224. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

78/2021 FORU DEKRETUA, irailaren 8koa, zeinaren bidez aldatzen baita irailaren 20ko 60/2010 Foru Dekretua, Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordea eta sektoreetako edo zentroetako etika batzordeak arautzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordeak hamar urte baino gehiago darama lanean eta epe horretan agerian gelditu da bere lana egiteko batzuetan jende gehiago behar duela eta langileen profil profesionalak zabaldu behar direla irailaren 20ko 60/2010 Foru Dekretuan adierazitakoekin alderaturik. Foru dekretu horren bidez arautu ziren Nafarroako Gizarte Arretaren Etika batzordea eta sektoreetako eta zentroetako etika batzordeak.

Bestetik, gaur egungo batzordeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuak bat egiten dute esatean batzordekideek etikako prestakuntza eta esperientzia egokiak izan behar dituztela eta, horrenbestez, hemendik aurrera izan daitezkeen batzordekideei begira, batetik, gehitu nahi diren batzordekide horiek kide gehienei gaur egun eskatzen zaien prestakuntza eta esperientziaren jabe izan behar dutela eta, bestetik, espero da gainerako batzordekideek urtebeteko epean hasiera batean ez zuten prestakuntza eta esperientzia lortuko dituztela.

Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 46.2 artikuluan ezartzen da erregelamentuz ezarriko dela Etika Batzordearen osaera. Batzordea plurala izanen da eta kide kopurua ez da finkoa izanen. Horrek aukera emanen du gaur egungo erregelamentuan ezarritako kide kopurua aldatzeko.

Horretaz gainera, komeni da gai zehatz batzuetan alderdi beraren gaineko kontsultak ebaztea, txostenaren eginkizuna argitzea eta hizkuntza inklusiboa erabiltzea.

Horrenbestez, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2021eko irailaren 8an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Aldatzea irailaren 20ko 60/2010 Foru Dekretua, Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordea eta sektoreetako edo zentroetako etika batzordeak arautzen dituena.

Aldatzen dira irailaren 20ko 60/2010 Foru Dekretuaren 3., 6. eta 10. artikuluak. Foru dekretu horrek aratu zituen Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordea eta sektoreetako edo zentroetako etika batzordeak.

Lehena.–3. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“3. artikulua. Legitimazioa.

Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordearen edo sektoreetako edo zentroetako etika batzordeen jardunaren sustatzaile honako hauek izan daitezke: gizarte zerbitzuen erabiltzaileak, erabiltzaileen familiak edo legezko ordezkariak, gizarte zerbitzuetako profesionalak eta gizarte zerbitzuetako zentro, zerbitzu eta erakundeetako zuzendaritzaren eta kudeaketaren arduradunak.

Hori hala izanik ere, Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordean edo sektore edo zentro bateko etika batzordean aztertu diren gaien errepikapen hutsa diren gaiak ez dira berriz jorratuko batzorde berean, ez badute bederen batzordekide horiek uste aldatu behar direla, aurrekoa eman zenetik gaur egun arte egoera asko aldatu delako. Kasu horretan egoera horiek zein diren adierazi beharko dira. Hala ez bada, behar den batzordeak aurretik emandako txostena igorriko du.”

Bigarrena.–6. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“6. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordea zazpi kidek osatuko dute, gutxienez. Horietatik lauk 120 orduko edo gehiagoko esperientzia eta prestakuntza eduki beharko dute etikan. Batzordekideak honela banatuko dira:

a) Gizarte zerbitzuetako, hezkuntzako eta osasunaren arloko hiru profesional, erabiltzaileei sektore publikoan arreta emateko zerbitzuei lotuak.

b) Entzute handiko hiru profesional, bi laguntza emateko arloan aritzen direnak, eta bestea beste arlo batekoa.

c) Zuzenbideko lizentziadun bat, gizarte zerbitzuen gaineko legedia eta zerbitzu horien erabiltzaileen eskubideak eta eginbeharrak ongi ezagutzen dituena.

2. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordeak edo gizarte zerbitzuen gaian eskumena duen departamentuko titularrak Nafarroako Gobernuari proposatzen ahalko diote batzordekideen kopurua handitzea (gehienez ere, 14ra arte). Hartara, bermatu beharko da une oro batzordekide gehienek 120 orduko edo gehiagoko esperientzia eta prestakuntza izanen dutela etikan eta gainerako batzordekideei aukera emanen zaie izendatu eta urtebeteko epean, eskuratzeko prestakuntza eta esperientzia hori. Izendapen osagarri horietan kontuan izan beharko da izendatutakoek aurreko apartatuan adierazitako profil profesionaletako baten bat izan beharko dutela edo batzordeak eta departamentuak elkarrekin adostutako besteren bat, esaterako filosofia, soziologia, antropologia...

Batzordekide osagarriak izendatzeko prozedura hurrengo artikuluan ezarritakoa izanen da.

3. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordeak aholkulari teknikoen laguntza eskatzen ahalko du, haien ezagutzak edo esperientzia direla-eta batzordearen eginkizunak hobeki betetzeko beharrezkoak badira. Haien parte-hartzea noizbehinkakoa eta batzordeak eskatuta izanen da eta, zer gai zehatzetarako eskatzen zaien aholkularitza, horietara mugatuko da.

4. Nafarroako Gobernuak zuzenean izendatutako zuzendaritza karguetan edo Gobernuaren menpeko entitate edo enpresetako zuzendaritza karguetan ari direnak ezin dira Nafarroako Gizarte Arretaren Batzorde Etikoko kide izan.

Kargu horiek utzi ondoren ere, ezin izanen dute parte hartu, bateraezintasunak arautzeko kasuan kasuko araudian ezarritakoari jarraikiz.

5. Gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuak 7.2 artikuluaren 4. paragrafoan aurreikusitako egoeretan, izendapenak egiteko garaian, kontuan hartuko du batzordean zenbat emakume dauden, batzordeko kideen %60 gutxienez emakumeak izanen direla bermatzeko, edo kopuru horretara ahalik eta gehien hurbiltzeko.

Hirugarrena.–10. artikulua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:

“10. artikulua. Eginkizunak.

1. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Esku-hartzearen egokitasunari buruzko kontsultak jaso eta irizpena ematea, gizarte arretan espero diren onuren inguruan.

b) Txostenak eta gomendioak ematea, kasu jakin batzuen gaineko aholkua eskatzen zaionean.

c) Profesionalen, erabiltzaileen eta erakundeen artean gatazka etikoak sortzen direnean, erabakiak hartzeko txostenak eta/edo gomendioak ematea.

d) Gatazka etikoak sortzen direnean, jarduteko protokoloak proposatzea.

e) Gizarte arretarekin zerikusia duten etika gaiei buruzko irakaskuntza eta ikerketa lanak egitea.

f) Bere barne araudia prestatu eta onestea.

g) Jardueren urteko memoria prestatzea, gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari igorri beharko zaiona.

h) Arreta ematean, gizarte arloko esku-hartzeen kalitatea hobetzeko asmoa duen etika bultzatzea gizartean.

2. Ez da, inola ere, Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordearen eginkizun izanen prozeduraren alderdi tekniko edo juridikoen gaineko erreklamazio edo salaketei buruzko adierazpenak edo peritazioak egitea, ez eta aztergai jartzen zaizkion gaietan inplikaturiko profesionalen balizko erantzukizunen gaineko iritziak ematea ere.

3. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordeari esleitutako eginkizunak erabiliko dira deusetan galarazi gabe, profesionalen etikaren eta deontologiaren arloan, kasuan kasuko lanbide elkargoari dagozkion eskumenak.

4. Nafarroako Gizarte Arretaren Etika Batzordeak bere eginkizunak betetzean, genero ikuspegia txertatuko du beharrezkoa denean, eta datuak sexuaren arabera bereiziko ditu egiten dituen txostenak pertsonei buruzkoak direnean, haiei buruzko datu zehatzak baditu.”

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko irailaren 8an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2113466