194. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

832/2021 EBAZPENA, abuztuaren 3koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 17ko 141/2021 Ebazpena, onesten zituena mahastia berregituratu eta birmoldatzeko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak 2021-2022 kanpainarako.

Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 17ko 141/2021 Ebazpenaren bidez, 2021-2012 kanpainan mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren.

Azaroaren 2ko 1363/2018 Errege-dekretuaren 2. atalean oinarrizko arauak ezartzen dira, aplikatu beharrekoak mahastia berregituratu eta birmoldatzeko neurriari. Neurri hori jasota dago Espainiako mahastizaintza eta ardogintza sektorerako 2019-2023ko laguntza programan.

Azaroaren 2ko 1363/2018 Errege-dekretuaren 37.4 artikuluan ezartzen denez, mahastia berregituratu eta birmoldatzearen kostuen partaidetza kalkulatzeko, balio hauen gainean aplikatuko da ehunekoa (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 46.6 artikuluan finkaturikoa): kostu unitarioen baremo estandarren balioak, zeinak ezarriak baitaude XIII. eranskinean jasotako mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko jarduketa diruz lagungarri bakoitzerako, ordainketa modu hori aplikatuz gero. Bestalde, azken paragrafoan aukera ematen zaie autonomia erkidegoei finantzaketaren ehunekoa ezartzeko, baldin eta ez bada gainditzen 1308/2013 Erregelamenduaren 46.6 artikuluan ezarritakoa.

Azaroaren 2ko 1363/2018 Errege-dekretuaren 37.4 artikuluarekin bat, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 17ko 141/2021 Ebazpenaren bederatzigarren oinarriko bosgarren apartatuko bigarren paragrafoan ezarri zen honako zenbateko hau emanen zela, Nafarroako Foru Komunitatean, mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko jarduerak laguntzeko: ebazpen horren III. eranskinean jasotako kostu unitarioen baremo estandarren balioen %50. Aipatu ebazpenaren bidez, onetsi ziren mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak, 2021-2022 kanpainarako.

Apirilaren 20ko 283/2021 Errege-dekretuak aldaketak egin ditu azaroaren 2ko 1363/2018 Errege-dekretuan, Espainiako mahastizaintza eta ardogintza sektorerako laguntza programaren neurriak aplikatzeko 2019-2023 aldirako. Haren zortzigarren xedapen gehigarrian ezartzen da mahastiak berregituratzeko eta birmoldatzeko neurria salbuespenez finantzatuko dela, COVID-19aren ondoriozko osasun krisia dela eta.

Zortzigarren xedapen gehigarri hori apirilaren 20ko 283/2021 Errege-dekretuaren hogeita batgarren puntuan aldatu da, 2021eko ekitaldian onetsi behar diren laguntzen eskaerei dagokienez (baldin eta 2021eko urriaren 16a baino lehen onesten badira), eta xedatzen du aplikatu daitekeen laguntza %60ra handitzen ahalko dela, garapenik txikieneko eskualdeetako autonomia erkidegoen kasuan, kontuan hartu gabe 1363/2018 Errege-dekretuaren 37.4 artikuluan ezarritakoa. Hori guztia, aplikatuz Batzordearen apirilaren 30eko 2020/592 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 6. eta 10. artikuluak; izan ere, erregelamendu horrek zenbait neurri ezarri zituen, salbuespenekoak eta aldi baterakoak, baita horiekin loturiko beste neurri batzuk ere, baimena emanez salbuespenak egiteko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduko zenbait xedapen aplikatzerakoan, aurre egin ahal izateko COVID-19aren pandemiak merkatuan eragindako kalteei, fruten eta barazkien sektorean eta mahastizaintzako eta ardogintzako sektorean.

283/2021 Errege-dekretuaren artikulu bakarraren 4. puntuan ere aldatzen da 1363/2018 Errege-dekretuaren 39. artikuluaren 3. apartatua, laguntzaren ordainketa exekutatu aurretiko kontroletan malgutze elementuak gehitzeko. Horrela, ezinbesteko kasuen ondorioz ez bada, laguntzen ordainketa baimentzen da honako baldintzak betetzen badira: operazio globalaren parte diren ekintza guztiak exekutatu ez badira, baina operazioaren helburu globala lortu bada, helburu estrategikoak bete baitira, eta exekutatutako ekintzak hasiera batez onartutako edo aldatutako laguntza eskaeren helburu orokorren parte badira. Baimendutako ordainketa horretan laguntza gutxituko da munta hauetan: hasiera batez onartu baina exekutatu ez diren ekintzen munta, edo exekuzio egokiaren bermea exekutatu behar izan gabe aldatutako ekintzen munta.

Horrenbestez, ikusirik zer ezartzen den apirilaren 20ko 283/2021 Errege-dekretuaren artikulu bakarraren 21. eta 4. puntuetan eta azaroaren 2ko 1363/2018 Errege-dekretuaren 37.4 eta 39.3 artikuluetan, bidezkoa da aldatzea 141/2021 Ebazpenaren bederatzigarren oinarriko 5. apartatuaren bigarren paragrafoan xedaturikoa, laguntzaren portzentajea handitzeko; ebazpen horren III. eranskinean jasotako kostuen baremo estandarren balioen %60 izanen da portzentaje hori. Halaber, bidezkoa da aldatzea 141/2021 Ebazpenaren hamaikagarren oinarriaren 2. apartatuaren bigarren paragrafoa, laguntza ordaindu aurretiko kontrolak malgutzeko.

Adierazitakoarekin bat, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 17ko 141/2021 Ebazpena, ebazpen honen I. eranskinean adierazten den moduan. Ebazpen horren bidez onesten dira mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak 2021-2022 kanpainarako.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko abuztuaren 3an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Aldaketa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 17ko 141/2021 Ebazpenean. Horren bidez, onetsi ziren mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak 2021-2022 kanpainarako

Aldatzen da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 17ko 141/2021 Ebazpenaren I. eranskina, honela:

1. Aldatzen da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 17ko 141/2021 Ebazpenaren I. eranskineko bederatzigarren oinarria, 5. puntuko bigarren paragrafoan, laguntzaren kalkuluari dagokionez. Honela geldituko da idatzita:

“Ebazpen honen III. eranskinean bildutako kostu unitarioko baremo estandarren zenbatekoen %60 da berregituratze eta birmoldatze lan bakoitzari emanen zaion laguntza”.

2. Aldatzen da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren otsailaren 17ko 141/2021 Ebazpenaren I. eranskineko hamaikagarren oinarria, 2. puntuko bigarren paragrafoan, laguntzaren ordainketaren prozedurari dagokionez. Honela geldituko da idatzita:

“Laguntzarik ez da ordainduko eragiketa batengatik, ekintzarik egin ez bada autonomia erkidegoko agintaritza eskudunak kasuan kasuko eragiketaren aldaketa aldez aurretik baimendu gabe, ezinbesteko kasuetan edo salbuespenezko egoeretan izan ezik, edo kontrolek frogatzen ez badute eragiketaren helburua bete dela, Batzordearen 2016ko apirilaren 15eko 2016/1149 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 54. artikuluko 2. apartatuak zehazten duen bezala.

Kontrolek frogatzen badute laguntza eskaera batean (hasiera batez onartutakoa edo aldatutakoa) dagoen eragiketa globala ez dela guztiz exekutatu baina eragiketaren helburu orokorra bete dela, dagokien laguntza ordainduko zaie exekutatu diren ekintza indibidualei. Aldiz, laguntza eskaera batean (hasiera batez onartutakoa edo aldatutakoa) dauden eta guztiz exekutatu ez diren ekintzei hasiera batez esleitutako kopuruaren %100eko zigorra aplikatuko zaie.

Eragiketa globalaren helburua lortzen ez bada, eta dagoeneko ordaindu badira laguntza eskaeran jasotako eragiketa globalaren parte diren ekintza indibidualetarako laguntzak, ez da inongo laguntzarik emanen eta exekutatu ez diren ekintza indibidualei dagozkien kopuruak itzultzea eskatuko da.

Eragiketa globalaren helburua lortzen ez bada, ez da inongo laguntzarik emanen”.

Iragarkiaren kodea: F2112184