194. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

726/2021 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita farmazien zerbitzua mantentzeko dirulaguntzen deialdia, farmazia jarduketa bereziko osasun eskualde oinarrizkoetan dauden farmaziei zuzendurik. DDBN identifikazioa: 574927.

Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legearen 14.1 artikuluan, interes publikoko osasun establezimendu pribatutzat hartzen dira farmaziak.

Arau horren 27.1.c) artikuluan farmazia jarduketa bereziko osasun eskualde oinarrizkoak ezartzen dira, eta xedatzen da haietan jendearentzako farmazia bat, gutxienez, izan beharko dela 1.400 biztanleko.

Gaur egun, farmazia horietako batzuk desagertzeko arriskuan daude. Hori gertatuko balitz, ukitutako herrietan hutsune bat sortuko litzateke farmazia laguntzaren arloan, eta osasun zerbitzuak jasotzeko lurralde-ekitatearen printzipioa kolokan geldituko litzateke.

Hortaz, interes publikokoa da eremu geografiko isolatu eta barreiatu horietan farmaziak mantentzea, zeinek farmazia laguntzako zerbitzua ematen baitute toki horietan.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta kontrolaren printzipioak.

Ikusirik Farmazia eta Prestazioen zuzendariordeak deialdiaren gainean egindako proposamena eta txosten juridikoa (biak espedientean jaso dira), non azaltzen baita deialdia onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta, orobat, deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, Osasun Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna izanik, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuen 15.2 artikuluari dagokionez, eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Farmazien zerbitzua mantentzeko dirulaguntzen 2021eko deialdia onestea, farmazia jarduketa bereziko osasun eskualde oinarrizkoetan dauden farmaziei zuzendurik.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskin gisa gehitzen direnak.

3. 80.000 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastu-aurrekontuko “Farmaziako prestazioak” izeneko 540005 52831 4809 313100 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuari, Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzari eta Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuari.

6. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluko 3. apartatuari jarraikiz.

Iruñean, 2021eko uztailaren 29an.–Zuzendari kudeatzailea ez dagoenez, eta irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuarekin bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza emateko zuzendaria, Javier Apezteguia Urroz.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak. 2021eko deialdia, dirulaguntzak emateko farmazia jarduketa bereziko osasun eskualde oinarrizkoetan dauden farmazien zerbitzua mantentzeko

1. Laguntzen xedea eta helburua.

1. Dirulaguntza honen helburua da farmazia jarduketa bereziko osasun eskualde oinarrizkoetan dauden farmazien zerbitzua manten dadin laguntzea, osasun prestazio honi dagokionez lurralde-ekitatea bermatze aldera.

2. Laguntza hauen xedea da farmazien funtzionamendu gastuak estaltzea eta oporraldietan eta/edo guardia aldietan farmazialarien ordezkoen kontratazioak sustatzea 2021ean, farmazialari titularrek aukera izan dezaten haien lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko.

2. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honetarako bideratu den zuzkidura ekonomikoa 80.000 eurokoa da, eta 2021eko gastu aurrekontuko “Farmazia prestazioak” izeneko 540005 52831 4809 313100 partidaren kargura finantzatuko da.

3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Farmazien titularrek jasotzen ahalko dituzte laguntzak, baldintza hauek betetzen badituzte:

1) Farmazia jarduketa bereziko osasun eskualde oinarrizkoetan egotea, Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legeari jarraikiz.

2) Udalerriko farmazia bakarra izatea.

3) Urtean 200.000 eurotik beherako fakturazioa izatea, Nafarroako Foru Ogasuneko datuen arabera.

4) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiengatik epai edo zehapen bat betetzeko zain. Betekizun hau frogatzeko erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da, II. eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

5) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak dirulaguntzen onuradun izateko ezartzen dituen debekuetatik kanpo egotea. Betekizun hau frogatzeko erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da, II. eranskinean ezarritako ereduaren arabera.

4. Eskaerak nola, non eta noiz aurkeztu.

1. Laguntzen eskaera egiteko, II. eranskinean ezarritako eredua erabiliko da. Eskatzaileak edo haren legezko ordezkariak sinatu beharko du, eta eranskin horretan zehazten den dokumentazioarekin aurkeztuko da.

2. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkez daitezke, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzara zuzenduta, edo, bestela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren erregistroan, edo Nafarroako Gobernuaren erregistro orokorraren bulegoetako edozeinetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusten diren gainerako erregistro eta bulegoetan.

4. Eskaerak ez baditu betetzen behar diren baldintzak, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio okerrak gehienez hamar eguneko epean zuzen ditzala.

5. Laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5. Laguntzak ematea.

Laguntza hauek norgehiagokako araubidean ematen dira. Hala ere, aurrekontu-zuzkidura behar adinakoa ez bada aurkeztutako eskaera guztiei heltzeko, laguntzaren onuradun guztien artean hainbanatuko da.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzak, eskabideak baloratuko ditu, eta gero organo eskudunari igorriko dio dirulaguntzak emateko proposamena. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintzak betetzen dituztela.

Laguntzak emateko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak jaso eta biharamunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

6. Laguntzen zenbatekoa.

1. Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko dira farmazian sortzen diren funtzionamendu gastuak, honako hauek, hain zuzen:

a) Lokaletako gastu orokorrak.

Ondorio horietarako, gastu orokortzat jotzen dira farmazien lokalen funtzionamendurako behar diren gastuak (garbiketa, argindarra, ura, berokuntza edo antzekoak).

Gastuak zehazteko, lokalaren metro karratu erabilgarrien araberako zenbateko bat kalkulatuko da, eta horretarako kontuan hartuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak osasun kontsultategien funtzionamendu gastuak finantzatzeko Nafarroako udalei esleitzen dien diru-zenbatekoa (metro karratua/urtea kontuan harturik finkatzen dena), hain zuzen, II-A motako moduluari dagokiona. Horren ondorioetarako, udalei laguntza horiek emateko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azkeneko ebazpenaren modulua hartuko da kontuan, hots, dirulaguntza hauek emateko ebazpena onetsi aurretik finkatzen den azkenekoa.

b) Langileria gastuak.

Atal honetan sartzen dira oporraldietan eta/edo guardia aldietan farmazialari ordezkoak kontratatzeko egiten diren gastuak, 2021eko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte egiten direnak.

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 4.000 eurokoa izanen da kontzeptu honengatik, onuradun bakoitzeko.

2. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 8.000 eurokoa da urteko, onuradun bakoitzeko.

7. Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

–Osasun arloko administrazioek honako arlo hauen gainean sustatzen dituzten programetan kolaboratzea: farmazia eta osasun arretaren kalitate bermea, osasunaren sustapena eta babesa, eritasunen prebentzioa eta osasun hezkuntza.

–Arreta farmazeutikoaren gainean indarra duen araudia betetzea, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak arlo horren gainean ezartzen dituen prozedura eta jarraibideei men egitea.

–Publizitate egokia ematea jasotako laguntzaren finantzaketa publikoari. Horretarako, farmaziako bulegoan kartel bat paratuko da, ongi ikusteko toki batean, A4 folioaren tamaina baino txikiagoa izanen ez dena, non adieraziko baita: “Establezimendu honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso du farmazian arreta ematen jarraitzeko.”

–Hizkuntzaren erabilera ez-sexistarekin bat egokitzea komunikazioen testuak.

8. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira xede bera duen beste edozein dirulaguntzarekin, dirulaguntzaren izaera eta/edo hura ematen duen entitatea edozein delarik ere. Ondorio horietarako, laguntza eskuratzen bada emakidaren ondoren, onuradunak beharturik egonen dira Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzari jakinaraztera, 15 eguneko epean lortu zutenetik, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluarekin bat.

9. Dirulaguntzaren ordainketa eta gastuen justifikazioa.

1. Funtzionamendu-gastuei dagokien dirulaguntza ofizioz ordainduko da, hilabeteko epean emakidatik hasita.

2. Ordezko langileak kontratatzeko gastuei dagokien dirulaguntza ordainduko da onuradunak eskaera egindakoan. Horrekin batera, beharrezko dokumentazioa aurkeztuko da, eta, ondorio horietarako, ordezko langileak kontratatzeko gastua justifikatzeko (langileen ordainsaria eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuota), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Farmazian kontratatutako langileen Gizarte Segurantzako TC orrien eta nominen kopiak.

3. Dirulaguntza eskatzeko epea 2021eko abenduaren 15ean bukatuko da. Egun horretatik aurrera aurkezten den dokumentazioa ez da onartuko.

10. Laguntza itzultzea.

Ez badira betetzen dirulaguntza ematearekin batera ezarritako baldintzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako gainerako arrazoiak gertatzen badira, edo ez badira betetzen deialdi honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean berariaz adierazten diren betebeharrak, kobratu gabe dauden diru kopuruak jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala denean, jasotako diru kopurua osorik edo zati batean itzuli beharra ere bai, gehi legezko interesak, laguntza ordaindu den egunetik itzulketari buruzko ebazpena ematen den egunera arte sortutakoak.

11. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

12. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntza emateko ebazpena Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko da.

13. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

13. Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta haiek aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

II. eranskina.–Eskabidea.

Deskargatu eskaera orria (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2111869