200. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BARAÑAIN

Deialdia, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko koordinatzaile izateko lanpostu huts bat lekualdatze-lehiaketa bereziaren bidez betetzeko

Alkatetzak 2021eko abuztuaren 10ean emandako 861/2021 Ebazpenaren bidez onetsi zen deialdi bat, Barañaingo Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko koordinatzaile izateko lanpostu huts bat lekualdatze-lehiaketa bereziaren bidez betetzeko.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Barañainen, 2021eko abuztuaren 13an.–Alkate udalburua, María Lecumberri Bonilla.

Deialdia eginen da bat etorriz aplikatu beharreko araudian xedatuarekin eta oinarri hauetan ezartzen denarekin:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Barañaingo Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko koordinatzaile lanpostu huts bat lekualdatze-lehiaketa bereziaren bidez betetzea. Deialdi hau honako hauen menean egonen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta bete beharrez lanpostuak betetzearen gainean emandako Erregelamendua, eta gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatua.

1.2. Deialdiko lanpostua lortzen duen enplegatuak indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten lansariak jasoko ditu, eta Barañaingo Udalak onetsitako plantilla organikoan 10.11 lanposturako ezarritakoaren araberakoak.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aitzin lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea. Gainera, lehiatzaileek eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean jarraituko dute.

1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

2.–Lanpostuaren ezaugarriak eta izangaiek bete beharreko baldintzak.

10.11 lanpostuaren titularrak honako eginkizun hauek izanen ditu: Barañaingo Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren Arloko lan programak betetzeaz arduratzea, arloko langileak koordinatzea, proiektuak eta egin beharreko lanak kudeatzea eta zuzentzea, eta Gizarte Zerbitzuen Arloko antolaketa eta kontrol lanak gainbegiratzea eta garatzea, haren funtzionamendu egokiaz arduratzea, bai eta arlo horren menpe diren gizarte programez ere.

Indarreko araudian xedatuaren arabera, lekualdatze-lehiaketa berezi honetan parte hartu ahal izateko bete behar dira ondoko betebeharrak, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren egunetik esleitutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Barañaingo Udalaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) Diplomadunen mailan sailkatua egotea.

3.–Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Barañaingo Udaleko Erregistro Orokorrean, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hamabost (15) egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, premiazkoa baita OGZko koordinatzailearen 10.11 lanpostua betetzea.

Eskabideak deialdian argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute 2. oinarrian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskabidearekin batera, deialdian ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu behar dira. Ez da beharrezkoa izanen aurkeztea alegatutako merezimenduen jatorrizkoak edo horien kopia autentikoak, administrazio publiko batek emandako dokumentuen kasuan; hala ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluaren arabera, baimena ematen zaio Barañaingo Udalari horiek egiazta ditzan, agiria eman duen administrazioari bidalitako ofizio baten bidez.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Alkatetzak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hiru egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Alkatetzak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.4. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Fátima Sesma Valles, Barañaingo Udaleko Gizarte Ongizatearen Alorreko zinegotzia.

Epaimahaikide idazkaria: Anna María Atanasova, Barañaingo Udaleko aholkulari juridikoa.

Epaimahaikidea: Yolanda Marqués Martínez, Barañaingo Udaleko kontu-hartzailea.

Epaimahaikidea: Barañaingo Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikidea: Nuria Asiain Lapetra, Barañaingo Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu eta ondoko bost egunean osatu beharko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Kalifikazioa.

Epaimahaiak balorazioa eginen du honako baremo honen arabera:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 45 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 15 puntu gehienez.

Epaimahaiak II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu izangai bakoitzak aurreko bi apartatuei dagokienez alegatutako eta frogatutako merezimenduak.

Merezimenduen balorazioaren kontra erreklamazioak jar daitezke 3 egun balioduneko epean, web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuz.

Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko ditu izangai bakoitzak, lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio altuagorik eman apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako eta frogatutako merezimenduez.

c) Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: 40 puntu gehienez.

Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 20 puntu behar dira gainditzeko.

Proba egin ondoren, Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko dira izangaiek lortutako emaitzak (izen-abizenak, NANa eta puntuazioa adieraziko dira).

Proba honetako emaitzen kontra erreklamazioak jar daitezke 3 egun balioduneko epean, web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuz.

Proba hau gainditzen duten izangaiek lorturiko puntuazioa lehiaketaren gainerako apartatuetako puntuazioari batuko zaio, bakoitzak guztira lorturiko puntuazioa ateratzeko.

Lehiatzaileek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

7.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Epaimahaiak erreklamazioak ebatzi ondoren, behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Barañaingo Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta Alkatetzari igorriko dizkio 6.C oinarrian aipatzen den proba gainditu duten izangaien zerrenda eta espediente osoa, baita puntuazio handiena lortu duten izangaien aldeko izendapen proposamena ere.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkatetzaren ebazpen baten bidez, Barañaingo Udaleko langile finkoa Barañaingo Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko koordinatzaile izendatuko da, plantilla organikoko 10.11 lanpostua betetzeko.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendatuak hamar egun naturaleko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, karguaz jabetzen ez bada, Barañaingo Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko koordinatzaile bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da deialdia egin duen udal organoari zuzenduta, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskaera (PDFa).

II. ERANSKINA

A) apartatua. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

1. Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak, deialdian eskatzen den maila/talde eta titulazioko lanpostuan: urte bakoitzeko 2 puntu.

2. Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan: urte bakoitzeko 0,5 puntu.

Oharrak.

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Gehienez ere 45 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

B) apartatua. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak:

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 15 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, irakastorduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, esanbidez, sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatuak.

2. Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: 2 puntu gehienez ere; kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

3. Titulu eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 2 puntu.

5. Epaimahaiak baloratu beharreko beste merezimendu batzuk: besteak beste, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere 2 puntu.

Oharrak b) apartatu guztirako:

1. Apartatu honetan, merezimenduak baloratuko dira soilik baldin zuzeneko zerikusirik badute deialdiko lanpostuarekin.

2. Gehienez ere 15 puntukoa izanen da b) apartatuaren puntuazioa.

C) apartatua. Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: 40 puntu gehienez.

1. Izangaiek proba praktikoa egin beharko dute deialdiko lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruz.

Proba horretan, proiektu/lan bat aurkeztuko da idatziz, eta horren xedea izanen dira Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko koordinatzailearen lanpostuari dagozkion eginkizunak, Barañaingo Udalaren barnean.

2. Proba honetan 40 puntu emanen dira gehienez, eta baztertu eginen dira gutxienez 20 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Iragarkiaren kodea: L2112558