217. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANTZA

Putzu Beltz ur-jauzirako pasabideak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Arantzako Udalak, 2021eko ekainaren 22an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Putzu Beltz ur-jauzirako pasabideak arautzen dituen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon zen 30 egunez, 2021eko 161. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik, uztailaren 12an, bai eta Arantzako Udalaren iragarki-taulan ere, eta epe horretan inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Beraz, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluarekin, behin betiko onetsi da Putzu Beltzeko ur-jauzirako pasabideak arautzen dituen ordenantza.

Hori guztia argitaratzen da.

Arantzan, 2021eko abuztuaren 23an.–Alkate udalburua, Eneko Sarrias Zoco.

ORDENANTZA, PUTZU BELTZ UR-JAUZIRAKO PASABIDEAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau arautzen da bat etorriz xedatzen denarekin uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean (Nafarroako Toki Administrazioa du hizpide), urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuan (Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onetsi zuen), martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean (Nafarroako Toki Ogasunak ditu hizpide) eta gainerako arauetan.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea ibilgailu motordunak auzo-bideetatik Arantzako Putzu Beltz ur-jauzira iristeko bidezidorretara joateko.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honetan ezartzen diren murriztapenak betetzen direla bermatzeko, urte guztian zehar ibilgailu motordunak pasatzeko mugak ezarriko dira, horretarako seinaleak ezarrita, Putzu Beltz ur-jauzira doazen bidezidorretara iristeko landabideetan. Horri dagokionez, honako auzo-bideetan aplikatuko da mugatze hori:

1. Osina karrikaren eta Larreta karrikaren arteko bidegurutzetik hasita (“Aterpe” aterpetxearen ondokoa) Azkilarrea eta Aientsa auzoetarantz doan auzo-bidea.

2. Salbatore karrikaren eta medikuaren kontsultategiaren eraikinaren bidegurutzetik hasita Azkilarrea auzorantz doan auzo-bidea.

4. artikulua. Seinaleztapena.

1. Arantzako Udalak aginduko du kasu bakoitzean beharrezkoak diren trafikoko seinaleak eta bestelakoak ezartzea, kentzea eta ordeztea.

2. Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera bideetan aurkitzen dituzten gainerako seinaleen mezuaren arabera.

5. artikulua. Ibilgailu motordunak pasatzeko mugak.

1. Ibilgailu motordunak pasatzen ahalko dira baldin eta ibilgailuan doan lagunetako batek baldintza hauetakoren bat betetzen badu:

a) Arantzan erroldatua egotea.

b) Ohiko bizilekua Arantzan izatea.

c) Azkilarrea edo Aientsa auzoetako landetxeren batean ostatu hartuta egotea.

d) Azkilarrea edo Aientsa auzoetan lurrak edo ondasunak jabetzan izatea.

e) 6 urtetik beherakoa izatea.

f) 70 urte baino gehiago izatea.

g) % 33tik gorako desgaitasun egiaztatua izatea.

h) Gainerako arrazoi justifikatuak, hala nola lan edo osasun arrazoiak eta abar.

2. Ez da ibilgailu motordunak pasatzea baimenduko, baldin eta bidaiarietako batek ez badu betetzen aurreko puntuko baldintzetariko bat gutxienez.

6. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustea izanen da.

2. Arantzako Udalak ematen dituen jarraibideak ez betetzeak zehapena ekarriko du.

3. Arau-haustea zehatuko da 50,00 euro eta 300,00 euro bitarteko isunarekin, larritasunaren eta berrerortzearen arabera; hori guztia, bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin (lege horrek Nafarroako Toki Ogasuna du hizpide).

4. Zehapen espedientearen hasiera jakinarazi eta hurrengo hamabost egunak igaro baino lehen arau-hausleak bere borondatez isuna ordaintzen badu, diru-zenbatekoa ehuneko 50 murriztuko da. Ordainketak ekarriko du salatutako egitateak onestea, uko egitea alegazioak aurkezteari eta prozedura bukatzea; hala eta guztiz ere, berariazko ebazpena eman beharko da.

5. Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridikoak izanen ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2112875