224. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

77/2021 FORU DEKRETUA, irailaren 8koa, urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru dekretu horren bidez, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

ZIOEN AZALPENA

Urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuaren bidez, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Foru dekretu hori aldatu zuen otsailaren 10eko 9/2021 Foru Dekretuak, eginkizunak eta eskumenak berrantolatu eta hobeki definitzeko eta unitate organiko berriak sortzeko, besteak beste Zigor Betearazpeneko eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzua.

Zerbitzu horren egitura ez da nahikoa bitartekaritza eta justizia errestauratiboa bultzatzeko, desadostasunak bideratzeko baliozko metodotzat hartzen direnak; horregatik, Justizia Zuzendaritza Nagusiak proposatu du departamentuaren egitura berriz aldatzea Justizia Errestauratiboko Atala sortzeko, helburu hori duena.

Era berean, izena aldatu behar zaio Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzuari, aurrerantzean Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzua izan dadin, zaharkiturik baitago orain “Bulego Judizial Berria” izendapena.

Horrenbestez, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko irailaren zortzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretua.

Aldatzen da urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretua, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena, honela:

Bat.–16.1 artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“1. Justizia Zuzendaritza Nagusiak honako zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzua.

b) Azpiegitura Judizialen Zerbitzua.

c) Justiziako Gizarte Zerbitzua.

d) Zigor Betearazpeneko eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzua”.

Bi.–2. atalaren izena aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“2. atala. Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzua”.

Hiru.–17. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“17. artikulua. Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzuaren esparru materiala eta eginkizunak.

Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzuak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eskumenak kudeatzea, Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileei dagokienez.

b) Justizia Administrazioko langileei buruzko araudien proposamenak prestatzea.

c) Lan arriskuak prebenitzeko jarduketak planifikatzea eta gauzatzea, zerbitzuaren eskumenen esparruan, Azpiegitura Judizialen Zerbitzuarekin elkarlanean.

d) Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan ezarritako bulego judizial eta fiskalaren eredu berrirako aldaketa planifikatzea eta antolamenduko eredu berria progresiboki ezartzea.

e) Nafarroako Justizia Administrazioan ordezkaritza duten sindikatuekin negoziaketak bultzatzea bulego judizial eta fiskalaren eredu berria ezartzeko.

f) Araudien proposamenak prestatzea bulego judizial eta fiskalaren eredu berria ezartzeko.

g) Antolamenduko unitate berrietako lanpostuen zerrenden onespena proposatzea eta bultzatzea, eta lanpostuak betetzeko prozesuak gauzatzea.

h) Zerbitzuaren dokumentazioa erregistratzea, artxibatzea eta zaintzea.

i) Zerbitzuaren jardueren memoria egitea.

j) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak, bere eskumeneko arloetan”.

Lau.–18. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“18. artikulua. Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzuaren egitura.

Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzuak honako atal hauek ditu bere egituran:

a) Justizia Administrazioko Lan Harremanen eta Langileriaren Kudeaketaren Atala.

b) Bulego Judizial eta Fiskalaren Atala”.

Bost.–21. artikuluko e) letra aldatzen da eta honela idatzita geldituko da:

“e) Lan arriskuak prebenitzeko jarduketen gauzatzea planifikatzea eta kontrolatzea, zuzendaritza nagusiaren eskumenen esparruan, Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzuarekin elkarlanean”.

Sei.–26 quater artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“26 quater artikulua. Zigor Betearazpeneko eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzuaren egitura.

Zigor Betearazpeneko eta Justizia Errestauratiboko Zerbitzuak honako atal hauek ditu bere egituran:

a) Zigor Betearazpeneko Atala.

b) Justizia Errestauratiboko Atala”.

Zazpi.–26 sexies artikulua gehitzen da. Hona testu berria:

“26 sexies artikulua. Justizia Errestauratiboko Atalaren esparru materiala eta eginkizunak.

Justizia Errestauratiboko Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroan, Justizia Administrazioaren esparruan, justizia errestauratiboaren eta gatazkak auzitara joan gabe konpontzeko bideak bultzatzea eta garatzea.

b) Judizio barneko prozesu errestauratiboak koordinatu eta sustatzea.

c) Espetxeko prozesu errestauratiboak koordinatu eta sustatzea, bai eta espetxe ondoko prozesu errestauratiboak ere, bergizarteratzeko bidean lagun egiteko.

d) Elkarrizketa errestauratiboetako lantegiak koordinatu eta bultzatzea, askatasunaz gabetzen ez duten zigorrak betetzeko.

e) Prozesu errestauratibo komunitarioak eskainiko dituen sarea sortu eta koordinatzea.

f) Espetxe barruan espetxeko bitartekaritza programak eta gatazken prebentziokoak sortu eta koordinatzea.

g) Justizia errestauratiboaren inguruko prestakuntza eta dibulgazio ekintzak sustatzea.

h) Prozesu errestauratiboen kalitatea gainbegiratzea, ziurtatzeko, bereziki, genero ikuspegia aplikatzen dela esparru guztietan.

i) Indarrean dagoen legeriak esleitzen dion beste edozein edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkionak, bere eskumeneko arloetan”.

Zortzi.–Hirugarren xedapen gehigarria aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“Hirugarren xedapen gehigarria.–Burutzak betetzeko baldintzak.

Honako baldintza hauek ezartzen dira atalburu izateko:

Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusian:

–Harrera Atala:

B maila; titulazioa: Gizarte Laneko edo Gizarte Hezkuntzako gradua edo diploma.

–Lagun Egiteko eta Kulturen arteko Bitartekaritzarako Atala:

B maila; titulazioa: Gizarte Laneko edo Gizarte Hezkuntzako gradua edo diploma.

Idazkaritza Tekniko Nagusian:

–Araubide Administratiboaren eta Langileen Atala:

A, B edo C maila.

–Kudeaketa Ekonomikoaren Atala:

A edo B maila.

Justizia Zuzendaritza Nagusian:

–Justizia Administrazioko Lan Harremanen eta Langileriaren Kudeaketaren Atala:

A, B edo C maila.

–Bulego Judizial eta Fiskalaren Atala:

B maila; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren B mailako lanpostu baterako izendatua izatea, edo Justizia Administrazioaren Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko kidegoko lanpostu baterako.

–Informatikako Proiektu eta Sistemen Atala:

B maila.

–Higiezinen Atala:

A edo B maila; titulazioa: Arkitektura, Arkitektura Teknikoa, Eraikuntzaren Ingeniaritza edo Ingeniaritza Industriala.

–Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko eta Organo Judizialekin Aritzeko Atala:

A, B edo C maila.

–Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren Atala:

A edo B maila; administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) lanpostu baterako izendatu izana, edo Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren kidegokoa izatea.

–Zigor Betearazpeneko Atala:

A edo B maila; titulazioa: Zuzenbideko edo Psikologiako gradua edo lizentzia, Gizarte Laneko edo Kriminologiako gradua edo diploma.

–Justizia Errestauratiboko Atala:

A edo B maila.”

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra.–Izendapenen berrestea.

Justizia Zuzendaritza Nagusian berresten da Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskal Berriaren Zerbitzuko zuzendariaren izendapena, egin zen baldintza berdinekin; aurrerantzean Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zerbitzuko zuzendaria izanen da.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko irailaren 8an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

Iragarkiaren kodea: F2113465