaztiko Udalak dokumentazioa osatzeko eranskin bat aurkeztu zuen, “Abeltzaintzako distantziak murrizteko justifikazioa” izenekoa. Espedientean jasota dago Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren aldeko txostena, 2020ko azaroaren 24koa, eta hartan adierazten da ezen uholde-arriskua duten azaleretan ez dela abeltegirik kokatu behar.

Aldaketaren ezaugarriak ikusirik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du egin dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du, baldintza batzuekin.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da honi buruz: “Olaztiko Udal Planaren aldaketa egituratzailea. Lurzoru urbanizaezinaren araudia”, eta ondorioztatzen da aldaketak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean. Olaztiko Udala da sustatzailea.

2. Ingurumen txosten estrategiko honek baldintza bat du: ingurumen aldetik balioa duen lurzoruaren kasuan, eraikuntza jardueren araubidea (4.1.9A artikulua) berrikusi eta zuzendu beharko da, halako moldez non baimengarriak izanen diren bakarrik abeltzaintza estentsiboari loturiko eraikinak, larreetan, justifikatu ondoan ingurumen aldetik bateragarriak direla eta paisaian eta ingurumenean integratzeko neurriak aplikatuko direla.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Olaztiko Udalari eta Hirigintza Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2016385