206. ALDIZKARIA - 2021eko irailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

52/2021 FORU DEKRETUA, ekainaren 23koa, Nafarroako Foru Komunitatean Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

1

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren VI. kapituluan jaso dira arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketak, eta ezartzen da ikasketa horiek, lanbide heziketakoen antzera, erdi eta goi mailako zikloetan antolatuko direla, modulutan egituratuta. Era berean, adierazten du ikasketa horien xede nagusia dela ikasleei kalitateko prestakuntza artistikoa ematea, arte plastikoen eta diseinuaren arloko etorkizuneko profesionalen kualifikazioa bermatuko duena.

Foru dekretu honen bitartez, Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen goi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezartzen dira. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz, honako curriculum honek urriaren 11ko 1427/2012 Errege Dekretua garatzen du, hain zuzen ere Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua ezarri eta haren gutxieneko ikasketak onetsi zituen dekretua, arte plastikoen eta diseinuaren arloko lanbide ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 13. artikulua aplikatuz onetsi ere.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitatean arte plastikoen eta diseinuaren arloko lanbide ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituen abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuak arte plastikoetako eta diseinuko lanbide tituluetako curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, ikasketen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.

Horregatik, Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, kontuan hartu dira aipatutako abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuan onetsi diren diseinurako jarraibideak.

2

Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide-erreferentea, curriculuma, irakaskuntzen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ezarpenerako baldintzak.

Titulu honen lanbide-erreferenteak, arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen denak, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide-profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide-profilaren barnean, gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta hura zehazten duten lanbide-gaitasunak zein diren.

Produkzio sistemari dagokionez, zenbait ohar ezartzen dira tituludun hauek beren lanean eta lanbidean izanen duten inguruneari buruz. Ingurune hori hauek osatzen dute: goi mailako teknikariak zein lanbide esparrutan beteko duen bere lana, zein produkzio sektoretan arituko den eta zein diren bete ditzakeen zeregin eta lanpostu nagusiak.

3

4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, titulu honen helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Iraupenaren definizioari dagokionez, bi irizpide erabiltzen dira: orduen kopurua eta Europako kredituen kopurua (ECTS). Lehenbizikoa interesgarria da prestakuntza jarduera antolatzeko, eta bigarrena irizpide estrategikoa da, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren barneko mugikortasunarekin zerikusia duena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atal bat. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta irakatsi eta ikasteko jarduerei dagozkie.

4

Arau honen eremuan, moduluen erreferentziako sekuentziazioa arautzen da zikloaren bi ikasmailetan, eta lanbide modulu bakoitza prestakuntza unitatetan banatzen da. Banaketa horri esker, langileak trebatzeko lanbide heziketako beste eskaintza batzuk egin daitezke. Elementu hori 5. artikuluan eta 3. eranskinean garatzen da.

5

6. artikuluan, Proiektu Integratuaren lanbide modulua garatzeko oinarrizko jarraibideak arautzen dira.

6

Sarbideei, baliozkotzeei eta salbuespenei dagokienez, 7. artikuluak arautzen ditu heziketa ziklo honetara sartzeko bideak, 8. artikuluak zehazten du nola igaro daitekeen beste ikasketa batzuetara Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluko heziketa zikloa amaitu eta gero, eta 9. artikuluak baliozkotzeak eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du (4. eta 5. eranskinetan garatua).

7

Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 6. eranskinean deskribatzen da, heziketa ziklo hau ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko ekainaren hogeita hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat, honako hau

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori komunikazio grafikoaren eta ikus-entzunezkoaren arteetako lanbide arlokoa da.

2. artikulua. Identifikazioa.

Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua elementu hauen bidez identifikatzen da:

a) Izena: Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikaria.

b) Maila: Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketen goi mailako gradua.

c) Iraupena: 2.000 ordu.

d) Lanbide arlo artistikoa: komunikazio grafikoa eta ikus-entzunezkoa.

e) Europako erreferentea: ISNI - 5b (Irakaskuntzaren Sailkapen Normalizatu Internazionala).

3. artikulua. Lanbide-erreferentea eta lanbide jarduera.

Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide-profila, gaitasun orokorra, lanbide-gaitasunak eta produkzio sistemaren erreferentzia, abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dira.

4. artikulua. Curriculuma.

1. Animazioko heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean ageri dira.

2. Ziklo hau ematen duten arte eskolek zikloa osatzen duten ikasketen lanbide modulu bakoitzerako programazio didaktiko bat prestatuko dute. Programazioaren zehaztapena hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.

5. artikulua. Lanbide moduluak eta prestakuntza unitateak.

1. Heziketa ziklo hau osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2.B) eranskinean garatzen dira, Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua ezarri eta haren gutxieneko ikasketak onetsi zituen urriaren 11ko 1427/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko 4. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Lanbide modulu horiek bi ikasmailatan antolatuko dira, foru dekretu honen 2.B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Abuztuaren 9ko 44/2010 Foru Dekretuaren 14. artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da edozein aldaketa egiteko.

3. Lanbide moduluak foru dekretu honen 3. eranskinean ezarritako prestakuntza unitateetan antolaturik ematen ahalko dira, bizitzan zeharreko prestakuntza sustatze aldera. Lanbide modulu bakoitza osatzen duten prestakuntza unitateen edukietan modulu horretako eduki guztiak bildu behar dira.

4. Prestakuntza unitate bakoitzaren ziurtagiriak Nafarroako Foru Komunitatean soilik izanen du balioa. Modulu bereko prestakuntza unitate guztiak gaindituz gero, ikasleak lanbide moduluaren ziurtagiria lortuko du. Ziurtagiri horrek Espainiako estatu osoan izanen du balioa, betiere heziketa zikloan sartzeko baldintza akademikoak betetzen badira.

6. artikulua. Proiektu Integratuaren modulua.

1. Proiektu Integratuaren modulua curriculumean ezarritako helburu, eduki eta ebaluazio irizpideetan oinarrituko da, eta xede izanen du ikaslea gai izatea ikus-entzunezko animazioaren lanbide arloko ezagutza, trebetasun eta gaitasun berariazkoak integratzeko, aplikatzeko eta balioesteko.

2. Proiektu Integratuaren modulua goi mailako zikloaren bigarren ikasmailan eginen da, oro har, prestakuntzaldiaren bukaeran. Proiektu Integratua egiteko beharrezkoak diren ikastetxeko instalazioak eta baliabide tekniko eta teknologikoak erabiliko ditu, ikastetxeko gainerako ikastaldeen irakas jarduna oztopatzen ez badute bederen.

3. Proiektu Integratuaren modulua egiteko aldiko ordutegia eta moduluen banaketa heziketa zikloaren ordutegian ageri dena izanen da, eta zikloko irakasleek ordutegi horretan hartuko dituzte ikasleak. Dena dela, Hezkuntza Departamentuak, ikastetxeek aurretik eskatuz gero, irakastaldi horretarako beste modulu sekuentziazio bat onartu edo baimendu dezake.

4. Proiektu Integratuaren modulua heziketa zikloko gainerako moduluak gainditutakoan ebaluatuko da.

5. Proiektu Integratua irakasteko lana esleitua duen irakaslea Proiektu Integratuko irakasle koordinatzailea izanen da, eta heziketa zikloan eskolak ematen dituzten irakasleen laguntza izanen du Proiektu Integratua egiteko aldian ikasleekin banakako tutoretzak egiteko.

6. Proiektu Integratuaren modulua honako hauek egindako proposamenetatik abiaturik gauzatuko da:

–Proiektu Integratuaren irakasle koordinatzailea eta/edo ikasmailako irakasleak.

–Ikaslea bera, irakasle taldeak onesten badu.

–Enpresa, estudio, lantegi edo erakunde laguntzaile bat.

7. Ikasleek bigarren ikasmailako irakasleen aurrean aurkeztu eta defendatu beharko dituzte beren proiektu integratuak, eta, jarraian, irakasle horiek baloratu eta kalifikatuko dituzte. Behar den departamentu didaktikoak, ebaluazioaren indarreko araudiaren arabera, leudekeen erreklamazioak hartuko dituzte, lehen kalifikazioan parte hartu zuten irakasleak kenduta.

8. Ikasleek aurkeztutako proiektu integratuek atal hauek izanen dituzte:

a) Proiektua: proiektuko etapak, zehaztapenak, baldintzak eta dokumentazio grafikoa aztertuko dira. Era berean, etapetan egindako kalitate kontrola egiaztatuko da.

b) Amaitutako produktua, proposatutako Proiektu Integratua gauzatzearen ondorioz sortutakoa.

c) Proiektuaren komunikazioa, aurkezpena eta defentsa.

9. Artikulu honetan arautu gabe geratu diren proiektu integratuaren alderdiak Hezkuntza Departamentuak ebaluazioaren araudian eta dagokion ikasturtean ezarritako jarraibideen arabera arautuko dira.

7. artikulua. Heziketa zikloan sartzeko bideak.

Foru dekretu honetan arautzen den heziketa zikloan sartzeko, Arte Plastikoen eta Diseinuaren arloko lanbide ikasketen antolamendu orokorra ezartzen duen maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

8. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara igarotzea.

1. Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluak bide ematen du erdi edo goi mailako beste edozein heziketa ziklotan zuzenean sartzeko, ezartzen diren onarpen baldintzak betez gero, eta maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako kasuetan berariazko probaz salbuetsirik.

2. Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluak bide ematen du Diseinuko, Arte Plastikoetako eta Kultur Ondasunen Kontserbazio eta Zaharberritzeko goi mailako arte ikasketetan zuzenean sartzeko.

3. Unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetan sartu nahi duten Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariei ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuko zaie (errege dekretu horrek unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetan ikasleak onartzeko prozeduren oinarrizko araudia ezartzen du).

4. Goi mailako hezkuntzako irakaskuntzetako tituluen eta Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari tituluaren arteko kredituak onartzeko, goi mailako hezkuntzaren esparruan ikasketak onartzeari buruzko azaroaren 14ko 1618/2011 Errege Dekretuari jarraituko zaio, salbu eta irakaskuntza berberetako ikasketen edo irakaskuntza desberdinetako goi mailako teknikarien ikasketen arteko baliozkotzea edo onarpena egiteko, kasu horiek beren araudi berariazkoari jarraituko baitiote.

5. Urriaren 11ko 1427/2012 Errege Dekretuaren 6.5 artikuluarekin bat, baliozkotzeen araubidea errazteko asmoz, 120 ECTS kreditu esleitu zaizkie foru dekretu honetan ezarritako ikasketei, heziketa zikloko lanbide moduluen artean banaturik.

9. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak.

1. Foru dekretu honetan arautzen den animazioko heziketa zikloko moduluak baliozkotzen ahalko dira Komunikazio Grafikoaren eta Ikus-entzunezko Komunikazioaren lanbide arloko heziketa zikloetako moduluekin, 4.a) eranskinean xedatutakoarekin bat.

2. Foru dekretu honetan arautzen den animazioko heziketa zikloko moduluak baliozkotzen ahalko dira Diseinu Grafikoaren lanbide arloko heziketa zikloetako moduluekin (irailaren 1eko 1456/1995 Errege Dekretuan daude araututa), 4. a) eranskinean xedatutakoarekin bat.

3. Lanerako Prestakuntza eta Orientabideetako lanbide modulua baliozkotuko da, baldin eta arte plastikoetako eta diseinuko heziketa ziklo bat gainditu bada.

4. Arau honetan aipatzen diren baliozkotzeak ikastetxe publikoko zuzendaritzak onartuko ditu, ikasleak zein ikastetxetan dauden eskolaturik hangoek, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen baliozkotzeen oinarrizko araudian ezarritako prozeduraren eta betebeharren arabera.

5. Maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat, lan jardunarekin bat etortzeagatik salbuets daitezkeen Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloko prestakuntza moduluak 5. eranskinean daude zehaztuta.

6. Enpresa, estudio edo lantegietan bete beharreko prestakuntzaldi praktikoaz osorik edo zati batean salbuesten ahalko da ikaslea, baldin eta frogatzen badu urtebeteko lan esperientzia duela, gutxienez, foru dekretu honetan araututako heziketa zikloarekin zerikusi zuzena duen lanbide arlo batean. Horretarako, laneko esperientzia zer enpresa edo erakundetan eskuratu duen, haren ziurtagiria aurkeztu beharko du, datu hauek berariaz adierazita: kontratuaren iraupena, egindako jarduera eta zenbat denbora egin duen lan horretan. Beren kontura jardun duten langileek zergapekoen erroldan egotearen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

7. Proiektu Integratuaren modulua ez da baliozkotuko ez eta salbuespenaren xede izanen ere, haren helburua baita espezialitatearen ezagutza, trebetasun eta gaitasun berariazkoak bateratzea, kasuan kasuko ikasketa mailarako egokia den proiektu bat gauzatuz.

10. artikulua. Irakasleak.

Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean aritzea Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasleen eta lantegiko maisu-maistren kidegoetako irakasleei dagokie (foru dekretu honen 6. eranskinean ezarritako espezialitateetakoak izan behar dute).

11. artikulua. Espazioak eta ekipamenduak.

1. Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloa ematen duten ikastetxeek martxoaren 15eko 303/2010 Errege Dekretuak instalazioen eta baldintza materialen gainean ezarritako betebeharrak beteko dituzte, gutxienez.

2. Espazioek azalera nahikoa eta behar dena izanen dute, haietako bakoitzean ematen den lanbide moduluetako ikaskuntza emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak egin ahal izateko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Prestakuntza espazioaren azalera zehazteko, kontuan hartuko da zenbat lagunentzat den. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza eta ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.

b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko instrumentu lagungarrietarako nahikoa leku izanen da.

c) Martxan dauden makinek eta tresnek behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak eta gainerako arau aplikagarriak beteko dira.

3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte prestakuntza espazioak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.

4. Prestakuntza espazioek ez dute nahitaez itxituren bidez bereizirik egon behar.

5. Espazio bakoitzean, behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ekipamenduak (tresnak, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.

b) Ekipamenduaren kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, aipatu espazioetan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak kontuan izanik.

6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da espazio eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen, modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak gauzatzeko, eta ikasketen eboluzioak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, hala bermatuko baita ikasketen kalitatea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Tituluaren erreferentzia, Europako esparruan.

Kualifikazioen Espainiako esparrua Europako gomendioei jarraikiz eratu ondoren, titulazio hauei Espainiako esparruan dagokien maila finkatuko da, baita Europako esparruan dagokien baliokidea ere.

Bigarren xedapen gehigarria.–Lanbidean jardutea.

I. eranskinean jasorik dauden lanbide-profilen deskribapenek ez dute arautzen ezein lanbide titulaturen jardunik, eta, edonola ere, dekretu honen testuinguruan ulertuko dira, indarrean dagoen legeriak titulatutako lanbideei loturiko lanbide jardunaren esparrua betez.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Irisgarritasun unibertsala, Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloko ikasketetan.

1. Hezkuntza administrazioek, beren eskumenen esparruan, behar diren elementuak sartuko dituzte Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloaren curriculumean, ikasleek curriculumeko gaitasunak «pertsona guztientzako diseinua»rekin bat lantzen dituztela bermatzeko.

2. Era berean, administrazio horiek beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak hartuko dituzte ikasle horiek arte ikasketa profesional horietara sartu, eta egin ahal izan ditzaten, indarreko araudian ezarritako baldintzen arabera.

Laugarren xedapen gehigarria.–Genero neutraltasuna.

Erregelamendu honen gaztelaniazko bertsioan erabiltzen den terminologian, batzuetan, maskulinoa erabiltzen da, baina ulertuko da ez dela inolako bazterketarik egiten, baizik hizkuntza ekonomiagatik eta testuak sinplifikatzeko egin dela horrela; beraz, generoari dagokionez testu neutroa da osotasunean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Ezarpena.

Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2021-2022 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den tituluaren lehen ikasmaila.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko ekainaren 23an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Deskargatu curriculum honen dokumentu osoa PDFn:

Animazioko Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua.

Iragarkiaren kodea: F2110105