200. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

187E/2021 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio Uharte Arakilgo udal-mugartean Ganbeletako iturburutik Uharte Arakilgo ur depositura uraren goi-hornidura berritzeko proiektuari. Uharte Arakilgo Udala da proiektuaren sustatzailea.

2021eko maiatzaren 6an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta izanen dituela uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioak (legegintzako foru dekretu horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Egin asmo den jarduketaren xedea da uraren goi-hornidurarako hoditeria berritzea Ganbeletako iturburuetatik (herritik 2,5 bat kilometro hegoaldera) Uharte Arakilgo ur depositura (igerilekuetatik 170 bat metro hegoaldera).

Uharte Arakilgo ur depositua San Bartolomeko eta Ganbeletako iturburuetatik datorren urarekin hornitzen da. Ganbeletako ura 60. hamarkadako 100 mm-ko diametroko fibrozementuzko hoditeria erabiliz bideratzen da; hala ere, 600 metro inguruko tarte batean 100 mm-ko diametroko burdinurtu nodularreko hodi batez ordezkatu zen, autobiaren oinarria egiteko zagorrak erauzi ziren eremuan.

Asmoa da 100 mm-ko diametroko hoditeria jartzea zaharkitua gelditu den oraingo fibrozementuzkoaren ordez, eta ebakitze balbulak, hustubideak eta aireztapen sistemak ezartzea instalazioaren etorkizuneko kudeaketa errazteko. Horiez gain, hargunearen ingurua txukundu nahi da. Hona egin nahi diren lanak: metalgintza eta igeltserotzako lanak ura hartzeko dauden 4 etxoletan, irteerako hargune berriak egitea etxoletan eta etxolak elkarren artean lotzeko hodiak jartzea eskuz zulatutako zangetan (esparru horretan ez da makineria erabiltzerik baimenduko, iturburuetako ur ihesen arriskua eragozteko); horiez gain, animaliak iturburuen goiko aldera igaro ez daitezen, itxitura bat egin nahi da, txarrantxa ilara hirukoitza edo altzairu galvanizatuzko sare-begi bat eta egurrezko hesolak erabiliz (horien arteko tartea 3 metrokoa izanen da, 1,50 m-ko ageriko garaierarekin). Itxiturak pasabideak eta sendogarriak izanen ditu muturretan eta bihurguneetan.

Hodi guztiak lur azpian joanen dira, gutxienez metro bateko sakonera izanen duten kanalizazioetan sartuta. Horiez gain, hormigoi armatuzko hainbat kutxatila egin nahi dira.

Ganbeletako hoditeriaren goiko tartea haritz ilaundunezko harizti eta pagadi artean doa, eite handiko zuhaitz sendoak dituena. Beheko tartea harizti bateko zuhaitzik gabeko zerrenda zabal batean barna doa. Tarte osoa “Urbasa eta Andia” kontserbazio bereziko eremuko (ES2200021) onura publikoko 488. mendian sartuta dago; eremu horren kudeaketa plana urriaren 8ko 228/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Proiektuaren arabera, hoditeria berriaren trazaduran baldintza hauek beteko dira:

–Ahalegina eginen da egun dagoen fibrozementuzko hoditerian kalterik ez eragiteko, edo kaltea ahalik eta txikiena izan dadin. Hodi horiek lur azpian utziko dira eta ez dute inolako erabilerarik izanen.

–Eite esanguratsua duten zuhaitzei kalterik ez eragiteko ahalegina eginen da. Horretarako, kontserbatu nahi diren zuhaitzen oinetik gutxienez 3 metrora eginen dira hoditeria berria sartzeko zangak. Edozein zuhaitz botatzeko edo adar garrantzitsuak mozteko Nafarroako Gobernuaren ingurumeneko langileen baimena beharko da, eta babestu beharreko ondoz ondoko zuhaitzak ere haiek markatuko dituzte.

–Hoditeria berriaren sestrak beheranzkoa izan beharko du ibilbide osoan zehar, uraren bideraketa trabatuko luketen goragune eta beheraguneak saihesteko.

–Lursailaren orografiari ahalik eta kalterik txikiena egiteko ahalegina eginen da. Obra egiteko egin beharreko bideetako eremuak leheneratu egin beharko dira.

Espedientean jasota daude Uharte Arakilgo Udalaren aldeko txostena eta Basoak Kudeatzeko Atalak zenbait baldintzarekin emandako aldeko txostena. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak adierazi du eskatutako jarduketa jarduera baimendua dela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2.a) artikuluaren arabera; hortaz, ez du lurzoru urbanizaezinerako baimentzen ahal diren jarduerarako baimenik behar.

Halaber, espedientean jasota dago Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Ingurumen Osasunaren Atalean zenbait baldintzarekin emandako aldeko txostena.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Uharte Arakilgo udal-mugartean Ganbeletako iturburutik Uharte Arakilgo ur depositura uraren goi-hornidura berritzeko proiektuari. Uharte Arakilgo Udala da proiektuaren sustatzailea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Lanak hasi aurretik Ingurumena Zaintzeko Atalari horren berri eman beharko zaio. Era berean, 15 cm-tik gorako diametroko zuhaitz gehiago moztu beharra badago, aurrez Ingurumena Zaintzeko Atalari jakinaraziko zaio, marka ditzan.

–Lanak seinaleztatu egin beharko dira eta behar diren segurtasun eta osasun neurriak hartuko dira. Gogorarazten da jarduketako zenbait tarte autokarabanentzako aparkaleku batetik eta Beriain eta Andia mendietara igotzeko erabili ohi diren ibilbideetatik hurbil daudela.

–Obraren ondorioz sortutako hondakinak, hala nola erauzitako hodi zaharrak, hormigoi hondarrak, kutxatila zaharrak, ferraila hondarrak eta abar homologatutako hondakindegietara eraman beharko dira.

–Landaketan basoko espezie autoktonoak erabiliko dira, eta Ugalketarako basoko materialen merkaturatzeari buruzko martxoaren 7ko 289/2003 Errege Dekretuan ezarritakoa bete beharko da. Ahal dela, ez dira landatuko proiektuaren aurrekontuan aipatzen diren haritz gorriak (Quercus rubra).

–Lanak hasi aurretik, argi mugatuko dira tokian bertan hargunearen trazadura eta materialak pilatzeko gunea.

–Zanga irekitzeko lanetan gutxienez 30 cm-ko sakonerako landare-lur geruza kenduko da hasieran; lur hori hondeatutako gainerako lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da zanga betetzen denean. Beharrezkoak diren obrak bukatutakoan, ukitutako eremu guztiak leheneratuko dira, landare lurra zabalduz eta hura perfilatuz inguruko lurren fisiografiarekin ongi egokitzen den arte. Leheneratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.

–KBEren kudeaketa planean (228/2007 Foru Dekretua, urriaren 8koa) identifikatutako elementu funtsezkoei kalterik ez eragiteko ahalegina eginen da. Ahalegina eginen da kalterik ez eragiteko zuhaitz adartsuei, lepatuei, zahartuei edo traketsei, edo faunako espezieek babesteko edo ugalketarako erabiltzen dituztenei. Era berean, ahal dela bigarren mailako espezieak ere zaindu eginen dira. Baso aurreko zerrendak kontserbatu egin beharko dira; posible ez denean, jarduketa bukatutakoan leheneratuko dira.

–Lanak espezie sentiberen (okilak) aldi kritikotik kanpo egin beharko dira, hau da, otsailaren 15etik ekainaren 15era arteko alditik kanpo. Txosten hori espedientean jasota dago.

–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Ingurumen Osasunaren Atalak 2021eko uztailaren 28an eginiko txostenean ezarritako baldintzak bete beharko dira. Ordeztu beharreko fibrozementuzko hornidura sarearen gaineko jarduketei dagokienez, Amiantoaren Arriskua duten Enpresen Erregistroan (AAEE) inskribatutako enpresa batek eginen ditu. Horretarako, berariazko lan-plan bat egin beharko da, fibrozementuarekin zehatz-mehatz zer eginen den deskribatuko duena; plana horrek, aurkeztu aurretik, Nafarroako Gobernuaren Lan Agintaritzaren baimena beharko du. Proiektuan adierazten denari dagokionez, non azaltzen baita fibrozementuaren parterik handiena ez da dela azaleratuko eta ondorioz ezta manipulatuko ere, ontzat ematen da estalita eta manipulatu gabe uztea, Nafarroako Foru Komunitateko Amiantoa Ezabatzeko Plan Zuzentzailea garatzen ez den bitartean. Aipatu planaren azken xedea da Nafarroan amiantoa duten material guztiak ezabatzea, segurtasun baldintzetan kendu ondotik. Bestetik, udalak fibrozementuzko azpiegitura hori kontuan hartu beharko du, etorkizunean, Nafarroako Foru Komunitateko Plan Zuzentzailearen baitan, amiantoa duten instalazioen errolda egiten bada.

–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera, eta abar), mezu elektronikoa bidaliko dio Sakana-Mendialdea barrutiari (gmasakana@navarra.es).

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Uharte Arakilgo Udalari eta Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Sakana-Mendialdeko Koordinazio Unitatea), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 3an.–Naturaguneen eta Espezie Babestuen Ataleko burua, María Carmen Areta Cebrián, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria ordezkatuz, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 291E/2019 Ebazpenaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F2112012