224. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

79/2021 FORU DEKRETUA, irailaren 8koa, irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretua aldatzen duena (horrek arautzen du lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan).

ATARIKOA

Irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoak erabiltzeko araudia.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, I. tituluan, gizarte zerbitzuen erabiltzaileen eskubide eta betebeharren katalogoa bildu du. Horrez gain, egoitzetako gizarte zerbitzuen erabiltzaileen eskubide eta betebehar berariazkoak ere arautu dira. 8. artikuluan, legeak ezartzen du egoitzetako zerbitzuen erabiltzaileen eskubideetako bat dela immobilizazio edo murrizketa fisiko edo tratamendu farmakologikorik ez jasatea, sendagileak agindu gabe eta gainbegiratu gabe, erabiltzailearen nahiz hirugarrenen segurtasun fisikorako arrisku berehalakorik ez badago. Azken kasu horretan, jarduketen justifikazioa beharko da, agiri bidezkoa, eta erabiltzailearen espedientean jasoko da, erregelamentuetan ezartzen den moduan. Ministerio Fiskalari ere jakinaraziko zaizkio.

Irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretuan, 2. artikuluan, aplikazio-eremuari buruzkoan, honako hau aipatzen da: “foru dekretu honetako xedapenak aplikatzekoak izanen dira ekainaren 17ko 69/2018 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Zerbitzuen Zorroan araututako adinekoen eta desgaitasuna dutenen arloetako egoitzetako gizarte zerbitzuetan.

Aldaketa honen xedea da arauaren aplikazio-eremua zabaltzea eguneko arreta ematen duten gizarte zerbitzuetara eta buruko gaixotasuna duten pertsonei zerbitzuak ematekoetara, eta orobat, araudia eguneratzea pertsonarengan zentratutako arretaren metodologiara doitzeko.

Barandei dagokienez (arau honetan ez dira loturatzat hartzen), araubidea mantentzen da, baina berritasuna da horiek erabiltzeko osasun teknikarien agindua beharko dela.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluari entzunik, eta bat etorriz Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko irailaren zortziko bilkuran hartutako erabakiarekin,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea 221/2011 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen duena.

Aldaketa hauek sartzen dira irailaren 28ko 221/2011 Foru Dekretuan, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen duenean.

Bat.–Foru dekretuaren izenburua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“221/2011 Foru Dekretua, irailaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako gizarte zerbitzuen esparruan lotura fisiko eta farmakologikoen erabilera arautzen duena”.

Bi.–1. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da lotura fisikoen edo tratamendu farmakologikoen erabilera eta horiekin erlazionatutako beste neurri batzuk arautzea, errespetatuz Nafarroako Foru Komunitateko egoitzetako eta eguneko arretarako gizarte zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak”.

Hiru.–2. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru dekretu honetako xedapenak aplikatzekoak izanen dira ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Zerbitzuen Zorroan araututako adinekoen, desgaitasuna dutenen eta buruko gaixotasuna dutenen arloetako egoitzetako eta eguneko arretarako gizarte zerbitzuetan.

Lau.–3. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“3. artikulua. Definizioak.

Foru dekretu honen ondorioetarako, honako definizioak aintzat hartuko dira:

a) Lotura fisikoak:

Lotura fisikoak edo murrizketak dira pertsona baten bat-bateko espresioa edo portaera nahita mugatzea, edo haren mugitzeko askatasuna, jarduera fisikoa edo gorputzeko edozein ataletara normal iristeko aukera, edozein metodo fisiko aplikatuta pertsonari edo haren gorputzaren ondoan, hartatik aise askatzerik izango ez duen moduan.

Definizio honetatik kanpo uzten dira, gorputz jarrera zuzendu eta zuzen mantentzera bideratutako laguntza-produktuak eta/edo moldaerak.

Lotura fisiko motak:

–Pertsona ohe, besaulki edo aulki modura erabiltzen dituenetara lotzea.

–Premiazko lotura, erabiltzailea mendean hartuz egina, arriskua berehalakoa delako.

–Euste-gelak: Euste gelak pertsona bakartzeko gela itxiak dira; gela horiek pertsonarentzat berarentzat eta/edo hirugarrenentzat berehalako arriskua dakarten portaera disruptiboak/oldarkorrak epe laburrean maneiatzeko prestatuta daude berariaz.

b) Lotura farmakologikoak:

Nahita murriztea pertsona baten espresioa edo jokabide espontaneoa, edo mugitzeko askatasuna, edo haren jarduera fisikoa, horretarako edozein botika erabiliz”.

Bosgarrena.-4. artikulua aldatzen da. Hemendik aurrera, honela idatzita agertuko da:

“4. artikulua. Oinarrizko printzipioak.

Honako hauek dira loturen eta baranden erabilera oinarritzeko eta gidatzeko oinarrizko printzipioak:

a) Pertsonaren duintasuna, haren askatasuna errespetatzea eta haren autonomia sustatzea.

b) Nafarroako gizarte zerbitzuetan autonomia fisiko, mental eta psikosozial handiagoa sustatzea, betiere ongizatearen eta erabiltzailearenganako errespetuaren testuinguruaren barnean.

c) Behar diren tratamendu edo neurriei buruzko informazio egokia izatearen bermea.

d) Neurri hauek aplikatzean, beharrezkoa ez den edozein kalteri, sufrimenduri edo hondatzeri uko egitea.

e) Ingurune sistema edo portaera bideratzen laguntzeko neurri alternatiboak bilatu eta eguneratzea loturen erabilera murrizteko”.

Seigarrena.–5. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“5. artikulua. Egoitzetako gizarte zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak, loturen eta baranden aplikazioan.

Egoitzetako gizarte zerbitzuen erabiltzaileek honako eskubide hauek dituzte, loturak eta barandak aplikatzeari dagokionez:

a) Tratu duina izatea, askatasuna eta autonomia bermatuko dizkiena.

b) Norberaren beharren eta problemen balorazio banan-banakoa, norberaren ezaugarriekin eta izan ditzakeen arriskuekin bat.

c) Aldez aurretik informazio argia eta laua jasotzea loturak aplikatzearen helburuei eta ondorioei buruz, baita baranden erabilerari buruz ere, aukera izan dezaten baimen berariazkoa eta librea emateko, azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legearen esparruan, hark ezarritako mugekin. Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoa da aipatutako legea.

d) Lotura, psikofarmako eta baranden aplikazioari uko egitea, behar den zaintza ez jasotzeko beldurrik izan gabe, azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legearen esparruan, hark ezarritako mugekin. Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoa da aipatutako legea.

e) Ez dakizkion aplikatu diziplinaz edo komenientziaz inposatutako loturak”.

Zazpigarrena.–6. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“6. artikulua. Medikuaren agindua.

1. Medikuen eskumen esklusiboa da lotura fisiko nahiz farmakologikoak agintzea.

2. Hala ere, zentroko laguntza taldeak modu diziplinartekoan baloratu beharko du pertsonaren arazoa. Betiere, arreta banan-banakoaren eta diziplinartekoaren zainketa-estrategia edo -plan baten testuinguruan egon beharko du, bermatuz ezen, aldez aurretik, lotura ez diren beste alternatiba batzuk aztertzen eta gauzatzen direla”.

Zortzigarrena.–7. artikuluaren hirugarren apartatua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“3. Erabiltzaileek edo beren legezko tutoreek aukera izanen dute agindutako lotura neurriei uko egiteko. Kasu horretan, idatziz jaso beharko da lotura aplikatzeari egiten zaion ukoa, eta interesdunak sinatuko du, edo, bera izan ezean, legezko ordezkariak.

Bederatzigarrena.–8. artikuluko hirugarren apartatua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“3. Honako hau izanen da jaso beharreko gutxieneko edukia:

a) Banakako aginduaren eta jarraipenaren orria/fitxa. Hartan, hau agertuko da:

–Agindutako lotura/psikofarmakoa (mota eta dosia, hurrenez hurren).

–Motibazioa, azalpena eta helburuak.

–Behar den lotura maila.

–Iraupena.

–Maiztasuna.

–Kontrol eredua.

–Aplikatzean hartu beharreko neurriak, sufrimenduari, konplikazioei eta funtzio-hondatzeari aurrea hartzeko.

–Lotura erabili aurreko egoeren erregistroa, diziplina anitzeko taldean balora dezaten zerk eragin duen lotura erabili behar izatea.

b) Saiatu diren neurri alternatiboen eta nabarmendu diren efektuen laburpena daukan dokumentua.

c) Idatzizko baimena, hala behar denean”.

Hamargarrena.–12. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“12. artikulua. Banakako Arreta Planean idatziz jasotzea.

Lotura aplikatzen duen profesionalak erregistro bat egin beharko du, Banakako Arreta Planean jasoko dena, eta gutxienez ere honako hauek adieraziko ditu:

a) Aplikatutako lotura mota.

b) Ordua, eguna eta lekua.

c) Motibazioa/helburuak.

d) Kontrol edo zainketa eredua.

e) Aplikatzean hartu beharreko neurriak, konplikazioei aurrea hartzeko.

f) Familia arrazoiengatik edo egitatezko arrazoiengatik egoiliarrarekin lotutako pertsonei edo, hala behar denean, legezko tutoreari gero egiten zaion komunikazioa.

g) Medikuari zer egunetan eta ordutan eman zaion loturaren berri”.

Hamaikagarrena.–16. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“16. artikulua. Pertsonaren zainketako bermeak.

1. Bermatuko da loturen aplikazioaren xede den pertsonak oinarrizko behar guztiak beterik izanen dituela eta efektu negatiboei aurre egiteko edo horiek murrizteko behar diren zainketa fisiko eta psikologikoak jasoko dituela.

2. Bermatuko da lotura ahalik lasterren kenduko dela.

3. Neurri horien aplikazioan bermatu beharko da aurrez saioak egin direla baliozko beste alternatiba batzuekin, eta aplikazio alternatiboak erabiltzeko aukera baloratzen jarraituko dela ondoren ere.

4. Loturak edo barandak erabili behar badira, gutxien murrizten dutenak erabiliko dira.

5. Foru dekretu honetan azaldutako neurriak aplikatzeak gatazka etikoren bat sortu behar badu, zentroko Etika Batzordera edo Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordera jotzeko aukera dago, aukeran.

6. Baranden aplikaziorako osasun teknikarien agindua beharko da (erizaina, terapeuta okupazionala edo fisioterapeuta).

Hamabigarrena.–17. artikuluko 2. apartatua aldatzen da eta 8. apartatua gehitzen zaio. Honela idatzita agertuko dira:

“2. Erabiltzeko baldintza eta mantentze-egoera ezin hobeetan egonen dira baliatzen diren gailuak. Barandak erabili behar diren aldioro berrikusi beharko dira”.

“8. Euste-gelak.

–Euste-geletako espazio fisikoak segurtasuna bermatzeko eta aldi berean pertsonaren ongizaterik handiena ahalbidetzeko baldintzak bete beharko ditu.

–Euste geletan emanen den denbora ez da behar-beharrezkoa dena baino gehiago luzatuko.

–Medikuaren agindua beharko da eta langileen zaintza”.

Hamahirugarrena.–18. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“18. artikulua. Psikofarmakoak.

1. Psikofarmakoak oinarrian farmako horien erabilera gomendatzen duen nahasmendu psikiatriko edo mediko diagnostikatu bat badago soilik aginduko dira eta medikuak aginduta erabiliko dira beti. Psikofarmakoak hartzeko agindu oro arrazoitu egin beharko da; arrazoiak eta xedea banakako Arreta Planean jaso beharko dira, eta gaiari buruz indarrean den legerian xedatutakoarekin bat etorri beharko du aginduak.

2. Psikofarmakoak hartzeko agindua luzerako bada, aurreikusitako iraupena adierazi beharko da, eta egin beharreko azterketen maiztasuna ere bai. Agindua mantendu behar den ala ez, eta agindutako dosia egokia ote den berraztertuko da azterketa horietan, eta banakako arreta planean jasoko dira bere portaerari, aldarteari eta funtzio kognitiboari buruzko datu klinikoak, eta baita farmako horiekin zerikusia izan dezaketen beste zantzu edo sintoma batzuk ere”.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lehen xedapen iragankorra.–Moldatzeko epea.

Egoitzetako eta eguneko arretarako gizarte zerbitzuek sei hilabeteko epea izanen dute araudira moldatzeko, arau hau indarrean sartzen denetik hasita.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Arau garapena.

Ahalmena ematen zaio eskubide sozialen arloan eskumena duen departamentuko titularrari foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko irailaren 8an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2113467