204. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

119/2021 FORU AGINDUA, abuztuaren 25ekoa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez dokumentuak aurkezteko NAN-PIN sistema desaktibatzen duena.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren apirilaren 12ko 57/2017 Foru Aginduaren bidez, NAN-PIN sistema ezarri zen, erregistro orokor elektronikoaren bidez dokumentuak aurkezteko.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 9.2 artikuluaren arabera, honako hauek dira interesdunek administrazio publikoen aurrean beren burua identifikatzeko dauzkaten sistemak:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko kualifikatuetan oinarritutako sistemak; ziurtagiri horiek izan beharko dute “Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako” emaileek emanak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko kualifikatuetan oinarritutako sistemak; ziurtagiri horiek izan beharko dute “Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako” emaileek emanak.

c) Gako itunduko sistemak eta administrazio publikoek ontzat ematen duten beste edozein, ezartzen diren erabilera-arauekin, baldin eta aldez aurretik aukera ematen badiote erabiltzaileari bere burua erregistratzeko, identifikatu ahal izan dadin. Beharrezkoa da, halaber, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioko Administrazio Digitaleko Idazkaritza Nagusiaren baimena, zeina bakarrik ukatzen ahal baita segurtasun publikoaren arrazoiengatik (aldez aurretik Barne Arazoetako Ministerioko Estatu-idazkaritzak txosten loteslea eginda). Baimena hiru hilabeteko epean eman behar da, gehienez ere. Estatuko Administrazio Orokorrak epearen barruan ebazteko duen betebeharraren kalterik gabe, baimen-eskaera ebazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Administrazio publikoek bermatu behar dute a) eta b) letretan ezartzen diren sistemetako bat erabiltzea posiblea izanen dela prozedura guztietan, prozedura horretarako bererako c) letran aurreikusten direnetakoren bat onartzen den arren.

Bere aldetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 113. artikuluak biltzen ditu identifikazio elektronikoko sistemak, eta ezartzen du oinarrizko araudian ezarritako interesdunen identifikazio sistemak erabiliko dituela, araudian aurreikusitako moduan, eta beste edozein sistema, zeina, oinarrizko araudian aurreikusitako betekizunak beteta, Nafarroako Gobernuaren erabakiz onetsiko den, administrazio elektronikoaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularrak proposaturik.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, bitarteko telematikoen bidez zerbitzuak ematean, hainbat bitarteko erabiltzen ditu bere organismoen aurrean identitatea egiaztatzeko. Bitarteko horietako bat NAN-PIN sistema da, pertsona fisikoen eta juridikoen identitatea egiaztatzen baitu.

Administrazio honen betebeharren artean dago zerbitzu telematiko horiek ematea, teknologia eta antolaketa baliabideak erabiliz segurtasun arloan indarrean dagoen legeria betetzen dela bermatzeko moduan.

Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak adierazten duenez, NAN-PIN identifikazio sistemaren ezaugarriak barnean ebaluatu dira, baldintza horiek bermatzeko helburuarekin. Azterketa hori Intranet Korporatiboko eta Interneteko sarbide-inguruneetatik egin da, erabilera kasu nagusiak kontuan hartuta.

Azterketaren ondorioa izan da sistemak muga batzuk dituela, batzuk diseinuaren ondorioz (esaterako, autentifikatzeko faktore bikoitzaren falta) eta beste batzuk egun sistemari eusten dioten teknologien ahulezien ondorioz.

Gainera, azken urteetan sistemari egindako zenbait eraso informatiko atzeman dira, aipatu ahulezia horiek aprobetxatuz egindakoak. Egoera horiei konponbidea aurkitzeko, sistemaren operazio, mantenu eta eboluzioa hobetu da, eta adabakiak garatu dira.

Irtenbide erabatekoa lortzeko beharrezkoa izanen litzateke sistema berriz diseinatzea, guztiz, segurtasun araudia betetzen dela bermatzeko. Maila horretan berriz diseinatzea, berez, identifikazio sistema berri bat sortzearen pare litzateke.

Identifikazio sistema berri bat garatzearen aukera gisa, baloratzen ari da Nafarroako Gobernuak ematen dituen zerbitzu telematikoetan beste identifikazio sistema batzuk erabiltzea, beste organismo publiko batzuek eskaintzen dituztenak.

Balorazio hori egiteko, efizientzia irizpideak eta administrazioen arteko baliabideen erabilera partekatua hartzen dira kontuan, baita indarreko legea betetzea ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoari jarraituz.

Aipatu txostenak, bukatzeko, esaten du ezen, hiritarren eskubideak, administrazio honek zerbitzua emateko gaitasuna eta indarreko legea betetzea bermatuko dituen identifikazio sistema bat modu eraginkor eta efizientean eskaintzeko erabiltzen ahalko ziren bide teknologikoak aztertu eta gero, erabaki dela Nafarroako Gobernuaren zerbitzu telematikoak bateragarriak egin behar direla, ahal den guztietan, Cl@ve sinaduran eta ziurtagiri elektronikoan oinarritzen diren identifikazio sistemekin. Gainera, erabaki da NAN-PIN identifikazio sistema Nafarroako Gobernuaren zerbitzu telematikoetatik kenduz joanen dela, poliki-poliki.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuaren 2021eko martxoaren 3ko Erabakiaren bidez, aitortu da “Cl@ve” identifikazio sistema, Estatuko Administrazio Sektore Publiko osorako identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoarena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak tramitatzen dituen administrazio prozeduretan interesdun direnen identifikazio eta sinadura sistema dela, eta gomendatzen da sistema hori erabiltzea bere eskumeneko administrazio prozedura guztietan, horien gaineko araudiekin bat.

Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiak, aipatu txostena aintzat harturik, eta kontuan harturik halaber Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez tratatzen diren datu pertsonalak babestu behar direla, planteatzen du NAN-PIN identifikazio sistema desaktibatzea Erregistro Orokor Elektronikoan identifikatzeko. Ez da ahaztu behar NAN-PIN identifikazio sistema Foru Ogasunak kudeatzen duen sistema bat dela, eta erakunde autonomo hori da, hain zuzen, sistema hori kentzeko beharra mahaigaineratu duena, haren segurtasun falta dela eta.

Beraz, NAN-PIN identifikazio sistema gisa erabiltzeak dauzkan arriskuak saihesteko, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barruan burutzen ari den ekimen orokorraren barruan, proposatzen da NAN-PIN identifikazio sistema desaktibatzea Erregistro Orokor Elektronikoan identifikatzeko.

Administrazioarekin bide telematikotik harremanetan jarri nahi edo behar diren pertsona fisikoek edo pertsona juridikoek ziurtagiri elektronikoa eta Cl@ve sinadura identifikazio sistemak erabiliko dituzte. Izan ere, Nafarroako Gobernuak kanpaina bat abiatu du hiritarrei laguntzeko sistema hori lortzen, eta modu telematikoan edo presentzialean lortzen ahal da.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. NAN-PIN sistema desaktibatzea, dokumentuak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezteko. 2021eko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Gobernuko departamentu guztietako idazkaritza tekniko nagusietara eta Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusira.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 25ean.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2112986