214. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

195E/2021 EBAZPENA, abuztuaren 11koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio proiektu honi: 13,2 kV-eko erdi tentsioko lurpeko linearen saihesbidea “Caparroso-Santakara” zirkuituan, 153. euskarritik Baratas transformazio zentrora. Proiektua Santakarako udal mugartean dago, eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da haren sustatzailea.

Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-ukipenetarako baimena lortzeko eskaera Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta izanen dituela uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioak (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Proiektaturiko jarduketaren helburua da lurpeko bihurtzea “Caparroso-Santakara” zirkuituko aireko linea, 153. euskarritik 158.era doan zatian. Horretarako, egungo 153. euskarriaren ordez, saretazko beste euskarri bat jarriko da linearen bukaeran, eta lurpeko linea berri bat jarriko da Baratas Santakara transformazio zentroraino. Proiektuaren lehen zatia soilik egonen da lurzoru urbanizaezinean (153. euskarria eta lurpeko linearen 25 metro inguru barne). Jarduketak lurzoru urbanizaezinean ukitzen duen zatia baino ez du babesten baimen honek.

152. eta 153. euskarrien arteko baoaren egungo trazadurari eutsiko zaio, baina linearen amaierako euskarri berria jarriko da 153.ean, C2000-12E motakoa, Santakarako 7. poligonoko 460. lurzatian. Euskarri horrek ebakigailuak erabiltzeko elementuak izanen ditu. Hortik, lurpeko lineak iparralderantz eginen du, eta euri urak husteko herriguneko ubide naturala zeharkatuko (aire zabaleko zanga baten bidez). Jarraian, hiri-lurzoruan sartuko da.

Orobat, instalazioaren zati bat desmuntatuko da, 153. eta 158. euskarrien artean dagoena, hain zuzen (bost bao ditu eta hormigoi dardaratuzko bost euskarri, HV motakoak), eta 155. euskarriaren eta Santakarako transformazio zentroaren arteko baoa desmuntatuko da, hemendik aurrera behe tentsiokoa izanen baita.

Espedientean Santakarako Udalaren aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: 13,2 kV-eko erdi tentsioko lurpeko linearen saihesbidea egitea “Caparroso-Santakara” zirkuituan, 153. euskarritik Baratas transformazio zentrora. Proiektua Santakarako udal mugartean dago, eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da haren sustatzailea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Jarduketak lurzoru urbanizaezinean ukitzen duen zatia baizik ez du babesten baimen honek, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta ebazpen honetan ezartzen diren determinazioei jarraikiz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioko edo azpiegiturako elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

Ingurumen arlokoak:

–1432/2008 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharrez, proiektuan hegaztiak babesteko jaso diren neurriak beteko dira. Orobat, lurpeko lineara jaisten den euskarrian erabat isolatuko dira lineako eroaleak lotzen dituzten zubiak, baita ebakigailuak eta autobalbulak ere. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Autobalbula-tximistorratzak, gainera, BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

–Ahalegina eginen da zuhaitz enborrik ez mozteko. Hori saihestea ezinezkoa bada, aldez aurretik ohartarazi beharko zaio barrutiko Ingurumena Zaintzeko Taldeari. Adarren bat ebaki behar bada, ebaki garbiak eginen dira, hausturarik eragin gabe.

–Obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Horretarako, lur naturalean zanga irekitzeko lanen hasieran, landare lurreko geruza kenduko da; lur hori gainerako hondeaketa lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean. Gero, larreko espeziak ereinen dira eskuz.

–Zerbitzutik kanpo geratzen diren azpiegitura guztiak (euskarriak barne) kendu beharko dira.

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera, eta abar), mezu elektronikoa bidaliko dio Tafalla-Zangoza barrutiari (gmatafalla@navarra.es).

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Santakarako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 11n.–Naturaguneen eta Espezie Babestuen Ataleko burua, María Carmen Areta Cebrián, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria ordezkatuz, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 291E/2019 Ebazpenaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F2112443