21. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 28a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

3/2021 FORU AGINDUA, urtarrilaren 26koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baitira Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduan ezarritako neurriak eta beren aldaketak. Foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri aparteko gehiago ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz; abenduaren 30era arteko indarraldia eman zien foru aginduak, egun hori barne. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak judizialki baimendu zuen foru agindu hori, abenduaren 15ean emandako 189/2020 Autoaren bidez.

Era berean, Osasuneko kontseilariaren abenduaren 28ko 64/2020 Foru Aginduaren bitartez luzatu ziren, baldintza berberetan, abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduan ezarritako neurriak. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak abenduaren 29ko 205/2020 Autoaren bidez. Gerora, Osasuneko kontseilariaren urtarrilaren 13ko 1/2021 Foru Aginduaren bitartez, berriro luzatu zen, aldaketa puntual batzuk eginda. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak judizialki berretsi zuen foru agindu hori, urtarrilaren 14ko 3/2021 Autoaren bidez; neurri guztiak berretsi zituen, salbu terrazetan erretzeko debekua.

Osasuneko kontseilariaren urtarrilaren 20ko 2/2020 Foru Aginduaren bidez Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Agindua aldatu zen. Foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren, ostalaritzan eta jatetxeetan, Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak urtarrilaren 21eko 8/2021 Autoaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenean eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren txostenean justifikatzen da, arrazoi epidemiologikoak eta laguntzakoak tarteko direla, osasun arloan hartutako prebentzio neurri apartekoak luzatzea. Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz. Zehatz esanda, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, azaroaren 30etik abenduaren 27ra arte metatutako intzidentzia egonkorra izan da: 95 kasu ingurukoa 100.000 biztanleko. Hala ere, joera hori urteko azken astean hautsi zen, aste horretan kasuak %34 emendatu zirelako, eta metatutako intzidentzia 123 kasu 100.000 biztanleko izatera iritsi zen. Aste horretatik aurrera, 7 egunetara metatutako intzidentziak goranzko joera eduki du, datu hauekin: 169, 218 eta 249 kasu 100.000 biztanleko urtarrilaren 4-10, 11-17 eta 18-25 asteetan, hurrenez hurren, azken aste horretan goranzko malda pixka bat leunagoa izan den arren. Horren eraginez, transmisio mailaren adierazleak arrisku maila oso altuan daude.

Aipatu txostenaren arabera, 14 eta 7 egunetara metatutako intzidentzian islatzen diren gaixotasunaren transmisioaren adierazle epidemiologikoak arrisku maila oso altuan daude, bai populazio osorako, bai 64 urte baino gehiago daukatenentzako, eta goranzko joeran daude, gainera. Aste honetan, SARS-CoV-2aren zirkulazioa maila ertainekoa da intentsitateari dagokionez, eta maila handikoa larritasunari dagokionez; joera, gainera, goranzkoa da. SARS-CoV-2arengatik baieztatutako kasuen intzidentziak gora egin du pixka bat.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren txostenaren arabera, urtarrilaren 18tik Nafarroako ospitale-sarean SARS-CoV-2 infekzioarekin ospitalizazio arruntean eta etxeko ospitalizazioan dauden pertsonen kopurua nabarmen igo da, eta 117 izatetik 182 izatera pasatu dira. Urtarrilaren 24an, ospitaleratutako 182 pertsonetatik, 157 ospitalizazio arruntean zeuden, eta 25 etxeko ospitalizazioan.

Abenduaren 28ko astetik hasi dira emendatzen ospitaleko larrialdiak. Urtarrilaren 18ko astean SARS-CoV-2 infekzioarekin ospitaleratutakoak 210 izan ziren. Horrek esan nahi du, abenduaren 21eko astearekin alderaturik, %128,26ko igoera izan dela. Urtarrilaren 18ko astean, COVID-19ak jotako 20 pertsona ZIUn sartu behar izan ziren, eta 7 alta baino ez ziren izan arrazoi horregatik.

Nafarroako ZIUetan COVID-19a edukitzeagatik zeuden gaixoak 14 ziren urtarrilaren 17an, eta 27 urtarrilaren 24an. Beraz, bikoiztu egin dira, ia-ia, eta batez beste hiru gaixo sartu dira ZIUn egun bakoitzeko.

Laburbilduz, azken lau asteetan nabarmen geratzen ari da badagoela gehikuntza esanguratsu eta azkar bat infektatutako pertsonen kopuruari dagokionez; berdin gertatzen ari da egindako proba diagnostikoen positibotasun portzentajearekin eta SARS-CoV-2ak infektatutako pertsonei ospitaleko larrialdietan eman beharreko arretarekin. Azkenik, ospitalizazio arruntak eta etxeko ospitalizazioak ere emendatzen ari dira. Azken astean, ospitaleetan izaten ari den oihartzuna nabarmen handiagotu da.

Horregatik, eta joan diren hilabeteetako irakaspena kontuan hartuz, beharrezkoa da erabakiak agudo hartzea, arreta-sistemak COVID-19a duten eta ez duten eriei arreta emateko gaitasuna gal ez dezan; hori horrela, bidezkoa da luzatzea, baldintza berdinetan, Osasun kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Agindu horren bidez hartu ziren berariazko prebentzio neurri apartekoak eta beren aldaketak Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Foru agindu honetan adierazitako neurriek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Luzatzea Osasuneko kontseilariak abenduaren 14an emandako 63/2020 Foru Aginduan hartutako neurriak, baldintza berdinetan (foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen dira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz), baita ondoren, Osasun kontseilariaren urtarrilaren 13ko 1/2021 Foru Aginduaren bidez eta urtarrilaren 20ko 2/2021 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren aldaketak ere.

Bigarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2021eko urtarrilaren 29tik otsailaren 11ra bitarte, egun biak barne, eta, uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Hirugarrena.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, berrespen judiziala lortzeko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Departamentuko Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Laugarrena.–Foru agindu honek 2021eko urtarrilaren 29n hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 26an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2101185