215. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1764/2021 EBAZPENA, abuztuaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, 2016-2017 eta 2017-2018 ikasturteetako Doktoretzako Aparteko Sarien deialdia onesten duena.

Ikusirik Aholkularitza Juridikoaren txostena.

Ikusirik NADOEko zuzendariaren ebazpen proposamena, Ikerketako errektoreordeak ontzat emana.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskudantziak betez,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa: Onestea 2016-2017 eta 2017-2018 ikasturteetako Doktoretzako Aparteko Sarien deialdia, eranskin gisa doazen oinarriei lotuko zaiena.

Bigarrena: Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Hirugarrena: Ebazpen hau Ikerketako errektoreordeari, Nafarroako Doktoretza Eskolako zuzendariari, Irakaskuntza Zerbitzuko zuzendariari eta Sarbidearen, Beken eta Tituluen Ataleko buruari aditzera ematea.

Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 6. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz, eta interesdunek zilegi dute ebazpenaren aurkako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 23an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

2021EKO ABUZTUAREN 23KO 1764/2021 EBAZPENAREN ERANSKINA

Doktoretzako aparteko sarien deialdia.
2016-2017 eta 2017-2018 ikasturteak

Deialdia egin da 2016-2017 eta 2017-2018 ikasturteetako Doktoretzako Aparteko Sariak emateko. Kontuan harturik aldi honetan zenbat tesi irakurri diren, eta zer arlotakoak diren, honako sari hauek emanen dira:

Nekazaritzaren eta Nekazaritzako Elikagaien Zientziak

1

Industriako Zientziak eta Teknologiak

1

Giza eta Gizarte Zientziak

1

Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak

1

Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea

1

Osasun Zientziak

1

Aski izanen da izangai bakarra egotea Batzordeak izangai hark Aparteko Saria merezi ote duen epaitzeko.

Arlo bakoitzean gehien nabarmendu diren tesiei emanen zaien aparteko kalifikazioa edo aitorpena izanen da saria.

Emandako sariak doktorearen ziurtagiri akademiko pertsonalean ageriko dira.

Halaber, NUPen web-orrialdearen bidez, deialdi honen bidez ematen diren aparteko sarien zabalkundea eginen du Nafarroako Doktoretza Eskolak, saria jaso duen doktorearen izen-deiturak, tesiaren izenburua eta tesia zer arlotakoa den jakinaraziz.

Hautagaiak.

2016ko urriaren 1etik 2018ko irailaren 30era bitartean Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretza-tesia defendatu eta bikain cum laude kalifikazioa aho batez erdietsi duten doktore guztiek parte hartzen ahalko dute deialdi honetan, betiere aplikatzekoak diren arauetan aipatutako kalifikazioen arabera.

Hautagaiak aukeratzeko batzordeen osaera.

Nafarroako Doktoretza Eskolak hautaketa-batzorde bat izendatuko du arlo bakoitzeko, eta Eskolako zuzendariak (edo hark NADOEko Zuzendaritza Batzordean eskuordetzen duen pertsonak) eta dagozkien arloetan entzute handia duten bi doktorek osatuko dute bakoitza. Horretarako, batzordeko kide izateko, bi ikerketa-tarte edo gehiago dituen eta beste unibertsitate edo ikerketa zentro batekoa den irakasle bat proposa dezan eskatuko zaio Doktoretza Programako Irakaskuntza Batzorde bakoitzari. Proposamenarekin batera, Doktoretza Programetako Irakaskuntza Batzorde bakoitzak irakasle batzordekide bakoitzaren curriculum vitae laburtua aurkeztuko du. Hautaketa-epaimahaietan ezin izanen dute parte hartu ez tesien tutoreek, ez zuzendariek, ez sarietara aurkeztu diren tesien epaimahaietan kide izan direnek, ezta izangaien tesiak berraztertu dituzten kanpoko aztertzaileek ere.

Nafarroako Doktoretza Eskolak arlo bakoitzean proposatzen diren kideen artetik izendatuko ditu batzordekideak. Doktoretza Programei dagozkien Irakaskuntza Batzordeetatik ez bada nahikoa kiderik proposatzen, Nafarroako Doktoretza Eskolak beste izen batzuk proposatuko ditu hautaketa-batzordeak osatu arte.

Hautatzeko irizpideak.

Tesiak balioetsiko dituzten hautaketa-batzordeek lehentasunezko irizpide hauei jarraituko diete aurkezten diren lanen kalitatea egiaztatzeko:

–Doktoretza-tesian erdietsitako helburu edo ondorio nagusiak.

–Berritasun maila, gaiaren aurreko egoerarekin alderatuta.

–Tesiaren gaiarekin zerikusi zuzena duten argitalpenak (aldizkari indexatuetakoak). Onartuta eta argitaratzeko zain daudenak ere hartuko dira kontuan.

–Argitalpenei buruz edo tesiari berari buruz beste egile batzuek egin dituzten erreferentziak, argitaratu diren iritziak edo kalitatearen beste adierazgarri batzuk.

–Patenteak, edo doktoretza-tesiaren ondorio zuzena diren beste emaitza batzuk.

Hautaketa-batzordeek zilegi dute sariak eman gabe uztea; bestela, Nafarroako Doktoretza Eskolari jakinaraziko dizkiote saria emateko proposamenak. Hautaketa-batzordeetako kideren batek bere zeregina modu telematikoan egin behar izanez gero, hari esleitutako tesi bakoitzaren txosten bat igorri beharko dio epaimahaiari.

Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, 08:30etik 14:30era bitartean, edo NUPeko erregistro elektronikoaren bidez. Eskaera aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

Nahitaezkoa izanen da dokumentu hauek aurkeztea:

–Eskabidearen inprimaki normaldua, NADOEren webgunean eskura daitekeena.

–Curriculum vitaea.

–Gehienez hamar orrialde dituen txosten bat (Times New Roman 12 letra mota, espazio eta erdiko lerroartearekin), honako puntu hauek nahitaez izan behar dituena:

  • Tesiaren laburpena.
  • Erdietsitako helburu edo ondorio nagusiak.
  • Berritasun maila, gaiaren aurreko egoerarekin alderatuta.
  • Izangaiaren argitalpenak eta patenteak, tesiaren gaiarekin zerikusi zuzena dutenak. Onartuta eta argitaratzeko zain daudenak ere hartuko dira kontuan.
  • Lanaren kalitatea bermatzen duten adierazleak: beste egile batzuen erreferentziak, lanak argitaratu diren aldizkarien oihartzun-indizea, etab.

CVa eta txostena euskarri elektronikoan aurkeztu beharko dira, CD batean (pdf formatua).

Datuen tratamendua.

Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak doktoretzako sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira. Datuen tratamenduak bat etorri behar du EBko Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrarekin (DBEO) eta Datuak Babesteko 3/2018 Lege Organikoarekin (DBEDBLO).

Datu hauek tratatuko dira: izangaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, datu akademikoak, egindako lan eta argitalpenak, tesia, CVa eta balorazioa egin ahal izateko bestelako datuak.

DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, doktoretzako unibertsitate ikasketen esparruan bikaintasun akademikoari ikusgarritasuna ematea da aurreikusitako datu-tratamenduaren xedea. Interes publikoko xedea da hori, eta, besteak beste, honako hau du oinarri juridikoa: Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 1. eta 38. artikuluak.

Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da,

eta zilegi izanen du sarbiderako, informaziorako, zuzenketarako, ezabaketarako eta bestelako eskubideak erabiltzeko, Datuak Babesteko delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).

Argitalpena.

Deialdi hau eta bere oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Gainerako jarduerak NUPeko iragarki-ohol elektronikoan agertuko dira, eta zilegi izanen da modu osagarri eta ez-ofizialean posta elektronikoaren bidezko abisu bat bidaltzea.

Halaber, Nafarroako Doktoretza Eskolaren webgunean ere emanen da horren berri.

Egutegia.

Nafarroako Doktoretza Eskolak jarraian aipatzen diren jardueren egutegia prestatuko du, eta egutegi hori NADOEren webgunean jarriko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 10 eguneko epean beranduenez:

–Eskaerak aurkezteko azken eguna.

–Doktoretza Programetako Irakaskuntza Batzordeek nolako epea izanen duten hautaketa-batzordeetako kide izanen direnen proposamenak bidaltzeko.

–Hautagaiak aukeratzeko batzordeen izendapena.

–Batzordeek aparteko sarietarako hautagaiak proposatzeko epea.

–Sariak emateko prozedura ebazteko azken eguna.

Ebazpena.

Sariak Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpen baten bidez emanen dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta lau hilabeteko epean beranduenez. Epe hori kontatzeko, abuztua ez da kontuan hartuko.

Ebazpena NUPeko iragarki-ohol elektronikoan argitaratzea izanen da izangaiei jakinarazpena egiteko egintza formala.

Iragarkiaren kodea: F2113054