204. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

117E/2021 EBAZPENA, abuztuaren 18koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntza honen deialdia: “Merkataritzako ferietan parte hartzeko laguntzak, nekazaritzako elikagaiekin, “de minimis” araubidearen barruan. 2021eko deialdia”. DDBN identifikazioa: 580342.

Nafarroan asko dira nekazaritzako elikagai bereizien operadoreak, zeinek Europaren aitortza baitute: hamar jatorri deitura babestu (Lodosako pikillo piperra, Erronkari gazta, Idiazabal gazta, Nafarroa ardoa, lur-eremuko ardoen hiru jatorri deitura babestu, Nafarroako olioa, Errioxa ardoa eta Cava), zazpi adierazpen geografiko babestu (Nafarroako zainzuria, Tuterako orburua, Nafarroako aratxea, Nafarroako arkumea, Nafarroako patxarana, “3 Erribera” lurraldeko ardoa eta Queilesko Erribera) eta urdaiazpiko onduaren berezitasun tradizional bermatua, ekoizpen sistema ekologikoaz gain. Orobat, beste operadore batzuk daude Nafarroako Foru Komunitateko arau batek emandako aintzatespena duten nekazaritzako elikagaien arloan: Nafarroako Elikagai Artisauak, Nafarroako Ekoizpen Integratua eta Reyno Gourmet berme-marka.

Nafarroan, nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren sustapena Batasuneko esparru juridikoan onartutako figuren babesa duten kalitateko ekoizpenei bideratuta dago bereziki, eta zuzenean bultzatzen ditu ekoizpen sektore primarioa, nekazaritzako industriaren sektorea eta elikaduraren merkataritzaren azpisektorea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien kate osoari behar duen sendotasuna emanez, horrela ziurtatzeko ekoizpen ahalmena mantendu eta garatzen dela, lanpostuak indartu eta sortzen direla eta Nafarroako Foru Komunitateko BPGa eratzen laguntzen duela.

Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorearen dinamismoa funtsezkoa izan da Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategian hori adierazteko orduan, Foru Komunitatearen hazkunderako funtsezko sektoreetako bat baita.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Landa Garapeneko Programaren esparruan, laguntza lerroak ezarri ditu kalitate figurak kudeatzen dituzten entitateentzat, barne merkatuan egiten dituzten informazio eta sustapen ekintzetarako.

Merkataritzako ferietan parte hartzea tresna nagusi bat da kalitateko ekoizpenak sustatzeko eta horren inguruko ezagutza hedatzeko, eta parte-hartze horren eragina handiagoa da operadoreak erakustoki kolektiboetan elkartzen direnean, non norbanakoaren ekoizpenez gain kalitate bereiziaren figurak azpimarratzen baitira, edo operadoreen marka kolektiboak. Indartu egiten da, horrela, Nafarroak nekazaritzako elikagaien erreferentziazko lurralde gisa duen irudia.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Gobernuak nekazaritzako elikagaien ekoizpenei ematen dien laguntza handitzea, nekazaritzako elikagaien ekoizleentzako laguntzen bidez, merkataritzako ferietan parte har dezaten, bereziki kalitate figuretan inskribatuta badaude. Ondorio horietarako, 2021eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuak aurreikusten du kalitate bereiziaren ekoizpenek ferietan duten parte-hartzea finantzatzea.

Laguntza hau de minimis laguntza da, eta Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) aplikazio-eremuan sartzen da, zeina Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa baita, eta, bestetik, Europako Batzordearen ekainaren 27ko 717/2014 Erregelamenduaren (EB) aplikazio-eremuan, zeina Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantzaren eta akuikulturaren sektorerako de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa baita.

Arrantzaren eta akuikulturaren sektorean aritzen den enpresa batek 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) aplikazio-eremuan sartuta dauden sektore batean edo gehiagoan ere aritzen bada, edo erregelemandu horretan sartutako bestelako jarduerak egiten baditu, aipatu erregelamendua aplikatuko zaie sektore edo jarduera horien arabera emandako laguntzei.

Ikusita Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostena eta aurtengo ekitaldirako aurrekontuan diru erabilgarria dagoela.

Kontuan hartuta ebazpen honi Nafarroako dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaiola.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza honen deialdia onestea: Merkataritzako ferietan parte hartzeko laguntzak, nekazaritzako elikagaiekin. 2021eko deialdia.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

720003-72220-4701-413104: Kalitatezko ekoizpen bereiziek lehiaketetan eta ferietan parte hartzeko laguntzak

2021

130.000

4. Laguntzak I. eranskinaren hamargarren oinarriaren arabera pagatuko dira.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea ezen deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, hori guztia Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiten ahal dela ukatu gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako modu eta epeetan.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 18an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, 2021. urtean Nafarroako nekazaritzako elikagaien enpresek merkataritzako ferietan parte har dezaten laguntzak emateko (“de minimis” araubidean).

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea, aplikazio eremua eta onura publikoa.

1. Oinarri arautzaile hauen xedea laguntza finantzarioaren esparrua ezartzea da. Nekazaritzako elikagaien eraldaketan eta merkaturatzean ari diren enpresek jaso dezakete laguntza, arrantzako eta akuikulturako sektorekoak kenduta, merkataritzako ferietan parte hartzeagatik.

2. Merkataritzako ferietan parte hartzea tresna nagusi bat da kalitateko ekoizpenak sustatzeko eta horren inguruko ezagutza hedatzeko, eta parte-hartze horren eragina handiagoa da operadoreak erakustoki kolektiboetan elkartzen direnean, non norbanakoaren ekoizpenez gain kalitate bereiziaren figurak azpimarratzen baitira, edo operadoreen marka kolektiboak. Indartu egiten da, horrela, Nafarroak nekazaritzako elikagaien erreferentziazko lurralde gisa duen irudia.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da, ikuspegi publikotik, Nafarroako Gobernuaren babesa adieraztea nekazaritzako elikagaien ekoizpenari 2021ean merkataritzako ferietan stand kolektiboetan edo kokaleku kolektiboetan parte hartzeko laguntzen bidez, zeinetan Nafarroako Foru Komunitatearen irudiaren eta/edo haren Reyno Gourmet erreferentzia-markaren babesean aurkeztuko baitute beren burua ekoizleek.

Deialdi honetan sartzen diren feriak hauek dira:

–Gourmet Azoka.

–Organic Food Iberia.

–Fruit Attraction.

3. Laguntza hauek bat datoz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren xedearekin, definizioarekin eta aplikazio eremuarekin. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko modua arautzen du (L 352 EBAO, 2013ko abenduaren 24koa) eta Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduaren xedearekin, definizioarekin eta aplikazio eremuarekin. Erregelamendu horrek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei arrantzan eta akuikulturan aplikatzeko modua arautzen du (L 190 EBAO, 2014ko ekainaren 28koa).

Bigarren oinarria.–Onuradunak eta bete beharreko baldintzak.

1. Nafarroako nekazaritzako produktuen eraldaketan eta merkaturatzean ari diren Nafarroako enpresak izanen dira laguntza honen onuradunak, arrantzako eta akuikulturako sektorekoak ere barne, baldin aurreko oinarrian aipatu merkataritzako ferietan parte hartzen badute 2021ean.

2. Onuradun izateko baldintzak:

a) Kontratu bat formalizatzea feriako parte-hartzea kudeatzen duen entitate batekin, bai eta aurrekontu bat izatea ere, eskatutako feria bakoitzean parte hartzeak izanen dituen kostuen aurreikuspenarekin.

b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

c) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

d) Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) laguntza-mugak betetzea, zeina Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa baita, eta, bestetik, Europako Batzordearen ekainaren 27ko 717/2014 Erregelamenduaren (EB) aplikazio-eremuan, zeina Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantzaren eta akuikulturaren sektorerako de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa baita (laugarren oinarriaren 3. eta 4. puntuak).

Hirugarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak izanen dira onuradunek kontratatzen dituztenak, aipatu merkataritzako ferietan parte-hartzearekin zuzenean lotutakoak, eta gehienez ere modulu estandar bati dagozkionak, onuradun eta feria bakoitzeko.

“Merkataritzako ferietan parte-hartzearekin zuzenean lotutako” gastutzat hartzen dira standen edo modulu estandarren kontrataziorako fakturatutako gastu guztiak, barne hartuz lurzorua, muntaia, zerbitzuak, jarduerak, gune komunak eta kudeaketa gastuak.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen operadoreak merkataritzako feriara joateko egindako gainerako gastuak, hala nola bidaia gastuak, aparkalekuak, otorduak eta hotelak.

Laugarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.

1. Onuradun bakoitzari aplikatuko zaion laguntza %70ekoa izanen da merkataritzako ferian izandako parte-hartzeagatik aurkeztutako fakturaren zenbatekoaren gainean, zeina feria antolatzen duen entitateak igorria izanen baita.

2. Onuradun bakoitzari, gehienez ere, 8.000 euro emanen zaio feria bakoitzeko, eta 16.500 euro deialdi bakoitzeko.

3. Europar Batasuneko estatu batek arrantza eta akuikulturako sektoreko enpresa bakarrari emandako de minimis laguntzak gehienez ere 30.000 euro izanen dira hiru zerga-ekitalditako edozein alditan.

4. Gainerako sektoreetan, enpresa bakarrari emandako de minimis laguntza gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da hiru zerga-ekitalditako edozein alditan. Hala bada, indarrean dagoen deialdian ordaindu beharreko laguntzak muga hori izanen du.

Bosgarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua.

1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, lehentasun irizpide hauen arabera:

a) Inskribatuta daudenak Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitatezko figuretan, ekoizpen ekologikoko sisteman, Nafarroako ekoizpen sistema integratuan, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Artisautzan edo Nafarroako berme marketan, eta merkataritza ferietara joaten direnak, non banakako stand-ak, edo modulu estandarrak, identifikatuta egonen baitira kolektiboki eta argi eta garbi Nafarroako Foru Komunitatearen irudiaren barruan.

b) Inskribatuta ez daudenak Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitatezko figuretan, ekoizpen ekologikoko sisteman, Nafarroako ekoizpen sistema integratuan, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Artisautzan edo Nafarroako berme marketan, eta merkataritza ferietara joaten direnak, non banakako stand-ak, edo modulu estandarrak, identifikatuta egonen baitira modu kolektiboan eta argi eta garbi Nafarroako Foru Komunitatearen irudiaren barruan.

c) Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten gainerako enpresa eskatzaileak.

2. Enpresa bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa laugarren oinarriaren arabera kalkulatu ondoren, eskaerak 1. puntuan deskribatutako taldeen arabera ordenatuko dira. Lehendabizi, lehentasunezko lehen taldeko eskaeren artean, eta gero hurrengo taldekoen artean.

Aurrekontua talde bateko eskaera guztiak finantzatzeko aski ez bada, jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira, dagokion laguntzaren zenbatekoaren proportzioan. Hainbanaketa horretatik ateratzen den laguntza hasiera batean zegokiekeen laguntzaren %30era iristen ez bada, ez da laguntzarik emanen.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi, eta 30 egunetara bukatuko da.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura zuzenduko dira, eta telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian dagoen Zerbitzuen Katalogoaren bidez. Departamentu horretako Erregistroan ere aurkezten ahalko dira, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan ere.

3. Laguntza eskaera bakarra aurkeztuko da kasu guztietan, nahiz eta feria baterako baino gehiagotarako eskatu laguntza, bakoitzaren kasuan bereiz adierazita seigarren oinarri honen 5. puntuko a) eta b) apartatuak.

4. Eskatzaileak bere eskaeran adierazten ahalko du dirulaguntza zuzenean ordain dakion feria antolatzen duen entitateari.

5. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da (Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus web-orriko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da eredua), honako agiri hauekin batera:

a) Aurrekontu bat, laguntzaren xedeko feria bakoitzean jarritako stand-aren kontratazio kostuen aurreikuspenarekin.

b) Feria antolatzen duen entitatearekin formalizatutako kontratuaren kopia. Onuradunak, 4. puntuarekin bat, aukeratzen badu dirulaguntza zuzenean aipatu entitateari ordaintzea, aukera hori berariaz adierazi beharko da kontratuan.

c) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, ............(e)k, nire izenez / .................... ordezkatuz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena ematen diot egiazta dezan nik/(edo ordezten dudan entitateak) egunean ditudala zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak, betiere Nafarroako nekazaritzako elikagaien kalitate figurak kudeatzeko entitateei kontrol eta ziurtapen jardueretarako “de minimis” laguntzak emateko deialdia tramitatzeko prozeduraren ondorioetarako.”

Aurreko paragrafoan ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

d) Adierazpen bat, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, aurreko bi zerga ekitalditan eta unean uneko zerga ekitaldian erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiei buruzkoa.

e) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, idatzia edo euskarri elektronikoan, merkataritza ferietara joateko 2021ean eskatutako laguntzei eta jasotako laguntzei buruzkoa, kontzeptuak zehaztuta.

f) Adierazpen bat, dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeari buruzkoa.

Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Sustapenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ote den egiaztatuko da. Dokumentazio guztia ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko du.

4. Araubide honen araberako laguntzak emanen dira behin frogatu ondoren onuradun bati emandako “de minimis” laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 200.000 euroko muga hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan eta 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

Arrantzan eta akuikulturan aritzen diren enpresentzako laguntzak emanen dira behin frogatu ondoren enpresa bati emandako “de minimis” laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 30.000 euroko muga hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan, 2014ko ekainaren 27ko Batzordearen 717/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintzen arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei arrantzaren eta akuikulturaren sektorean aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

5. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

6. Prozeduraren gainean ebazteko, 30 eguneko epea izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.

Bederatzigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren konpromisoak betetzea.

2. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

3. Laguntza egoki eman dela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

4. Jakinaraztea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari eskatu dituela eta, hala badagokio, jaso dituela helburu berbererako beste dirulaguntza publiko batzuk eta “de minimis” araubidearen menpeko beste edozein laguntza, 2019ko, 2020ko eta 2021eko zerga-ekitaldietan jasotakoak.

5. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

6. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar ekitaldi fiskaletan, laguntza ematen den egunetik aurrera.

7. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

8. Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzatutako aurrekontua.

b) Dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo onartutako aurrekontua.

Aurreko kasuak gertatzen direnean, onuradunek honako informazio honen berri eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan duen dedikazio mota.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, dirulaguntza onartzen duen ebazpena ematen denetik hasita.

Aitorpenaren eredua helbide hauetan dago eskuragarri:

www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira.

Onuradunak ez badu betetzen informazioa emateko eginbeharra, horrek ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ordaindu gabe utziko da onartutako dirulaguntza, eta, kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

9. Enpresa deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

10. Nafarroako Gobernuak jarduera diruz lagundu duela publiko egitea eta zabaltzea, bitarteko elektronikoen bidez, Interneten, edo publizitate-material inprimatua erabiliz edo feriako erakustokian horren publizitatea eginez. Egiaztatze aldera, onuradunak egokiak diren frogabideak aurkeztu beharko ditu.

Hamargarren oinarria.–Laguntza ordaintzea.

1. Entitate onuradunak, laguntza ematen den egunetik azaroaren 1era bitarte, laguntza ordaintzeko eskaera bakarra aurkeztuko du, agiri hauekin batera:

a) Ferian parte hartzeari dagozkion fakturak.

b) Feria antolatzen duen entitateari laguntzaren xedeko jarduketak ordaindu dizkiola frogatzen duten agiriak. Onuradunak aukeratu badu laguntza zuzenean entitate horri ordaintzea, onuradunak bere kargurako gastuen ordainketa frogatu beharko du.

c) Aitorpen bat, laguntzaren xedeko ekintzak osorik edo partez finantzatzeko edozein administraziori zein erakunde publikori edo pribaturi eskatutako edo harengandik jasotako edozein laguntza aitortzeari buruzkoa.

2. Dirulaguntzaren ordainketa eginen da ordaintzeko eskaera aurkeztu eta gero, eta ordainketa bakarrean; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

3. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak agiri guztiak ikuskatuko ditu, eta egiaztatuko du aurkezturiko gastuak hautagarriak direla, frogagiriak baliozkoak direla eta gainerako agiriak aski direla.

4. Nolanahi ere, zerbitzu honek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko, eta Administrazioaren datu-baseak kontsultatzen ahalko ditu, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuta dituela egiaztatzeko.

5. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak behar diren kontrolak eginen ditu gastuak onargarriak direla egiaztatzeko.

Hamaikagarren oinarria.–Garapena eta jarraipena.

Laguntzaren kontrolaren eta jarraipenaren ondorioetarako, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak bidezkotzat jotzen duen informazio osagarria eskatzen ahalko die onuradunei, laguntzaren xedeko jarduerei eta ekintzei dagokienez, entitateak eskatutako baldintzak ezarritako epeetan betetzen dituela egiaztatzeko eta dagozkien egiaztapenak egiteko.

Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek ez dira metatuko Estatuko laguntzekin, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren Estatuko laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek laguntzaren gehieneko intentsitate edo zenbatekoa gainditzen badu, kasu zehatz bakoitzean kategorien arabera salbuesteko erregelamendu batek edo Europako Batzordeak hartutako erabaki batek finkatua.

Hamahirugarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Laguntzen onuradunek dirulaguntza emateko baldintza eta konpromisoak betetzen ez badituzte, dirulaguntzak oso-osorik itzuli beharko dituzte, bai eta dagozkien berandutze-interesak ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

2. Aplikatu beharreko arau-hausteen eta zehapenen araubidea azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa izanen da.

Hamalaugarren oinarria.–Publiko egitea eta informazioa.

1. Ebazpen honen laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, laguntza honi dagokion fitxan.

2. Informazio hori 10 urtez gordeko da gutxienez, eta jendearen eskura egonen da, murrizketarik gabe, laguntza emateko erabakia hartu ondoren.

Iragarkiaren kodea: F2112780