197. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

655E/2021 EBAZPENA, uztailaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren adierazpena ematen duena proiektu honetarako: “Zerriak gizentzeko ustiategia (2.496 plaza), Artaxoako 7. poligonoko 420. eta 421. lurzatietan”. Sustatzailea Jorge Bañales Echarri da.

Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean (1. taldeko A) 3 epigrafean) sartzen direnetakoa da. Beraz, aipatu xedapenean ezarritakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaio.

Era berean, proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 4C eranskineko C) 3. epigrafean sartzen direnetakoa ere bada (“Jarduera sailkatuetarako udal lizentziaren menpe dauden jarduerak eta instalazioak, aurretiaz Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ingurumen txostena behar dutenak”). Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Sustatzaileak, 2020ko maiatzaren 19an, ebazpen honen idazpuruan aipatzen den espedientea aurkeztu zuen Artaxoako Udalean, hura baita jarduera sailkatuetarako udal lizentzia tramitatzeko organo eskuduna.

Artaxoako Udalak, organo eskuduna den aldetik, bat etorriz 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatuarekin, jendaurrean jarri zituen 30 egunez proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, eta iragarkia argitaratu zen 2020ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 5ekoan. Horrez gain, kontsulten tramitea ere egin zen, kontsultak eginez ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Horrela, bada, kontsulta egin zitzaien Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari eta ustiategiaren lurzatiaren alboko lurzatien titularrei ere.

Tramite horren ondoren, Artaxoako Udalak, dokumentazio guztia zegoela egiaztatu ondoren, txostena igorri zion Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari 2020ko irailaren 21ean. Zerbitzu horrek, 2020ko irailaren 29an, Biodibertsitatearen Zerbitzuari igorri zizkion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntari hasiera emateko eskaera eta hari erantsitako dokumentazioa, aplikatuz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.3 artikuluan ezarritakoa.

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko tramitean, Artaxoako Udalak bi txosten jaso zituen: batetik, Ondare Historikoaren Zerbitzuarena, proiektuaren aldekoa, bateragarritzat jotzen baitziren proposamena eta Nafarroako aztarnategi arkeologikoen babesa; eta, bestetik, Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuak hasiera batez eginiko txostena, zeinean informazioa eskatzen baitzen giza kontsumorako diren baina sare publikotik ez datozen urei buruz eta legionelosiaren prebentzioari buruz. Horri buruzko dokumentazio gehiago aurkeztu ondoren, zerbitzuak aldeko txostena eman zion proiektuari, baina baldintza batzuekin.

Jendaurreko informazioaren tramitean, ez da alegaziorik, erreklamaziorik, kexarik edo oharrik jaso proposamenari buruz.

Proposamenaren deskribapena:

Zerriak gizentzeko ustiategi bat jarri nahi da Artaxoako 7. poligonoan, zehazki, 421. lurzatiaren hego-ekialdean eta katastroko poligono bereko 420. lurzatiaren eremu txiki batean. Ustiategia zerriak gizentzeko erabiliko da, 20 kilotik 110 kilo egin arte, eta pisu horrekin hiltegira eramanen dira. Ustiategian “dena barruan-dena kanpoan” delako sistema erabiliko da. Hau da, lote bakoitza irtetean eta hurrengoa sartzean, den-dena hustu eta desinfektatu eginen da.

Artaxoako 7. poligonoko 421. lurzatia lehorreko laborantzarako erabiltzen da nagusiki, nahiz eta Nafarroako Ubidearen 1. faseko III. sektoreko ureztaketa eremuaren barnean egon eta ondoko lurrak ere ureztaketa eremu horretan egon.

Proiektuaren arabera, bi nabe eraikiko dira. Solairu bakarrekoak izanen dira, bakoitza 70 x 15,5 m-koa, gutxi gorabehera, eta bi isurkiko estalkia izanen dute. Ustiategiak honako hauek edukiko ditu: pentsu siloak nabeen aurrean; lokal tekniko bat eta aldagelak; ur depositu bat (300 m³), biltegi gisa erabiliko dena, eta beste depositu bat ur kloraturako (30 m³), edateko izanen dena; minda-putzu bat, lurrazpian egina eta iragazgaitza, 4 m-ko sakonerakoa (2.400 m³-ko edukiera erabilgarria), inguruan hesia eta ezponda landareztatua (1V:2H) izanen dituena.

Ustiapen berriaren urbanizazioa lurretan konpentsatuko da; beraz, ez da mailegu-materialik behar urbanizazio horretarako, eta ez da sortuko kudeatu beharreko lur soberakinik.

420. lurzatian, nekazaritzako eraikin batzuk daude. Aurreikusita dago horma bat eraistea, garbiago gera dadin proiektatutako nabeetako siloetarako sarbidea. Existitzen diren eraikinei dagokienez, ez dira aldatuko ez horien jarduera ez eta horien erabilera ere. Beraz, oraingoz, ez da zerriak gizentzeko jarduerarik eginen nabe horretan.

Ura hartzeko, Nafarroako ubidearen 1. faseko III. sektoreko ureztaketa eremutik eginen da. Energia elektrikoari dagokionez, ekipo elektrogeno batetik hartzea aurreikusten da. Ustiategira sartzeko, Tafallako bidetik eginen da, hurbil dagoen NA-6030 errepidetik.

Ustiategia hesi batez inguratuko da, zutoin eta sare metalikoekin. Zuhaitzak landatuko dira nabeen inguruan eta bidearen aurrean, eta landaketa berriak eginen dira iparraldean, nabeen eremuarekin muga egiten duen ezponda natural batean.

Sortutako mindak banatzeko lurralde planari dagokionez, sustatzaileak 13 lurzati aurkeztu ditu. Gehienak ureztaketa eremuan badaude ere (Nafarroako ubidearen 1. faseko III. sektorea eta II-2 sektorea), proposatutakoen artean bada lehorreko lurzatiren bat sektore horien barnean eta lehorreko beste lurzati pare bat ere eremu horietatik kanpo (Añorberekin muga egiten dutenak).

Ingurumen-inpaktuaren azterketa:

Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketak behar bezala jasotzen ditu jardueraren kokagunean dauden ingurumen-balioak, bai eta proiektuko zer elementuk eta ekintzak izan dezaketen eragina balio horien gainean. Kutsadura, hondakinak, isurketak eta abar kontrolatzeko ohikoak diren neurriez gain, eta jardueraren baliabideen kontsumoa egokitzeko asmoz, instalazioak ingurumenean eta paisaian integratzeko neurriak ere jasotzen dira, obrek iraun bitartean eta ondoren aplikatu beharrekoak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan ondorioztatzen da ezen obrek ez dutela eragin larririk izanen ingurumenean.

Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

Instalazioa kokatzeko hautatu diren lursailak muino edo terraza txiki baten parte dira, inguruko lurrak baino 4-5 m gorago dagoena. Etorkizuneko nabeen iparraldean, berezko landaredia eta zuhaitzak dituen ezponda bat dago. Ustiategiko elementuen (nabeak, barreneko sarbideak, minda-putzua, ur-depositua eta abar) urbanizazioaren eta antolamenduaren diseinuaren arabera, berezko landaredia duen ezponda hori bere horretan utzi eta basoberritu eginen da. Ez da aurreikusten material-mailegurik behar izatea edo hondeaketatik lur soberakinik sortzea.

Lurraren topografia dela-eta, ustiategia NA-6030 errepidetik ikusiko da. Hala ere, errepide horren zati bat lubakian igarotzen denez eta bide bazterretan landaredia dagoenez, ezkutatuta geratuko da etorkizuneko ustiategiaren eremua. Nolanahi ere, proposamenean landareztatze plan bat sartzen da, ustiategia paisaian integratzea erraztuko duena.

Akuiferoen kalteberatasunari dagokionez, ustiategia kokatuko da “material iragazkorrak eta iragazgaitzak alternatzen dituen” eremu batean, “kalteberatasun ertaina” duena. Hala ere, eremu hau Arga ibaiaren ezkerraldeko haranekin eta ubideekin lotzen da, Garesko hegoaldean. Ez dago sartuta nekazaritzako nitratoengatiko kutsadura izateko arriskua duten ur-masen edo alubialen artean.

Mindak banatzeko lurralde planak ez du eragin nabarmenik izanen ingurune naturalean, ingurumenaren aldetik balio adierazgarririk ez duen Artaxoako eremu batean garatuko baita. Ebazpen honi eranskin bat gehitu zaio. Eranskin horretan protokolo bat jaso da abeltzaintzako ustiategietako mindak, digestatoa eta/edo simaurrak behar bezala kudeatzeko jarraibideekin, biodibertsitateari ez eragiteko. Lurzatiak ez daude sartuta nekazaritzako nitratoengatiko kutsadura izateko arriskua duten eremuen artean.

Jarduera lizentziaren tramitazioaren barnean, proiektuak neurriak proposatzen ditu kutsadura, isurketak, hondakinak eta abar kontrolatzeko, jardueraren diseinuarekin eta funtzionamenduarekin lotutako ondorio kaltegarri nagusiak saihesteko.

Ustiategiak harrapari nekrofagoak erakartzen ahal dituenez, eragin sinergikoa izan dezake Artaxoan eta Barasoainen dauden haize-parkeekin, bai eta inguru horretan tramitatzen edo prospekzioan dauden parke berriekin ere. Kasu horretan, hegazti nekrofagoek inguruko aerosorgailuekin talka egiteko arriskua handitu liteke.

Hori horrela, abereen osasunerako neurriak sartu dira proposamenean; neurri horiek dira horrelako ustiategietan hilotzak kudeatzeko aplikatu ohi direnak, adibidez, hilotzak edukiontzi itxian biltegiratzea, gero kudeatzaile baimendu bati emateko. Neurri horiek nahikoak dira hegazti nekrofagoen erakarpen-arriskua gutxitzeko.

Nolanahi ere, egungo aerosorgailuak etorkizuneko ustiategitik 1,5 km baino urrunago daude, eta etorkizuneko parkeetarako proposatutako kokalekuak distantzia horretan daude; beraz, ez da espero ustiapen berriaren ondorioz haize-parkeetan hegazti nekrofagoen talka egiteko arriskua nabarmen handitzea.

Kontuan izan da proiektuko lurzatian badirela landa-sarbideak, eta lurzati horren inguruko lursailetan badirela ur-harguneak, erabilgarri daudenak ustiategiaren hornidurarako behar diren urak hartzeko; horregatik, ez da espero eragin nabarmenik izatea ingurumen-balioa duten inguruneko elementuen gainean zuzkiduren eta sarbideen ondorioz.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atalak, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren analisi teknikoa egin ostean, ondorioztatu du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura behar bezala burutu dela, eta ados agertu da proposamenarekin.

Irizten da proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik; hortaz, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea proposatzen du, eta adierazten du ezen, ingurumeneko ondorioetarako soil-soilik, proiektua egiten ahalko dela baldin eta betetzen badira jarduera sailkatuaren proiektuan eta jarduera sailkatuaren lizentzian sartutako neurriak eta baldintzak eta ebazpen honetan jasotako baldintzak.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-inpaktuaren adierazpena ematea proiektu honetarako: “Zerriak gizentzeko ustiategia (2.496 plaza), Artaxoako 7. poligonoko 420. eta 421. lurzatietan”. Sustatzailea Jorge Bañales Echarri da.

2. Jarduera egiteko, jarraitu beharko zaie idazpuruan azaltzen den espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei, eta, gainera, baldintza hauek beteko dira:

Ingurune naturala eta paisaia babestea:

–Kanpoko argiztapena irailaren 15eko 149/2007 Foru Dekretuaren 3. artikulura egokitu beharko da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamendua.

–Ustiategia ingurumenean eta paisaian hobeki integratzeko eta lurzatiaren gaineko ukipenak murrizteko:

  • Nabeen eta minda-putzuaren arteko barreneko sarbideak definitu eta zolatuko dira,
  • Nabeen, barneko sarbidearen eta minda-putzuaren arteko barne espazioak, zolatzen ez badira, bere horretan utziko dira, naturaren bilakaeraren mende, berezko landareztatzea errazteko,
  • Aurreikusita dago lurzatiaren iparraldea, hegoaldea eta ekialdea haritzekin, karraskadiekin eta ipuruekin basoberritzea, eta gauza bera egitea minda-putzuaren eta putzu horren iparraldeko itxituraren artean dagoen eremuan eta Artaxoako 7. poligonoko 420. lurzatiko nabearen iparraldean.

–Helburu berarekin, proposatutako zuhaitz eta zuhaixka autoktonoen baso-espezieak berrikusiko dira, inguruko ezpondetan eta zerrendetan daudenekin bat etor daitezen eta, aldi berean, proiektua eta horrek ukitutako ingurunea paisaian eta ingurumenean integra daitezen. Adierazi da ezen eremu horrek gaitasun handiagoa duela erkametzak, karraskadiak eta abariztiak hartzeko, haritz ilaundunak hartzeko baino. Nolanahi ere, landaketak ureztaketaz hornituko dira, tamaina ertainera irits daitezen ahalik eta eperik laburrenean.

–Etorkizuneko instalazioen iparraldeko ezponda naturalaren landaketak egitean, ez dira ukituko gaur egun dauden zuhaitz eta zuhaixkak.

–Neurri zuzentzaileak eta kudeaketakoak ezarriko dira pentsu-biltegietarako eta animalien hondakin eta hilotzetarako, karraskariak, harrapariak eta sarraskijaleak ahal den gutxien erakartzeko (bereziki hegazti nekrofagoak). Hilotzen edukiontziak eraikuntzen barnean jarri beharko dira, ez kanporako eremuetan.

–Mindak banatzeko lurralde planean sartutako lurzatiak ingurumenaren aldetik kalteberak diren eremuetan ez badaude ere, ebazpen honi eranskin bat gehitu zaio, zeinean protokolo bat jaso baita abeltzaintzako ustiategietako mindak, digestatoa eta/edo simaurrak behar bezala kudeatzeko jarraibideekin, biodibertsitatea kontserbatzeko.

Obrak egitean hartu beharreko neurriak:

–Hondeaketatik soberan gelditutako lurrak honetarako erabiliko dira: instalazioen ingurunea topografian integratzeko, lehengoratze proiekturen bat egiteko edo baimendutako zabortegi batera eramateko, hondakinen arloko araudi indarduna betez.

Ingurumen baimen integratua eman osteko neurriak.

–Instalazioaren aldaketa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

  • Hondeaketaren ondorioz lur soberakinak sortzen badira, txosten bat egin beharko da lur horien bolumenari eta destinoari buruz.
  • Memoria labur bat eta dokumentazio grafikoa, frogatzen dutenak gauzatu direla aurreikusitako landaketak (proiektuaren arabera eta barneko sarbidearen ingururako jarraibideen arabera), eta erakusten dutenak nola dauden egindako landaketa guztiak ustiategia paisaian integratzeko.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Artaxoako Udalari, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (10. barrutia, Tafalla-Zangoza) eta sustatzaileari.

Iruñean, 2021eko uztailaren 1ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

ERANSKINA

Abeltegietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako protokoloa

Kontuan hartzekoak:

–Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentaraua, 1992ko maiatzaren 21ekoa, Natur Habitatak eta Basa Fauna eta Flora Zaintzeari buruzkoa.

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/EE Zuzentaraua, 2009ko azaroaren 30ekoa, Basa hegaztiak zaintzeari buruzkoa.

–Nafarroako Fauna Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartutako espezieak (254/2019 Foru Dekretua, urriaren 16koa, zeinaren bidez Babes Bereziko Basa Espezieen Nafarroako Zerrenda ezartzen baita, Nafarroako Florako Espezie Mehatxatuen Katalogo berria ezartzen baita eta Nafarroako Faunako Espezie Mehatxatuen Katalogoa eguneratzen baita. 2019Ko 216. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 31koan).

–Estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremuak (AICAENA). (Kartografia hori eskuratzen ahal da Nafarroako Datu Espazialei buruzko Azpiegituran –NDEA–, “Ingurumen eta biodibertsitatea” izeneko atalean: https://idena.navarra.es/Portal/Descargar).

–Hegaztientzako babes bereziko eremuak (HBBE) eta kontserbazio bereziko eremuak (KBE), Natura 2000 sarearen barnean daudenak. (Kartografia hori eskuratzen ahal da Nafarroako Datu Espazialei buruzko Azpiegituran –NDEA–, “Ingurumen eta biodibertsitatea” izeneko atalean: https://idena.navarra.es/Portal/Descargar). Natura 2000 sarearen barnean dauden lekuen kudeaketa planak.

Abeltegi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatuta duen lurzatirik (esaterako, ibaien ibilguak edo Natura 2000 sarean edo Nafarroako Estepako Abifauna Kontserbatzeko Garrantzizko Eremuetan sartutako guneak), bermatu beharko da nekazaritza jarduera eta lehorreko laboreen txandaketa mantentzen direla, faunaren kontserbazio egokirako, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

–Debeku da urak kutsatzeko edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekar dezaketen hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra-hondakinak edo substantziak bertan uztea.

–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko laboreetan, martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, estepako hegaztien babesa bermatze aldera ugaltze garaian.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri-sistema eraldatzea.

–Debeku da presio baxuko aspertsiozko ureztapen lokalizatuko banaketa sistema (fertirrigazioa). Leku horietan banaketa lokalizatua baimentzen da, hodi esekiekiko tangen bidez egiten bada, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta: dosifikazioak errespetatu beharko du estepako hegaztien babes egutegia, eta bermatu beharko du intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen ur putzurik edo isuririk ez dela sortuko.

–Otalur edo alfer-lur iraunkorrez okupatutako lursailetan ezin izanen da simaur, minda edo horietatik eratorritako produkturik aplikatu nekazaritzarako (bat etorriz Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezarri zituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuko 8.5 artikuluarekin). Otalur edo alfer-lur horiek, bereziki intereseko habitatak badira (KBEan zein hortik kanpo egon), ez dute zeharkako ukipenik jaso behar, mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren laborantzatik sor daitezkeen isuri edo ur putzuen ondorioz.

–Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa ur masa iraunkorretatik gutxieneko 50 metroko distantziara erabiltzea, kontuan hartuz ibilgu nagusiak zein bigarren mailako sarea. Ur masak babesteari begira, banaketaren baldintzak ezartzean kontuan hartuko dira estatu mailan sektorerako ezarritako berariazko araudian ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian deskribatutako TEOak - Abeltzaintza Sektorea).

–Ur ibilguen eta hezeguneen kutsadura saihestuko da, urtarotarrak zein jarraituak izan. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, bazkalekuak, landaredi higrofiloa edo landare mehatxatuen multzoak), habitat horiek KBEaren barnean sartuta egon nahiz ez. Nolanahi ere, ezin izanen da hustubide edo drainatzeetara doan azaleko ur jariatzerik egin.

–Gatz-hezegune eta erreka-zuloetako arro hidrografikoan beteko dira Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruaren erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak. Kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

Iragarkiaren kodea: F2112150