228. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEOTZ

Ordenantza, herriko jabari publikoan interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duena. Behin betiko onespena

Leozko Udalak, 2021eko maiatzaren 26an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen ordenantza hau: Herriko jabari publikoan interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duen ordenantza.

Erabaki hori argitaratu zen 2021eko 137. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 14an, eta paratu zen Leozko Udalaren ediktuen taulan, eta espedientea jendaurrean egon da; hori dena, betetzeko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduak (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Aipatutako jendaurreko epea iraganik eta tramite horretan erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez, eta aipatutako foru legearen 325.1 bukaeran eta 326. artikuluan jasotako aginduak betez, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da eta haren testu osoa argitara ematen, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan. Ohartarazten da erabaki hori administrazio xedapena denez haren kontra ez dela administrazio bideko errekurtsorik paratzen ahal, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 112.3 artikuluaren arabera, eta hortaz, behin betiko onespen honi kontra egiteko bideak honakoak direla:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari (lege horrek arautzen du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa), bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Iratxetan (Leotz), 2021eko abuztuaren 24an.–Alkatea, Amaia Ruiz Marcolain.

ERANSKINA

Ordenantza, herriko jabari publikoan interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu bereziaren tasa arautzen duena

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da Udalaren bide publikoetako lurzoru, lurpe edo lurgainean hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek egiten duten erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziaren tasa arautzea, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean, betiere Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluaren eta hurrengoen babespean.

2. artikulua. Zerga-egitatea.

Tasa honen zerga-egitatea dira Udalaren bide publikoetako lurzoru, lurpe edo lurgainean hornidura zerbitzuen enpresa edo entitateek egiten dituzten erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

Bereziki, zerbitzu horien barrenean egonen dira ur, gas, argindar, telefonia finko eta mugikor eta beste komunikabide moten hornidurak, ematen direnean Udalaren jabari publikoa okupatzen duten sare edo antena finkoen bitartez, osorik nahiz partez.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko ataleko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten zerbitzu enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira.

Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresen artean sartzen dira banaketarako eta merkaturatzeko enpresak.

4. artikulua. Tasaren zenbatekoa.

Tasa horren zenbatekoa izanen da udal-mugartearen barnean enpresek urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinen %1,5 izanen da, tasa horri lotuta badaude.

Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako partida edo zenbatekoak ere, baldin ez badira entitatearen diru-sarrera berekiak, alegia, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berekiak. Orobat, ez dira fakturazioaren diru-sarreren barnean hartuko Ekonomia Ministerioaren energia elektrikoa sortzeko instalazioen erregistro administratiboaren 1. eta 2. ataletan inskribatutako instalazioetan erabiltzen diren hornidura zerbitzuen zenbatekoak, baldin eta erabiltzen badira araubide berezi horretan tributatu dezakeen energia sortzeko beharrezko lehengai gisa.

Hornidurak egiteko beste batzuen sareak erabiltzen dituzten enpresek beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik kenduko dituzte beste enpresa batzuei ordaindu dizkieten zenbatekoak, haien sareak eskuratzeagatik edo haiei lotzeagatik. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki-erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna beharturik dago horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera, bai eta aurretik zenbateko horren gordailua egitera ere, ezertan ukatu gabe tasaren ordainketa.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen du ordainetan onuradunak.

5. artikulua. Sortzapena.

Tasa urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean sortuko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da, erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan izan ezik, kasu horretan urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki hainbanatuko baita.

6. artikulua. Dokumentazioa eta ordainketa.

Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresetan tasa ordaintzera beharturik daudenek hiru hilean behin aurkeztu beharko dute udal-mugartean erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena, aurreko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

Aitorpena aurkeztearekin batera, dagokien tasaren zenbatekoa ordaindu beharko dute enpresek.

7. artikulua. Tasaren bateragarritasuna.

Ordenantza honetan arautzen den tasa bateragarria da –independentea baita– toki-erakundearen eskumeneko jarduerak egiteagatik edo zerbitzuak emateagatik ezar daitezkeen beste tasa batzuekin, salbu eta erabilera pribatiboarekin edo aprobetxamendu bereziarekin ikusteko duten tasekin, horiek baitira ordenantzaren berezko xedeak.

8. artikulua. Tasaren kudeaketa.

Tasa hau kudeatzeko, toki-erakunde honek hitzarmenak egin ditzake beste erakunde batzuekin, tasa kudeatu eta likidatzeko prozedura errazteko eta arintzeko.

Azken xedapena.

Ordenantza honek indarra hartuko du behin Leozko Udaleko osoko bilkurak behin betiko onesten duenean eta osorik argitaratzen denean Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta behin iraganik apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan aurreikusitako epea; indarrean segituko du harik eta espresuki indargabetzen edo aldatzen den arte.

Iragarkiaren kodea: L2112880