23. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

198E/2020 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio “Estazio meteorologikoa (120 m): EM Quel” proiektuari, Azagrako udal-mugartean. Nordex Energy Quel SL da sustatzailea.

2020ko martxoaren 6an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektuaren xedea da baliabide eolikoa neurtzeko estazio meteorologiko bat instalatzea. Estazioaren oinarria tirantez finkatutako dorre bat izanen da, 120 metrokoa, horrela hainbat mailatako datuak eskuratu ahal izateko, ikerlanaren xede den haize-sorgailu motak duen abatzaren altuerako mailakoak barne. Estazioa urtebetez izanen da martxan, eta, eskuratzen diren datuen arabera, urte hori iraganik instalatuko da haize-sorgailu prototipoa.

Instalatu nahi den dorrea Ferroval 450 modeloa da; hodi-sareta dauka, 120 metro garai jotzen du, eta 3 metroko piezen bidez muntatzen da, lotura hariztatuaren bidez, 50 x 50 cm-ko oin-plaka baten gainean. Tiranteak 10 mm-ko diametroa duten altzairuzko zirgak dira, hiru norabidetan ezarriko direnak, elkarren artean 120º-ra bereizita; dorrea altueran ainguratuko dute, 6, 15, 24, 33, 42, 51, 57, 66, 75, 81, 90, 99, 108 eta 117 metrora, eta lurzorura, oin-plakatik 15, 30, 45, 60 eta 75 metrora. Lurzorura ainguratzeko, 40 mm-ko diametroa eta 120 cm-ko sakonera duten pikak erabiliko dira.

Dorrean sentsoreak paratuko dira. Zehazki, 5 anemometro paratuko dira, 60, 80, 100 eta 120 metrora, eta bi, 120 metrora; 3 haize-orratz, 58, 90 eta 117 metrora; termohigrometro bat, 110 metrora, eta presio sentsore bat, 10 metrora.

Dorrearen behealdean jarriko da aire zabaleko armairua, non datuak eskuratzeko sistemak eta datuak igortzeko GSM komunikazio modulua egonen baitira. Elikatze-sistema autonomoaren osagaiak 20 W-eko panel fotovoltaiko bat, karga-erregulagailua eta 12/Ah-ko bateria izanen dira.

Dorrean behar diren baliza-seinaleak paratuko dira.

Bide egokiak daude proiektuaren kokalekura makineria sartzeko, eta martxan jartzeko ez da inolako kanalizaziorik aurreikusi.

Espedientean jasota daude Lurraldearen Antolamenduaren Atalak eta Azagrako Udalak egindako txostenak. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Estazio meteorologikoa (120 m): EM Quel” proiektuari, Azagrako udal-mugartean. Nordex Energy Quel SL da sustatzailea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira. Soberako lurren eta obra-materialen hondakinak kudeatzaile baten esku jarri beharko dira, edo zabortegi baimendu batera eraman beharko dira, izaeraren arabera.

–Faunari begira proposatu diren neurri zuzentzaileetan ezartzen denez, dorrearen tentsore-soka guztietan hegaztiak babesteko balizak jarriko dira, tentsoreak hobeto ikus ditzaten eta horien kontra jo ez dezaten. Aurkezturiko azterketan adierazitako gisan jarriko dira balizak, tentsoreen arteko distantzia horizontala 5 metrokoa izan dadin gehienez. Aurkezturiko azterketan zehazturiko tentsoreak erabiliko dira.

–Dorrea funtzionamenduan dagoen aldian, jarraipen plan bat garatuko da, puntu hauek aurreikusiko dituena, antzeko beste instalazio batzuetarako ezarrita dagoen antzera:

  • Hilean hileko bisitak, hegaztien babeserako balizak erori baldin badira horiek berriz jartzeko eta instalazioak abifaunaren gainean duen eragina kontrolatzeko, aztarnarik edo hilotzik ote dagoen begiratuz.
  • Neurketarako antena instalaturik egonen den 2 urteetan txostenak egitea lau hilean behin, bisita horien emaitzak jasotzeko, gehienbat ikusgarritasuna hobetzeko neurriaren egokitasunaz eta egindako mantentze-lanez, bai eta abifaunari dagokionez gertatu diren gorabeheren erregistroa egiteko ere: espeziea, espeziearen kategorizazioa, alearen ezaugarriak (arra/emea/heldua, azpiheldua, gaztea, etab.), ale kopurua, urte-sasoia, etab.

–Ingurumen ukipenetarako baimenaren ebazpena ematen denetik gehienez 5 urtera desmuntatuko da dorrea. Eremua garbi geldituko da, eta lurrak leheneratuko dira; sortutako hondakinak bakoitzaren izaeraren arabera kudeatuko dira, dagokion araudia betez.

–Lanak egitean aurkikuntza arkeologikoren bat egiten bada ustekabean, kultura arloko eskumenak dituen departamentuari jakinarazi beharko zaio, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 63. artikuluan xedatutakoarekin bat.

–Obrak hasi baino 48 ordu lehenago, Lizarra aldeko Ingurumena Zaintzeko 2. Taldeari abisatu beharko zaio (telefonoa: 686 504081, helbide elektronikoa: gmaestellasur@navarra.es), lan eremua eta sarbideak balizatzeko landaredi naturalean ahalik eta ukipen txikiena eraginez.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek parametro eolikoak neurtzeko dorre bat eraikitzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak 2020ko maiatzaren 6an egindako txostenaren arabera, lurzatia sartuta dago Nafarroako Ubidearen 1. fasearen handipeneko XXVI-Ega 9 sektorean. Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarrien eraldaketaren udalez gaindiko proiektu sektorialek ukitutako lurzoruetarako araudian ezartzen den eremu ureztagarrien araubide iragankorrarekin bat (2013ko 195. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 9koa; aplikatu beharrekoa proiektuak onesten direnetik ureztapena abian dela dioen adierazpena egin arte), erakunde interesdunak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren berariazko baimena eskuratu behar du landaketa berrietarako, labore iraunkorretarako, eraikin berrietarako edo geroko nekazaritzako azpiegituretan eragina izan dezaketen bestelako ekintzetarako.

–Herri-lurren Atalaren 2020ko maiatzaren 8ko txostenarekin bat, Nordex Energy Quel SL merkataritzako enpresak gauzatu asmo duen jarduketak herri-lurrak ukituko dituenez, lur horiek eskuratzeko nahitaezko desjabetze sistemara jo ezean, udal horrek, obra-lizentzia jaso baino lehen –Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Herri-lurren Atalaren bidez–, lursail horien desafektazioaren onespena lortu beharko du, gero proiektuaren erabilera sustatzaileari lagatzeko. Horretarako, nahitaezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, honako hauetan ezarritakoarekin bat: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2. artikulua eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikulua.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, instalazioak 100 metroko altuera gainditzen duenez, Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziaren baimena lortu beharko da.

–R-12 adarretik sartzeko bideari dagokionez, Nafarroako abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean ezarritakoa beteko da.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 10.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan ezartzen da lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Azagrako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Lizarrako 2. barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko abenduaren 30ean. –Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2016382