200. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MURCHANTE

Deialdia, administrari-ofizial lanpostu bat (katastrorako), funtzionarioen izaerakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Alkatetzaren abuztuaren 5eko Ebazpenaren bitartez, deialdi baten oinarriak onetsi dira, administrari-ofizial lanpostu bat (katastrorako) oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, funtzionarioen araubidean jardun dezan Murchanteko Udalaren zerbitzura.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Murchanten, 2021eko abuztuaren 5ean.–Alkatea, Luis Sancho Martínez.

DEIALDIA, ADMINISTRARI-OFIZIAL LANPOSTU BAT (KATASTRORAKO) OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO, FUNTZIONARIOEN ARAUBIDEAN JARDUN DEZAN MURCHANTEKO UDALAREN ZERBITZURA

Oinarriak

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Murchanteko Udaleko (aurrerantzean, “Udala”) bulegoetan funtzionarioen araubidean aritzeko administrari-ofizial lanpostu bat (katastrorako) oposizio-lehiaketaren bidez betetzea.

Era berean, eta 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat eratzea, probak gainditu baina hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena Murchanteko Udaleko funtzionario izanen da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartuko da, eta hartan kidetuko.

1.3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak ditu lanpostuak, baita plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere.

1.4. Urteko lanaldia Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak edozein unetan aldatzen ahalko du.

1.5. Bete beharreko eginkizunak egokituko zaizkie deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari, eta, besteak beste, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

–Katastroko lanak (landa-lurreko ondasun higiezinak, hiri-ondasunak eta ezaugarria bereziak dauzkatenak erregistratzea; dagozkion zergak; jabeak eta abar).

–Jendeari arreta ematea eta administrari-ofizialek udal bulegoetan betetzen dituzten eginkizunak.

–Administrari-ofizial bati dagozkion eginkizun guztiak, exekuzio lanak barne.

–Bere lanpostuarekin zerikusia duten bestelako eginkizunak, Murchanteko Udalak agintzen dizkionak.

–Halaber, beharrezkoa bada, jarduketak eta kudeaketak eginen ditu Udalaren bulegoetatik kanpo.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, honako beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a. Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, beren kontura biziz gero.

b. Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, gutxienez ere Batxilergo, II. mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea den titulua edukitzea, edo hori eskuratzeko baldintzetan egotea.

d. Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e. Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f. Murchanteko Udalaren kontuan (3.3 oinarrian zehaztua) 10 euro sartzea, azterketa eskubideak izateko.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdi honetako 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dituzte, eta mantendu beharko dituzte hautapen prozedura egin bitartean, izendapena egin arte.

3.–Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak Udaleko alkateari zuzenduko zaizkio, eta horiek aurkezteko 30 egun naturaleko epea egonen da, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Eskaerak aurkez daitezke mezu elektroniko bat bidalita ayuntamiento@murchante.com helbidera; modu presentzialean, Udalaren Erregistro Orokorrean (Cofrete kalea, 5. Horretarako, dena den, aurretiazko hitzordua hartu behar da 948 83 80 84 telefonoan) edo, Udalaren egoitza elektronikoaren erregistroaren bidez (https://murchante.sedelectronica.es/info). Orobat, eskabideak aurkezteko erabili ahalko dira Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak.

Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

3.2. Eskabideak I. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izanen dira.

3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a. Nortasun agiri nazionalaren kopia.

b. Deialdira aurkezten dituen merezimenduen kopia, 6. oinarriaren arabera baloratzeko.

c. 10 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko.

Zenbateko hori oinarri hauetako 1. eranskinean ageri den kontu zenbakira bankuko transferentzia eginez ordaindu behar da. Murchanteko Udala da kontuaren titularra.

Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: Administrari-ofizialaren azterketa.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

3.6. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko denboran edo baliabideetan, eskaera-orrian adieraziko dute, aparteko orri batean azalduz nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaituak direla frogatzen duen agiria ere, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, organo eskudunak emandakoa.

3.7. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Murchanteko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Murchanteko Udalaren gardentasun atarian.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian argitaratzeko aginduko du.

Baldin behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.

4.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Aztertzen denean hautaketa-prozesua gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta izan ditzaketen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa eta epaimahaiaren behin betiko osaera. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian eta Udalaren web orrian (www.murchante.es).

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Luis Sancho Martínez, Murchanteko Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: Lara Bartos Alegría, Murchanteko Udaleko lehen alkateordea.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatuko du.

–Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatuko du.

–Epaimahaikidea: Hortensia Chivite Trincado, Cintruenigoko Udaleko administrari-ofiziala.

–Ordezkoa: Gustavo Ortega Clemente, kirol eta kultura arloko koordinatzailea.

–Epaimahaikidea: Ángel Ullate Magaña, Murchanteko Udaleko langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: Jesús Fernández Ostiz, Udaleko langileen ordezkaria.

–Epaimahaikide idazkaria: Víctor Manuel Mendívil Zubizarreta, Murchanteko Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Rosana Sáez Ramírez, Murchanteko Udaleko kontu-hartzailea.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

5.3. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, baldin egoera horietako bat gertatzen bada.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

6.2. Oposizioa 2021eko azaroan hasiko dela aurreikusten da.

6.3. Lehiaketaldia: lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, oposizioaldiaren aurretik izanen da eta gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:

6.3.a) Nafarroako toki-erakunde batentzat administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko (C maila aitortuarekin): 2 puntu, lanean egindako urte bakoitzeko.

6.3.b) Gainerako administrazio publikoetan administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko (C maila aitortuarekin): puntu 1 lanean egindako urte bakoitzeko.

6.3.c) Nafarroako toki-erakunde batentzat administrari laguntzailearen lanetan emandako urte bakoitzeko (D maila aitortuarekin): puntu 1 lanean egindako urte bakoitzeko.

6.3.d) Gainerako administrazio publikoetan administrari-ofizialaren lanetan emandako urte bakoitzeko (D maila aitortuarekin): 0,5 puntu, lanean egindako urte bakoitzeko.

Urteak osoak ez badira, kontuan hartuko da zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.

Merezimendu horiek frogatzeko, dagokion toki erakundeak edo administrazio publikoak emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dira. Horietan argi zehaztu beharko dira egindako lanak, iraupena eta aitortutako maila.

Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien puntuazioa Udalaren iragarki oholean, egoitza elektronikoko gardentasun atarian eta www.murchante.es web-orrian, bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehaztuta. Behin-behineko kalifikazio horien kontra, izangaiek alegazioak egin ditzakete bost egun naturaleko epean, modu hauetakoren batean: presentzialki, Udalaren Erregistro Orokorrean (Cofrete kalea, 5. Horretarako, dena den, aurretiazko hitzordua hartu behar da 948 83 80 84 telefonoan) edo, Udalaren egoitza elektronikoaren erregistroaren bidez (https://murchante.sedelectronica.es/info), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

6.4. Oposizioaldia: Honako ariketa hauek izanen ditu:

6.4.1. Lehenbiziko proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati; galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa honengatik gehienez ere 40 puntu lor daitezke, eta gutxienez ere 20 puntu eskuratu behar dira gainditzeko. Erantzun okerrei puntuak kenduko zaizkie, proba egin aurretik kalifikazio epaimahaiak esanen duen moduan.

6.4.2. Bigarren proba: praktikoa. Zenbait agiri administratibo ofizial prestatu beharko dira, oposiziogileei emanen zaizkien datuekin, lanpostuko zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzkoak; epaimahaiak hautatuko ditu deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendatik.

Kasu praktiko bakoitzaren planteamendua idatziz eginen du epaimahaiak. Bestetik, dokumentua eskuz edo ordenagailuz egitea eska dezake epaimahaiak.

Bigarren proban gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 20 puntu erdietsi behar dira.

6.4.3. Ariketak baztertzaileak izanen dira. Ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez duena baztertuta geldituko da.

6.4.4. Plika itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak argitara emanen du kalifikazioen zerrenda Udalaren iragarki-taulan, egoitza elektronikoko gardentasun atarian eta www.murchante.es web-orrian. Orobat, pliken jendaurreko irekiera zer egun eta ordutan izanen den adieraziko du.

6.4.5. Epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan, egoitza elektronikoko gardentasun atarian eta www.murchante.es web-orrian argitaratuko ditu oposizioko ariketa bakoitzaren pliken jendaurreko irekieraren behin-behineko emaitzak. Behin-behineko kalifikazio horien kontra, izangaiek alegazioak egin ditzakete bost egun naturaleko epean, modu hauetakoren batean: presentzialki, Udalaren Erregistro Orokorrean (Cofrete kalea, 5. Horretarako, dena den, aurretiazko hitzordua hartu behar da 948 83 80 84 telefonoan) edo, Udalaren egoitza elektronikoaren erregistroaren bidez (https://murchante.sedelectronica.es/info), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.

6.4.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu dokumentuetako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Izangaien kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan, egoitza elektronikoko gardentasun atarian eta www.murchante.es web-orrian jarriko du gaindituen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio alkate udalburuari. Proposamen hori argitaratuko da Udalaren iragarki-taulan, egoitza elektronikoko gardentasun atarian, www.murchante.es web-orrian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak Udalaren Erregistro Orokorrean (Cofrete kalea, 5. Horretarako, dena den, aurretiazko hitzordua hartu behar da 948 83 80 84 telefonoan) aurkeztu beharko ditu deialdian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiri hauek:

a. Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b. Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.

c. Osasun ziurtagiri ofiziala, interesdunak lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

d. Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

e. Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Araubidea begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetuko dira, galarazi gabe hasierako eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaizkion erantzukizunak.

7.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua amaitu ondoren eta gainditu eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, Udaleko alkateak Udaleko funtzionario izendatuko du administrari-ofizialaren lanpostuan jardun dezan.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Udaleko funtzionario izateko. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarriarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, hautapen prozesua gainditu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.

9.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitaratuko da Udalaren iragarki-taulan, egoitza elektronikoko gardentasun atarian eta www.murchante.es web-orrian.

9.3. Lortutako azken puntuazioak erabakiko du zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

9.4. Kontratazio zerrendek bost urte iraunen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada, eta indarrik gabe utziko dituzte lanpostu bererako egon litezkeen zerrenda zaharragoak.

9.5. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Gainditu duten izangaien kontratazioa, oro har, eginen da zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.

Zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Aurreko hori gorabehera, dei horretan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarrian, 3. apartatuan.

Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio kontratazio prozesu honetan parte hartzeko eskabidean adierazi zituen komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

B) Uko egitea:

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

1.–Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo ama izateagatik edo adoptatzeagatik lizentzia izatea.

3.–Zaindu beharra izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala zein adoptatua.

4.–Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

5.–Izangaia ezkondu berria izatea edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, baldin eta lanpostuari uko egiten badio egoera horiek gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epean.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, ukatutako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Baztertzeak:

Deia ekarri duen zerrendatik kanpo geratuko dira izangaiak honako kasu hauetan:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta oinarri hauen 9.9.B klausulan adierazitako kasuetan.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

9.6. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuko dira eta hartan kidetuko; beraz, haien kargura izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

10.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdi honen kontra, oinarrien kontra eta bere aplikaziotik sortzen diren egintzen kontra, ondoko errekurtso hauek aurkez daitezke, hautara:

a. Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

10.2. Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Udaleko alkateari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean, egoitza elektronikoaren gardentasun atarian.

11.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra edo DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Murchanteko Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.

–Oinarri juridikoa: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginari buruzko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.

–Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak bete beharko dira.

–Datuen hartzaileak: datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta Udalaren webgunean eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

–Eskubideak: izangaiek badute datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horretarako, jo beharko dute Murchanteko Udalaren Erregistro Orokorrera (udal bulegoak edo egoitza elektronikoa).

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako tramiteak eta prozedurak. 1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa; II. titulua: biztanleria eta errolda.

2. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Prozeduran interesdunak direnak; ekiteko gaitasuna; eta interesdunaren kontzeptua, interesdunen ordezkaritza, identifikazioa eta sinadura prozedura administratiboan. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, isiltasun administratiboa, baldintzak eta epeak (zenbatzea). Administrazio egintzak: beharkizunak. Efikazia, jakinarazpena. Administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak. Administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

3. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.

4. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: Udalerria. I. kapitulua: Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: Antolamendua. V. titulua: Toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.

5. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Udalerria, Nafarroako toki-erakunde gisa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

6. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

7. 270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan garatzen duena. II. kapitulua: 1. atala: aurrekontua prestatzea eta onestea. III. kapitulua: gastuen aurrekontuko kredituak. 3. atala. Aurrekontuko aldaketak. IV. kapitulua: gastuen aurrekontuaren betearazpena. Arauak eta betearazteko faseak.

8. 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitatearen Instrukzio Orokorra onesten duena.

9. 234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Nafarroako toki entitateen aurrekontu egitura onesten duena.

10. 12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzkoa.

11. 100/2008 Foru Dekretua, irailaren 22koa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko 12/2006 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena.

12. 1/2017 Legegintzako Foru-Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua: Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

13. 17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena. I. titulua; V. kapitulua: Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak. III. titulua. Diziplina eta ingurumen arloko legezko egoera lehengoratzea. 3. eranskina.

14. 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. I. titulua: III., IV., V., VI. eta VII. kapituluak. II. titulua: I., II., III., IV. eta V. kapituluak. III. titulua: I., IV. eta V. kapituluak.

15. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan araubidean kontratatutako langileak.

16. 11/2006 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa. I. titulua; II., III., IV. eta V. kapituluak. II. eta III. tituluak.

17. 5/2018 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. II. titulua; I. eta III. kapituluak. III. titulua; I., II. eta III. kapituluak.

18. Administrazioaren agiriak. Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak, kontratua. Artxiboko tratamendua eta antolaketa.

19. Udal ordenantza, erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa arautzen dituena jarduera sailkatuetarako, obretarako eta jarduerak abiarazteko (2020ko urtarrilaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

20. Udal ordenantza, ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena (2020ko urtarrilaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

21. Windows 10i buruzko kontzeptu oinarrizkoak. Mahaigaina eta haren elementuak; atazen administratzailea; Windows esploradorea; kontrol-panela; inprimagailuak; “hasi” botoia; “hasi” karpeta; ataza-barra; “exekutatu” komandoa; laguntza; sarean lan egitea; erabiltzailearen kontuak.

22. Testu prozesadoreak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Word365: lan esparrua; idatzi eta editatzea; testu formatua; orrialdea diseinatu eta konposatzea; estiloak; txantiloiak; tresnak; taulak; artxiboak administratzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimatzea.

23. Kalkulu orriak: Microsoft Excel365: oinarrizko kontzeptuak; laneko liburuak; orriak; gelaxkak; gelaxkak eta komandoak hautatzea; datuak sartzea; formulak eta loturak sortzea; funtzioak erabiltzea; kalkulu orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; inprimatzea.

24. Interneti eta posta elektronikoari buruzko kontzeptu oinarrizkoak.

Iragarkiaren kodea: L2112248