215. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

867E/2021 EBAZPENA, abuztuaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Lodosako Arau Subsidiarioen aldaketa egituratzaile bati buruzko ingurumen txosten estrategikoa egiten duena, Lodosako Udalak sustaturik.

Lodosako Udalak 2021eko otsailaren 4an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2021eko 38. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 18koan.

Aldaketaren xedea da baldintza berriak ezartzea lurzoru urbanizaezinean aisialdiko etxolak eraikitzeko. Horretarako, proposatzen da Arauen 42.1 artikulua aldatzea, non arautzen baitira horrelako eraikuntza motak udal planeamenduan 1995az geroztik. Landako etxolak izenekoen azalera 25 m²-tik 40 m²-ra handitzea planteatzen da, baita 12 m²-ko estalpe bat ezartzeko aukera izatea ere. Erabilerei dagokienez, debekatzen da etxolak ohiko bizileku gisa erabiltzea, eta baimenduta dauden jardueren zerrendan sartzen dira nekazaritza-erabilerari loturiko aisialdiko jarduerak. Paisaiari loturiko zenbait baldintza gehitzen dira, konparazio batera: etxolak ez kokatzea mendi-gailurretan, begiratoki naturaletan, terrazen ertzetan edo beste leku irten batzuetan; eraikinaren kanpoko tratamendua ingurumen ingurunean integratzea: akaberetan, lehentasunez erabiltzea zeramikazko teila estalkian, harrizko hormak, kolore apaletako pinturak edo bistako adreiluak.

Aldaketaren aplikazio eremuari dagokionez, lurzoru urbanizaezinaren azpikategorietan aplikatuko da, non eraikuntza-jarduera hau baimengarria den, hau da: nekazaritzako edo abeltzaintzako produktibitate ertaina duten lurzoruak, lurzoru generikoak eta produktibitate handiko lurzoruak. Azken eremu horretan, Lodosako tradiziozko ureztalurrei dagokiena, kontzentratzen dira aisialdiko etxolak jartzeko eskaera gehienak (El Principal eta Noria-Bombas ureztalurrak). Herrigunetik urrutiago dauden ureztalurretan, ordea, ez hainbeste.

Lurzoruaren emankortasunari loturiko baratzezaintza tradizionala, beraz, Ebroko lehenengo terrazetan eta abandonatutako meandroetan kokatzen da bereziki, lur lauetan, urak hartzen ahal dituenak, non ez dagoen ingurumen aldetik garrantzia duen elementu edo lekunerik. Dena dela, leku horiek garrantzia dute uholdeen laminazioari begira eta alubioiak kargatzeari begira. Ibai-dinamika hori izan da, hain zuzen, espazioaren lehentasunezko erabilera baldintzatu duena neurri handi batean, lurzatien egitura atomizatu baten bitartez, ureztalurren paisaia tradizionala osatzen duena. Aldaketak ez du ingurumen aldetik ukipen nabarmenik sortuko, baina, proposatu den bezala aplikatzeak paisaian izan dezakeen eragina dela-eta, prebentzio neurri batzuk aplikatzea eskatzen du, espazioaren okupazio masiboa gerta ez dadin, baita arriskuei aurrea hartzeko neurriak ere, batez ere produktibitate handiko lurzoruetan, eremu horiek baitira urak hartzeko arrisku handiena dutenak eta lehentasunezko fluxua dutenak. Ildo horretan, Biodibertsitatearen Zerbitzuak ingurumen ebaluazioaren prozeduraren berri eman du, eta aldeko txostena eman du, neurri horiek sartzearen baldintzapean.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Lodosako Arau Subsidiarioen aldaketa egituratzaile bati buruz, ez baitu ondorio nabarmenik sortzen ingurumenean. Lodosako Udala da aldaketaren sustatzailea.

2. Aldaketa honen ondorioak paisaian integratzeko eta nekazaritzako lurrak zaintzeko, neurri zehatz batzuk hartu behar dira tradiziozko ureztalurrak homogeneizatzea eta jalkinez betetzea eta lurzorua zigilatzea saihesteko. Eta urak hartzeko arriskuari eta lehentasunezko fluxuaren zonari dagokienez, neurriak hartuko dira saihesteko itxiturek uraren igarobidea oztopatzea, produktibitate handiko lurzoruetan dauden arrisku baldintzak aldatuz.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Hirigintza Atalari eta Lodosako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2112865