2. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

99/2020 FORU DEKRETUA, abenduaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zenbait departamentuk eta erakunde autonomok aditzera eman dute beren plantilla organikoak aldatu behar direla benetan dituzten beharretara moldatzeko.

Orobat, plantilla organikoan zehazten diren kontuak direnez gero, ukitutako departamentuek planteatu dituzten aldaketa batzuk jaso dira, zenbait burutza betetzeko beharkizunei buruzkoak, hain zuzen. Aldaketa hauek ez dute kostu ekonomikorik.

Bestetik, osagarri batzuen esleipena aldatu da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantilla organikoaren zenbait lanpostutan, desagertu baitira haien esleipena justifikatu zuten arrazoiak.

Bukatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Eskubide Sozialetako Departamentuko Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa Pathways proiektua bultzatzen ari da, lider gisa, bat eginik Hezkuntza Departamentuarekin, Eskubide Sozialetako Departamentuarekin, Nafarroako Ekonomia Sozialaren Enpresen Elkartearekin eta Eraikuntzaren Lan Fundazioarekin, eta bazkide izanik Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa. Proiektu horren helburu nagusia da ikasteko estrategia berriak diseinatzea oinarrizko gaitasunen irakaskuntzaren eskaintzaren esparruan, zehazki, kualifikazio baxua duten helduen beharrei egokitutako estrategiak, batez ere hizkuntza eta zenbaki gaitasunak eta gaitasun digitalak gara ditzaten.

Proiektua 2022ra bitarte gauzatuko da, eta Europako Batzordearen VP/2019/005 deialdira aurkeztu zen 2019ko ekainean, EASI programaren PROGRESS ardatzaren barruan. Batzordeak onetsi du, eta bostehun mila eurotik gorako zuzkidura emanen dio.

Proiektu horrek langileen kontratazioa eskatzen du, hartan ari daitezen. Beharrezko lanpostuetako batzuk ez baitaude jasota Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantilla organikoan, bidezkoa da foru dekretu hau onestea, zehaztu dadin zer ordainsari jasoko duten lanpostu horietan kontratatuko direnek programak iraun bitartean.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiak horren aldeko txostena egin du.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko abenduaren hogeita hamarrean egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Plantilla organikoan lanpostu batzuk amortizatzea eta beste batzuk sortzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa honela aldatzen da:

Bat.–Ondotik adierazten diren lanpostuak amortizatzen dira. Zuzkidura ekonomikoa dute indarreko gastuen aurrekontuaren I. kapituluko partidetan:

LEHENDAKARITZAKO, BERDINTASUNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA BARNEKO DEPARTAMENTUA

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusia

–Zerbitzu orokorretako langileak: lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, D mailakoa, plantilla organikoan 123 zenbakia duena.

LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEPARTAMENTUA

Idazkaritza Tekniko Nagusia

–Administrariak: lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, C mailakoa, plantilla organikoan 1523 zenbakia duena.

Bi.–Ondotik adierazten diren lanpostuak sortzen dira. Zuzkidura ekonomikoa dute indarreko gastu-aurrekontuaren I. kapituluko partidetan:

LEHENDAKARITZAKO, BERDINTASUNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA BARNEKO DEPARTAMENTUA

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusia

–Enpresa Zientzietako diplomadunak: lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, B mailakoa, plantilla organikoan 11131 zenbakia duena.

LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEPARTAMENTUA

Idazkaritza Tekniko Nagusia

–Administrazio publikoko teknikariak (arlo juridikoa): lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, A mailakoa, plantilla organikoan 11132 zenbakia duena.

2. artikulua. Lanpostu batzuk sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa honela aldatzen da:

Ondotik aipatzen diren lanpostuak sortzen dira plantilla organikoan. Behar den zuzkidura ekonomikoa dute indarreko gastu-aurrekontuaren I. kapituluan:

LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEPARTAMENTUA

Ingurumen Zuzendaritza Nagusia

–Biologoak: bi lanpostu huts, funtzionarioen araubidekoak, A mailakoak, 11133 eta 11134 zenbakiak dituztenak plantilla organikoan.

–Kimikoak: bi lanpostu huts, funtzionarioen araubidekoak, A mailakoak, 11135 eta 11136 zenbakiak dituztenak plantilla organikoan. Ingeleseko B2 maila edukitzea eskatzen da bietan.

–Administrazio publikoko teknikariak (arlo ekonomikoa): lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, A mailakoa, plantilla organikoan 11137 zenbakia duena. Ingelesezko B1 maila edukitzea eskatzen da.

–Administrariak: lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, C mailakoa, plantilla organikoan 11138 zenbakia duena.

3. artikulua. Burutza batzuk eskuratzeko betebeharrak aldatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa honela aldatzen da:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatzen duen abenduaren 13ko 112/2017 Foru Dekretuaren I. eranskina aldatzen da, burutza batzuei esleitutako berariazko betebeharrak aldatzearren. Hortaz, hauek dira burutza horiek merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko izangaiek bete behar dituzten berariazko betebeharrak:

ESKUBIDE SOZIALETAKO DEPARTAMENTUA

Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusia

Pentsioen Bulegoko Burutza.

Lanpostu zenbakia: 8297.

Ez da berariazko baldintzarik eskatzen.

LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEPARTAMENTUA

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia

Elikagaien Segurtasunaren Bulegoko Burutza.

Lanpostu zenbakia: 7153.

Berariazko betebeharrak:

Maila: A.

Lanpostua: albaitarien lanpostu baterako izendatu izana, edo osasun publikoko ikuskatzailearen lanpostu baterako, Albaitaritzako tituluarekin.

Gidabaimena: B.

4. artikulua. Lanaldiaren luzapeneko osagarriaren esleipena aldatzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko lanpostu bati.

Lanaldiaren luzapeneko %10,00eko osagarria kentzen da, esleituta zegoena kazetaritzako goi mailako tituludunaren 7489 zenbakiko lanpostuari (Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari atxikita dago).

5. artikulua. Lanpostu bat sortzea Hezkuntza Departamentuan.

Bat.–Helduentzako oinarrizko gaitasunen ikasketako aditua izateko lanpostu bat sortzea, B mailakoa, Hezkuntza Departamentuko Etengabeko Prestakuntzaren Bulegoari atxikita.

Bi.–Lanpostu horrek bateraezintasuneko osagarria du, eta, 318/2004, 11/2007 eta 19/2008 foru dekretuetan ezarritakoari jarraikiz, lanpostuaren osagarria, bere mailako soldataren %6,73koa.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko gaikuntza.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko abenduaren 30ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2016322