209. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

22/2021 FORU AGINDUA, abuztuaren 2koa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez garatzen baita apirilaren 14ko 27/2021 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra sortzen duena.

Apirilaren 14ko 27/2021 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra sortzen duenak, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumako 106. legean ezarritakoa betez, ezartzen du agiri publikoaren bidez eratutako bikote egonkorrek izena ematen ahalko dutela erregistro horretan, publikotasunaren eta frogaren alorretako ondorioak izan ditzan.

Aipatutako foru dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak hauxe dio: “Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren esparruan berean sustatuko du eta, hala behar denean, lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu, bikote egonkorra agiri publikoaren bidez eratzea eta hura arautzen duten hitzarmenak ematea herritar guztien esku egon daitezen”.

Apirilaren 14ko 27/2021 Foru Dekretua garatzen duen foru agindu honen helburua da zehaztea zer agiri publiko inskribatzen ahalko diren Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean eta, horrekin bat, bermatzea bikote egonkorraren eraketa herritarrek eskuragarri izanen dutela.

Horiek horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra sortzen duen apirilaren 14ko 27/2021 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenean ezarritakoarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra sortzen duen apirilaren 14ko 27/2021 Foru Dekretua garatzea, eta erregistro horretan zer agiri publiko inskriba daitezkeen ezartzea.

2. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean inskriba daitezkeen agiri publikoak.

Notario-eskritura publikoaz gainera, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean inskribatzeko modukoak izanen dira agiri publiko hauek:

1. Administrazioek gaitutako langile publikoaren aurrean formalizatutako agiria. Lankidetza-hitzarmena sinatuko da administrazio horiekin, Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra sortzen duen apirilaren 14ko 27/2021 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritako terminoetan.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarraren arduradunaren aurrean formalizatutako agiria.

3. artikulua. Erregistroan inskribatzeko modukoak diren agiri publikoak formalizatzeko betebeharrak.

1. Adinez nagusiek eta adingabe emantzipatuek Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean inskribatzeko modukoa den bikote egonkorra eratzeko agiri publikoa formaliza dezakete, baldin eta baliozko adostasuna emateko aski gaitasun badute eta ez badute Foru Berrian adierazitako debeku-kausaren bat eta Foru Komunitateko udalerrietako edozeinetan erroldatuta badaude edo, egon gabe, Nafarroako herritartasun zibila badute.

2. Bikote egonkor bat eratzeko edo azkentzeko agiriak ordezkaritzan eman ahal izanen dira; ordezkaritza hori egiaztatu beharko da, notariotzaren titularrak edo langile eskudunak legeztatutako sinadura duen notario-ahalorde baten edo idazki pribatu baten bidez. Horretarako, erregistroko arduradunak kasuan kasuko administrazio publiko eskudunen laguntza eskatuko du askatasunaz gabetuta daudelako, zaurgarritasun egoeran daudelako, edo mugikortasuna aldi baterako edo modu iraunkorrean mugatuta dutelako tramitea beren kabuz egin ezin dutenek eskubide hori gauzatu ahal izan dezaten.

4. artikulua. Dokumentazioa igortzea Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrera.

1. Notariotza bulegoek bitarteko elektronikoen bidez bidaliko dituzte eskritura publiko batean bikote egonkorra eratzeko asmoa erakutsi dutenen inskripzio-eskaerak eta inskripzioak arautzen dituzten hitzarmenak, apirilaren 14ko 27/2021 Foru Dekretuaren 12.2 artikuluan ezarritako moduan. Foru dekretu horren bidez sortu eta arautu zen Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra.

2. Beste administrazio batean gaitutako enplegatu publikoaren aurrean eratutako bikotea inskribatzeko eskaerak, bikoteak sinatutako itun arautzaileak, dokumentu publikoan formalizatutako bikotearen azkentzea eta erregistroan baja emateko eskaerak Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrera igortzeko aukera hitzarmen bidez arautuko da. Eskabide horiek bitarteko elektronikoen bidez bidaliko dira, 27/2021 Foru Dekretuak kasu bakoitzean eskatzen duen dokumentazioarekin batera, eta egiaztatu beharko da bikotea osatzen duten pertsonek berariaz eskatuta egiten dela bidalketa.

5. artikulua. Bikote egonkorreko kideek edo bikotekide batek beren borondatez bikotearen azkentzea inskribatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra sortzen duen apirilaren 14ko 27/2021 Foru Dekretuaren 19. artikuluan aipatzen den agerraldia Erregistroko arduradunaren edo hark eskuordetutako pertsonaren aurrean eginen da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Foru aginduaren aplikazioa.

Justizia Zuzendaritza Nagusiko titularrari ahalmena ematen zaio egintzak eta jarraibideak emateko foru agindu hau behar bezala aplika dadin.

Bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 2an.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

Iragarkiaren kodea: F2112174