194. ALDIZKARIA - 2021eko abuztuaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa, Trafikoaren udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2021eko maiatzaren 4an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen 17. udal ordenantzaren prezio publikoak aldatzea (argitaratu zen 2021eko 133. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 8an).

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa, eta aldatu egin zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Berriobeitin, 2021eko uztailaren 26an.–Alkatea, Raúl Julio Bator Pérez.

17. ordenantza

Zioen azalpena

Gaur egun Berriobeitiko Udalak badu Trafikoa arautzen duen udal ordenantza bat, 2002an onetsitakoa. Ordenantza hori ezarri zen Udalak bide publikoen erabilera arautu beharra zeukalako, trafikoari zegokionez eta bereziki automobilei. Azken urteotan, baina, abantaila horiek arazo bilakatu dira udalerriaren zati batean.

Izan ere, populazioa handitzearekin batera gehitu dira ibilgailuak, batez ere, tamaina eta luzera handikoak, eta horiei gehitu behar zaizkie hiriburutik datozen ibilgailuak, aparkalekuetako aparkatze arautu eta murriztuaren ondorioz. Horrez gain, herritar batzuek gehiegikeriaz jokatzen dute, eta horrek eragiten ditu aparkatzeko zailtasunak, zirkulaziorako arriskua eta oinezkoendako espazio publikoa murriztea, espaloietan eragina duelako. Beraz, horrek guztiak behartzen du Udala, batetik, bide publikoen erabilera arautzera, bateragarriak izan daitezen aparkalekuen banaketa ekitatiboa, errepideko zirkulazioak behar duen arintasuna eta kaleetako oinezkoen joan-etorria, eta, bestetik, behartzen du ere aparkatzeko neurri berriak ezartzera.

Horrenbestez, aldatu egiten dira ordenantza honen artikulu hauek: 9, 10, 11, 12, 13, 14, 16, 21, 24, 31, 32, 34, 36, 37, 39, 40, 43, 44, 45, 51, 52, 53, 54, 56, 57, 58, 60 eta 61. artikulua; 36 bis artikulu berria eransten da, eta I. eranskin bat ere, abiadura mugei buruzkoa. Hori guztia, bat etorriz honako artikulu hauekin: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2-g) artikulua; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikulua eta urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 7-b) artikulua (lege honek Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen); izan ere, artikulu horiek Udalaren gain uzten dituzte hiriko bideetako trafikoaren eta zirkulazioaren alorretako eskumenak.

I. KAPITULUA

Portaera arau orokorrak

1. artikulua. Ibilgailuek debeku dute asotsa egitea, seinale akustikoak desegokiro erabiliz edo tupustean azeleratuz, baita ihes-hodiak trukatuz, musika ekipoak oso ozen jarriz edo bestelako ezohiko inguruabarren ondorioz.

2. artikulua. Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe pizteagatik zehapena ezarriko da.

3. artikulua. Debeku da suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo likidoak bidera botatzea.

4. artikulua. Oinezkoek debekaturik dute baimenduta ez dauden tokietatik galtzada gurutzatzea. Toki baimenduetatik egin beharko dute, ahal den azkarren, gelditu gabe edo beste erabiltzaileei traba egin gabe, eta zirkulazioa oztopatu gabe.

5. artikulua. Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo beste zerbait dela eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoendako eragozpenik gerta ez dadin.

6. artikulua. Ilunabarretik argi-hastera bitarte ibilgailuek hurbilerako argiak piztuta eraman beharko dituzte, udal-mugarteko galtzada guztietan. Motozikletek egun osoan eramanen dituzte argiak piztuta. Halaber, hurbilerako argiak piztuta eraman beharko dira eguraldiak hala eskatzen duenean.

7. artikulua. Debeku da gidatu bitartean telefonoak edo komunikatzeko gisako bitartekoak erabiltzea, hauek “eskuak libre” izeneko aukera dutenetakoak ez badira, behintzat.

II. KAPITULUA

Bizikletak, ziklomotorrak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak

8. artikulua. Ziklomotorren, bizikleten, skateen eta gidarien energiaz mugitutako gainerako ibilgailuen kasuan, zirkulazioaren arau orokorrak bete beharko dira.

9. artikulua. Bizikletak oinezkoen alderdietan edo espaloi eta pasealekuetan aparkatu ahalko dira, baina Udalak ezarritako espazio erreserbatu eta behar bezala seinaleztatuetan soil-soilik. Toki horietaraino oinez eramanen dira, jarlekuan eseri gabe.

10. artikulua. Ziklomotorrek soilik aparkatu ahalko dute galtzadan eta egokitutako espazioetan; baita, seinaleztatu gabe egon arren, oinezkoak ibilgailuarekin espazio bera partekatzen duen landa-eremuetan ere.

11. artikulua. Ziklomotorrak erdibaterian aparkatuko dira galtzadan, metro eta erdiko zabalera okupatuz, gehienez ere, Udalak horretarako berariaz ezarritako eta behar bezala seinaleztatutako eremuetan.

12. artikulua. Motozikleta edo ziklomotorra aparkatzeko berariazko eremurik ez dagoen kaleetan edo oinezkoak eta ibilgailuak elkarrekin dabiltzan kaleetan, ibilgailuen artean aparkatu ahal izanen da, baldin eta plaza libre baten pareko espazioa badago, eta eragozten ez badu ibilgailuetara normaltasunez sartzea edo zirkulaziora itzultzeko maniobra edo norberaren zirkulazioa.

13. artikulua. Debekatua dago bizikletak, patinak, patineteak, skateak eta gizakiaren ahaleginak beste inolako motorizaziorik gabe bultzatzen dituen antzekoen zirkulazioa espaloi eta lorategi eremuetan, non eta horretarako erreserbatutako errei bat ez dagoen, hurrengo apartatuko salbuespenarekin. Hala ere, Udalak horien zirkulazioa baimendu ahal izanen du horretarako seinalatzen diren eremuetan, eta parkeetako kaleetan zirkulatu ahal izanen dute, baina gidaria izanen da ibilgailuaren abiadura oinezkoen abiadurara egokitzeko betebeharraren erantzule.

Bizikleten kasuan, 14 urte arteko pertsona adingabeek bizikletarekin espaloietan barna ibiltzeko baimena dute, bakarrik nahiz adin nagusiko arduradun baten edo biren laguntzarekin, eta haiek ere bizikletarekin espaloian barna ibiltzen ahalko dira. Bai adineko pertsonak bai adingabeak behartuta daude aldi oro oinezkoen lehentasuna errespetatzera eta beren abiadura oinezkoenera egokitzera.

14. artikulua. Bizikletak eta gizakiaren ahaleginak bultzatzen dituen ibilgailuak eta/edo motorizazio elektrikoaren laguntza dutenak galtzadan barna ibiliko dira, espaloitik ahalik eta hurbilen. Hainbat errei dituzten bideetan, alboetatik ibiliko dira. Hainbat erreitako bidegurutzeetara hurbiltzean, zein aldetara egin gogo den bira, eskuin-eskuinean dagoen erreiaren eskuinaldetik joanen dira.

Desgaitasunen bat duten pertsonak, motor elektrikoz bultzatutako aulkietan edo scooter elektrikoetan badoaz, “oinezkotzat” joko dira (Bide Segurtasunaren Legearen I. eranskina), eta haien abiadura egokitu beharko dute inguruko oinezkoenera.

15. artikulua. Debeku da bizikletak gauez ibiltzea ez badaramate aurreko argia eta atzeko islatzailea, gutxienez.

Argi keinukaririk ez duten bizikleten eta ziklomotorren gidariek garaiz seinalatu beharko dituzte egin beharreko norabide aldaketak eta biraketak, besoak erabiliz, Zirkulazio Kodeak adierazten duen bezala.

16. artikulua. Ziklomotorren, bizikleten eta mota guztietako patineteen gidariak eta erabiltzaileak beharturik daude kaskoa erabiltzera, behar bezala homologatua, ongi jantzia eta lotua.

III. KAPITULUA

Zama-lanak

17. artikulua. Udalak zama-lanetarako toki erreserbatuak ezartzen ahal ditu, adieraziko direnak erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoaren bidez.

18. artikulua. Eremu horietan, salgaien garraioan aritzen diren ibilgailuek eginen dituzte zama-lanak haietarako erreserbatutako guneen barrenean eta erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoen bidez adierazitako orduetan; betiere, ibilgailuak 2 metro zabal edo 5,5 metro luze izanen dira, gehienez ere.

19. artikulua. Zama-lanetarako erreserbatuetan ezin izanen da aparkatu lan horiek egiteko behar den denbora baino gehiago, eta inoiz ez 30 minutu baino gehiago.

20. artikulua. Inolaz ere ez daiteke eragotz edo oztopa oinezkoen eta ibilgailuen ibilia, ezta atari, saltoki edo pasabide baimenduen sarbiderik ere. Horretarako, zama-lanetan erabiliko diren merkataritzako gaiak, materialak eta gauzak, lurrean utzi gabe, zuzenean eramanen dira ibilgailutik eraikinera, edo alderantziz.

21. artikulua. Lan horiek egiteko behar adina langile egonen da, eta arretaz ariko dira, azkar, arriskurik gabe eta asots gutxi aterata.

22. artikulua. Ibilgailuak espaloiarekiko paraleloan lerrokatu beharko dira, ertzaren kontra, aurrealdea zirkulazio orokorraren norabidean, salbu eta bateriako aparkalekuetan, eta, kasu horretan, ibilgailuak ezin izanen dira atera horretarako seinalatutako eremutik kanpora.

23. artikulua. Udalak aparkatzeko aldi baterako erreserbak ematen ahalko ditu, lan zehatzak egiteko (etxe-aldairak, fuelaren hornidura, obrak etab.), aitzinetik eskatzen bada eta dagokien tasa ordaintzen bada.

IV. KAPITULUA

Merkataritzako gai arriskutsuak eta garraioetako ibilgailu handiak

24. artikulua. Debeku dute udal honetako herrietako hiriguneetan barna ibiltzea ibilgailu hauek: Merkataritzako Gai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren Erregelamendu Nazionalaren 1, 4, 5, 6, 7, 8 eta 9 motetan sartutako merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak, Erregelamendu horren arrisku etiketak eraman behar dituztenak.

25. artikulua. Debeku da arras 24. artikuluan aipatu ibilgailuek Berriobeitiko udal-mugarte osoan aparkatzea.

V. KAPITULUA

Oinezkoen eremuak

26. artikulua. Berriobeitiko Udalak ibilgailuak ibili eta aparkatzeko debekua, erabatekoa edo hein batekoa, ezarri ahal izanen du udalerriko alde batzuetan. Horiexei deituko zaie oinezkoendako eremuak.

27. artikulua. Eremu horiek zutikako seinaleen bidez zedarrituko dira, baita ibilgailuak toki horietara sartzea galarazi edo mugatuko duten beste elementu batzuk ezarrita ere.

28. artikulua. Oinezkoen eremuetan ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekuak:

a) Hartzen ahal ditu zedarritu eta seinaleztatutako alderdiaren barneko bide guztiak.

b) Ordutegi batera mugatzen ahal du ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekua.

c) Finkoa izan daiteke edo soilik astegun batzuetan aplikatu.

29. artikulua. Nolanahi ere, murrizketa hauek ez dute eraginik izanen baldin ibilgailuek Udalaren baimena badute, kontuan hartuta tokiaren eta ibilgailua erabiltzen duenaren ezaugarriak.

30. artikulua. Oinezkoen eremuetan oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik, salbu eta ibilgailua larrialdi zerbitzuan badabil eta, erregelamenduari jarraituz, hala ezarrita badago.

31. artikulua. Ibilgailuek hiri barruko bideetan ezin izanen dute orokorrean 30 km/h-tik gorako abiaduran ibili. Gainera, ordenantza honen I. eranskinean ezarritako muga zehatzak errespetatu beharko dituzte.

Aitzineko apartatuan adierazi den muga goititzen edo beheititzen ahalko da oinezkoendako trafikoaren handiak edo bestelako inguruabarrek komenigarri egiten duten aldeetan, aplikatzekoa den araudi orokorrean ezarritakoarekin bat.

VI. KAPITULUA

Autobusak, kamioiak, atoiak eta karabanak aparkatzea

32. artikulua. Arau orokor gisa, 3.500 kg baino gehiagoko gehieneko pisu baimendua duten ibilgailuek debeku dute aparkatzea udal-mugarteko bide guztietan, zama-lanak egiteko ez bada.

33. artikulua. Halaber, 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusek debeku dute aparkatzea udal-mugarteko bide guztietan.

34. artikulua. 32. eta 33. artikuluetan ezarritakoa galarazi gabe, Udalak berariazko tokiak ezartzen ahalko ditu halako ibilgailuak aparkatzeko; kasu horretan, udal agintarien aldez aurreko baimena beharko dute eta erregelamendu bidez zehaztuko diren berariazko manuak beteko dituzte.

35. artikulua. Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan, aitzinetik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.

36. artikulua. Debeku da edukiontziak, atoiak eta erdiatoiak aparkatzea, Udaleko organo eskudunak baimena eman ezik.

Karabanek 24 orduz aparkatu ahalko dute gehienez, kargatzeko, Udaleko organo eskudunak baimena eman ondotik.

Autokarabana eta ibilgailuek 5,50 metroko luzera eta/edo 2,50 metroko altuera gainditzen badute, ilaran aparkatu daitekeen eremuetan aparkatuko dute oro har, eta, esklusiboki, Berriobeitiko Udalak 36 bis artikuluko irizpideei jarraiki horretarako mugatzen dituen beste eremu batzuetan. Ezin izanen dute baterian aparkatu, salbu eta landa-eremuetan, oinezkoak eta ibilgailuak elkarrekin dabiltzan espazioetan, baldin eta zirkulazioa edo beste ibilgailuetara iristea oztopatzen ez badu.

36. bis artikulua. Udalak eremu batzuk egokitu ahalko ditu 5,5 metroko luzera edo/eta 2,5 metroko altuera gainditzen duten ibilgailuek bakarrik aparkatzeko. Eremu horiek behar bezala seinaleztatua egonen dira eta ibilgailuak 30 egunez egoten ahalko dira, gehienez eta modu jarraituan, toki berean mugitu gabe.

Eremu egokituetan aparkatzeko baimena emanen da txartel baten bidez. Txartel hori eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Pertsona fisikoa izatea, 5,5 metroko luzera eta 2,5 metroko altuera gainditzen dituen ibilgailu baten titularra izatea, eta familia-unitatearekin batera Berriobeitin erroldatuta egotea, urtebetez baino gehiagoz, eta hura izatea haren ohiko bizilekua. Orobat, ibilgailua toki berean helbideraturik egonen da, indarrean den aseguru eta guzti, eta haren ohiko gidariak bete beharko ditu titularrak bete beharreko baldintza berak.

b) Zorrik ez izatea Berriobeitiko Udalarekin.

c) Aparkatzeko baimena ematen duen txartela eskatu izana, eredu ofizialaren araberako eskabidearekin batean agiri hauek aurkeztuta:

–Eskatzailearen NANaren kopia.

–Ohiko gidariaren gidabaimena.

–Ibilgailuaren zirkulazio baimena.

–Ibilgailuaren aseguru-polizaren kopia, indarrean dagoena.

–Ibilgailuen ikuskapen teknikoaren aldeko txostena, nahitaezkoa denean.

d) Bizilagun-txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea.

Bizilagun-txartela ibilgailuen aitzineko haizetakoen barnealdean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Urtebeterako balioko du eta eskatzailearena izanen da, ez beste inorena, eta zer ibilgailutarako eskatzen den, harexena.

Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie, horretarako eskubiderik ez badute.

Egoera edonola aldatu bada eta, beraz, txartela lortzeko eskatzen diren baldintzetariko bat betetzen ez bada, txartela besterik gabe indargabetuko da eta une horretatik aitzina aparkatzeko eskubidea galduko da.

Aparkatzeko baimena ematen duen txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea, eskatzaileari berria ematen zaionean.

Halaber, txartela itzuli beharko da baldin txartel berria lortzeko eskubidea galtzen bada, helbidez aldatzeagatik edota baldintzaren bat ez betetzeagatik, Udalari horren berri ematen zaion unean berean; berdin jokatuko da hura berritu nahi ez bada hartarako eskubidea izanik ere.

Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.

Udalak noiznahi egiazta dezake ofizioz txartelak emateko ezarritako baldintzak betetzen ote diren, eta betetzen ez dituztenei txartelak indargabetuko dizkie, galarazi gabe bidezkoak izan daitezkeen beste neurri edo zehapenak.

37. artikulua. Debeku da arras karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal-mugartearen barnean, salbu eta horretarako egokitzen diren tokietan. Horiek izan beharko dute osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko.

Ordenantza hau aditzera emate aldera, honelakoetan ulertzen da autokarabana edo etxebizitza-ibilgailu bat aparkatua dagoela, eta ez dagoela kanpatua edo bertan ez dela inor bizi:

a) Zorua gurpilekin edo segurtasun altxagarriekin baizik ukitzen ez duelarik.

b) Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez duelarik, hau da, ibilgailuaren perimetroa gainezkatzen duten elementurik hedaturik ez dagoelarik.

c) Kutsagarria izan ala ez, inolako isurkiren igorpenik gertatzen ez bada, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo gizalegearen eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen ez badira, hala nola likidoak bide publikoan isurtzea.

d) Asots gogaikarriak ateratzen ez direlarik, hala nola argindar sorgailu bat piztuz, edo ekipamendu akustikoak sobera ozen edukiz atseden hartzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

VII. KAPITULUA

Trafikoa kontrolatu eta antolatzeko neurriak

38. artikulua. Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izanen ditu trafikoa antolatzeko, zenbait tokitan zirkulatzeko baldintzak aldatuz, murriztuz edo debekatuz, betiko nahiz aldi baterako, berrantolatuz eta arautuz aparkalekuak, zama-lanak eta pertsona zein salgaien garraioa.

39. artikulua. Udaltzain-agenteek aldi baterako aldatu ahal izanen dute zirkulazioaren antolamendua herriko zenbait alderditan, baita haietarako sarrerak debekatu edo murriztu ere, zirkulazioa seguruagoa eta errazagoa izan dadin.

40. artikulua. Udaltzainek trafikoari dagokionez egiten dituzten adierazpenek, oinezkoei zein gidariei, lehentasuna izanen dute lehenagoko beste edozein seinale edo araudiren aldean. Adierazpen horiek argiak eta gidariarendako edo oinezkoendako ulerterrazak izan beharko dute.

41. artikulua. Udalak aldi baterako debekatzen ahalko du aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatu eginen dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurria noiz hasiko den adierazten duten seinaleen bidez.

Epe horretan kentzen ez diren ibilgailuak Udalaren Garabi Zerbitzuak eramanen ditu, inguruko toki batera edo udal altxatokira, baina jarduketa horrek ez du ekarriko ez tasa ordaindu beharrik ez trafiko salaketarik. Kasu horietan ibilgailuak non dauden jakinaraziko zaie titularrei.

42. artikulua. Bide publikoan edozein gauza paratzeko, Udalaren baimena beharko da. Horrelakorik ez duen oro berehalakoan kenduko da, interesdunaren bizkar, eta berdin gertatuko zaie baimena dutenei ere, haiei dagokienez bideetako segurtasuna edo osasungarritasuna ziurtatzeko neurriak hartzen ez badira.

43. artikulua. Debeku da arras zirkulazio seinaleak edo edozein motatakoak paratzea, aitzinetik Udalaren baimena izan gabe.

Inolaz ere ez da baimenduko publizitatea paratzea zirkulazio seinaleetan edo haien ondoan.

44. artikulua. Udalak bide batzuk lehentasunezkoak edo zirkulazio dentsitate handikoak direla deklaratu ahal izanen du, haietan bigarren ilaran gelditzea debekatzeko; bertan egindako arau-hausteengatik zehapena ezarri ahalko da.

45. artikulua. Berriobeitiko udal-mugarteko bide publikoan ibilgailuak aparkatzeko tokia mugatua da. Hortaz, elkartasunez jokatzeko deia luzatzen da.

Horrenbestez, ibilgailu bat 30 egun egoten ahalko da, gehienez eta modu jarraituan, toki berean aparkatua. Epe hori gaindituta, ibilgailua aurreko tokitik gutxienez 25 metrotara aparkatu beharko da.

Baimendutako eremuan denbora gehiegi emanez gero, zehapena jarriko da.

Aparkatzeko espazio publikoaren erabilera solidario hori kontuan hartuta, ahalegina eginen da pasabideen inguruetan ez aparkatzeko, garajeetan sartu eta horietatik irteten diren ibilgailuen biraketa eragotzi ez dadin.

VIII. KAPITULUA

Garraio publikoaren geralekuak

46. artikulua. Berriobeitiko Udalak zehaztuko du non kokatu beharko diren garraio publikoaren geralekuak eta bidaiarien eskatu ahalako garraioarenak.

Autobusak horretarako prestatutako tokian gelditu beharko dira, zirkulazio erreiak libre uzten dituztela.

47. artikulua. Geralekuetan bidaiariak hartu eta uzteko behar den denbora baizik ezin da egon, salbu eta autobus linearen hasiera eta amaiera gisa seinalaturiko lekuetan.

48. artikulua. Taxi zerbitzurako garraio publikoko geralekuetan, ibilgailu horiek egoten ahal dira soilik bidaiarien zain eta prest dauden bitartean.

49. artikulua. Ibilgailuen kopurua ez da inolaz ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.

IX. KAPITULUA

Ibilgailu abandonatuak

50. artikulua. Ibilgailu abandonatuak kalean luzaroan eta mugagabeko epean egon ez daitezen, bide publikoa erabiltzeko ohiko aukerak murriztu eta narriadura estetikoa, zikinkeria eta kutsadura ekartzen baitituzte, hurrengo artikuluetan zehaztutako jarduketak eginen dira haien gainean, kanpoko itxurak, toki berean emandako denborak eta beste inguruabarrek abandonaturik dagoela pentsarazten badute.

51. artikulua. Berriobeitiko Udalak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta bost egun naturaleko epea izanen du egokitzat jotzen dituen alegazioak eta, betiere, ibilgailuaren aseguruaren kopia, aurkezteko. Ibilgailuak arriskuren bat sortzen badu, bertatik kentzen ahalko da eta, gero, titularrari jakinaraziko zaio.

Aurreko paragrafoan aipatutako epean titularrak alegaziorik aurkezten ez badu, ezta indarra duen asegururik ere, ibilgailua udal altxatokira eramaten ahalko da. Ibilgailua behin altxatokian utzita, handik eraman ahal izateko beharrezkoa izanen da indarra duen asegurua aurkeztu eta dagokion tasa ordaintzea.

Ibilgailu abandonatua altxatokira eraman eta titularrak berreskuratzeko eskaerarik egin gabe hogeita hamar egun natural iraganik, baita alegazioak eta aseguru indarduna aurkezteko epea bukatzen denetik ere, desegitera bidaliko da eta hala jakinaraziko zaio Probintziako Trafiko Burutzari, dagokion erregistrotik ezabatzeko.

X. KAPITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

52. artikulua. Bat Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 81 zenbakiarekin, gelditzea zera da: ibilgailua 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe izatea, gidariak gidatzeko tokia utzi gabe.

Aparkatzea, berriz, hau da: geldialdi-egoeran ez dagoen ibilgailua mugitu gabe izatea.

53. artikulua. Ibilgailua geldituta dagoenean, arau orokorra da gidaria ezin dela ibilgailutik aldendu, eta, salbuespen gisa, hala egiten badu, motorra itzali beharko du eta hurbil egon, eskatzen zaion unean edo egoerak behartuta kendu ahal izateko.

54. artikulua. Erabat debekaturik dago gelditzea:

a) Babeslekuetan, oinezkoen babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoen eremuetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Eraikinetako ibilgailuen sarrera-irteeretan, dagokien pasabide seinalea dutenetan.

c) Seinaleak ongi ikustea eragozten den tokietan.

d) Izkina, bidegurutze edo bidebanatzeetatik 5 metro baino gutxiagora.

e) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, kontrako seinalerik ez badago.

f) Espaloietan, pasealekuetan, oinezkoen alderdietan eta lorategietan.

g) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako errei edo bide zatietan.

h) Urritu fisikoendako edo beste erabilera batzuetarako espaloi-beheratzeetan.

i) Zirkulazioaren errei bat oztopatzen den tokietan.

j) Seinaleak debekatzen duen tokietan.

k) Seinale bidez biratzea baimenduta egonda, biratzeko aukera eragozten denean.

l) Hiriko garraio publikorako baizik ez diren geraleku eta aparkalekuetan, eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko eremuetan, salbu eta kargatzea behar duen ibilgailu elektrikoa bada.

m) Zirkulazioa oztopatzen den beste toki guztietan, denbora mugatu baterako bada ere.

55. artikulua. Ibilgailuak ilaran aparkatu ahal izanen dira, hau da, zintarriarekin batean lerrokatuak; baterian, hau da, zintarriarekiko perpendikularrean; edo erdi-baterian, zeharka.

55.1.–Zoladurako seinaleak dituzten aparkalekuetan, ibilgailuak markatutako esparruaren barnean kokatuko dira.

55.2.–Ibilgailuak zintarritik ahalik eta hurbilen aparkatuko dira, baina galtzadaren alde hori garbitu ahal izateko tarte txiki bat utzita.

55.3.–Bide publikoetan ezin izanen dira aparkatu ibilgailu motordunetik bereizitako atoiak.

55.4.–Beste erabiltzaileek gainerako ezpazio erabilgarria ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

Baterian aparkatuz gero, alde bietan aparkatutako ibilgailuetara arazorik gabe sartzeko moduan eginen da.

55.5.–Libre da ordutegitik kanpo aparkatzea zama-lan, zerbitzu ofizial eta abarretarako aldi baterako erreserbaturiko alderdietan, salbu eta espresuki debekaturik badago.

56. artikulua. Guztiz debeku da honelakoetan aparkatzea:

a) Seinaleek debekatzen duten tokietan.

b) Gelditzea debekatua dagoen tokietan.

c) Bigarren ilaran, edozein kasutan.

d) Zama-lanetarako seinaleztatutako tokietan, denbora mugen barrenean.

e) Pasabideetan, osoki nahiz hein batean.

f) Zaborrontzien ondoan, zabor bilketa galaraziz edo oztopatuz.

g) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotziz edo oztopatuz.

h) Minusbaliotasuna dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinaleztatuetan.

i) Galtzadaren erdian.

j) Zerbitzu publikoaren, Berriobeitiko Udalaren, erakunde ofizialen eta antzekoen ibilgailuendako erreserbatutako eremuetan.

k) Behar bezala seinalatutako toki erreserbatuetan.

l) Erabat debekatuta dago ibilgailua bide publikoan aparkatzea publizitate edo merkataritza helburuekin, eta kartelak edo iragarkiak erabiltzea ibilgailua bera saltzeko edo legeztatu gabeko beste salmenta-jarduera baterako.

m) Udal agintaritzak ordutegi mugatuarekin edo modu iraunkorrean aparkaleku gisa erabiltzeko gaitutako lekuetan, horretarako baimena ematen duen bereizgarria jarri gabe edo bereizgarrian ezarritako gehieneko denbora gaindituta.

n) Ibilgailu elektrikoak kargatzeko eremuan aparkatzea, haiek kargatzeko zerbitzurik egin gabe, kargatzeko gehienezko denbora gainditzea, eta elektrikoa ez den beste edozein ibilgailu kargatzeko eremuan aparkatzea.

XI. KAPITULUA

Ibilgailuak bide publikotik kentzea

57. artikulua. Ibilgailua kentzeko betebeharra duenak segituan hala egiten ez badu, udal-agenteek edo horretarako izendatutako agintariek ibilgailua bide publikotik kendu eta udal altxatokira eraman ahalko dute, honako kasu hauetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa hondatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori bide publikoan abandonatua dagoela uste denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako ibilgetzen denean.

d) Ibilgailua ibilgetu ondotik, arau-hausleak isunaren zenbatekoa ordaindu nahi ez duenean edo hura ordaintzeko bermerik eman nahi ez duenean, betiere bat etorriz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen 105.2 artikuluaren xedatutakoarekin.

e) Ibilgailua aparkatuta dagoenean erreietan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako bide zatietan.

f) Zaborren edukiontziak husteko eta mantentzeko lanak oztopatzen dituenean.

g) Udal agintaritzak ordutegi mugatuarekin edo modu iraunkorrean aparkaleku gisa erabiltzeko gaitutako lekuetan badago, horretarako baimena ematen duen bereizgarria jarri gabe edo bereizgarrian ezarritako gehieneko denbora gaindituta.

58. artikulua. Aipatze aldera baizik ez, honelakoetan ulertuko da ibilgailua ordenantza honen aurreko artikuluaren a) apartatuan zehaztutako inguruabarretan dagoela eta, beraz, kentzea justifikatua dagoela:

58.1.–Gelditzea debeku den toki batean aparkatuta dagoenean.

58.2.–Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

58.3.–Beste gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean, ibilgailua kantoi baten ertzetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata dagoelako.

58.4.–Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo urritu fisikoendako espaloi beheragune batean aparkatuta dagoenean.

58.5.–Erabiltzeko baimendutako orduen barrenean pasabide bat osorik edo zati batean okupatzen duenean.

58.6.–Zama-lanetarako tokietan aparkatua dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan.

58.7.–Aparkatuta dagoenean garraio publikoko geltoki seinalatu eta mugatu batean.

58.8.–Aparkatua dagoenean larrialdi edo segurtasun zerbitzuendako toki espresuki erreserbatuetan.

58.9.–Urritu fisikoendako toki erreserbatu batean aparkatuta dagoenean.

58.10–Espaloi, ibiltoki, babesleku, pasabide edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatuta dagoenean, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

58.11–Beste bide batetik datozen gidariei bide bateko trafikoko seinaleak ikustea trabatzen dienean.

58.12.–Biraketa eragozten duenean edo, hartarako, maniobra bereziak egitera behartzen duenean.

58.13–Bide batetik heldu diren gidariei beste bidea ikustea trabatzen dienean.

58.14.–Eraikin bateko sarrera edo irteera oztopatzen duenean osorik nahiz zati batean.

58.15.–Galtzadaren erdian aparkatua dagoenean.

58.16.–Betiere, eta aitzineko kasuetan bezala, arriskua ekartzen duenean edo eragozpen handia ekartzen dionean zirkulazioari nahiz zerbitzu publiko baten funtzionamenduari.

58.17–Oinezkoendako eremu batean aparkatua dagoenean Udalak espresuki baimendutako orduetatik kanpo.

58.18–Aparkatuta dagoenean ibilgailu elektrikoak kargatzeko eremu seinaleztatu eta mugatu batean, eta kargatzeko gehieneko denbora gainditu duenean, edo ibilgailua kargatzeko zerbitzua egiten ari ez denean, edo ibilgailu elektrikoa ez denean.

59. artikulua. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte kasu hauetan:

59.1.–Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.

59.2.–Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak paratu ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

59.3.–Larrialdietan.

Inguruabar hauen abisua lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, halakorik bada, edo udal altxatokira, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.

Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

60. artikulua. Baldin eta gidaria agertzen bada, ibilgailua bide publikotik kentzeko lanak hasita, bertan behera utziko dira lan horiek; betiere, ordaindu ondoren Berriobeitiko Udalaren ordenantza fiskaletan kontzeptu horrengatik agertzen den tasa, salbu eta 59. artikuluan ezarritako kasuetan, horietan ez baita tasarik ordaindu beharko.

XII. KAPITULUA

Zehapen prozedura

61. artikulua. Ordenantza honetan araututako gaietan eraman beharreko prozedura izanen da ezartzen dena Trafiko, Ibilgailu Motordunen Zirkulazio eta Bide Segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuan, eta aipatutakoan aurreikusirik ez daudenetan aplikatuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea, bai eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 81. artikulua (zehapenen mailakatzea) eta 104. eta 105. artikuluak ere (ibilgailua ibilgetu eta kentzea).

Ordenantza honetan jasotako arau-hausteak zehatuko dira bat etorriz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

56.n) artikuluan aurreikusitako arau-hausteak arintzat joko dira, trafikoari eta ibilgailuen zirkulazioari buruzko araudian ezarritakoaren arabera, ezertan ukatu gabe indarrean dagoen legerian jasotako beste edozein arau-hausterekin batera gertatzea.

62. artikulua. Berriobeitiko Udaltzaingoko buruak edo haren eginkizunak betetzen dituenak eramanen ditu aurrera ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren espedienteak. Absentzia, errekusazioa edo abstentzioa gertatzen bada, betiere legezko arrazoiengatik, alkate udalburuak izendatzen duenak ordeztuko du Udaltzaingoko burua edo haren eginkizunak betetzen dituena. Hura amaituta, Berriobeitiko Udaleko alkate udalburuak bidezko ebazpena emanen du.

63. artikulua. Zehapena Udalaren eskumenekoa ez den arau-hausteen kasuan, Berriobeitiko udaltzain-agenteek salaketa eginen dute, eta ondoren Berriobeitiko Udalak berak administrazio eskudunari igorriko dio.

64. artikulua. Diru zehapenarekin batera, gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena ere jaso dezaketen arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, Udalak zehatu beharreko egitate baten ondorio direnean, tramitatu eta ebatziko dituzte egiteko hori duten udal organoek, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko balizko zehapena ezar dezan.

65. artikulua. Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea izanen da ageri dena gidarien eta arau-hausleen erregistroan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren. Interesdunak beste helbide bat ematen badu, aldatu eginen da, horretarako arrazoia ez bada, instruktorearen iritziz, prozedurari trabak jartzeko ahalegin maltzurra.

66. artikulua. Zehapen espedienteen ebazpenaren aurka errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian arlo horretaz arduratzen den Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, aldez aurretik organo egileari errekurtsoa paratzeko asmoaren berri emanik; edo bestela:

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aitzina.

c) Bi horien aitzin, hala nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa, jakinarazten den egintza eman duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, honen jakinarazpena egin eta biharamunetik aitzina.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA - ABIADURA MUGAK

Berriobeitiko bideetan honako abiadura muga hauek ezartzen dira:

KONTZEJUA

GEHIENEKO ABIADURA

50 km/h

GEHIENEKO ABIADURA

40 km/h

GEHIENEKO ABIADURA

30 km/h

GEHIENEKO ABIADURA

20 km/h

Aitzoain

Bizitegitarako herrigunea

Ultzamako errepidea (zeharbidea)

Camino de la Fuente kalea

Camino de la Venta kalea

San Miguel plaza

Iruñeko kalea

Lopériz kalea

Txoltxite kalea

Ezkaba Mendi kalea

Elizpea kalea

San Cristobal kalea

Ilargi enparantza

Santa Ageda kalea

Oronsospe auzoa

Plazaola industrialdea

Industrialde guztia

Iruregaña industrialdea

Industrialde guztia

El Soto industrialdea

Bideberri kalea

Camino el Soto kalea

Comarca-1 industrialdea

Industrialdeko kale guztiak Berriobeitin eta Aitzoainen

Berriainz industrialdea

Industrialde guztia (pribatua)

Añezkar

Bizitegitarako herrigunea

Larrageta kalea (zeharbidea)

Larrain kalea

Ezkidi kalea

Primizbide kalea

San Andres kalea

Artika

Bizitegitarako herrigunea, herria

Las Leras etorbidea

Mokamier pasealekua

Berriozar kalea

Baltegui kalea

La Fuente kalea

Camino La Fuente kalea

El Fuerte errepidea

Mokarte pasealekua

San Cristobal kalea

Kale Berria

Barrio Bajo kalea

San Marcial kalea

Bizitegitarako herrigune, “Artika berria”

María Viscarret kalea

Shiri Ebadi kalea

Madres de la Plaza de Mayo kalea

María Domínguez kalea

Leonor de Aquitania kalea

Marie Curie kalea

Clara Campoamor kalea

María Moliner kalea

Rigoberta Menchú kalea

Artikako industrialdea

Berriobide kalea

Grupo San Cristóbal kalea

Artikako errepidea (12-18 bitarteko zenbakiak)

Artikako errepidea (22-48 eta 1-29 bitarteko zenbakiak)

Artiberri industrialdea

Cañada Real de las Provincias kalea

Ballariain

Bizitegitarako herrigunea

San Pedro kalea

Elkartebide kalea

Berriobeiti

Bizitegitarako herrigunea

Heras zeharbidea

San Isidro

San Miguel

Nuestra Señora de la Purificación kalea

Camino de las Ventas zeharbidea

Andrelopa kalea

Heras kalea

Ventas kalea (herriko sarbidea)

Kale Nagusia

Udaletxeko plaza

Juan de Berrio kalea

Lindurbe kalea

Iturkaitz kalea

El Soto industrialdea

Cañada Real kalea

Bideberri kalea

Mediodía kalea

Vistabella kalea

Fuente Vieja kalea

Camino El Soto kalea

Sarrió industrialdea

Iturgaiz kalea

Cañada Real kalea

Comarca-1 industrialdea (Agustindarrak)

Industrialde guztia

Muskilda industrialdea

Industrialde guztia

Berriogoiti

Bizitegitarako herrigunea

Santa Eulalia kalea (zeharbidea)

Andrelopa kalea

Bide Zaharra plaza

Nuestra Señora de la Purificación kalea

Ergilladia kalea

Santa Eulalia kalea

Iturkaitz kalea

Molino kalea

Cascajo kalea

Larrebide kalea

Cierzo pasealekua

Iturbero kalea

Playa de Arriba kalea

Elkarte

Bizitegitarako herrigunea

Nuestra Señora de la Purificación kalea

Larrageta

Bizitegitarako herrigunea

San Esteban kalea

Lotza

Bizitegitarako herrigunea

San Juan kalea

Oteitza

Bizitegitarako herrigunea

San Juan kalea

AUTOKARABANENDAKO APARKALEKUA,
SHIRI EBADI KALEAN - ARTIKA

L2111868_0.pdf

Iragarkiaren kodea: L2111868