224. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

25/2021 FORU AGINDUA, irailaren 9koa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, aldatzen duena Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariaren martxoaren 6ko 5/2020 Foru Agindua, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa garatzen zuena bulegoen mailan.

Urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuaren bidez, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak martxoaren 6an emandako 5/2020 Foru Aginduaren bidez, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura garatu zen bulegoen mailan.

Otsailaren 10eko 9/2021 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretua, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena. Justizia Zuzendaritza Nagusiari dagokionez, eginkizunak eta eskumenak berrantolatu eta hobeki definitu ziren, eta unitate organiko berriak sortu ziren, planteatzen ari ziren eskari berriei erantzuteko.

Irailaren 8ko 77/2021 Foru Dekretuaren bidez, berriz aldatu zen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretua, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren egitura osatzeko.

Horrenbestez, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak martxoaren 6an emandako 5/2020 Foru Agindua aldatu behar da, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren egitura organiko berria bulegoen mailan egokitzeko.

Horiek horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 34.4. artikuluan xedatutakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak martxoaren 6an emandako 5/2020 Foru Agindua, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura garatzen duena bulegoen mailan, honela:

Bat.–3. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“3. artikulua. Justizia Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Justizia Zuzendaritza Nagusiak bulego hauek ditu bere egituran, atxikipen hauekin:

Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzuan:

–Langileriaren eta Bulego Judizialaren Bulegoa, Justizia Administrazioko Lan Harremanen eta Langileriaren Kudeaketaren Atalari atxikita.

–Herritarrentzako Argibide eta Arretarako Bulegoa, Bulego Judizial eta Fiskalaren Atalari atxikita.

Azpiegitura Judizialen Zerbitzuan:

–Hornidura Bulegoa, Higiezinen Atalari atxikita.

–Mantentze-lanen Bulegoa, Higiezinen Atalari atxikita.

–Artxibo Judizialaren Bulegoa, Informatikako Proiektu eta Sistemen Atalari atxikita.

Justiziako Gizarte Zerbitzuan:

–Kudeaketa eta Laguntza Administratiborako Bulegoa, zerbitzu horri atxikita.

–Doako Justiziaren Bulegoa, zerbitzu horri atxikita.

–Auzitegiko Gizarte Lanaren Bulegoa, zerbitzu horri atxikita.

–Auzitegiko Psikologia Bulegoa, zerbitzu horri atxikita.

Zigor Betearazpeneko eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzuan:

–Bitartekaritzako eta Justizia Errestauratiboko Bulegoa, Justizia Errestauratiboko Atalari atxikita.”

Bi.–5. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“5. artikulua. Langileriaren eta Bulego Judizialaren Bulegoa.

Langileriaren eta Bulego Judizialaren Bulegoa Justizia Administrazioko Lan Harremanen eta Langileriaren Kudeaketaren Atalari atxikita dago eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Justizia Administrazioko langileen ohiko kudeaketa, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekin bat.

b) Nafarroako Justizia Administrazioko eta Justizia Zuzendaritza Nagusiko langileen datu-baseak mantentzea eta eguneratzea, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren mendeko unitate organikoekin koordinatuta.

c) Sostengu administratiboa ematea antolaketa judizialaren eredu berria ezartzeko.

d) Justizia Zuzendaritza Nagusian Erregistro-bulegoari dagozkion lanak antolatu eta gainbegiratzea.

e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.”

Hiru.–5 bis artikulu berria gehitzen da, eduki honekin:

“5 bis artikulua. Herritarrentzako Argibide eta Arretarako Bulegoa.

Herritarrentzako Argibide eta Arretarako Bulegoa Bulego Judizial eta Fiskalaren Atalari atxikita dago eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Jendeari arreta eta argibideak ematea, dela zuzenean, dela telefonoz, dela agiri bidez.

b) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren posta eta paketeak jaso, banatu eta sailkatzearekin loturiko lan guztiak.

c) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren paperak eta liburuak jaso eta banatzea eta Artxibo Judizialari laguntzea espedienteak banatzen organo judizialei eta Fiskaltzari.

d) Organo judizialen bulegoetako sarrerak irekitzea.

e) Justizia Auzitegian sartzen diren pertsonak egiaztatzea eta nortasun agiriak eskaneatzea.

f) Beharrezkoa denean, Justizia Auzitegian sartzen diren pertsonei lagun egitea.

g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.”

Lau.–6. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“6. artikulua. Hornidura Bulegoa.

Hornidura Bulegoa Higiezinen Atalari atxikita dago eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Justizia Administrazioaren material suntsikorraren, altzarien eta bulegoko materialaren hornidurak bideratu eta kontrolatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak erosketa zentralizatuetarako dituen organoen bitartez.

b) Horniduretako materialaren entrega kudeatzea eta haren jarraipena eta kontrola egitea.

c) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.”

Bost.–7. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“7. artikulua. Mantentze-lanen Bulegoa.

Mantentze-lanen Bulegoa Higiezinen Atalari atxikita dago eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eraikinetako instalazioen eta makinen mantentze-lanak, prebentziokoak eta zuzentzekoak, antolatu, koordinatu eta egiaztatzea, bai zuzendaritzako langileek egiten dituztenak bai kanpoko enpresetan kontratatuak; horien artean daude, halaber, gertatzen diren larrialdiei berehalako erantzuna bermatzeko behar diren jarduketak.

b) Tuterako, Tafallako, Lizarrako eta Agoizko justizia jauregietako zerbitzu orokorretako langileek egindako lanak gainbegiratu eta kontrolatzea.

c) Zuzendaritza nagusiari atxikitako eraikin eta instalazioetako mantentze-lanak egiteko behar diren erosketak tramitatu eta kontrolatzea, eta eskaerak jasotzea.

d) Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuarekin elkarlanean aritzea epaitegien, auzitegien eta zuzendaritza nagusiaren prebentzio-jardueraren plangintza ezartzeko eta gainbegiratzeko orduan.

e) Eraikuntza eta erreformako lanen proiektuak aztertzen laguntzea, Higiezinen Atalarekin koordinatuta, eta lankidetzan aritzea ataleko langileekin kontratatutako lanen jarraipenean.

f) Azpiegitura Teknologikoen Zerbitzuko langileekin elkarlanean betetzea epaitegi, auzitegi eta zuzendaritza nagusiko lan hauen kontrola eta koordinazioa: telekomunikazioak, telefonoguneak instalatu eta konfiguratzea, sareko harguneen altak eta lekualdatzeak, sare informatiko eta telefonikorako kableak eta beste batzuk.

g) Higiezinen Atalari eta arloko eskumenak dituen departamentuari laguntzea epaitegietako eraikinen eta zuzendaritza nagusiaren garbiketarako kontratuak eta langile berekien garbitzaileentzat beharrezkoak diren material eta jantziak erostekoak kontrolatzen.

h) Justizia Zuzendaritza Nagusiari atxikitako higiezinetako lokaletan altzariak lekualdatu eta muntatzeko lanak egitea.

i) Epaiketa aretoetako laguntzaileei eta Nafarroako justizia auzitegietako epaiketa aretoetako ikus-entzunezkoen ekipamendu eta mantentze-lanetarako kontratatutako enpresetako langileei laguntza ematea.

j) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.”

Sei.–Edukirik gabe geratzen da 8. artikulua.

Zazpi.–12. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“12. artikulua. Auzitegiko Gizarte Lanaren Bulegoa.

Auzitegiko Gizarte Lanaren Bulegoa Justiziako Gizarte Zerbitzuari atxikita dago organikoki eta Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutuari funtzionalki, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Justizia Administrazioari laguntza eta sostengu teknikoa ematea gizarte lanari dagozkion arloen gainean, gizarte programa eta baliabideak sustatuz.

b) Argibideak eta aholkuak ematea dauden baliabideei eta eskubideei buruz.

c) Gizarte arazoei buruzko aholku espezializatuak ematea.

d) Gizarte-bazterketa egoeran dauden herritarrekin koordinazio lanak egitea neurri judizialei eta gizarte eta osasun zerbitzuei dagokienez.

e) Gizarte lankidetza sustatzea, zabalkunde kanpainetan eta gizartea sentsibilizatzeko kanpainetan sostengu teknikoa emanez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Lanaren Sailarekin koordinatuz abian jartzen dela hango ikasleek praktikak justiziaren esparruan egiteko programa, baita horren jarraipena eta ebaluazioa ere.

f) Eskatzen zaizkion txosten eta peritu-irizpen guztiak egitea.

g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.”

Zortzi.–12 bis artikulu berria gehitzen da, eduki honekin:

“12 bis artikulua. Auzitegiko Psikologia Bulegoa.

Auzitegiko Psikologia Bulegoa Justiziako Gizarte Zerbitzuari atxikita dago organikoki eta Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutuari funtzionalki, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Peritu txostenak eta azterketa judizialak egitea organo judizialek eskatuta.

b) Aldez aurretik eratutako frogak, organo judizialek eskatzen dituztenak, koordinatu eta egitea.

c) Epai bidez bideratutako kasuen jarraipena.

d) Delituen Biktimen Arretarako Atalarekin koordinatzea.

e) Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutuko zerbitzu eta unitateekin koordinatzea.

f) Estatistikak eta urteko memoria prestatzea.

g) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak, bere eskumeneko arloetan.

Bederatzi.–Justizia Zuzendaritza Nagusia izeneko 3. kapituluan 4. atala sartzen da, testu hau duen 13. artikulua gehituta:

“4. atala. Zigor Betearazpeneko eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzua.

13. artikulua. Bitartekaritzako eta Justizia Errestauratiboko Bulegoa.

Bitartekaritzako eta Justizia Errestauratiboko Bulegoa Justizia Errestauratiboko Atalari atxikita dago eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Epaitegietatik eta beste instituzio batzuetatik bitartekaritzara, justizia errestauratiboko zerbitzura eta gatazken konponbiderako erabil daitekeen beste edozein metodo alternatibotara bideratzen diren kasuez arduratzea.

b) Bitartekaritza instituzioei eta justizia errestauratiboko zerbitzuei eskura jartzea prozesua hasteko behar den dokumentazioa.

c) Bitartekaritzaren eta beste prozesu errestauratibo batzuen jarraipen estatistikak egitea, jurisdikzioen arabera eta aintzat hartuz Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren adierazleak eta Zigor Betearazpeneko eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzuak jartzen dituenak.

d) Justizia arloan bitartekaritzara eta beste prozesu errestauratibo batzuetara jotzeko baliabideari buruzko informazioa ematea profesionalei eta herritarrei.

e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.”

Xedapen gehigarria.–Izendapenak.

Foru agindu hau atera baino lehen Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuan zeuden eta foru agindu honek ezartzen duen bulegoen egituran lehengo izenari eusten dioten bulegoetako burutzen izendapenak berresten dira, egin ziren baldintza beretan.

Bulegoburutza hauen izendapenak berresten dira, egin ziren baldintza beretan:

–Zerbitzu Orokorren Bulegoko buruarena, aurrerantzean Herritarrentzako Argibide eta Arretarako Bulegoko burua izanen dena.

–Langileriaren eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Bulegoko buruarena, aurrerantzean Langileriaren eta Bulego Judizialaren Bulegoko burua izanen dena.

–Epaitegien arteko Bitartekaritza Bulegoko buruarena, aurrerantzean Bitartekaritza eta Justizia Errestauratiboko Bulegoko burua izanen dena.

–Gizarte Zerbitzuekiko Lankidetza Bulegoko buruarena, aurrerantzean Auzitegiko Gizarte Lanaren Bulegoko burua izanen dena.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko irailaren 9an.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

Iragarkiaren kodea: F2113492