200. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

798E/2021 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baita Artaxoan dagoen hondakin ez-arriskutsuen tratamendurako plantan oilo-zirina lehortzeko instalazio bat jartzeko proiektuaren inguruan. Proiektuaren sustatzailea Medioambientales Lacoya SL da.

2020ko ekainaren 22an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-eraginaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri du Biodibertsitatearen Zerbitzura. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. e) multzoan.

Era berean, proiektua kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko testu bateratua onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 5.4 a) epigrafean sartzen direnetakoa da, eta, beraz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

2020ko abenduaren 18an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, ingurumen organo gisa jardunez, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egin zizkien eta proiektuaren ingurumen agiria bidali zien, 30 egunez aztertzeko, aipatutako 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezartzen den bezala.

Tramite horretan ukitutako sei administraziori egin zitzaien kontsulta (Hondakinen Atalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Artaxoako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari) eta 6 pertsona interesduni. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren, Abeltzaintza Zerbitzuaren eta Artaxoako Udalaren erantzunak jaso dira.

Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitzen laburpena agiri honen III. eranskinean dago.

Proiektuaren xedea da oilo-zirina lehortzeko lerro bat ezartzea, zirina lehortzeko tunel bat eta bukatutako produktua biltegiratzeko estalpe bat eginez, hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduera baten bitartez konposta lortzeko. Proiektuaren funtsezko ezaugarrien eta datuen laburpena dokumentu honen I. eranskinean dago; ingurumen dokumentuaren alderdi nagusiak II. eranskinean azaltzen dira.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzeari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena emateari buruz ebazpen honetan ezarritako baldintzetan.

Hori dela-eta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez adierazi duenaren arabera, aurkeztutako dokumentazioa, kontsulten emaitza eta proiektuak ingurumenean izanen dituen eragin aipagarrienen ebaluazioa kontuan harturik, ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura ongi egin da. Horrez gainera, adierazi du ezen, 21/2013 Legearen III. eranskinean ezartzen diren irizpideen arabera, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta ingurumen-inpaktuaren txostenean ezartzen dena betetzen bada, proiektuari erantsitako ingurumen dokumentuan bildutako neurri zuzentzaileez eta proiektuaren baimen substantiboaren ondoriozkoez gainera.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ohiko ingurumen ebaluazioaren prozeduraren mende ez jartzea Artaxoan dagoen hondakin ez-arriskutsuen tratamendurako plantan oilo-zirina lehortzeko instalazio bat jartzeko proiektua, Medioambientales Lacoya SLk sustatua, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

2. Aldeko ingurumen txostena egitea, Artaxoan dagoen hondakin ez-arriskutsuen tratamendurako plantan oilo-zirina lehortzeko instalazio bat jartzeko proiektuari buruz, Medioambientales Lacoya SLk sustatua, proiektuak ez duelako eragin nabarmenik izanen ingurumenean, txosten honetan ezarritakoaren arabera:

a. Jarduerak lur azpiko urak (jabari publiko hidraulikoa) aprobetxatzeko Ebroko Konfederazio Hidrografikoak emandako baimena beharko du, konpost pilak ureztatzeko ura ponpatu ahal izateko, eta tramitazio substantiboak iraun bitartean frogatu beharko du baimen hori duela.

b. Konposta egiteko eremutik lurzatiaren ekialdeko drainatze-gunera (urak bideratzeko goragunera) 8 metroko distantzia utzi beharko da gutxienez.

c. Jarduera paisaian integratzeko xedez, itxituraren barne-pantaila gisa, zuhaitz edo zuhaixken landaketa egin beharko da mendebaldeko sarbidearen ondoan; horretarako, basolibondoak (Olea oleaster) edo olibondo arruntak (Olea europea), binorriak (Ligustrum vulgare) edo tamarizak erabiliko dira, landaretik landarera 2 metroko tartea utziz. Jarduerak iraun bitartean bermatu beharko da landaketaren bideragarritasuna.

d. –Instalazioen kanpoko argiteriak irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretuan E2 eremuko industria eremuetarako ezarritakoaren antzekoa izan beharko du (foru dekretu horren bidez onetsi zen argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua) eta bete beharko ditu kanpo argiteriako instalazioen energia efizientziari buruzko erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak, bermatuz argi-puntuen goi-hemisferioko fluxua (GHF) ez dela %5 baino gehiago izanen.

Gainera, faunaren gaineko eragina murrizteko (intsektuak eta saguzarrak erakartzea, batez ere), gomendatzen da argiztapenerako LED edo anbar-koloreko sodio-lurrunezko argi-puntuak paratzea argi-puntu halogeno edo LED zurien ordez.

e. Bermatuko da garbitzeko eragiketetan eta izurrien kontrolerako eta desinfekzio lanetan ez erabiltzea inguruko basa-faunarentzat toxikoak izan daitezkeen substantziak.

Obren ondoriozko soberako materialak eta hondakinak baimendutako hondakindegi batera eraman behar dira edo baimendutako kudeatzaile baten esku utzi behar dira; ezin dira bildu edo utzi lantokiaren inguruan.

f. Jarduerarako ingurumen txostenak ez ditu barne hartzen instalazioa hornidura elektrikoko sarera lotzeko baimena, ez eta horretarako baldintzak ere. Konexio hori dagokion tramitearen bidez baimendu beharko da, unea iritsita.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Artaxoako Udalari, Basozaintzari (Tafalla-Zangozako barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko uztailaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduera bat da, materia organiko biodegradarria pilatu, irauli eta aerobikoki hartzituz konposta lortzeko. Urtean 61.000 tona materia konpostatzeko gaitasuna izanen luke, eta oilo-zirin hezea ere lehortuko luke, ondoren produktu lehor gisara saltzeko. Azken prozesu hau jarduera lerro berri bat da, eta instalazioari urtean 7.000 tona ekoizteko aukera emanen lioke.

Instalazio gisa, jarduerak 5,37 hektareako azalera hartzen du, aire zabalean, Artaxoako 13. poligonoko 1138. lurzatian. Gainazaleko zoru pikortsuaren azpian, buztin trinkotuz osatutako hesi geologiko iragazkaitza du. Xede berarekin, instalazioak ezponda bat du perimetro osoan, bai eta lurzorura infiltratzen diren urak biltzeko sare bat ere. Ur horiek legarrezko gainazala eta buztin geruza elkartzen diren tokian biltzen dira; plastikozko xafla batez iragazgaiztutako ubide sare baten bidez bideratzen dira modu berean iragazgaiztutako euri-urak biltzeko putzu batera. Tramite honen bidez, oilo-zirinak lehortzeko lerro bat erantsi nahi da, konposta egiteko erabiltzen den espazioa berrantolatuz eta instalazioei lehortzeko tunel bat eta bukatutako produktua biltegiratzeko estalpe bat erantsiz.

Prozesuan honako lehengai hauek erabiliko dira: animalien gorotzak, lastoa, barrengorrien hondar konpostatuak, barazki eta fruituen hondarrak (nekazaritzatik eta barazkigintzatik nahiz horiek kontserba lantegietan eta izozte-lantegietan prozesatzetik heldu direnak), zuhaitzen azalak, paper-fabriketako lohiak eta hondakin uren arazketan eta uraren potabilizazioan sortutako lohiak. Horiez gain, oilo-zirina sartuko da lehortze-ildoan. Jarduerak geruza freatikotik ponpatutako ura behar du, batez beste urtean 2.000 m³ inguru, eta gainerakoa pilak busti edo hezetzeko euri-urak biltzen dituen putzutik. Makineriarako gasolioa erabiliko da; haren kontsumoa 30 m³-ra arte areagotuko da lehortzeko tunela elektrizitatez hornituko duen etorkizuneko sorgailua elikatzeko; izan ere, elektrizitate hori erabiliko du oilo-zirina lehortzeko galdarak.

Lehortegia eta biltegia sarbidetik gertu kokatuko dira (lurzatiaren mendebaldeko mugan) eta oilo-zirin hezea biltegiratzeko eremu bat izanen du barneko aldean, lixibiatuak biltzeko putzutik gertu. Oilo-zirina tunel batean lehortuko da (45 m luze, 12,5 m zabal eta 6 m-ko garaiera izanen ditu). Tunelak airea presioz injektatzen zaion zinta zulatu bat izanen du oilo-zirin hezea lehortzeko, eta ondoren haizagailuz bortxaturiko sistema baten bidez erauziko da airea. Lehortze prozesuaren ondoren pikor bihurtutako eta egonkortutako materiala biltegian jasoko da.

Aurreikusi da, etorkizunean, behin lehortze jarduera abian jarrita, ekipo elektrogenoaren ordez instalazioak hornidura elektrikorako linea bat izanen duela, gaur egungo dokumentazioan sartu ez bada ere.

II. ERANSKINA

Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa.

Instalazioa Artaxoako herrigunetik 2,85 bat kilometro mendebalde/hego-mendebaldera dago, eta Larragatik 3,87 kilometro ipar-ekialdera, Gentze alderdian. Muino baten oina okupatzen du, bai eta ondoko ibar txikia ere, tankerako Sausañeko sakan mediterraneoko drainatze-gunetik gertu dagoen ondoko ibar txikia ere.

Esan beharra dago, ebaluatzen ari garen jarduera ezarri baino lehen, konpostatze jarduera ezartzeko lurzatia egokitu egin behar izan zela, jarduerak hartzen duen azalera berdindu eta egokitzeko, azaleraren drainatzea berrantolatzeko eta infriltazioari aurre egiteko hesi geologiko bat eratzeko buztina trinkotuz eta gainazala sendotuz.

Paisaiaren ikuspegitik, instalazioa sakanen oinaldean barreiatutako zuhaixka-larreek eta larre endorreikoek osatutako mosaiko batean kokatuta dago, alboetan hareharrizko irtenguneak dituena, Nafarroako Ubideko Artaxoa-II 2 sektorean ureztagarri bihurtzeko eraldatutako eremuko laboreekin tartekatuta (zereala, mahastiak eta olibondoak). Paisaia ireki honetan ohikoak dira abeltzaintzako instalazioak; garai batean ardientzako bazkalekuak ziren, gaur egun, ordea, tamaina handiko behi, ardi eta zerri azienden ustiategi intentsibo bilakatu dira eta konpostatze jarduerarako lehengaia ematen dute, uzta hondarrekin batera.

Ez da aipatzen balio natural nabarmeneko elementurik eremu honetan; larreak eta sakan mediterraneoari loturiko larreak eta gatzagak dira eremua eraldatu aurretik garrantzirik handiena zuten alderdiak. Gaur egun, berezko isurketa sistemaren ordez, kanalizazio perimetraleko irtenbide hidrauliko bat baliatu da, sakan naturalarekiko paralelo doana, eta behealde buztintsuari loturiko habitatak ezabatu egin dira. Okupazio eremuaren ondoan, tontorreko hegalbuztintsuaren gainean zuhaixka-larre xerofiloa identifikatu da; jarduketak ez dio eragin.

Kutsaduraren prebentzioarekin loturiko alderdiei dagokienez, dokumentazioan jasotzen da jarduerak lurzorua eta ura kutsatzen ahal dituela (substantzia arriskutsurik ez badago ere), eta atmosferara gasak isuri eta usaina sor daitekeela deskonposatze naturaleko prozesuetan, konpostatzearen hartzidura aerobikoan eta oilo-zirinak lehortzean.

Ingurumen agirian jasotakoaren arabera, aipatutako alderdiak kontrolpean gelditzen dira, edo leunduta, egungo ingurumen baimenean jasotzen diren instalazioaren diseinuan eta jarduerako prozesuen kontrolean neurri zuzentzaileak aplikatuta. Jardueraren neurri zuzentzaile gisa, baimenean honako hauek ezartzen dira: usaina sortzeko mugak Artaxoa eta Larragatik gertuen dauden bizitegi eremuetan (ikuskapen entitate baimendu batek aldian aldiko kontrolak eginez zainduko du alderdi hori); zarata egiteko eta instalazioak sortzen dituen eta drainatzeko sare naturalera irteerarik ez duten urak biltzeko mugak eta hondakinen kudeaketarako arauzko betebeharrak.

Ingurumen agiriak ez du ebaluatzen konposta egiteko pilak ureztatzeko ura lur azpitik erauzteak, urtean 2.000 m³ inguru, sakanaren eraginpeko eremuan eta horri loturiko habitatetan izan dezakeen eragina. Ur emari hori onartzea (egun indarrean den ingurumen baimen integratuan jasota dago, baina bertan ez da horretarako baimenik ageri) arroko erakundeari dagokio.

Baloratu da adierazpen honen baldintzen artean sartzea instalazioen paisaiarekiko integrazioa hobetzera bideratutako neurriak aplikatu beharra, landareak erabil daitezen pantaila modura. Adierazi behar da, pentsatzekoa dela oilo-zirin hezearen metaketak eta lehortzeko garaian erabiliko den aireztapenak are eta usain gehiago sortuko dutela; horrek nekazaritzako bidean eta instalazioko sarbidean izanen luke eraginik handiena, dokumentazioan oilo-zirina lehortzeko ekoizpen lerrorako adierazitako kokapenaren arabera.

III. ERANSKINA

Ukituriko administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat irekitako kontsulta izapidearen laburpena

Jarraian tramite honetan kontsulta egin zaien entitateen eta jasotako erantzunen laburpena aurkezten da, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluarekin bat etorriz.

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda.

Artaxoako Udala

X

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

X

Hondakinen Atala

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

Abeltzaintza Zerbitzua

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

Artaxoako Udalak udal txosten bat bidali du Hirigintzako udal planeamenduaren eta proiektuaren arteko bateragarritasunari buruz, non ezartzen baita, proiektua garatuko den lurzoruaren kategorian (“Nekazaritza eta abeltzaintzako emankortasun ertaineko lurzorua”) onartutako jarduera dela, eta oilo-zirina lehortzeko ildorako aurreikusitako eraikinak ere onartuak liratekeela.

Lurzoru urbanizaezinean kokatu beharreko ekipamendu, zuzkidura eta zerbitzuetarako eraikuntza eta instalazioen baldintzei eta ezaugarriei buruzko iritzia ere eman du, eta ez du eragozpenik aurkitu egin asmo denerako, salbu eta, egiteko daudenen artean gelditzen dela lurzatiko eremu berdeen urbanizazioari eta trataerari emanen zaien irtenbidea, obra-proiektuan ebatzi beharko dena, eta eraikingintzako ordenantzak akabera estetikoei buruz dioena azaltzen du.

Proiektuaren ukipenei dagokienez, adierazten du sustatzaileak jarduerari atxikitako ibilgailu astunen etengabeko joan-etorriak Artaxoako bide publikoetan eragin dezakeen narriadura zaindu beharko duela eta sor litezkeen hondatzeak konpondu.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia: aldeko txostena eman du ondare arkeologikoaren gaineko ukipenari dagokionez, proiektuak jasotzen dituen lurzatietan ez baitago katalogatutako aztarnategi arkeologikorik. Hala ere, jakinarazi du lanak egin bitartean aztarna arkeologikorik aurkituz gero ez ukitzeko eta agintaritzari komunikatzeko legezko betebeharrak daudela.

Iragarkiaren kodea: F2112151