197. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

797E/2021 EBAZPENA, uztailaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Larragan eraikuntza eta eraispeneko hondakinen (EEH) tratamendurako instalazioa egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena. “Gravera Valdecaballos Larraga Ley 18/1982” (F. Suescun Construcciones SL) aldi baterako enpresa elkarteak sustatu du proiektua.

2020ko abenduaren 29an, Larragako Udalak, organo eskuduna den aldetik, jarduera sailkatuaren espedientearen tramitazioa abiarazteko eskaera igorri zuen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura, eta aldi berean, hasiera eman zitzaion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari; izan ere, espediente hori ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko b) apartatuan jasotzen direnetakoa baita.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die, 2021eko otsailaren 25ean, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. 12 kontsulta egin dira, eta Meatzeen Atalaren erantzuna jaso da. Meatzeen Atalak jakinarazi du Industria, Energia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiaren ekainaren 12ko 298/2015 Ebazpenaren bidez, Valdecaballoseko legar-hobia ustiatzeko baimena eman zela, eta, horrekin batera, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2015eko martxoaren 25ean aurrez txostena eginda, enpresak aurkeztutako lehengoratze plana ere onetsi zela. Lehengoratze plan horretatik egin gabe dago ezpondak berriz profilatzea, hau da, materiala erantsiz ezpondak leuntzea.

Aurrez (2020ko abenduaren 28an) Udalak jardueraren eta Udal Planeamenduaren arteko bateragarritasunari buruzko txostena egin zuen.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzeari buruz edo ingurumen-inpaktuaren txostena emateari buruz ebazpen honetan ezarritako baldintzetan.

Proiektuaren deskribapena.

Egin asmo den jarduketaren xedea da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen (EEH) sailkapenerako eta balorizaziorako instalazio bat eraikitzea Larragako 11. poligonoko 1695. lurzatiaren zati batean. Lurzati honetan legarra ateratzeko jarduera bat dago (“Valdecaballos”), Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 4ko 1667/2008 Ebazpena duena. Ebazpen horren bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta udal lizentzia eman aurreko aldeko txostena egin ziren (122. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2008ko urriaren 6koa). Orain aurkeztu den proiektuaren arabera, legar-hobiak 60.333 m²-ko azalera hartuko du; horietatik, 18.453 m² ustiatu gabe daude eta EEHen tratamendurako instalazioa egiteko erabili nahi dira (lurzatiaren hego-ekialdeko mugan). Proposamenak honako hauek aurreikusten ditu:

–Itxitura eta landarezko pantaila perimetroan.

–Instalazio orokorren eremua (ekialdean): harrerako etxola, aldagelak eta komunak, sorgailuarentzako etxola, gai toxiko eta arriskutsuentzako etxola eta aparkalekuak.

–Harrerako eremua (589,19 m²): sarrerako eremuaren segidan egonen da; bertan egiaztatuko dira materialen ezaugarriak eta beren garbiketa maila. Hartzeko modukoak ez direnak errefusatu eginen dira (eta edukiontzietan bereiziko dira baimendutako kudeatzaileei emateko); hartzeko modukoak diren materialak tratamenduen eremura edo produktuak pilatzeko eremura eramanen dira, horien ezaugarrien arabera.

–Tratamenduen eremua (407,66 m²), erdian egonen da eta instalazio mugikor bat ezarriko da bertan.

–Azken produktuak pilatzeko eremua (2.242 m²).

Proiektua garai batean legar-hobia zen eremuan egitekoa denez, azalera egokitzeko behar diren elementu osagarriak badaude dagoeneko; zehazki,honako hauek: sarbidea (NA-601 errepidetik abiatzen den pista), instalazioen itxitura, ezkutuan uzteko baldintza topografikoak, etab. Ez da argirik edo argiztapenik behar kanpoalderako. Instalazioek ekipo elektrogeno propioa izanen dute (ez dago sare elektrikora lotu beharrik). Instalazioan ez da ur hornidurarik behar: hautsa sortzea ekidite aldera, birrindutako materialak pilatzeko lekuak eta joan-etorriko bideak kanpoko ekipamenduak erabiliz ureztatuko dira (ureztatzeko upelak); aldageletako hornidurarako (ur ez-edangarria) aldagelei erantsitako 5.000 litroko ur biltegi bat erabiliko da. Biltegi hori beteko da ureztatzeko upelak erabiliz.

Perimetroan ezponda bat diseinatu da sor litezkeen isurketa-urak bildu eta maila baxuagoan dagoen putzu batera bideratzeko (lurzatiaren hego-ekialdeko mugan). Azaleraren iparraldeko mugari erantsita, lorategiak egokitzeko aurreikuspena egin da.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua.

Aurkeztutako ingurumen agiria partez egokitzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denera. Ingurumen balioen eta balio ekologikoen ebaluazioen deskribapena dakar (10.4 apartatuan), eta garai batean zegoen legar-hobiko jarduera dela-eta, inpaktua bateragarria dela deritzo.

Ingurumen agiriaren gabezien artean honako hauek dira nabarienak: paisaian nola integratu eta fauna balioen deskribapena:

a) Paisaia. Lurzatiaren perimetroaren zatirik handienean ezpondak ia bertikalak dira (inguruko lurrak baino 4-5 metro garaiago), eta hegoaldeko mugan (2.3 planoko 5. koordenatutik 13. koordenatura) lehengoratze topografikoa egin gabe dago. Bi alderdi horiek lehenagoko legar ustiapenaren ondorio dira. Horiek horrela, lorategietarako aurreikusitako azalera (4. eta 6. planoak) eta ereiteko azalera ez dira zuzenak.

Arestian aipatu bezala, beharrezkoa da Industria, Energia eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren ekainaren 12ko 298/2015 Ebazpenaren bidez onetsitako lehengoratze plana gauzatzen bukatzea.

b) Fauna. 2021eko ekainean eginiko bisitaldian egiaztatu ahal izan da erle-txorien eta harkaitzetako bestelako hegazti batzuen koloniak daudela, eta hegazti horiek ezpondetako legarren artean tartekatzen diren buztin geruzak baliatzen dituztela habiak egiteko. 1695. lurzatian dagoen ezponda hain luzea izanik -EEHen instalazioaren eremua ere gainditzen baitu-, hegazti horientzako habitataren galera ez da esanguratsutzat hartzen, baina, zalantzarik gabe, kontuan hartzeko alderdia da hegazti horiengan izan dezakeen eragina ekidite aldera; horretarako, obrak egiteko egutegiak ez du bat egin behar haien ugalketa sasoiarekin.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

21/2013 Legearen III. eranskinean ondorio horietarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, jakinarazi du proiektuak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Larragako 11. poligonoko 1.695. lurzatian eraikuntza eta eraispeneko hondakinen (EEH) tratamendurako instalazioa egiteko proiektuak, “Gravera Valdecaballos Larraga Ley 18/1982” aldi baterako enpresa elkarteak sustatuak, ez du eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan adierazten diren baldintzetan, eta, beraz, ez dago 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusten den hari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntik egin beharrik.

2. Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du baldintza hauek betetzea:

a) EEHen tratamendurako instalazioa egin aurretik, Industria, Energia eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren ekainaren 12ko 298/2015 Ebazpenaren bidez onetsitako lehengoratze plana bukatu beharko da, batez ere kokalekuaren ekialdeko eta hegoaldeko ezpondetan.

Lehengoratze plan horrek 356 metrotan ezartzen du betelanerako batez besteko kota (355 metro lurzatiaren iparraldeko mugan eta 357 hegoaldekoan); horretarako, gainazaleko geruzatik eta landare geruzatik erauzitako lurrak erantsiko dira, kanpoko materialik ekarri behar izan gabe; nolanahi ere, lur horiek 2H/1V-ko malda duten ezpondak leuntzea eta horrela baldintza topografikoak hobetzea ahalbidetuko duen moduan gehitu eta kudeatzeko gisan diseinatu da. Horrez gain, lurzatiaren barnean zerrenda periferiko bat ustiatu gabe utzi beharko da, bide publikoen eta ondoko lurzatiaren kanpoko ertzetik hasita 3 metroko zortasun eremua ezarriz.

Egungo ezponden oinean gehitu beharreko materialen zati bat putzua zulatzetik eta garai bateko legar-hobiaren hegoaldean lehengoratu gabe dagoen eremutik ekar liteke. Gomendatzen da sartzeko arrapala mendebaldeko ezpondari itsatsita diseinatzea; egungo posizioan utziz gero, perimetroko ezpondarekiko trantsizio topografiko leuna bermatu beharko da.

Ezponda berriak berdintzeko, instalazioetako landare-lurra eta barneko bideetako lurra bereizita kenduko dira (konposta edo gehigarri organikoak erantsiko dira nahikoa lur ez badago).

b) Obra egiteko egutegia: habiak ezpondetan egiten dituzten hegaztien kumaldia (apiriletik irailera) errespetatu beharko da. Bi urtez eginen da erle-txoriei eta harkaitzetako beste hegazti batzuei buruzko fauna-ikerketa (obra egin aurrekoa izanen da lehen urtea, alderatzeko moduko datuak lortze aldera). EEHen instalazioa eta haren ekialdeko ezpondaren luzapena (300 bat metro luze) hartuko ditu ikerketaren esparruak. Ikerketaren emaitzak Ingurumen Eraginaren Atalera igorriko dira gainbegira ditzaten eta neurri zuzentzaile gehiago har daitezen, halakorik behar izanez gero.

c) Landaketak egiteko 6. planoa (“Integraziorako neurri zuzentzaileak”) hartuko da erreferentzia gisa. Hala ere, bertako zuhaixkak eta zuhaitzak erabiliko dira ezponden oinean zein gaineko aldean, eta lerrokatze geometrikoak saihestuz diseinatuko dira landaketak. Honako espezie hauek erabiliko dira: lizarra (Fraxinus angustifolia), ihar frantsesa (Acer monspessualanum), elorri beltza, pikondoak eta karraska (Quercus rotundifolia); erabilitakoen %80 inguru izanen dira azken espezie horretakoak. Zurkaitzak eta babesgarriak erabiliko dira, bai eta mantentze lanak egin ere (ureztaketa, hutsuneak betetzea...) EEHen instalazioa erabilgarri den bitartean.

d) Hego-ekialdean euri-uretarako aurreikusitako putzuaren ezpondek 3 H:1V edo gutxiagoko malda izanen dute, bere perimetroaren %60an gutxienez. Ezponda horietan landare-lurra gehituko da (20 cm-ko geruza gutxienez)

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalera, Larragako Udalera, Meatzeen Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldera (Lizarra 2 eskualdea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko uztailaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2111994